Erabiltzaile Tresnak


morf:4:7:1

Sinbolismo fonetiko bidez sortutako hitzak

Sinbolismo fonetiko bidez sortutako hitzak onomatopeiak deitu dira euskal hizkuntzalaritzan eta filologian. Onomatopeiak esanahien eta soinuen arteko lotura zuzena erakusten duten hitzak dira. Atal honetan, euskal onomatopeien ezaugarri linguistikoak lantzen dira1.

Sinbolismo foniko, onomatopeiak, ideofonoak...

MIKEL LABOAK KANTATU ZUEN IKIMILIKILIKLIKSinbolismo fonetiko bidez sortutako hitzak onomatopeiak2 deitu dira euskal hizkuntzalaritzan eta filologian. Onomatopeiak esanahien eta soinuen arteko lotura zuzena erakusten duten hitzak dira. Tradizioan, onomatopeiak soinuen imitazioak eta umeentzako hitz bereziak besterik ez zirela esan izan da (adibidez, txakurraren zaunka, telefonoaren txirrina, trumoiaren burrunba eta haur hiztegian apapa, txatxa eta ttotto), baina badirudi hau ez dela zuzena. Onomatopeiek soinugabeko ekintzak, gauzak eta ezaugarriak ere adierazten dituzte: adibidez, diz-diz, karramarro edo txikolo-takolo. Hau da, badira onomatopeiak sinpleak eta argiak, zapla ‘belarrondokoaren soinua’, klix-klax ‘guraizeak ebakitzeko zarata’ eta txin ‘soinu metalikoa’, baina beste onomatopeiea batzuetan ez da hain argi ikusten nondik datozen edo zergatik hautatu diren soinu eta hots horiek: zergatik esaten da hirrinbili-harranbala baldar mugitzea adierazteko edo ikilimikiklik zurrutada batez edatea?

Ferdinand de Saussure hizkuntzalariak (1916) hitz hauek hizkuntzatik kanpoko fenomenoa zirela esan zuenetik, hitzkuntzalariek baztertu egin dute hitz berezi hauen azterketa. Saussurek baieztatu zuen onomatopeiak ez zirela hizkuntza sistema baten osagai organikoak, baizik eta hots jakin batzuen imitazioak, eta kopuru txikia osatzen zutela hizkuntza sisteman. Saussuren ikuspuntuak eragin handikoa izan du, batez ere Europako hizkuntzetan eta ikuspegi formalistan murgiltzen diren hizkuntzalarientzat (ikus Newmeyer 1993), baina gaur egun gero eta gehiago dira hizkuntza ezberdinetako onomatopeia-sistemei buruz egiten ari diren azterlanak3. Azterlan hauek onomatopeien indarra eta garrantzia aldarrikatu dute. Hizkuntza sistemaren zati nagusia osatzen dutela erakutsi dute, hau da, gero ikusiko dugun bezala, euren berezko ezaugarri linguistikoak dituztela (Hinton, Nichols eta Ohala 1994, Voeltz eta Kilian-Hatz 2001). Lan horiek hizkuntza bateko onomatopeien multzoa uste zena baino handiagoa dela ere frogatu dute. Onomatopeiak munduko hizkuntza guztiek badituzte ere, hizkuntza batzuek besteek baina hiztegi onomatopeiko zabalagoa daukate, adibidez, japonierak, Mendebaldeko Afrikako hizkuntzek eta Ipar eta Hegoaldeko Ameriketako hizkuntzek. Euskarak ere multzo hortan sartzen da. Euskararen onomatopeien eta jatorri onomatopeiko duten hitzen zerrenda luzea da. Argitaratu diren hiztegietan lau milatik gora item lexikalak jasotzen dira (Ibarretxe-Antuñano 2006a, Santisteban 2007), baina egunero hitz berriak sortzen dira. Nahiz eta onomatopeiak euskararen zatirik inportanteenaren bat izan, orain arte ikerketa gutxi egin dira hitz hauen gainera4.

Euskal onomatopeien ezaugarri linguistikoak

Saussurek dio onomatopeiak desberdinak direla hizkuntzatik hizkuntzara. Egia da, hizkuntza bakoitzak bere sistema linguistikoa dauka eta ondorioz, onomatopeiek ere ezaugarri desberdinak dituzte hizkuntza batetik bestera. Dena dela, ikuspuntu tipologikoetatik, ezaugarri horiek ez dira hain desberdinak, munduko hizkuntza guztiek joera linguistikoak berdin-berdinak jarraitzen baitituzte. Horregatik, Voeltz eta Kilian-Hatzek (2001) apartako kategoria osatzen dutela proposatu dute. Atal honetan joera horiek deskribatzen ditugu euskaran.

