Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10

Adberbioa

Adberbioa zer den ikusiko dugu atal honetan. Zer ezaugarri dauzkan eta nola agertzen den perpausean.

Adberbioak zer diren

Perpaus batean mota askotako hitzak daude:Etxe polit asko dago munduan

  • Jonek etxe polit bat erosi du gaur goizean.

Perpaus horretan ageri diren hitzak kategorietan sailkatzen ditugu. Kategoriek esaten digute nolakoak diren hitzak, zer klasetakoak, baina ez digute esaten arruntean nolako funtzioa betetzen duten perpausean. Esaterako, badakigu perpaus horretako Jonek hitza izena dela, izen berezia hain zuzen. Funtzioari dagokionez subjektua da, baina Joneri eman diogu esango bagenu, edo Jone ikusi dut, kategoria berekoa izanik ere, izen berak beste funtzio batzuk dituela ikusten dugu berehala.

Berdin gertatzen da beste hitzekin ere. Hauek dira perpaus horretako hitzen kategoriak:

  • etxe → izen arrunta
  • polit → adjektiboa
  • bat → zenbatzailea
  • erosi → aditza
  • du → aditza
  • gaur → adberbioa
  • goizean → inesibo kasuan dagoen izena

Izenek eta adjektiboek ez bezala, adberbioek ez dute determinatzailerik hartzen euskaraz, eta ez dute inolako komunztadurarik egiten aditzarekin:

  • Gazteak egin du.
  • Gazteek egin dute.

Perpaus horietan, gazte hitzak –a artikulua hartzen du, eta bigarren adibidean numero marka ere bai -k, eta komunztadura egiten du aditzarekin (gazteak… du; gazteekdute). Baina gaur hitza biluzik dago, ez du artikulurik onartzen, eta ez du inolako komunztadurarik egiten aditzarekin, hitza beti bakarrik, inolako eranskinik gabe, ageri baita. Hori gertatzen da adberbioekin. Adberbioaren berezko aldaezintasunarekin dago lotuta hau.

Adberbioa eta aditzaren argumentu egitura

Adberbioak, nolabait esateko, aditzaren argumentu egituratik kanpo geratzen dira, bazter batean bezala: ekarri aditzak norbaitek zerbait ekartzea eskatzen du (beraz, nor eta zer argumentuak ezinbestekoak ditu, eta askotan nori ere bai). Baina ez du aditzak berez eta ezinbestean eskatzen nola ekarriko duen, noiz, norekin edo zergatik, horiek guztiak gertaera posibleen konstanteak baitira. Gertaerak beti gertatzen dira noizbait, nonbait, nolabait…, zirkunstantzia batzuetan, alegia. Horiek ez ditu aditz batek, honek edo besteak, berez eta bereziki eskatzen. Nahi izanez gero, hiztunak zehatz ditzake, jakina, edo ez, baina ez da aditzen kontua hori. Aditzak berez eskatzen duen informazio trinkotik kanpo gelditzen da, ez da ezinbestekoa informazio hori ematea. Aldiz, aditz baten izaera semantikoaren berri eman nahi izanez gero, haren ezaugarriak azaldu nahi izanez gero, aditzaren argumentu sarea definitzeko ezinbestekotzat hartzen diren aktanteak zein diren zehaztu beharko da: etorri (norbait), hartu (norbaitek –norbaiti- zerbait), edan (norbaitek zerbait), eta abar. Beste kontuak marginalak dira alde horretatik, zirkunstantzialak. Adberbioak hor kokatzen dira, inguruan, beste maila batean, aditzaren gunetik urrunago, eta “zirkunstantziak” markatzen dituzte.

Adberbioa, aditz sintagmaren modifikatzaile

Geroago adibide batzuk ikusiko baditugu ere, aurrera dezagun hemen zerbait. Horretarako bi adibide hauek erabiliko ditugu:

  • Irakaslea orduan etorri da.
  • Orduan, irakaslea etorri da.

