Erabiltzaile Tresnak


morf:4:6:2

Atzizkiak eta aurrizkiak

Hitz elkartuetako eskuineko hitz-zatiaz ariko gara nagusiki atal honetan, zalantza baitago zenbaitetan osagai beregaina den, eta beraz, hitz elkarketan aztertzekoa; edo atzizkia den, eta ondorioz, hitz eratorpenean jaso behar ote den.

Hitz elkartuko eskuineko aldeaz: osagaia da edo atzizkia?

Ikertzaile batzuek (Marchand 1960: 290, Henzen 1947: 65, Guilbert 1971: LXXIII) maiztasunean ikusten dute atzizki bilakatzeko bidea, morfema lexiko bat kategoria lexiko baten eskuinean hitza eratuz askotan erabiltzean. Beste autore batzuek (Rohrer 1967:16, Bally 1932:244, Lifetree-Majumdar 1974: 65-7…) maiztasunaren irizpidea ez dute askiesten; beste osagai bati lotua askotan erabiltzeaz gain, esanahia ere aldatua behar du izan morfemak atzizkitzat hartzeko. Dimitrescuk (1969: 3-4) atzizkien bidea eta elkarketarena bereiztea zaila dela aitortzen du, baina, oro har, elkarketan aztertzen ditu hemen aztergai ditugunen gisakoak. Giurescuk (1970: 263-4) Dimitrescuren iritziari eransten dio dena delako elementuak beregaintasuna galdu duen ere kontuan hartu behar dela; beste osagai bati lotuta besterik ezin bada erabili, atzizki bihurtu den seinalea da.

Euskal gramatiketan ere ikuspuntu batasunik ez

Euskal bibliografiak ere erakusten du morfema batzuk sailkatzean (izenak izan ohi dira batez ere) zalantzak daudela atzizkitzat hartu behar diren eta eratorpeneko morfema lotuen artean aztertu, edo kategoria lexiko nagusiak diren eta elkarketan ikertzekoak. Zehatz esan, gramatikari batzuek (Campión 1884, López-Mendizabal 1943) elkarketan sailkatzen dituzte, besteak beste, alde, aldi, bide, kide, zain eskuineko osagaia duten hitz eratuak. Baina beste lan batzuetan atzizkien artean aipatu edo aztertzen dituzte elementu horiek berak ( Uhlenbeck 1909, Azkue, R. M. 1923-25, Villasante 1974). Hala guztiz ere, batzuek eta besteek diote bereziak direla, eta elkarketan sailkatzen dituzten gramatikariek ere aitortzen dute beste oinarri lexiko batzuei lotuta ugari erabiltzen direla.

Azkarate, M.k (1990: 380-392; 1991: 103) “Eratorpenaren eta elkarketaren artekoak” atalean sailkatzen ditu alde, aldi, aro, bide, gai, gaitz, (g)une, kide, zain eta zale eskuineko osagaia duten hitz eratuak. Itxura batean onartzen du aurreko gramatiketan esana; alegia, morfema horiek jatorriz beregainak zirela, baina denboraren poderioz atzizki bihurtzen ari direla1. Bilakaeraren zein unetan dauden jakiteko erabili izan diren lau irizpideak ere ematen ditu: maiztasuna, beregaintasuna, esanahi-aldaketa eta kategoria-aldaketa.

kakotxa
kakotxa
Badirudi morfema batzuk, denboraren indarrez, atzizki bihurtu direla euskaraz

Autonomiaren eta maiztasunaren irizpideei begiratuta, Azkarate, M.k (1990, 1991) dio kide, aro eta gaitz ere atzizkitzat hartu beharko liratekeela, bakarrik baino gehiagotan lotuak erabiltzen direlako.

Esanahi- eta kategoria-aldaketa direla eta, berriz, zehazten du aztergai ditugun elementu gehienei (alde, aldi, aro, bide, gai12 (bertso-gai, otoitz-gai…), gaitz, gune, kide, zale) ez kategoria ez esanahia aldatzen zaiela beregain erabili, nahiz beste sarrera lexikoren baten eskuinean hitza eratuz erabili.

