Erabiltzaile Tresnak


morf:5:1

Zer da perpausa?

Atal honetan perpaus kontzeptuari sarrera zabal bat egingo zaio. Ez du aurkezpen kapitulu honek beste helbururik, perpausaren barnean ageri diren atalak banaka-banaka aztertzen direlako SEG-en beste toki batzuetan, sakontasun handiagoarekin. Gramatikaz aritzean, ezinbesteko gertatzen da perpausaz hitz egitea, gramatikaren funtsezko kontzeptuak perpausaren gainean oinarritzen baitira. Izan ere, perpausa da gramatikaren eraikin nagusia. Gramatikak esaten digu zer den perpaus eta zer ez, eta baita zein diren perpausa osatzen duten atalak eta nola egituratuak dauden ere. Hitz egiten dugunean, hotsak erabiltzen ditugu esanahia (esan nahi dena) adierazteko. Sintaxiaren eginkizuna, hain zuzen, hotsen eta esanahien arteko erlazio horren berri ematea da. Hotsak ez dira nolanahi elkartzen, eta hitzak ere ez elkarren artean. Hori da, hain zuzen ere, inguruko atal guztietan gertatuko dena. Jakina, bistan da perpausaren azterketak ez duela amaitzen hizkuntzaren azterketa, hizkuntza beste zergbait askoz ere konplexuagoa baita. Gramatika bera baino konplexuagoa, noski. Hasteko, eta hori ere aztertzen da beste kapitulu batzuetan, perpausak hari batekin lotzen ditugu hitz egitean, MATIAS ASKO GIZENDU DA AZKEN ALDI HONETAN (Laurel eta Hardy)edo zerbait idazten dugunean. Eta lotura horiek egiteko baditugu halako baliabide bereziak. Beraz, perpausa baldin bada ere gramatikaren eraikin nagusia, perpausak diskurtso baten inguruan ulertu behar dira beti. Hori dela eta, gure analisia perpausen mugetan bukatuko balitz, horrek bakarrik ez luke gramatikaren berri osoa emango, badirelako beste gramatika elementu batzuk perpausak lotzeko erabiltzen ditugunak, hain zuzen ere. Horrela, ikus dezagun ondoko perpaus hau:

  • Matias asko gizendu da azken aldi honetan

Perpaus horren zatiak, atalak, atalen arteko loturak, eta abar aztertzen ditu sintaxiak. Gramatikak, esanahi zabalagoan harturik, beste ezaugarri asko ere aztertzen ditu perpaus horretan: hotsak, hotsen ezaugarrien berezitasunak, hitzen esanahia, eta abar. Hori guztia perpausaren barnean aztertzen da. Ikus dezagun orain beste adibide hau:

  • Matias asko gizendu da azken aldi honetan. Hala ere, ez du gehiegi jaten.

Bi perpaus ageri dira adibide horretan, baina bigarrena nekez ulertzen da aurrean esandakoa kontuan hartu gabe: perpausaren mugak gainditzen ari gara orain. Bata bestearekin lotzeko “hala ere” lokailua erabili dugu hemen. Lokailuak ere aztertuko ditugu banaka-banaka. Hemen, ordea, perpausaz ariko gara, eta perpausaren aurkezpena zabal bat egingo da, esan bezala.

Perpausaren esanahi osotasuna

VIENAKO HAURRAK KANTARI ONAK DIRAEsanahiaren ikuspegitik begiratuta, perpausa ‘esanahi osoko’ katea dela esan izan da, pentsamentu baten adierazpena eta abar. Alde honetatik, perpausa komunikazio egintza osoa izango litzateke. Horrenbestez, honako adibide hauek denak perpaus lirateke, nahiz eta oso taxu desberdinekoak izan:

    1. Egun on!
    2. Kaka zaharra!
    3. Gero arte.
    1. Egun on askorik ez dugu.
    2. Ikasleek kantatu zuten.
    3. Ikasleak kantari onak dira.
    4. Trena berehala iritsiko da.
    5. Dagoeneko, ilundu du.