Fonologia

Onomatopeiek ezohiko osagai fonologiko edo prosodikoak erabiltzen dituzte. Euskaran soinu eta soinu multzo hauek aurkitzen ohi ditugu:

Laminoalbeolar afrikatu ozena dz-, soinu hau mota honetako hitzetan soilik agertzen da:

  • dzanga, dzanp, dzarra-dzarra, dzart egin, dzartalahara, dzaust egin, dzinka, dzir-dzar, dzirrin-dzarran, dzist-dzast, dzuintaz

Afrikatuak hitzaren hasieran:

  • Sabaialbeolarra tx-:
  • txankarrankan, txart-txart, txen-plen, txikolo-takolo, tximist, txonbo, txotx, txuntxur
  • Lamino-albeolarra tz-:
  • tzainku-tzainku, tzillo-tzallo, tzitzi-pitzi, tzotz, tzurruntzuntzun

Soinuak hitzaren hasieran:

  • Herskariak:
  • pil-pil, tauki-tauki, kirrikili-karrakal, bolo-bolo, di-da, gal-gal, ttakun-ttakun, ttirri-tturru
  • Ezpainhorzkari frikatua f-:
  • farras, firri-farra, fits-mits, furrustrada
  • Sabaiaurreko txistukari frikatu gorra x-:
  • xast, xinta-minta, xorrotatu, xumli-xumla
  • Sudurkariak m-, n-, ñ-:
  • marmar, mela-mela, mir-mor egin, momorro, nar-nar, nistiki-nastaka, nono, ñauka, ñir-ñir, ñoñorro

Laminoalbeolar urkari frikatu gorra z- hitzaren hasieran:

  • zaiki-paiki, zanbulu, zaramalka, zifri-zafra, zingulu-zangulu, zinkulin-minkulin, zorro-zorro, zunburrun, zurrust

Palatalizazioa (bustidura) herkarietan eta afrikatuetan:

  • ddalanddal (dalan-dalan), llapa-llapa (lapa-lapa), ñir-ñir (nir-nir), ttapa-ttapa (tapa-tapa), txirrist (irrist), txurrupa (zurrupa)

Multzo kontsonantiko bereziak ere erabiltzen dira onomatopeietan. Hauek dira garrantzitsuenak:

  • Hitzaren hasieran: herskaria + urkaria
  • plasta-plasta, plei-plei, plisti-plasta, plost, plux egin : tlak, trankula-trankaka, trikili-trakala, trinkolo-tronkolo, tripili, triska-triska : klask, klika-klaka, kluka-kluka, klun-klun, krak-krak, krik-krak, kriskitin-kraskitin, krosk : blin-blan, blisti-blasta, braust, brista-brista, bro-bro, brun-brun : drai-drai, dranbal, drasta-drasta, dringili-drangala, drungun-drungun : glaska-glaska, gli-gli, gliska-gliska, glok egin, gran-gran, grausk, grik-grak
  • Hitzaren hasieran: f + urkaria
  • flaflada, flisk-flask, fliu-flau, flost, frasta frasta, frink, fristi-frasta
  • Hitzaren bukaeran: urkaria/txistukaria/sudurkaria + herskaria
  • aurt egin, dart, zirt-zart, xort-xort : arrast egin, ausk, brixt, drisk-drask, irrist, plost, traust, firrixt : benk, blink, dank, dint, hint, trink egin

Onomatopeien beste ezaugarri fonologikoa fonestemaren erabilpena da. Fonestemak sortzen dira fonema jakin batzuk alor semantiko batzuekin lotzen direnean. Hizkuntzalaritzan, fonestema gai eztabaidagarritzat hartzen da. Fonema eta esanahi arteko lotura ikertzeko eta interpretatzeko metodologia subjektiboegia da eta. Hala ere, ezin da ukatu fonema eta esanahi arteko zenbait hots esanahi jakin batzuekin lot daitezkeenik. Herskari belareak esaterako, ‘irentsi’ esanahiarekin lotzen dira hain zuzen ere, hala, gurka-gurka, glu-glu, klik-klak, zanga-zanga, zarga-zarga, etab. Halaber, ekintza beraren maila ezberdinak adierazteko ere hots ezberdinak erabil daitezke. Adibidez, ‘irakitea’ adierazten duten onomatopeien kasuan, i irakite leunarekin dago lotua (pil-pil), a irakite normalarekin (gal-gal) eta o, berriz, irakite indartsuarekin (bor-bor). Kasu honetan, joera unibertsala betetzen omen da: gauza txikiak bokal sabaikariekin adierazten dira eta gauza handiak, ordea, bokal belarrekin (Utman 1978). Azkenik, dardarkariak eta txistukariak arrastaka eramatearekin lotzen dira: arrast egin, herrestatu, narratu, karraka, tarra-tarra. Bokala i denean, aldiz, onomatopeiaren esanahia irristatu izan ohi da: irrist, zirin-zirin, zirristatu, etab.5

