Erabiltzaile Tresnak


morf:5

Sintaxia, perpausaren gramatika

Gramatikaren atal nagusien artean sintaxiak eta morfologiak garrantzi berezia dute. Morfologiak hitzekin egiten du lan. Morfemak behar bezala konbinatuz, hitzak sortzen direla esan dezakegu. Hitza izango litzateke, nolabait, Morfologiaren 'sabaia'.

Morfologiaren eta sintaxiaren arteko mugak beti argi ez badira ere, esan dezakegu hitzak behar bezala elkartuz sintagmak osatzen direla eta sintagmak konbinatuz, perpausak. Sintaxiak sintagmekin egiten du lan. Horrela, esan dezakegu sintaxiaren 'zorua' hitza dela. 'Sabaia', berriz, perpausa. Perpausaren definizioa ematea, hala ere, ez da lantegi samurra. Horregatik izan dira hainbat eztabaida perpausa definitzeko orduan. Erabili diren irizpideak ere ez dira beti berak izan. Batzuetan esanahiari begiratu zaio, perpausa 'esanahi osoa' duen eraikuntzatzat hartuz. Beste batzuetan doinua hartu da kontuan, edo distribuzioa. (M. L. Hernanz 2002: 998-1073).

Perpausa, gramatika eraikuntza

Gramatikak esaten digu zer den perpaus eta zer ez, eta baita zein diren perpausa osatzen duten atalak eta nola egituratuak dauden ere. Hitz egiten dugunean, hotsak erabiltzen ditugu esanahia (esan nahi dena) adierazteko. Sintaxiaren eginkizuna, hain zuzen, hotsen eta esanahien arteko erlazio horren berri ematea da. Hotsak ez dira nolanahi elkartzen. Hitzak ere ez. Adibidez, hitz segida batzuk zilegi dira, beste batzuk ez:

  • *Joseba da laguna gurea. / Joseba gure laguna da.

Hitz segida batzuek esanahi bat dute eta hitz horiek berek, beste hurrenkera batean, beste esanahi bat izan dezakete, zeharo desberdina. Adibidez:

  • Ehun eta bi mila euro (102.000 €)
  • Bi mila eta ehun euro (2.100 €)

Bost hitz direla onartuta ere (ehun, eta, bi, mila, euro), hitz horiek balio desberdina hartzen dute modu batera edo bestera konbinatuta.

Hitz segida bera ere modu batera edo bestera interpreta daiteke. Seinale, itxuraz berdinak diren hitz segida horiek era desberdinean egituratuak daudela. Alegia, egitura ez dela hitz hurrenkera soila. Hurrenkera beraren atzean egiazki egitura desberdinak izan ditzakegu:

  • Atzo aipatu nizun etxeko andrea etorri da.
  • [[Atzo aipatu nizun etxeko] andrea] etorri da. (Atzo etxe bat aipatu nizun eta etxe horretako andrea etorri da.)
  • [Atzo aipatu nizun [etxeko andrea]] etorri da. (Atzo etxeko andre bat aipatu nizun eta etxeko andre hori etorri da.)

Honako honetan ere beste horrenbeste: EAJ-REN KONTRAKO BOTOA?

  • EAJ-ren kontrako botoa ziurtatua dago.
  • [[EAJ-ren kontrako] botoa] (EAJ-ren kontrakoa izango da ziurtatua dagoen botoa.)
  • [[EAJ-ren] [kontrako botoa]] (EAJ-ren botoa kontrakoa izango da. Hots, EAJ-k kontrako botoa emango du)

Hots-kate edo hitz-kate berak, horrenbestez, esanahi bat baino gehiago izan dezake. Horrek esan nahi du hotsen eta esanahien arteko lotura hori aski konplexua dela. Horren berri emango digu gramatikak. Beraz, gramatikak esango digu zein hots segida den perpausa eta zein ez. Perpausa esanahi osoa duen hots segida bat da, gramatikaren arabera egituratua. Izan ere, gerta daiteke hots segida batek nola halako esanahia izatea, baina okerra izatea gramatikaren arauren bat urratzen duelako. Adibidez:

  • *Guek oso nekatutak gauden.

Hori ez da izango perpausa, nahiz eta, beste honako hauei ematen diegun esanahi berbera izateko asmotan sortua izan, beharbada:

  • (a) Gu oso nekatuta geunden.
  • (b) Gu oso nekatuak geunden.

Horregatik, delako hots segidan atalen bat falta bada edo sobera bada, edo egituran ez dagokion lekuan kokatua badago, hots-segida horri ezingo diogu perpaus deitu. Hiztunak ere horrelakoak zerbait arrotz direla pentsatzen du.

