Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:1:3

bir-/ber-

bir- edo ber-, zein da lema? Ez da kontu erraza. Villasantek bir- hautatu du; Lafittek bir- eta ber- aurrizkiak (pluralean) aipatzen ditu; Mitxelenak ere “prefijo ber-, bir-” dio. Azkuek morfema bakar baten alomorfotzat hartzen dituela esan daiteke, eta zehazten du bir- forma askoz emankorragoa dela. Izenari erantsitako hitz zaharretan, bestalde, bir- da ageri den alomorfoa; zenbatzailearekin, ostera, ber-. Larramendiren (1745) hiztegian biak ageri dira, nahiz badirudien bir- dela gehien erabiltzen dena; gainera ber- formaren ondoan askotan bir- aurrizkiaz osatutako aditza aurki daiteke. Lhandek (1926) ere bi alomorfoei ematen die sarrera. Euskara estandarrerako egokiena zein den erabakitzeko, Hiztegian begiratzea da gomendagarriena.

Oro har, aditzei lotzen zaie ber-/bir- aurrizkia, baina Azkarate, Odriozola eta Zabalaren lanean (Gràcia et al. (2000)) azpimarratu da ez duela edozein aditzek onartzen, telikoak izan behar dutela aditzok; hau da, amaiera jakina duen gertaera adierazten dutenek bakarrik har dezakete bir-. Horrek azaltzen du, esaterako, honelako hitzak onargarriak ez izatea: *berregon, *berribili

Hiztegigileek ber-/bir- aurrizkidun aditz asko jasotzen dituzte, gaztelaniazko re- aurrizkidunen ordain gisa. Euskaltzaindiak, ordea, literatura-tradizioan ageri direnak arautu ditu estandarrerako: berraztertu, berregin, berreraiki, berrerosi, berresan, berreskuratu, berrezarri, berrikusi, berpiztu, berretsi, birjaio, birlandatu, birlandu, birloratu, birmoldatu, birsaldu, birsortu… Aditzak adierazten duen ekintza edo gertaera errepikatzea, berriro gertatzea, hori da aurrizkiak gehitzen dion balioa.

  • Isabelaren gogorapenak bezperako gertakizunak berpiztu zizkion:[…] (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Auek naski, iguiñaldi luzez igatu ziran, eta urbil igartu, onaren zitu ontaz, eta pozten zaie, birloratu diralako, arengatik ez-baiña bearrean lagundu ziotelako. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")

Izenari lotuta ere ikusten dugu bir- euskal literatura tradizioan: birrarto, birrazi, birgari, birririn, birloba, birlora, birzahi… 'Bigarren aldiz lortzen dena' izan daiteke oro har izen horien adiera. Hala ere, eratorbide hori ihartuta dago. Mota horretakoak dira, esaterako, birraitona eta birramona ere.

  • Nik, Bertolda deristen onek, Bertolot zanaren seme, ta arako Bertuz Bertingo ta Bertolin Bertañakoren illoba ta birloba onek, ikusirik gu gixasemiok, puxika andittuben antz-antzera, edozein zistadak ustu ta autsez-iperdi botaten gattuzala; ta ezaguturik, batta, ni lez bein irurogetamar urtera ezkeroko gixona ogetairu ordubak jota dagola esan dattekela, edo ba-lettekela beñipein ogetalaurak jo ezin al ixatia eta gero guztijoi gabon: gatz apur bat neure trentin onetan daukodan […] (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")
  • —Nor da Seiko ori? —galdetu zuan birramona zimel batek. (Araibar zalduna, Erkiaga, E.)

Bestalde, bi aurrizki ezin dira metatu, baina hitz berean ager litezke aurrizkia eta atzizkia; hau da, aurrizkidun aditzak har ditzake beste edozein aditzek har ditzakeen atzizkiak: berrikusle, berronespen, berpizgarri, berpizkunde…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bir-/ber-", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3