Edozein hiztun gai da hor ageri den orduan adberbio horrek bi esanahi dituela ohartzeko:

  • lehenbizikoan irakaslea garaiz etorri dela esan nahi du, ez dela berant etorri, alegia.
  • bigarren adibidean, ordea, ez da hori kasua, eta ez du zerikusirik orduarekin. Beste zerbaitez ari garela, eta une horretan, irakaslea etorri dela esaten dugu.

Bi adberbioen funtzioa, nolabait esateko, bazterrekoa da: baina lehenbiziko kasuan adberbioak aditz sintagma modifikatzen du; baina bigarrenean, ordea, perpaus osoa.

Batzuetan, orduan-en kasuan ikusi dugun moduan, sail batekoa nahiz bestekoa izan daiteke adberbioa, nola agertzen den. Zenbait autorek, horregatik, adberbio mota batzuk Aditz Sintagmaren modifikatzailetzat hartu behar liratekeela defendatu izan dute.

Adberbio sintagma eta postposizio sintagma

Arratsalde ederraKontura gaitezen, hala ere, ez dagoela desberdintasun handiegirik honako bi perpaus hauen artean, hor ageri diren gaur eta arratsaldean hitzei dagokienez:

  • Miren gaur etorri da.
  • Miren arratsaldean etorri da.

Itxura batean, gaur adberbiotzat hartzen badugu, iduri luke arratsaldean ere adberbioa behar lukeela izan ezinbestean. Biek denborari egiten diote erreferentzia, distribuzio antzekoa dute, ez dute komunztadurarik egiten, ez dira argumentu sarekoak, eta abar. Hala ere, arratsaldean hitzaren kasuan berehala ohartzen gara gaur hitzarekin ez bezala, hitz barruan elementu gehiago bereiz daitezkeela: lehenik eta behin arratsalde. arratsalde hori ez da adberbioa, baizik denborari erreferentzia egiten dion izena:

  • Arratsalde ederra dago gaur.

Eta izena den aldetik, komunztadura egiten du:

  • Arratsaldeak beldurra ematen zion.

Perpaus horretan singularrean doa aditza. Ondoko honetan, berriz, pluralean:

  • Arratsaldeek beldurra ematen zioten.

Horretaz gain, ikus beste adibide hau:

  • Miren arratsaldean etorri da.

Hor argi ikusten denez, izenak artikulua hartzen du (-a), numeroa (sing edo pl) eta –n inesiboaren postposizio marka.

Zer gertatzen da hor orduan? gaur eta arratsaldean ez dira sail berekoak? Eta zer gertatzen da, eman dezagun gauzak gehiago nahasteko, gaur arratsaldean gisako sintagmarekin? Zer da hori? Esan dezagun, errazenetik hasteko gaur eta arratsaldean, biak, sintagma sail berekoak direla, nahiz sintagma mota horren izena zehaztea erraza ez den. Horiek guztiak adberbio sintagmak dei ditzakegu, izena batzuetan nahasgarri gerta badaiteke ere, gaur adberbioa baita, baina arratsaldean ez (bistan denez, Postposizio sintagma da). Biak dira osagai zirkunstantzialak: denbora, tokia, modua, kopurua, zergatia, helburua… eta antzeko eduki semantikoekin erlazionatzen dira.

Hori dela eta, terminologiari dagokionez, bereizketa hauek egingo ditugu: denak dira, esan bezala, osagai zirkunstantzialak. Horien barnean adberbio sintagmak bereiziko ditugu, batetik (gaur); eta adizlagunak edo postposizio sintagmak (arratsaldean, etxean, mendian), bestetik. Hemen EGLUn erabiltzen den terminologiatik urruntzen gara1: han adberbio terminoaren azpian biltzen ziren “aditzondoak” (gaur) eta “adizlagunak” (adiskideekin).

EGLUko eskema:
Adberbio = aditzondo + adizlagun.