  • Kategoria eta esanahia aldatu gabe, beregain:
  • Alde batetik bestera dabil.
  • Aldi hartan joan ziren.
  • Kantatzeko gaiak bildu ditu.
  • Beste sarrera lexikoren baten eskuinean hitza eratuz:
  • Eguzkialdetik etorri da.
  • Oporraldi hartan gertatu zen.
  • Bertso-gaiak bildu ditu.

Kategoria eta azpikategorizazioa aldatzen zaien bakarrak zain eta gai23 direla dio. Alegia, zain egon eta gai izan aditz-esapideetatik abiatuta, ez du uste zain eta gai esapideko osagaien azpikategorizazioa eta artzain, diruzain4… hitz eratuetako zain, eta, bestetik, andregai, alkategai… eratuetako gai osagaiena gisa berekoak direnik. Hitz eratuon azpikategorizazioko ezaugarriak dira izenak eta gizakiak izatea; aditz-esapideetan ez ditu ezaugarri berberak bereizten: “Bi esapideak nor-motakoak dira eta subjektua oro har [+biziduna] izan ohi da” (Azkarate, M. 1991: 106).

Horregatik, kategoria aldatzearen irizpideagatik, bi elementuok erator-atzizkitzat dauzka, baina aitortzen du, era berean, ez dagoela esanahian alde handirik bakarrik eta lotuta erabiltzen direnean.

Ikusiko dugun bezala, ordea, azpian datzan kontua lotuago bide dago aditz-esapideko gai2 eta zain osagaien ezaugarriekin aditz-esapide osoarekin baino.

Esanahia, predikatuaren kategoria, azpikategorizazioa

Esanahian ez ezik, predikatuaren kategoria eta azpikategorizazioan ere ez dirudi alde handirik dagoenik gai2 ezkerretara izen edo aditz bat hautatu eta hitz eratua (izena) eratzen duenean, nahiz sintagma bat hautatzen duenean5. Guztietan predikatua eratzen da. Predikatu biziduna (emaztegai, alkategai…) lehenengo eta hirugarren adibideetan; eta bizigabea (legegai, bizigai…) bigarren eta laugarren adibideetan.

  • Hitz eratua (izena) eratzen duenean:
  • emaztegai, alkategai…
  • legegai, bizigai…
  • Sintagma bat hautatzen duenean:
Ikus Izaera predikatuak eta egoera predikatuak atala, eduki honen osagarri

Zain egon eta, demagun, haurtzainen arteko lotura, ordea, harrigarriagoa gerta daiteke, itxura batean behintzat. Haurtzaina ez da interpretatzen “haurren zain dagoena”, “haurrei itxaroten diena”… “Haurrak zaintzen dituena” da irakurketa bakarra.

Baina onartuz gero zain predikatuak bi predikazio mota sor ditzakeela, izaki-mailakoa eta egoerakoa –egile izen batzuek sor ditzaketen bezala (apaiza izan, apaiz egon, irakaslea izan, irakasle ibili…)–, zaina izan eta zain egon predikatuak ez bide daude horren urruti.

  • Izaki mailakoa:
  • Atezaina naiz, haurtzaina naiz…
  • Egoerakoa:
  • Ate zain nago, haur zain nago…

Bilakaerak ere hipotesi horixe indartuko luke (Mitxelena FHV: 143); alegia, zain predikatuak eratu du predikatu bat esanahi gardena, automatikoa, osagaiz osagaikoa duena (zaina izan) eta bestea, egun gardena ez dena eta ‘itxarotea’ adierazten duena (zain egon)6.

Hortaz, egun zain (‘zaintzaile’) predikazio-izenak (itxura batean, zaindu aditz eratorriaren oinarriak) bere osagarria oro har lexikoan asetzen du eta izena izan ohi da osagarria. Horregatik sailkatzen bide du Euskaltzaindiak hitz-elkarketan (Euskaltzaindia 1991).

Baina OEHko adibideok erakusten dute (garai batean batez ere) sintaxian ere hauta zezakeela zainek osagarria: batez ere genitiboa, gutxiagotan –KO postposizioa.

  • zain genitiboarekin:
  • zain -ko postposizioarekin:

Euskaltzaindiaren 1992ko sailkapenean, “Eguzki-lore” motako izen elkartuetako osagaitzat dauzka hemengo morfema asko; mendekotasunezko izen-elkarketako mugakizuntzat. Baina hitz-elkarketako azpisailak antolatzean erdi-atzizki izendatzen ditu ondokoak, Marchanden (1960: 290) semi-suffixes7 eta Dimistrescuren (1969: 3-4) suffixoïdes8 deizioen bidetik.