Silabaren gainean Traskek (1997) dio normalean hiru eta lau silabako onomatopeiak aurkitzen direla, baina silaba motzagoak ere, hau da, batekoak eta bikoak, erabiltzen dira. Bostekoak, aintzitik, oso gutxitan. Hara hemen hainbat adibide:

  • Batekoa
  • bar-bar, da-da, diz-diz, frink, gal-gal, klask, plaust, tter-tter, zart

ELURRA DANBA-DANBA EGIN DU HERRI HONETAN

  • Bikoa
  • arrast, danba-danba, kirriz-karraz, fara-fara, giri-giri, talka, tupus-tapas, txirri-mirri, zapart
  • Hirukoa
  • birristi-barrasta, firristi-farrasta, kirriki-karraka, pinpili-panpala, prapapa-prapapa, txitxiri-bitxiri, zipirti-zaparta
  • Laukoa
  • barranbila-birrinbala, hirrinbili-harranbala, kirrikili-karrakala, tiribili-tarabala, ttirripitti-ttarrapatta, zinkurina-minkurina
  • Bostekoa
  • tibiribiri-tibiribiro

Morfologia

Morfologiari dagokionez, ezaugarrik nabarmenena errepikapena da. Europako hizkuntzetan ez bezala, Euskarak gehien erabiltzen duen baliabideetako bat da. Errepikapena ez da bakarrik onomatopeiak sortzeko erabiltzen, baizik eta baita enfasia (zuri-zuria, zabal-zabalik) eta esanahi banatzailea (aldian-aldian, banan-banan edota lerro-lerro) adierazteko ere. Errepikapena, beraz, erabatekoa edota partziala izan daiteke.

Errepikapen erabatekoan, hitz bera errepikatzen denean, esateko, dzarra-dzarra, gurka-gurka, nir-nir, puin-puin, trinkulin-trinkulin, zanga-zanga. Multzo honetan, hurrengo kasuak aipa ditzakegu:

  • Bikoiztapena, hau da, hitz bera bi aldiz errepikatzen denenan:
  • bolo-bolo, dzarra-dzarra, farrasta-farrasta, gurka-gurka, klika-klika, mara-mara, nir-nir, pafa-pafa, puin-puin, trinkulin-trinkulin, zanga-zanga
  • Hirukoiztapena, hiru aldiz errepikatzen denean:
  • bil-bil-bil, bir-bir-bir, bul-bul-bul, buil-buil-buil, dra-dra-dra, fil-fil-fil, gol-gol-gol, po-po-po, pul-pul-pul, ter-ter-ter, ttok-ttok-ttok, txix-txix-txix, za-za-za

Errepikapen partzialean, aldiz, bigarren egituran aldaketa txikiak ageri dira. Hitzak barne aldaketa jasan du: bokalen-kontsonanten alternanzia eta/edo txertatzea. Ikus ditzagun batzuen eta besteen adibide batzuk:

  • bokalen alternantzia, dudarik gabe gehien aurkitzen den alternantzia i > a da,
  • birrimirri-barramala, dilin-dalan, firi-fara, ipi-apa, klik-klak, miliki-malaka, nikiki-nakaka, plisti-plasta, sigi-saga, tinki-tanka, xirmi-xarma, zipirri-zaparra
  • beste bokalen alternatzia batzuk XIRI-MIRI BATEKIN HASI OMEN ZIREN
  • binbili-bonbolo, dingili-dangolo, furrust-farrast, pilpil-pulpul, tikili-tokolo, tupus-tapas
  • kontsonanteen alternantzia
  • duda-muda, fits-mits, ganguren-manguren, piko-miko, purru eta murru, saski-naski, sinkulin-minkulin, terreil-merreil, terresta-erresta, txingili-mingili, xirimiri, zalantza-malantza, zikili-bokili, zinkulin-minkulin
  • kontsonanteen txertatzea, normalean m- txertatzen da bigarren elementuan
  • aiko-maiko, autu-mautu, inkiminki, irrimirri, uzkur-muzkur, utxuka-mutxuka
  • beste kontsonaneen txertatze batzuk
  • arret-zarret, enuxu-banuxu, inura-banura, uko eta buko