Funtsean ez dugu gauza handirik aldatzen orain: multzo beraren (osagai zirkunstantzial deitzen dugu, ez adberbio) azpian sartzen baititugu adberbio sintagmak (adberbioa edo aditzondoa dute buru) eta postposizio sintagmak (orduko adizlagunak).

SEGeko eskema:
Osagai zirkunstantzial = adberbio/aditzondo + postposizio sintagma/adizlagun.

Uste dugu SEGerako aukeratu dugun terminologia hedatuago dagoela gramatikarien artean.

Kapitulu honetan adberbio sintagmak aztertuko ditugu. Postposizio sintagmak beste atal batean ikusiko ditugu. Hala ere, batzuetan hain dira hurbilekoak esanahian, non postposizio batzuk denborarekin multzoz aldatuz joan baitira eta benetako adberbio bihurtu dira azkenean:

  • Orduan etorri zen.

Perpaus horretan orduan postposizio sintagma izan daiteke:

  • 17:00etarako etorri behar zuen, eta puntu-puntuan, orduan, etorri zen. Beraz, espero zen orduan etorri zen, oren horretan.

Baina adberbio hutsa ere izan daiteke:

  • Koldori buruz ari ginen hizketan eta orduan etorri zen, hizketan ari ginela.

Bi esanahi desberdin ditu orduan horrek, ikusten denez: batean, “ordu jakin batean” (halako orenean) eta bestean “une hartan”. Ez dira esanahi bakarrak, zeren “hortaz” (edo holako zerbait) ere esan nahi baitezake:

  • Nondik datorkigu orduan konfiantza hori?

Beste izen batzuekin ere gertatzen da kategoria aldatzea: gaur egun hiztun gutxi ohartzen da hemen edo aurten adberbioen amaieran ageri den –n hori, mendian edo goizean hitzen amaieran ageri den inesibo marka bera dela. Hain da galdurik informazio hori, zenbait hizkeratan orai esaten da zuzenean, -n gabe.

  • Orai, itsasoen hedadura guzian erabilia, iragaiten ditu uhurperik lazgarrien guziak. (Telemake, Duvoisin)
  • Zeren benturaz anhitz baitago orai ifertuan, guk oraiñokoan egin dugun baiño bekhatu gutiagorekin; eta guk geureak oraiño, gehiago balira ere, Iainkoarekin batean, erremedia baititzakegu. (Guero, "Axular")

Kontura gaitezen, bestetik, adberbioekin ere, beste edozein izenekin bezala, osa daitezkeela postposizio sintagmak:

  • Bihartik aurrera ez da etorriko.
  • Gaurko egin behar zen hori.

Beraz, bai goizean eta bai bihartik, biak dira postposizio sintagmak, baina batean postposizioak izen sintagma hartzen du osagarri (etxe-a-N) eta bestean adberbio sintagma hartzen du osagarri gisa (bihar-TIK).

Adberbioen aldaezintasuna

Zehatz dezagun, hortaz, hobeki, zerbait lehentxeago aipatu dugun adberbioen aldaezintasunaren kontua. Gramatiketan ere azpimarratu izan da adberbioen ezaugarri nagusia dela aldaezintasuna. Hori gertatzen da, egia da, zenbait hizkuntzatan: gainerako kategoriak ez bezala, adberbioek beti itxura bat eta bakarra erakusten dute. Hori esaten da gertatzen zaiela interjekzioei eta postposizioei ere. Euskaraz egia da hori, baina neurri batean bakarrik (ikus EGLU-1: 312). Adibidez, ere partikula adberbiotzat har daiteke, eta horrek beti du itxura hori, ez du besterik hartzen, ez artikulurik ez postposiziorik. Baina euskaraz ez da hori gertatzen beste adberbio askorekin, aurreko pasartean ikusi dugun gisan, adberbioek postposizioak hartzen ahal baitituzte. Azkueek espresuki esaten zuen euskal adberbioak ez zirela hain aldaezinak:

  • Nada de invariabilidad tienen los de nuestra lengua en su mayoría […] Muchísimos de ellos son tan declinables como cualquier nombre. (Azkue, R. M. 1925: 454).