  • andregai modukoak. Mugakizun-hitz batzuk, aspaldidaniko erabiliaren erabiliaz, erdi-atzizki bihurturik daude: aldi, bide, buru, gai, gizon, (g)une, jende, kide, (k)ume, lagun, orde. (Euskaltzaindia 1992: 79).
  • hitzaurre moduko deiktikoak. Mugakizuna leku-denborazko aitzin, alde, arte, atze, aurre, azpi, barne, barru, be (pe), gain, gibel, inguru, ondo, oste… deiktikoa dute. Erdi-atzizki bihurturik daude hauetariko hainbat ere. (Euskaltzaindia 1992: 80).

Azken sailkapen hori ez dator guztiz bat aurreko euskal gramatika-lanetako sailkapenekin, Euskaltzaindiak erdi-atzizkitzat bakarrik hartzen baititu “Eguzki-lore” motako “Hitzaurre” eta “andregai” azpimultzoetakoak. Arestian aipatu ditugun zain, gaitz eta zale, adibidez, elkarketan bakarrik jasotzen ditu Euskaltzaindiak. Hitz-elkarketa/3 lanean zain izen elkartu sintetikoetan (1991: § II), eta gaitz eta zale adjektiboak “Izaera-elkarteetan” (1991: § IV) eta “Asmo-elkarteetan” (1991: § III), hurrenez hurren.

Nolanahi dela ere, bistan da jaso ditugun lau irizpideok beti aski ez direla morfema lotuak eta beregainak bereizteko. Esate baterako, Mascarók (1986) eta Cabré & Rigauk (1986) irizpide morfosintaktikoak ere darabiltzate —kategoriarena eta oinarena—. Gurera egokituz, azken irizpideok ere agerian uzten dute kategoria lexiko nagusiak direla aztergai ditugun elementuok: izenak eta adjektiboak dira (askotan predikazio funtzioan erabiltzen direnak), flexio-hizkiak eta erator-hizkiak onartzen dituzte. Oihartzun-galderak ere bai. Atzizkiek ez dute halako ahalmenik batere. Hortaz, ez bide dago hitz elkartuko osagaitzat jotzeko arazorik.

  • Flexio hizkiekin:
  • Atzetik aurrera ibili da.
  • Zaleengana hurbildu da.
  • Erator hizkiekin:
  • Oihartzun hizkiekin:
  • Zer(en) aurre(a) da ederra?
  • Zein zalek ikusi du?
  • Atzizkiek ez dute halako ahalmenik:
  • *-karitasun, *-kigarri. *Zer -kari? *Nolako –ki?

Zergatik jo mugakotzat?

Azken batean interesgarriena da aztertzea zergatik hizkuntzalari eta gramatikariek jo dituzten mugakotzat elementuok.

Arestian jasotako irizpideetara berriz itzulita, berresan dezagun gehienetan ematen den argudioa maiztasuna dela; hitz eratuko eskuineko osagaia maiz izatea, alegia. Areago, irizpide horixe besterik ez bide du ematen Euskaltzaindiak (1992) erdi-atzizki direlakoak bereizteko. Baina euskaraz badaude beste hitz batzuk, beste izen batzuk, oso maiz hitz elkartuko eskuineko osagaiak izaten direnak eta, nahiz eta “Mugakizun berezia duten izen elkartu berezien” artean jaso (Azkarate & Perez 2014: § II), ez dituzte eskuineko osagaiok erdi-atzizkitzat jotzen, izentzat hartzen dituzte, erabileraren maiztasuna maiztasun. Halakoak dira, besteak beste, multzo, talde, zati, puska, mota… izenak. Askotan erabiltzen dira hitz elkartuko eskuineko osagaia direla, baina ez dira erdi-atzizkitzat jo izan.

kakotxa
kakotxa
Maiztasunaren irizpideak bakarrik ez du balio, zabalegia da

Maiztasunaren irizpidea zabalegia da, hortaz, eta, nolanahi dela ere, ez du balio erabakitzeko dena delako morfema sarrera lexiko beregaina edo erator-atzizkia den. Bestela esan, irizpide bereizgarria baino gehiago deskriptiboa da, gertakari baten berri ematea bide da maiztasunarena. Honenbestez, zeri zor zaio dena delako izena edo adjektiboa beste sarrera lexiko bati lotuta horren maiz erabiltzea?