(1-2)an jasotzen diren esaldiek esanahi osoa dute eta modu isolatuan eman daitezke. Hori litzateke perpaustasunaren irizpide. Jespersen-en (1924: 439) arabera, perpausa ‘kategoria nozional hutsa izango litzateke, hitz batek edo hitz multzo batek har dezakeen ezein forma gramatikali loturik ez dagoena’. Horrelako definizio nozionalen ahultasun handiena sintaxitik kanpoko irizpideetan oinarritzea da, eta horrenbestez, Hernanz-ek (2002: 999) dioen bezala, termino linguistikoetan balidatzen zailak diren irizpideak erabiltzea. Horrela, komunikazioaren ikuspegi soiletik begiratuta, kontua da nola azaldu goiko balizko perpaus horien artean dagoen aldea. Zeren (1)eko ustezko perpaus horiek horrelaxe eman behar dira, bere osotasunean, ezer kendu gabe. Ez dute onartzen atalik ezabatzea, (1')k ongi erakusten duen bezala:RUBENSEK PINTATU ZUEN GIZON ZAHAR HAU

  1. '
    1. *Egun!
    2. *Zaharra!
    3. *arte.

Aldiz, (2)koetan, atal jakin batzuk isilpean utzita ere, zuzentzat jotzen ditugu eta ulergarritzat, erabat:

  1. '
    1. : Egun askorik ez dugu.
    2. : Kantatu zuten.
    3. : Onak dira.
    4. : Iritsiko da.
    5. : Ilundu du.

Hortaz, (1) eta (2)ren artean bada diferentziaren bat eta horren berri eman nahi badugu, perpausaren era honetako definizio bat ezin izan egokia.

Perpausaren definizio logikoak

Perpausean subjektu bat izan ohi da eta subjektu honetaz zerbait predikatzen dugu. Hain zuzen, ezaugarri hau hartu izan da maiz perpausa definitzeko. Perpausaren definizio logikoa izango litzateke: perpausa juizio baten kontrapuntu logikoa izango litzateke. Hots: perpausean subjektu bat (zeinetaz zerbait adierazten den), atributu bat (subjektuaz adierazten dena) eta bi termino hauen arteko lotura egiten duen kopula izango ditugu. Hemen ere, definizio nozionaletan gertatzen zen bezala, sintaxitik kanpoko irizpideak ezartzen dira perpausa definitzeko. Baina juizio bat adierazteko eragiketa mentalak inplikatzen dituen arauak eta perpaus baten osaerak eskatzen dituenak ez dira beti bat etortzen.

Perpausaren definizio distribuzionala

Banaketan edo distribuzioan oinarritutako definizioek, aldiz, esanahitik kanpo kokatzen dute perpausaren izaera. Esanahia albo batera utzita heltzen diote perpausa definitzeko lanari. Ikuspegi honetatik, perpausa kokagune eta testuinguru jakin batean agertzen den atala izango da. ‘Esanahi oso’ delako kontzeptu lauso horretara jo beharrean, sintaxiaren esparruan kokatzen dute, esaldi batek egongune absolutuan agertzeko duen gaitasun gisa interpretatuz. Alegia, banaketa askean agertzeko gaitasuna duen atala izango da perpausa. Hots: perpausa ez da beste egitura zabalago baten atal. Formulazio hau intuitiboki zirriborratu zuen Jespersenek (1924) baina Bloomfieldek (1933: $ 11.1) garatu eta finduko du: “Perpaus oro forma linguistiko lokabe bat da, beste inongo forma linguistiko zabalago batean sartua ez dagoena”.

    1. Karmele!
    2. Karmele gaixoa!
    3. Karmele gaixoa lanetik bota dute.
    4. Enpresak galerak izan dituenez, Karmele gaixoa lanetik bota egin dute.

Hizkuntzalari iparramerikarraren arabera, (3)ko esaldietan, bakoitzaren barne-ezaugarri desberdinak gorabehera, perpaus bana izango genuke, bakoitza egongune absolutuan ageri baita. (3a)ko Karmele!, ikuspegi honetatik, perpaus bat da, baina (3b)n perpaus izateari utzi eta handiago den beste atal baten osagai da, hots: ez dago egongune absolutuan. Horrenbestez, oraingoan ez da perpausa.

kakotxa
kakotxa
Perpausen definizio logikoak, distribuzionalak eta formalak egin daitezke

Baina, ikuspegi beretik, (3b)ko Karmele gaixoa perpaus litzateke. (3c) edo (3d)koa, berriz, ez.

HAU HOTZA!Aldiz, badira perpaus bat baino gehiagoz osatutako esaldiak ere. Adibidez:

    • Hau hotza! Nork ireki du leihoa? Banoa hemendik berehala.