Sarritan, barne aldaketa bat baino gehiago aurkitzen da:

  • hildo-maldoka, ingla-mangla, kili-molo, txatean-pitean, ziltzi-maltza, zikirri-makarra

—-

Sintaxia

Onomatopeiek betetzen duten funtzio gramatikalak eztabaida anitz sortu dituen gaia da. Hizkuntzalari batzuek (Awoyale 1989, Doke 1935, Kabuta 2001) aparteko beste kategoria batekoak balira bezala hartzen dituzte; beste batzuek (Amha 2001, Jong 2002), ordea, betetzen duten funtzioaren arabera kategoria ezberdinetan sailkatzen dituzte. Euskaraz, onomatopeiek funtzio ezberdinak bete ditzakete: adberbioak (ttipi-ttapa), adjektiboak (zirtzin), interjekzioak (zapla!), etab. Ikusiko dugunez, denetarik apur bat dago, baina izenak eta adberbioak dira onomatopeiarik ugariena. Hala eta guztiz ere, onomatopeiak morfosintaxiaren ikuspuntutik ez dira berdinak, bereizketa bat egin behar da: alde batetik, prozesu morfologiko baten bidez sortu diren onomatopeiak eta bestaldetik, prozesu morfologikorik gabeko sortutakoak. Lehenengo multzokoak eratorpenaren edo hitz-elkarketaren bitartez sortzen dira. Bigarrenekoak oso interesagarriak dira kategorianiztunak izan daitezkelako. Ikus dezagun adibide bat:

  • Eñautek dzanga batez hustu du ardo basokada eta berriro betetzeko keinua egin dio telebistako albisteak ikusten ari den zerbitzariari (Gonzalez S., Ugerra eta kedarra, 186)
  • Eñautek bigarren basokada ere dzanga amaitu du (Jiménez E., Kilkerren hotsak, 215)

Dzanga onomatopeia ez daiteke izen gisa bakarrik erabil, baita adberbio bezela ere. Testuinguruak esango du zein funtzio betetzen duen.

Ondorenean, onomatopeien funtzio gramatikal ezberdinen adibideak eskeintzen dira:

Onomatopeien funtzio gramatikalak
Kategoriak Prozesu morfologikorik gabe Prozesu morfologikoren bidez
Izenak abrasta, armiarma, firingalo, furrifarra, girriski-garraska, gur-gur, izkirimiri, kinrrink-kurrunk, nir-nir, pilpil-pulpul, tinta-minta, triki-traku Eratorpenaren bidez: -ka
arramaskada, dzistada, sartada, irristada, zalapartada xinkako, zanpako, tunpako
Adberbioaktraka-traka, hirrinbili-harranbala, firri-farra, sik eta sag, trinkilin-trankulun Eratorpenaren bidez: -(k)ada, -ako
urraka, tirritaka, garra-garraka, pirritaka, itzuli-mitziluka
Deklinabidegaz:
zanpean, firrindan , txitean-pitean narraz, tirilikaz
Aditzak —- Eratorpenaren bidez: -tu
arrastakatu, dunduratu, firrindalatu, gongolatu, karrankatu, sastatu, trenkatu, txoromorotu, xilintxautu, zarrastatu, zirpinzindu
Hitz-elkarketaren bidez: aditz euskarriarekin (egin, ibili, egon)
aurt egin, dzanga egin, gili-gili egin, jaurt egin, klaska egin, pist egin, tart egin
firin da faran ibili, pinpili-panpala ibili, terrel-terrel ibili
karraka egon, kuli-mulika egon, tint egon
Adjetiboakbri-bri, gexa-mexa, kikirriki, mokoplaust, pinpili-panpala, sara-sara, sino-mino, zirtzin, zirzil Eratorpenaren bidez: -tsu
zarraparratsu, zizkolatsu
Interjekzioakabija!, afa!, afut, arasut!, blaust!, eit!, flost!, mau-mau, panp —-

Semantika

Esanahiari dagokionez, munduko hizkuntzen onomatopeiak eremu semantiko jakin batzuetan agertzen dira, besteak beste, izaki txikietan, ekintzetan, eguraldian, etb. Hala, euskal onomatopeiek ondorengo alor semantikoak sailka ditzakete:

