Erabiltzaile Tresnak


morf:5:1:1

Perpaus zatiak

Erakutsi dugun perpaus molde honetatik kanpo gelditzen dira, ordea, beste esaldi batzuk. 'Perpaus zati' deitzen ditugunak. Interjekzioak eta harridurazko egiturak dira nabarmenenak. Hauek perpausaren definizioan ezinbestekotzat eman ditugun osagaietakoren bat faltako lukete. Hala ere, esanahi osoa dutela ezin uka.

Bestetik, berriz, elipsiaren ondorioz, perpausaren ohiko osagairen bat falta duten segidak ere badira. Adibidez, zenbait esaldik, aditzik gabe agertu arren, gorde dezakete perpausei egotzi diegun egitura bikoitza:

    1. Zerri goseak ezkurra amets.
    2. Eguzkia nora, zapiak hara.

Bi adibide hauetan aditzik ez da ageri. Hala ere, nolabaiteko elipisia dela medio, esaldiok erraz eraman daitezke perpaus ohikoen eremura. Horrenbestez, perpaus zati hauen lehenbiziko partiketa bat honela egin daiteke:

  1. Benetako perpaus zatiak (eliptikoak). Elipsi moduren bat aldarrikatuz berreskura daiteke perpaus egitura.
  2. Perpaus zati ez eliptikoak. Hauetan perpaus egitura berreraikitzea ezina gertatzen da.

Benetako perpaus zatiak

Adizki jokaturik agerian ez izan arren, adizki hori modu errazean berreskura daiteke. Maiz, lotura aditz bat izan ohi da. Adibidez:

  1. Baserria salgai Bermeon.

Hori da, esaterako, goiko (10a eta b)ren kasua ere. Azken hauek testuingurutik aske egon ohi dira eta mota askotako egiturak osatzen dituzte: errefrauak, esapide eginak, sekuentzia logiko-matematikoak… Egunkarietako izenburuek ere maiz tankera hau hartzen dute.

    1. Hogei zati bost, lau.
    2. Gezurrak zangoak labur.
    3. Bost gol Anoetan.

Esaldi hauek ulertzeko ez da testuinguru berezirik behar. Berez, egitura aski aberatsa dutenez, zalantza handirik gabe interpreta ditzakegu testuingururik gabe ere. Goiko adibideen kasuan, esaterako: ...EZKURRA AMETS?TXERRIEK...

    1. Zerri goseak ezkurra DU amets.
    2. Eguzkia nora DOA? Zapiak hara DOAZ.
    3. Hogei zati bost, lau DA.
    4. Gezurrak zangoak labur DITU.
    5. Bost gol IZAN DIRA Anoetan.

Hauen ezaugarri funtsezkoa da perpaus ‘osoetara’ bidaltzen gaituztela, interpretazio itxia dutela eta agerian ez den atal hori inguramendu linguistikotik berreskura daitekeela. Adibidez, aurreko esaldi bati atxikitako perpaus zatiak badira, dela galdera bati erantzuten diotenak, nahiz solaskidearen baieztapen bat osatzera etor daitezkeenak. Adibidez:

    1. Bai. / Ez. (Etorriko zara? moduko galdera bati erantzuteko, adibidez)
    2. Zuekin. (Norekin joango zara? bezalako galdera baten erantzun gisa)
    3. Garagardo bat. (Zer edango dun? galdera baten ondoren)
    4. Hi ere bai. (Lotsagabe bat haiz gisako baieztapen bati emandako erantzuna izan daiteke eta ez da arazo larregirik, zer esan nahi den interpretatzeko: Hi ere lotsagabea haiz esatea bezala izango litzateke)

Eskas den informazioa testuinguruari esker berreskuratzen dugunean, elipsi kontestuala dela esaten da.Hauen interpretazioa bideratzeko, aurreko esaldia (galdera bat nahiz baieztapen bat) kontuan hartzea aski da. Horrela jokatzen dugu geure eguneroko elkarrizketetan. Mekanismo gramatikalei esker berreskuratzen badugu, berriz, elipsi gramatikala izango da. Honako hauetan, adibidez, perpaus oso gisa interpretatzeko, ez dugu testuingurura jo beharrik:

    1. Lotsagarria!
    2. Zer? Egonean?
    3. Nolako anabasa!

Oraingoan, printzipio gramatikalek laguntzen dute 'hutsunea' osatzen, nolabait. Ez dute aldez aurretik esandako edo ulertutzat emandako testuingurua eskatzen:

  1. Lotsagarria! = (Hori) lotsagarria (da)

Nolako anabasa! modukoak (5c) egitura sintaktiko defektiboak dira (Hernanz: 61). Ez dira, ez, osoak, ez eta ere testuinguruari esker berreskura daitekeen zati eliptiko bat dutenak. Baina esanahi ongi zehaztua dute. Holakoak elipsi gramatikaltzat hartzen badira, horren arrazoia da nolako anabasa predikatu bat dela eta, horrenbestez, beti da posible subjektu bat berreskuratzea. Bestalde, aditz kopulatiboak aditz ‘hutsak’ dira eta, horrenbestez, erraz utz daitezke albora eta berreskuratu ere aise berreskuratzen ahal dira, ‘hutsak’ direlako, hain zuzen. Elipsi gramatikala, hein handi batean, ageri deneko testuingurutik askea da. Goiko (17a), adibidez, edozein esaldiren aurrean eman daitekeen erantzuna izan daiteke:

PRESIDENTEA, ETA JABETU GABE!