Erdi-atzizkiak

Euskaltzaindiak (1992) erdi-atzizkitzat jotzen dituen guztien xehetasunetan sartu gabe, badirudi maiztasunaren eragilea dela, oro har, osagarria eskatzen duten izenak (edo predikatuak) izatea. Eta azalpen horrek berak balioko luke, era berean, arestian aipatu ditugun “multzo-” eta “zati-” izenentzat (Azkarate & Perez 2014).

Erdi-atzizkitzat jotako ugari zerbait edo norbait nonbait eta/edo noizbait kokatzeko erabiltzen ditugun izenak dira, kokapen-izenak (erlaziozkoak ere badirenak, Perez Gaztelu 2015); alegia, zerbait/norbait nonbait/ noizbait kokatzeko darabiltzagunak. Aurrea, demagun, zerbaiten (edo norbaiten) aitzineko lekua edo denbora da, etxe-aurrea etxearen aurreko leku bat da; historiaurrea Historiaren aurreko aldia… Alegia, hurrengo adibideetan, denbora (udazkena) eta lekua (sotoa) zehaztuta dauden ez bezala, kokapen-izenok ezin dute erreferentzia zehaztu, mugatu; beste zerbaiten aurrea, atzea, azpia, gaina… dira; berez, bakarrik, ez dute zehazten zer leku edo denbora den. Beren hiztegi-ezaugarrietako bat dute gisa bateko osagarria hautatzen dutela.

udazkenean onddoak biltzen ditugu

  • Denbora eta lekua zehaztuta daude.
  • Udazkenean ondoak bildu ditugu.
  • Sotoko zokoak miatu ditu
  • Kokapen-izen hauek ezin dute erreferentzia zehaztu:
  • Aurretik esan zuen → Zerbaiten aurretik esan zuen
  • Gainera eraman zuen → Zerbaiten gainera eraman zuen

Gisa honetakoak dira Euskaltzaindiaren hitz elkartuen sailkapenetan hitzaurre izeneko motan bildutako aitzin, alde, arte… eta andregai izendatu motako aldi eta (g)une gutxienez.

Hitz elkartuko burua

Hitz elkartuko burua izan daitezke izenok, eskuineko osagaiak (mugakizunak), eta hala direnean bere ezaugarri guztiak ezartzen dizkiote hitz elkartuari (izenak dira hitz elkartuak: hitzaurre, eguzkialde, gizarte…), baina oso balio erreferentzial edo semantiko ahula dute. Horrexegatik erabili izan da izen arin deizioa halako izenak izendatzeko (Pérez Gaztelu et al. 2004).

Arintasun semantikoak behartzen ditu izenok erreferentziaz betetzeko beste osagai bat hartzera, osagarria hautatzera. Osagaia lexikoa izan daiteke (hegal), eta horren ondorioz izen elkartua eratu, nahiz sintaktikoa (armarioaren). Hitz elkartuko eskuineko osagaiaren eta erreferentziaz osatzen duen ezkerreko osagaiaren artean osagarri-gune erlazioa dago.

Euskaltzaindiak andregai izeneko azpi-motan kokatutako beste izen batzuek ere osagarria hautatzen dute. Izen horietako batzuek erlazioa adierazten dute: buru, kide9, (k)ume, lagun, orde…zale adjektiboa ere gisa berean azal daiteke—, bide2 (atseginbide, bakebide…)… Sintagmatikoki nahiz lexikoki adieraz daiteke osagarria. Hona OEHko adibide batzuk lekuko:

  • Osagarria lexikoki:
    • Orai bere lanetan abiatzerakoan (Nafarroako Euskarazko-Elkargoaren) Batzar-Buruak erabakitu du Euskal-Erriko ume guztiei itz batzuek erratea. REusk I 5 (ap. DRA).
    • Orduan, momentu horretan nere alderdikide edo zirenak gauza horien kontra zeuden. (Idazlan guztiak IX 78, Mitxelena, K.).
    • Erromantiko kume gara gehientsuok. MIH 263.
    • Bilzar-Lagunak elkarganatu dire Hiriko-Etxean. Lander ( RIEV 1910, 595.)
    • ”(Escribano o fiel de) fechos, eskribau ordea“ Lar. “Cura ecónomo, apezait ordea” Ib. “Vice-Dios, Jainko-ordea” Lar y Añ
    • Atzenik, erritarrak, eurekaz bake-biderik ikusten ez ta, aguazilla ostatutik beste norabait eroatea erabagi eben. (Tormes-ko itsu-mutila 107., "Orixe")