Ekintzak

  • Mugimendua
  • antxintxi egin, bulundatu, dzanga egin, dzapart egin, erren egin, farrastaz, herremelka, hilinki-halanka, hinkili-hankala, irrist egin, karra egin, kinki-kanka, kirrikimarraka, laprast egin, narrastu, nisnaska, plisti-plasta, pulunp egin, punpatu, siltsi-saltsa, tafla-tafla, tangala, tiltil, tipirri taparra, tipisti-tapasta, trikilaka, txangika-mangika ibili, txonbo egin, tzainku-tzainku, tzillotzallo, tzipi-tzapa, xapa-xapa, xingi-xango, zafla, zapatz egin, zifli-zafla,zirin-zirin
  • Komunikazioa
  • atxumurka, autu-mautu, bala-bala, bis-bis, erran-merran, erremerre, esamesak, ink, inku-minku, intzire-mintzire, iritzi-miritzi, itx edo atx, ixil-mixil, ji-ja, jijimaja, jin-jau, kalaka, kirimikatu, kiskun-kaskun, kuxmux, mir-mor egin, murt, sisibasa, tal-tal, tarantula, tibiribiritibiribiro, tirli-torlo, txutxu-mutxu egin, tzutzuputzu, ulumulu, xuxu-muxu, xuxurlatu, zarzo, zitzimutzika, zitzipatza
  • Argia
  • bill-bill egin, birrist, brizdriztadako, brizt egin, dirdiratu, diz-diz, dris-dris, dzirdzar, gir-gir egin, inkatz-zapart, nir-nir egin, pinda, pirrin, printz, sista, txatar, txintar, txipistada, zirpitaka, zirrinta, zirt-zart egin
  • SoinuaDINBI-DANBA EGITEN DU EZKILA HONEK
  • arrama, arranba, arrantza, bafa, banpalahara, barranba, bilin-banga laun, binbilikatu, bir bor, birrinbi-barranba, brinbraun, brun-brun, bunpa, dilin-dolon, dinbi-danba, dindatu, dulun, durduratu, flisk-flask, furrust, furruxt, gara-gara, girrin, gran-gran, irringa, izkirrita, karrak egin, kilin-kilin, kirrinka-karranka, marruma egin, orrugu, purrust-parrast, tir-tir, ttakun-ttakun, zart, zirris-zarras
  • Jate eta edate
  • glaska-glaska, grask, lafa-lafa, klika, klika-klaka, kurruxkaka, marra-marra, marru-marru, mastamasta, mauka-mauka, maun-maun, meleka-meleka, miliki-malaka, ñasta-ñasta, zafla-zafla, zaka-zaka, zanka-zanka, zanpa-zanpa, zapa-zapa, zausta-zausta, zurrut eta murrut
  • dzanga, hikilimili klik, hurrupa-mupaka, kluku, krik, sanga-sanga, tala-tala, tinka-tinka, txurru-txurru, turla-turla, xurru-xurru, zarra-zarra, zinga-zinga, zuku-zuku, zurga-zurga, zurrupa, zurrust egin, zurrut egin
  • Suntsiketa
  • astrapalada, birrin-birrin, blangatu, dart egin, dzanp, dzapartatu, dzart egin, dzist-dzast, flisk-flask, gliska-glaska, karaskatu, karra-karra, klaskaratu, korrok egin, kraskatu, krik-krik, parrastatu, ris-ras, sast edo xixt, sisti-sasta, tarrat egin, txirtxilatu, urratu, xirtxikatu, zalapart egin, zapart egin
  • Jotze
  • bla, blast, blaust, blisti-blasta, bliu-blau, da-da, danbatako, dibli-dabla, dinbi-danba, dzabradako, dzapart, dzart, farfatu, furrust-farrast, kask-kask, kiska-kaska, pan-pan, panpa-panpa, talka, txatxi egin, xafla-xafla, zaflatu, zapla, zart-zart
  • Irakite
  • bal-bal, bol-bol, bor-bor egin, bro-bro, bur-bur, fil-fil, gal-gal, gar-gar, kal-kal, parpaz, pil-pil egin, pul-pul-pul, tastarika, tazt, txil-txil
  • Emozioak
  • intziri-mintziri, irri egin, irri-karkara, irrimurri, irri-zafla, jusjus, kafailaka, kar-kar, par egin, pispilin, santzo, tarrita, taska-taska, tast, ttuntturruntun, zipa
  • Gorputzaren funtzioak
  • bir-bir-bir, gili-gili, kili-kili, kirri-kirri, nar-nar, panpa-zalaparta, pirri-pirri, pirrit, pilpiratu, pilpil-pulpul, taupada, tirri-tarra, txu, zirri-zorro, zurrunga

