Hitz-elkarketaren gaineko atalean esan bezala, hitz elkartua definitzeko, hitz-elkarketaren mugak zehazteko, sintaxiari (hitz elkartuak eta sintagmak bereizteko) eta lexikoari (lexikoaren barrenean, hitz-eraketako bi prozedura nagusiak, elkarketa eta eratorpena, bereizteko) begiratu behar zaie.
Sintaxiarekiko mugen gaia aspaldi samarretik aipatu izan da. Esate baterako, Euskaltzaindiko LEF batzordeak (Euskaltzaindia 1992: 81) “Eguzki-lore” menpekotasunezko hitz elkartuetan, “Izen-elkarketazko postposizioak” ere izendatzen ditu. Hitz-elkarketa/2 (Azkarate, M. & Perez 2014: 7) lanean ere gai bera dute mintzagai autoreek, hain justu, zehazteko ez dituztela postposizioak bertan aztertuko, ez direlako liburu horretan aztertzen eta sailkatzen diren (“Eguzki-lore” izendatutako) mendekotasunezko izen elkartuak; postposizioak kategoria sintagmatikoak izaki.
Nolanahi dela ere, hitz elkartuez aritzean postposizioak aipatzeak berak ispilatzen du mugen auzia tartean dela. Izan ere, hitz elkartuak dira edo postposizioak dira honakoak?
Zehatzago esan, -n, -tik, -ra… postposizio atzizkien osagarria, ezkerreko osagaia, izen elkartua da (etxe-aurre, esku-arte, hiri-barne…)? edo leku-denborazko izena (aurre, arte, barne, ondo, gain…) postposizio konplexuko osagaia da eta postposizio horrek determinatzailerik gabeko IS hautatzen du osagarri? (Zabala & Odriozola 2004).
Gramatika honetan, zernahi gisaz, postposizio itsatsiak (-n, -tik-ra…) eta postposizio askeak (aurre, inguru, atze…) bereizten ditugu. Jakina, postposizio aske horiek, hitz lexikoetan oinarriturik direnez (aurre), beren aldetik postposizio itsatsiak ere har ditzakete (-tik). Egitura konplexuak dira ([[etxe-aurre]-tik]), ikus hemen postposizio motak izeneko atala.
Lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugen gaia beste baterako utzita, hel diezaiogun atal honi dagokionari, eratorpenaren eta elkarketaren arteko mugari.
— Egilea: Elixabete Perez Gaztelu
lanaren aipamena nola egin...