Pragmatika kontuak gorabehera, Hau hotza!, Nork ireki du leihoa? eta Banoa hemendik berehala atalek ez dute forma nagusiago batean bilduko lituzkeen elkarren arteko inolako lotura gramatikalik (cf. Bloomfield 1933). Horrela ulertuz gero, perpausa ez da eskema sintaktiko jakin batera mugatua gelditzen, baizik eta bere barne egituratik kanpoko faktoreen bidez definitzen da. Horrela, definizio honek bere barnean biltzen dituen esaldien multzoa definizio nozional batena bezain zabala eta heterogeneoa gertatzen da. Beraz, nozio zabalegia eta beste zenbait irizpideren morroi edo gelditzen da, esaterako, irizpide prosodikoen morroi, entonazioaren edo eten potentzialen mende (Lyons 1968 & 5.2.7).

Perpausaren definizio formalak

MARSELLESA KANTATZEN ARI OMEN DABaina perpausaren definiziora hurbiltzeko, esanahiari eta inguramenduari ez ezik, barne egiturari ere begiratu behar zaio. Perpausa egitura predikatibo bikoitz gisa ere aurkeztu izan da, subjektuaz eta predikatuaz osatua. Honek esan nahi du perpausa forma pertsonalean doan aditz baten inguruan taxututako egitura dela. Planteamentu hau askoz hertsiagoa gertatzen da definizio nozionalak eta distribuzionalak baino, kanpoan uzten baititu goiko (1) eta (2a eta b)ko esaldiak, adizki jokaturik gabekoak direnez gero. Aldiz, indarra jartzen du aditz baten presentziak dakartzan zenbait ezaugarri semantiko eta sintaktikotan: aditza predikatu bat da eta, alde horretatik, perpausari oinarrizko esanahia ekartzen dio eta honekin batera subjektua eta gainerako argumentuak ere. Bestalde, adizkiak flexio markak erakusten ditu: numeroa eta pertsona, denbora, modua eta aspektua. Hauen bidez adierazten dira argumentuen (nor, nork eta nori) eta aditzaren arteko komunztadura erlazioak, eta orobat perpausean jasotzen den denborari, moduari eta aspektuari dagokion informazioa. Bestalde, aditzaren ezaugarrien arabera, zenbait perpaus mota diferente bereiz daitezke: hala nola, perpaus predikatiboak (2a), perpaus atributiboak (2b). Eta, aditz inakusatiboa duten perpausak ere bereiziko ditugu, (2c), edo perpaus inpertsonalak, (2d) bezalakoen kasuan. Horrenbestez, perpausean aditza agertzea garrantzizkoa gertatzen da. Adizki jokatua izatea nahitaezkoa da perpausa egongune absolutuan agertuko bada. Perpausaren definizio formaletatik kanpo geldituko lirateke, horrenbestez, egongune absolutuan emandako adizki jokatugabea duten atalak, honako hauen antzekoak, adibidez:

    1. *txokolatea jatea
    2. *Marsellesa kantatzen
    3. *burua makurturik

Adizki bat eduki arren, adizki hori pertsona komunztadurarik gabea baita, jokatugabea alegia, perpausaren definizio formal honek kanpoan uzten ditu (5)eko atal horiek, egoera absolutuan eman nahi izanez gero. Beste kontu bat da perpaus zati bezala lan egiten dutenean. Modu berean, adizki jokatua izan arren, menderagailuren bat izatea aski da, gehienetan, hori ere kanpoan uzteko:

    1. *Dirua behar bagenu.
    2. *Bi eta bi lau direla.
    3. *Nor etorri den.
    • eta abar.

Edo subjunktibozkoak. Hauek ere adizkia jokatua izan arren, oso testuinguru jakinetan bakarrik gertatzen dira zilegi:

    1. *Gezurra esan diezaguten.
    2. Gezurrak asma ditzagun!