Hitzen polisemia

Gerta daiteke, gainera, hitza (izena batik bat) polisemikoa izatea. Eta hitz horren adieretako batzuk erlazioa adieraztekoak izatea,

kakotxa
kakotxa
TRENBIDEA EGIN DUTE adibideko TREN mugatzailea ez da BIDE gunearen osagarria, modifikatzailea da

eta, honenbestez, osagarria hautatzea, eta beste adiera batzuk ez. Esate baterako, bide mugakizunak ez du osagarri-gune erako harremanik eratzen izen elkartuan, “bertatik ibiltzeko prestatua den lur zerrenda” denean. Trenbidea egin dute adibideko tren mugatzailea ez da bide gunearen osagarria, modifikatzailea da: bideaz hitz egin daiteke zeinen, zeren bidea den zehazteko premia izan gabe. Bigarren adibidean, berriz, informazio semantikoa osatzeko zehaztu beharra dago, esate baterako, zertarako bidea den.

  • Trenbidea egin dute.
  • ?Bidea ez baduzu erabiltzen ez duzu lortuko → zerbaitetarako bidea, nolako bidea erabili.

Hortaz, badirudi arrazoia dela izen (eta adjektibo) horiek osagarria hautatzen dutela eta osagarri hori askotan (ez beti nahitaez) kategoria lexiko batek (izenak batez ere, aditzak gutxiagotan) asetzen duela.

  1. Batzuetan kokapen-izenak dira, berezko balio erreferentzial ahulekoak eta osagarria behar dute erreferentzia osatzeko.
    • Azpitik atera du → zeren azpitik?
    • Aldian gertatu zen → zein alditan?
  2. Beste batzuetan (zain eta zale gutxienez) argumentu-egitura duten predikatuak dira: lexikoan ase ahal izateak azaltzen du eraikuntza lexikoa askotan erabiltzea.
    • Zaina da → zeren/noren zaina da? Haurtzaina da.
    • Zalea da → zeren zalea da? Liburuzalea da.
  3. Guztiarekin ere, erdi-atzizki terminoa ez bide da guztiz egokia, baldin eta hizkuntzaren aldi bateko azterketa egin nahi bada; itxura batean, hizkuntza-gertaera sinkroniko eta diakronikoak nahasten ditu. Ikuspegi sinkronikoaren arabera, bederen, egokiagoa da esatea kategoria lexiko nagusiak direla —hitz elkartuko eskuineko osagaiak—, edo atzizkiak direla eta, horrenbestez, hitz eratorrietako osagaiak, erdi-atzizki izendatzea baino (Pérez Gaztelu 2004).
  4. Ikuspegi diakronikoan, berriz, izendatzeko erabiltzen den terminoa termino, baluke oinarria lexikoaren continuumean eratorbidearen eta elkarketaren loturaz, pasabideaz hitz egiteak: batzuetan morfema lotuak zirenak beregain izatera iritsi dira (demagun, kide, tegi, tasun) eta beste batzuetan beregaina zena lotu bihurtzear da (zain).

Aurrizkia edo hitz elkartuko ezkerreko osagaia?

Aurrizkien gaiak beste era bateko bibliografia sortu du. Harritzekoa ere ez da, euskarak aurrizkibidea arrunt mugatua du eta (Azkue, R. M. 1923-25, Mitxelena, K., 1968, 1974, 1977, Mugica 1969, Villasante 1974, Irazola 1985, Azkarate 1991, 1992, 1993…, Perez Gaztelu 1995….). Zehatz esan, XX. mende erdia arte batik bat, apenas eratu den hitzik DES-, BER-, EZ- aurrizkiez:

  • berresan, ezohiko, desordu, desegin…

Inguruko hizkuntzetan, ordea, aurrizkibidea oso baliabide indartsua da; bai espezialitateetako terminologietan bai maila bateko hizkeran, hedabideetakoan…

Euskal hiztun askorentzat kontua izaten da nola adierazi euskaraz erdal hitz aurrizkidunok adierazten dutena. Beste era batera esanda, erdal aurrizkidun hitzak euskaraz eman beharrak ikergaia sortu du (Azkarate 1991, Perez Gaztelu 2010, 2012).

