Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:1:2

ez-

Azkuek, Villasantek eta Lafittek aurrizkien artean aztertzen dute ez-, des- bezala ukatzeko erabiltzen dugun elementu bera dela esanez. Nolabaiteko beregaintasuna duenez, esan al daiteke aurrizkia dela? Hala dela dirudi, beregaina denean perpaus-mailako elementua delako, bereziki aditzaren inguruan ageri dena.

Ondoko adibideetan, ordea, izenari edo izenondoari erantsita aurkituko dugu: ezaldi, ezbehar, ezezagun, ezgarai, ezgauza, ezizen, ezleku, ezordu, ezoren, ezuste; ezatsegin, ezaxola, ezberdin, ezdeus, ezezagun, ezgai, ezikasi, ezjakin…

  • Nik gura zaittut senartzat, baña, ezarri eutsuen ezizen orrek nauko naibagetuta: jakingozu zelan gizadi guztiak esaten deutsun Martin-zaldi, ta mingarria da niretzat ezizen ori entzutea. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Ezjakin bat da! Ene adiskideak hitza moztu zidan eta bizpahiru urrats eman zituen aitzina, okerkatuz, nik urren narraikiola. (Narrazioak, Mirande)

Berehala ohartzen gara askotan ez dagoela alde handirik des- eta ez- aurrizkien artean eta bikoteak aurki ditzakegula, batez ere izenondoak oinarri ditugunean: desordu/ezordu, desatsegin/ezatsegin, desberdin/ezberdin…

Batez ere izenondoari eransten zaizkion atzizkientzat izan daitezke oinarri aurrizkidun forma hauek: ezdeustasun, ezjakintasun, ezdeustu, ezdeuskeria…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ez-", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3