Batzuk zein besteak, perpaus lokabe baten atal gisa erabiltzen ahal ditugu, mendeko perpaus gisa, beste baten osagai gisa, alegia. Egongune absolutuan agertzeko, gehienetan behar dugu adizki jokatua izatea, baina adizki jokatua izan arren, (cf. (8)), gerta daiteke egongune absolutuan ezin agertua. Bestalde, mendeko perpausetan, oso ohikoak dira perpaus jokatugabeak. Hauek ezin ditugu perpausaren definiziotik kanpo utzi. Izan ere, perpaus bakunaren eta elkartuaren arteko diferentzia kontuan hartzen badugu, adizkia dutenak, dela jokatua dela jokatugabea, mendeko perpaus gisa txerta daitezke perpaus nagusi baten osagai modura. Aldiz, (3)ko segidek ez dute aukerarik perpaus nagusi batean osagai gisa txertaturik agertzeko. Horrenbestez, batzuk perpaus direla esango dugu, besteak ez. (6)koak txerta ditzakegu eta baita (7)koak ere:TXOKOLATEA JATEA ONA OTE DA?

    1. Dirua behar bagenu, norbaiti eskatuko genioke.
    2. Bi eta bi lau direla bazekien.
    3. Nor etorri den jakin nahi nuke.
    4. Txokolatea jatea ona da.
    5. Marsellesa kantatzen berehala ikasi zuen.
    6. Burua makurturik agurtu gintuen.

Aldiz, goiko (3)koek bide hau itxia dute:

    1. *Mikelek [egun on] uste du.
    2. *Badakit [kaka zaharra].
    3. *[Gero arte] erabaki du.

Honek esan nahi du, hitz segida batek zentzu osoa izan dezakeela baina horrek ez diola ematen eskubidea perpaus gisa lan egiteko. Perpaus elkartu batean txertatuko bada, aditza beharrezkoa da. Horrenbestez, perpaus bakun bat perpaus elkartu bateko osagai gisa txertatu ahal izateko, aditza izatea edo ez izatea da funtsezko kontua1. Bestalde, aditz hori jokatua izateak edo ez izateak bide emango dio perpaus horri lokabe izateko (egongune absolutuan, esango dugu) edo mendeko perpaus izateko. Diferentzia honetan oinarrituta, gramatika batzuetan bereizi ohi da perpausa eta klausula, adibidez, edo perpausa eta proposizioa, perpausa eta frasea, perpaus ‘txikiak’ eta ‘osoak’ (Bloomfield 1933:10).

Guk, hala ere, eta nolabait laburbilduz, perpaus kontzeptu bakarra erabiliko dugu, dela perpaus lokabea, dela mendekoa, dela jokatua dela jokatugabea, dela bakuna dela konplexua. Denak perpaus direla esango dugu. Eta zertan datza delako perpaus horren izaera? Esanahi bat du, noski. Banaketa jakin bat ere izango du, egongune absolutuan nahiz perpaus nagusi baten barnean, osagai gisa. Subjektu eta predikatu batez osatua ere badela esango dugu. Baina azken batean, esango duguna da gramatikaren langai nagusia dela. Gramatikak perpausak osatzeko prozedura eskaintzen badigu, prozedura horri jarraituz osatzen diren egiturak izango dira perpaus. Hain zuzen, Gramatika Sortzailearen ikuspegitik, perpausa da gramatikaren axioma, abiapuntua, teoriaren beraren barnean justifikatuko dena. Azken batean, perpausa baldintza jakin batzuk betetzen dituen eraikuntza bat izango da. Baldintza horiek zein diren Gramatikak berak esango digu.

Perpausa zer den laburbilduz

kakotxa
kakotxa
Perpausek eta perpaus-zatiek ezaugarri batzuk partekatzen dituzte, baina perpaus-zatiek falta dute, formalki, perpausa identifikatzeko beharrezkoa den osagaia: adizki jokatua

Perpausek eta perpaus-zatiek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte, bai prosodiaren aldetik, bai distribuzioaren aldetik eta baita pragmatikaren aldetik ere. Hala ere, badira aldeak. Bada bien artean funtsezkoa den diferentzia bat, sintaxi mailakoa: perpaus-zatiek falta dute, formalki, perpaus kanoniko bat identifikatzeko erabiltzen dugun osagai bat, adizki jokatua alegia, eta, horrenbestez, egitura predikatiboa falta dute.

1 Euskararen kasuan, badirudi are nabarmenago gertatzen dela kontu hau. Izan ere, mendeko perpaus batek menderagailua (-(e)la, -(e)n, adibidez) nahiatezko du eta menderagailu hauek zuzenean adizkiari itsatsi ohi zaizkio euskaraz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zer da perpausa?", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3