Esalditik perpausera

Hizketan pasatzen dugu bizitzaren zati handi bat. Hitz egitea, hizketa, eguneroko zerbait dugu. Hitz eginez elkar ulertzen dugu. Edonork ‘daki’ zer den hitz egitea, azaltzen ez jakin arren. Hitz egitea giza gaitasun berezi baten, hizkuntzaren, isla dela esan genezake. Errealitatean ikusten duguna da hiztunak hots-segidak sortzen dituela, eta hots-segida horiei nolabaiteko esanahia egozten diegula. Entzuleak ere, hiztunaren hots-kate hori entzuten duenean, alderantzizko bidea eginez, entzundako hotsei esanahi bat esleituz alegia, hiztunak adierazi nahi duena ulertzen du. Hiztunak eta solaskideak jakintza bat, gaitasun bat, erdibanatzen dute, hizkuntza, alegia. Gaitasun horri esker, bai batak bai besteak, hots-segida baten eta hots segida horri dagokion esanahiaren arteko erlazio egokia ezar dezakete. Hori gertatzen da hiztuna eta solaskidea hizkuntza berean ari direnean.

Hitz egitea zer den edozeinek dakien bezala, hitza ere, gutxi gorabehera, zer den badakigu. Horrela, hitz batzuk itsusiak direla esan daiteke, laburrak edo luzeak, edo ederrak, ulergaitzak, ilunak, ezagunak, berriak… Hitzak zer diren badakigu, hortaz. Horrela, hitz egitean, hitzak elkarrekin konbinatzen ditugu, elkarrekin kateatzen eta horrela esanahi bat aditzera ematen.

ALTXA BEZA ESKUA...Hizketa giza-jardun bat da eta hizketaren emaitza esaldia dela esan ohi da. Hitz egiten dugunean esaldiak osatzen ditugu. Eman dezagun, adibidez, hizlari batek hitzaldia eman duela, ordu erdikoa edo. Hitzaldi hori atal txikiagoetan zati daiteke, esaldika, adibidez. Esaldi horietako bakoitza ere, esanahiaren aldetik batasuna izateaz gainera, bi etenaldiren artean gertatzen da. Hasieran, esaterako, honelako zerbait ‘bota’ dezake:

  • “Egun on, jaun andreok!/ Iritsi da egun handia! / Eta? / Nola ‘eta’? / Nor da zuen artean, gaur zer ospatzen dugun ez dakiena? Altxa beza eskua…”

Hotsezko atal hau, zerbait fisikoa da, aire-uhinen mugimendu bat. Baina aire mugimendu horretan isiluneak ere badira, etenak. Eten horiek oinarri hartuta, zenbait esaldi bereiz ditzakegu. Alde horretatik, “Eta?” soila, galderazkoa, esalditzat har dezakegu. “Nola eta?” ere bai. Eta, oro har, eten artean ageri den hots-segida oro.

Baina esaldi kontzeptuaren ondoan, perpaus kontzeptua ere hor dugu, gramatika-lanetan ezinbestekoa dena. Esaldiaren mugak diskurtsoak berak ezartzen ditu: elkarrizketa batean, esaterako, partehartzaile den hiztun bakoitzaren parte hartzeak esaldiak dira. Hortaz, esaldiaren mugak etenaldiek eta emisore aldaketek markatuak datoz. Horrela ikusita, esaldi izan daiteke bai interjekzio soil bat, bai liburu oso bat, edo izen sintagma bat edo paragrafo bat. Honek esan nahi du esaldi nozioak ez duela gramatika mugarik, edo, hobeto esanda, ezin dela esaldi bat ‘bakandu’ gramatika irizpideak erabiliz. (Escandell 1996, Introducción a la pragmática, 27-28)

Hala ere, batzuetan perpausa eta esaldia paralelotzat jo izan dira eta esaldia perpaus baten gauzatze konkretu bat dela esan da. Ikuspegi honek, hala ere, Escandell-en arabera, badu akats nagusi bat: esalditzat hartzen dituela bakarrik perpaus egitura dutenak. Kanpoan uzten ditu bai perpausa baino handiagoak diren unitateak eta baita perpausa baino beheragokoak ere, perpaus-zati dei genitzakeenak. “Egia da, maiz, esaldi bat, benetan, perpaus baten gauzatze konkretu bat dela. Hau, hala ere, kasu berezi bat besterik ez litzateke, aukera bat. Kasu askotan perpaus baten gauzatzea izan liteke esaldi bat, baina, alderantziz, esaldi oro ez da beti perpaus baten gauzatzea.” (ibid. 28)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sintaxia, perpausaren gramatika", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3