  • pretemporada, postelectoral, anteproyecto, sobresueldo…

Atal honi dagokion mugen ikuspegitik, bada, esan dezagun erdi-aurrizki terminoa Euskaltzaindiak darabilela 1992ko lanean, izen elkartuen sailkapenean: “Mugatzaile bereziko izen-elkarteak”, “Aurreproiektu moduko deiktikoak” (1992: 80) atalean, zehatz esanda. Euskaltzaindiak dio (berriz ere) lekua eta denbora adierazten duten izenak direla ezkerreko osagaiok eta “erdi-aurrizki moduan dihardutela”. Azkarate eta Perezek “Mugatzaile bereziko izen-elkarteen” sailean (2014: § III) erdi-aurrizki terminoa baino nahiago dute leku-izen izendatu mugatzaileak.

Beste azalpenik ezean, uler daiteke ezkerreko osagaia, kokapen-izena, eskuinekoa nonbait eta/edo noizbait kokatzeko erabiltzea dela aurrizkitzat jotzeko arrazoia:

  • aitzinasmo → “aitzinean izaten den asmoa”
  • aurrekontu → “aurretik egiten den kontua”
  • behe-laino → “behean den lainoa”…

Azkaratek (1992: 107) ere eratorpenaren eta elkarketaren arteko mugei eskaintzen dien atalean aldezten du erdi-atzizkiez esandakoa era berean aplikatu beharko litzaiekeela erator-aurrizkiei ere. Hor aipatzen ditu Lafittek (1944), esanahi-aldaketa dela medio, aurrizkitzat jotzen dituen basa- eta sasi-, “aurrizkien antzeko bilakatzen ari den” erdi- ‘erdizka’ esanahikoa, balio hori —eskala edo maila adieraztekoa— erdik beregain erabilita ez duelako, eta kokapen-izenak (aurre, azpi…) ere bai.

Ez da garbi ikusten, baina, zertan ez hartu hitz elkartutzat ezkerreko osagaia kokapen-izenak dituzten izenak: eskuineko izenaren, elkartuko burua denaren modifikatzailea da ezkerreko izena, oro har, nonbait/noizbait kokatzen du buruak adierazten duena:

  • azpiegitura → “azpian dagoen, datzan egitura”
  • aurrelana → “aurretik egiten den lana”

Bestelako hitz elkartuetara jota, “behi-esne” moduko bidelapur eta gautxori izen elkartuetako bide eta gau ezkerreko osagaiok, hurrenez hurrez, lapur eta txori elkartuko buruak modifikatzen dituzten gisa:

  • bidelapur → “bidean lapurtzen duena”
  • gautxori → “gauez bizi den txoria”…

Beste kontu bat da [kokapen-izena + izena] euskal hitz elkartua izan daitekeela erdal aurrizkidun hitz eratorriaren ordaina. Ez beti, baina, burua erdal aurrizkia bada (PREhistoria ez da historia mota bat, historiaren aurreko zera baizik) euskal hitz elkartuan eskuineko osagaiak izan behar baitu burua (historiAURRE historiaren AURREKO zera da, ez da aurretik egiten den HISTORIA) (Odriozola 2004). Bi hizkuntzetako elkartuen osaeren arteko parekotasunak bide darama Azkarate (1991: 107) “aurrizki bilakatzen ari direla” adieraztera.

Atal honetan jaso ditugunetatik kanpoko beste ikerkizun batzuk ere baditu lexikoaren mugak, mugek. Sintaxiarekikoen artean, beste batzuen artean, atalaren hasieran aipatu ditugun postposizio homonimoekikoak eta beste. Baina beude sintaxiaren eta lexikoaren arteko mugei eskainitako atalean jorratzeko.