  1. - Presidentea berea ez denaz jabetu da.
    • - Lotsagarria!
  1. - Zer iruditu zaizu epailearen ateraldia?
    • - Lotsagarria.

Lehenbiziko kasuan elipsi gramatikala dugu, baina bigarrenean, elipsi kontestuala, galdera baten erantzuna baita.

Perpaus zati ez-eliptikoak

Harridurazko esaldiak dira tipikoenak. Hauek ezin dira interpretazio unibokoa duen perpaus gisa berreraiki, inguru extralinguistikoaren eraginpean baitaude. Horrenbestez, hauen analisia ezin daiteke oinarritu elipsian. Adibide nagusitzat honako hauen modukoak eman daitezke. Intonazio markatua dute eta ondorioz, estatus berezia dute perpaus zatien sailean:

    1. Mikel!
    2. Hara!
    3. Sua!

Esaldi hauek, egoera nolakoa, halako irakurketa izan dezakete. (a)ko bokatiboak, adibidez, interpretazio bat baino gehiago izan dezake, doinuaren edo egoeraren arabera: agindu bat izan daiteke, errieta egiteko balio dezake, maitekiro egindako adierazpen bat ere bai, … ( b)ko ‘hara’ horrek ere, nola ahoskatzen den, balio bat baino gehiago izan ditzake: harridura, mehatxua …(cf. Jespersen 1924: 437):

    1. Hára! (cf. Hara berriz!) (harridura)
    2. Hará! (cf. Hara! Muturreko on bat merezi huke.) (Mehatxua)

Zati ez-eliptikoen arloan frase-hitzak deitzen direnak ere hor dira (Tesnière 1959: $45-46). Multzo handi samarra osatzen dute hauek, eta hein handi batean baliabide emankorra da. Interjekzioek, onomatopeia batzuek, eta harridurazko intonazioarekin esaten diren zenbait esamoldek osatzen dute multzo hau. Interjekzioek elementu multzo heterogeneoa osatzen dute. Berezko interjekzioek zerrenda itxia osatzen dute eta erabilera finkoa dute hizkuntzan. Adibidez:

  1. Ai!, Ene!, Oi!, Ui!, Epa!, Oh!, Ah!, Et!, Hala!, Uf!, Hola!, Kaixo!, To! …

Badira, halaber, berezko ez diren interjekzioak ere, hitz jakin batzuen egokitze edo espezializazio prozesu baten ondorio direnak. Askotan eufemismoaren ondorio dira. Hauetako batzuk, intonazio esklamatiborik gabe, bestelako adiera dute lexikoan.

  1. Arraioa!, Arranopola!, Dedio!, Demontre!, Erredio!, Errekoño!, Jode!, Kaben!, Kaben Zotz!, Kaka zaharra!, Kasuen!, Koño!, Puñeta, …

Bat-bateko emozioen adierazpenak izan ohi dira, hiztunaren jarrerarekin lotuak, eta, horregatik, autore askok analisi gramatikalean bazterreko zerbait kontsideratzen dituzte. Hala ere, interjekzioen eduki semantikoak eta sintaktikoak arauzko eredu jakinak jarraitzen dituzte. Sintaxiari erreparatzen badiogu, egongune absolutuetan ageri ohi dira. Baina, batzuek joera dute beste esaldi bati, dela perpaus dela perpaus zati, atxikitzeko, ezkerraldean:

GUARDASOLA TABERNAN AHAZTU!

    1. Ai!, guardasola ahaztu zait tabernan.
    2. Et-et!, utzi nazazu bakean.
    3. Uf!, aldapa gogorra da hau.

Baina eskuinaldean ere koka daitezke:

    1. Hago geldi, koño!
    2. Gogorra zagok, arraioa!

Adjektiboen egongunean ere ager daitezke batzuk:

  1. Ume demontre honek ez du ezer aurreratzen.

Jokabide sintaktiko honek erakusten du interjekzio hauek, beren balio emotiboaz harago, ez dutela oso eduki semantiko zehatza.

Esamolde esklamatiboak

Gehienetan adierazpen estereotipatuak izan ohi dira, eta joera dute ‘blokeko’ interpretazioa hartzeko, hitzez hitzezko esanahitik gehiago edo gutxiago desbideratuta. Honen eraginez, maiz, interjekzio inpropioen eta esamolde esklamatiboen arteko muga lausoa izan daiteke. Balio asko izan ditzakete: kortesia, miresmena, oniritzia, agindua (Tesnière & 45):

ZORIONAK, AMAIA (KOSTAKO ZITZAIEN, BA, KURSAALA ALOKATZEA HAU EGITEKO!

    1. Eskerrik asko / mila esker / bost axola
    2. Ez horregatik.
    3. Zorionak. / Egun on. / Mesedez. / Barka(tu).
    1. Ai ene! / Ai ama!
    2. Jainkoari eskerrak.
    3. Aurrera! / Kontuz! / Adi! / Erne!
    4. Ixo! / Geldi!
    5. Arre! / Iso! / Aida! / Esti!

Maiz, formaz, erabat zurrunak eta aldagaitzak gertatzen dira. Adibidez, goiko esapide horiek holaxe bakarrik eman daitezke. Honako hauek okerrak gertatzen dira, alegia:

    1. *Esker asko. / *Bost esker.
    2. *Horregatik ez.
    3. *Zoriona!
    4. *Egun onak!

Hauek ere egongune absolutuan ez ezik, esaldi orazional edo zatiei atxikirik joan daitezke:

    1. Ai ama, nolako zarata!
    2. Mila esker, estimatzen dut zure ahalegina.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus zatiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3