Animaliak

  • Insektuak
  • arkakuso, arkamele, armiarma, bibirritingo, bipi, burrun, pinpilipauxa, txamorro, tximirrika, txiritxa, txitxitera, tximinta, ziringilo, zirrikamandika, zizka
  • Krustazeoak
  • karramarro, marraskilo, txirtxita
  • Txoriak
  • amiamo, auxulunt, bili-bili, bilibarro, firingalo, goronbilo, irra-irra, kakamilikuri, kirrikoloka, mozolo, parpara, purruta, txantxangorri, xirri, xoxoHEGAZTI HONEK ONOMATOPEIA ASKO SORTZEN OTE DITU?
  • Anfibioak
  • atangala, anpalaubri, apupulunka, burrunbilo, klunklun, konka, txantxik
  • Arrainak
  • dsibi, mamar, perpelete, pinpino, txilo,txitxardin

Landareak

  • kalanba, kalikola, malmai, txantxar, panpun, txinrintxo, txuatxin, ziza

Fenomeno atmosferikoak

  • arrabar, burbur, burrunba, burrunbunbun, dulunda, dirtada, dzistada, gangarabi, kaskabar, kazkaradar, txilibista, txingor, txintxerrol, txitxer, tzitzar, xirimiri, xirimola, xiskor, xista-mixta, xurrupita, zirzira

Musika tresnak

  • bulunba, drunba, dunbala, gargal, kirkila, tuntun, tururu, turuta, txantxan, txilibitu, txingalango, txingili-mingili, txintxa, txintxila, txintxirri, txirula, txulubi txun-txun, txuztu, xilinda, xiribika, zinburrun, zintzarri, zintzila

Ezaugarri fisiko eta psikikoak

  • bonbili, danglo, farras, gangarra, gelge, gexal-mexal, mamanton, monono, motolote, panpoxta, pipor, pottolo, tarrapalot, tartalo, tatar, tipi, tontorrobilo, txankil, txepel, txirripitin, txotxontxu, ttuttu, xistrin, zinlindroin, zitzimutzika, zitzipara, zokolo
  • barraban, berrinba-barranba, gangun, gelpe, handi-mandi, indura-bandura, inka-manka, kili-kala, koko-meko, kokolo-mokolo, melenga, momolo, papau, patraka, pinpirinakeri, sinkulin-minkulin, tetele, ttittulin, txaldan, txontxa

Tresnak

  • akulu-makulu, benk, daratulu, dranbal, firinda, garranga, taunk, tarratulu, txanga, txirritol

Gauza txikiak

  • hink, kirkira, mingil, surruburru, tinta-minta, tintik, txirimir, tzirtzil, tunt, ziztrin

Kantitateak

  • bar-bar, barra-barra, barrasta-barrasta, bedera-bedera, birbirika, boldroko, dalan-dalan, farra-farra, gilgil, kuñkuñkuño naizu-naizu, parrastan

— Egilea: Iraide Ibarretxe

1 Euskal onomatopeien erabiltasunaren gainean, ikus Ibarretxe-Antuñano (2009a
2 Dena dela, hitz hauek hainbeste izen jaso dute: hitz mitetikoak (Hamano 1998), ideofonoak (Doke 1935, Voeltz eta Kilian-Hatz 2001), hitz naturalak (García de Diego 1968)…
3 Onomatopeien bilakaeraz hizkuntzalaritzan, ikus, besteak beste Allot (1995), Magnus (2001) eta Nuckolls (1999).
4 Ikus Alzo (1961: 242-257), Azkue (1923-1925: 401-405, 1949: 46-48), Coyos (2000), García de Diego (1968), Ibarretxe-Antuñano (2006b, c, 2009a,b), Lecuona (1921, 1964: 128-139), Morvan (1996: 184-187, 238-240), Orpustan (1997: 163-180), Trask (1997: 256-259), Zamarripa (1916 [1987]: 186-192).
5 Euskaren fonestemaren sistemaz, ikus Coyos (2000).

lanaren aipamena nola egin...

Iraide Ibarretxe, "Sinbolismo fonetiko bidez sortutako hitzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3