— Egilea: Elixabete Perez Gaztelu

Erreferentziak

  • Azkue, R. M. (1923-25). Morfología Vasca. (1969. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca).
  • Bally, Ch. (1932). Linguistique générale et linguistique française (1965. Berne: Éditions Francke).
  • Bosque, I., Demonte, V. (ed.) (1999). Gramática descriptiva de la lengua española. Madril: Espasa. [GDLE].
  • Cabré, Mª T., Rigau, G. (1996). Lexicologia i Semàntica. Bartzelona: Enciclopèdia Catalana.
  • Campion, A. (1884). Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara. Iruñea. (1977. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca).
  • Dimitrescu, F. (1969). “Notes sur les suffixöides dans le Roumain littéraire actuel”, Revue Roumaine de Linguistique 1: 3-6.
  • Euskaltzaindia. (1991). Hitz-elkarketa/3. LEF Batzordearen lanak. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • ——-(2014) Hitz-elkarketa/2. LEF Batzordearen lanak. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • ——-(2012). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak. Euskaltzaindia-Elhuyar Fundazioa-Elkar.
  • Giurescu, A. (1970). “Observazioni zulla categoria dei Composti Romanzi”, Revue Romaine de Lingusitique XV-3: 261-266.
  • Guilbert, L. (1971). “De la formation des unités lexicales”, Introduction au Grand Larousse de la langue française, T.I., IX-LXXXI. Paris: Larousse.
  • Haensch, G., L. Wolf, S. Ettinger, R. Werner (ed.) (1984). La lexicografía de la lingüistica: de la lingüistica teórica a la lexicografía práctica. Madril: Gredos.
  • Henzen, W. (1947). Deutsche Wortbildung. Halle / Saale (1965: Tübingen). [Azkarateren 1990, 1991 lanetatik hartua]
  • Irazola, J. M. (1985). Hitz konposatuak, aurrizkibidea, atzizkibidea eta ariketak. Bilbo: Hizkuntza Eskola Ofiziala.
  • Lafitte, P. (1944). Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littéraire) [19622. Bayonne: Des “Amis du Musée Basque” et “Ikas”; 1979. Donostia: Elkar].
  • Leonetti, M. (1999). “El artículo”. In GDLE : § 12 (787-890 or.).
  • Lifetree-Majumdar, M. (1974). “Contribution à l'analyse des modes de composition nominale en français écrit contemporain”, Cahiers de Lexicologie XXV-1: 63-84.
  • Lopez Mendizabal, I. (1943). La lengua vasca (1977. Donostia: Auñamendi).
  • Marchand, H. (1960). The categories and types of present-day english word-formation. A synchronic-diachronic approach. Wiesbaden: Otto Harrassowitz.
  • Mascaró, J. (1986). Morfologia. Bartzelona: Enciclopèdia Catalana.
  • Mitxelena, K. (1961). Fonética Histórica Vasca. Donostia: Gipuzkoako Foru Diputazioa (19772, 1985). [FHV]
  • ——-(1968). “Euskararen batasun bideak” (= “Ortografia”), Euskera 2. aldia XII: 203-269 [MIH, 95-116; SHLV, 972-983; MEIG VII, 135-153].
  • ——-(1974). “El elemento latino-románico en la lengua vasca”. FLV 6: 183-209 [PT, 195-219]
  • ——-(1977). La lengua vasca. Durango: Leopoldo Zugaza.
  • Mugica, P. (1969). Afijos vascos. Bilbo: Mensajero.
  • Mujika, L. M. (1978). La prefijación, clave del euskara técnico y urbano. Donostia: Ediciones Vascas.
  • Odriozola, J. C. (2004). “Construcciones con nombres locativo-relacionales en vasco”. In E. Pérez Gaztelu, I. Zabala, L. Gràcia (ed): Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco: 569-602. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
  • Perez Gaztelu, E. (1995). Koldo Mitxelena Elissalt, egitasmoa eta egitatea. Errenteria: Errenteriako Udala.
  • ——-(2004). “Fronteras entre la sufijación y la composición: algunos casos del vasco”. In e. Pérez Gaztelu, I. Zabala, L. Gràcia (ed): Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco: 165-238. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
  • ——-(2010). “Erdal aurrizkien irtenbideak Zehazki hiztegian (eta II)”. In R. Gómez, R. etxepare (ed.) Beñat Oihartzabali gorazarre. Festschrift for Bernard Oyharçabal: 721-744. Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • ——-(2012). “Erdal aurrizkien irtenbideak Zehazki hiztegian (I)”. In J. A. Lakarra, J. Gorrochategui, B. urgell (Eds./Arg.) 2nd CONFERENCE OF THE LUIS MICHELENA CHAIR KOLDO MITXELENA KATEDRAREN II. BILTZARRA II. CONGRESO DE LA CÁTEDRA LUIS MICHELENA, EHU/UPV. 9-11.10.2007: 575-597. Vitoria/Gasteiz.
  • ——-(2015). “Erlaziozko izenak, izen-elkarketa, eta Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia”. In B. Fernández, P. Salaburu (arg.). Ibon Sarasola, Gorazarre. Homenatge, Homenaje. Bilbo: 555-570 or. UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzua. ISBN: 978-84-9082-097-1. BI-108-2015.
  • Pérez Gaztelu, E., I. Zabala, L. Gràcia (ed) (2004): Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
  • Tohrer, C. (1967). Die Wortzusammensetzung im modernen Französisch. Tübingen. [Azkarateren 1990, 1991 lanetatik hartua]
  • Turón, L. (2004). “Las formas prefijadas tónicas en catalán y español (sobre-, sota-, contra-, entre-)”. In E. Pérez Gaztelu, I. Zabala, L. Gràcia (ed.) Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco: 239-260. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
  • Uhlenbeck, C. (1909). “Suffixes du Basque servant à la connaisasance de la formation des mots en Basque”, RIEV III-1: 192, 401
  • Villasante, L. (1974). Palabras vascas compuestas y derivadas. Oñati: Edit. Franciscana Aranzazu.

Euskaltzaindiak honetaz

1 Salbuespenen bat edo beste kenduta (ik. Mitxelena, K.ren iritzia kideren gainean: “El significante con sorda inicial se usaba normalmente sufijado a otro y sólo tardíamente ha alcanzado existencia independiente (kide, tegi, etc.)”. (Mitxelena, K. FHV: 240).
2 Euskaltzaindiaren hiztegian (2012) adiera hauek dituen gai izena: ‘gauzak osatzen dituen materia’, ‘zerbait egiteko edo osatzeko behar diren gauzetako bakoitza’, ‘jarduera edo gogoeta baten edukia’.
3 Euskaltzaindiaren hiztegian (2012) adiera hau duen gai izena: ‘(izen baten eskuinean) ‘… izango dena, izateko bidean dena’ (andregai, legegai…), eta gai izan azpisarrerako lehen adiera duena (“Baina ez nintzen gai izan begi-zorrotz egoteko”…).
4 Beste kontu bat da hitza eratu ondoren, hitza beste zerbait adierazteko erabiltzen hastea: diruzaina dirua zaintzen duen gizakia da, baina egun baita eginkizun hori edo antzekoa duen tresna bat ere. Denborarekin hitz osoaren azpikategorizazioko ezaugarriren bat alda daiteke, baina horrek ez dakar ezinbestean aldi berean eskuineko osagaiaren (kasu honetan zainen) azpikategorizazioa ere aldatuko denik. Denborarekin, beharbada.
5 Egia esan, gai1 hiztegi-sarrerako adiera batzuen eta gai2-ren arteko aldea ere ez da larria.
6 Guardar espainolezko aditzaren etimoak ere, antza, horixe ispilatzen du. RAEren hiztegiak guardar aditzaren adieretako bati, zahartzat jotzen duen bati, adiera horixe alboratzen dio, hain zuzen, ‘itxarotea’ (aguardar).
7 “such elements as stand midway between full words and suffixes. Some of them are used only as second-words of compounds, though their word character is still clearly recognizable”.
8 “Les suffixoïdes sont les segments formatifs provenant de mots indépendants (substantifs, verbes, adjectifs), qui fonctionnent comme des suffixes, occupant la seconde place dans la formation d'un nouveau mot”.
9 Bi kide bereiz daitezke, simetriko izan, ez izan. Bigarrenak, simetriko ez denak, bakarrik hautatzen du osagarria: *Lantegi honetan ni naiz lankide bakarra.
Batzorde honetan ni naiz batzordekide bakarra.

lanaren aipamena nola egin...

Elixabete Perez Gaztelu, "Atzizkiak eta aurrizkiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3