Bada, ordea, aldezintasunaren kontzeptua definitzeko beste bide bat: aldaezintasuna hitzek edo hitz multzoek perpausean betetzen dituzten zereginen arabera hartzen dituzten muga-hizkiei, erlazio-hizkiei eta gradu-markei eta antzekoei badagokie, honako hau esan daiteke: adberbioek ez dute mugatzailerik hartzen, ikusi bezala; adberbioa batzuetan nominalizatu daiteke, izenkiei dagozkien kasuetara eramanez (Iruñetik zerbait urrutian bizi da), adberbioa izen bihurtuz alegia; adberbioa izenlagun ere bihur dezakegu –ko markaz baliaturik (atzoko lagunak); adberbioek ez dute kasu-marka gramatikalik hartzen (*atzok), baina bai leku-denborazkoak (atzotik) batzuetan; azkenik, adberbio batzuek, baina ez guztiek, gradu markak har ditzakete (beranduegi, *atzoegi). Argumentu horiek erakusten dute euskal adberbioa, guztiz aldaezina ez bada ere, badituela eranskinak hartzeko gainerako izenkiek ez dituzten mugak.

Adberbioen funtzioa

Hori guztia formari dagokionez. Funtzioari dagokionez, sintagma hauek ez dira gainerako sitagmak bezain homogeneoak, perpausaren osagai askoren esanahia uki dezaketelako: aditza (lasterka etorri), adjektiboa (aski ederra), adberbioak (arras ongi), eta abar. Hortaz, adberbioaren izaera zehaztea ez da erraza: neurri batean, definizioa ez da sortzen berez dituen ezaugarriengatik, baizik ukitzen dituen osagaien motagatik: azkenean, definitutako osagaia bihurtzen da definizioaren parte.

Osagarri zirkunstantzial konplexuak

Abelino Barriola Esan dezagun, azkenik, baditugula osagarri zirkunstantzial konplexuak ere: gaur goizean da horietako bat. Badira asko: zenbat eta goizago, zuk pentsatu bezala, aise aski, mantso-mantso, bi ordu eskas, arratsaldeetan aise maizago, bart arratsean goizkara… Geroago aztertuko dira holakoak.

  • Manueltxok - Inpernua? Gaur goizean, Moxolok, ikastetxera bidean, inpernurik eztagola esan dit. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Bainan merkhatutik itzultzeko, goizkara zaut. (Fedearen Propagacioneco Urtecaria edo Fedearen Propagacioneco berriac urteca ematen dituena.)
  • (Jose Manuel atera den etxetik bertatik etorriko dira Kaxildo eta Atanasio, eta mantso-mantso hizketan joango dira Txomiñen tabernara) Pernando Nik hari behia eta hark niri txahala eta hiru ontzako. (Zulo madarikatuak, Barriola)

Izen-adjektiboak eta aditz-adberbioak

Adberbio batzuek adjektibo kalifikatzaileek erakusten dituzten predikatuen parekoak adierazten dituzte: idazkera ona eta ongi idatzi; ulertze erraza eta errazki ulertu, eta abar. Bada, ikusten denez, paralelismo handia izen-adjektibo eta aditz-adberbio bikoteen artean, eta honetaz aspaldi ohartu ziren gramatikariak, hizkuntza askotan gertatzen baita.

Erreferentziak

  • Azkue, R. M., 1923-25, Morfologia vasca, hiru liburuki, Bilbao: La Gran Enciclopedia Vascak 1969an hiru liburukitan argitaratua.
  • Laka, 1990, “Negation in Syntax: On the Nature of Functional Categories and Projections”, Doctoral dissertation, MIT (1994an, On the Syntax of Negation izenarekin argitaratua, New York: Garland)
  • ——-, 1991, “Sentence Negation in Basque”, in J. A. Lakarra (ed) Memoriae L. Mitxelena Magistri Sacrum II, ASJU, gehigarria, 14:899-923)
  • Mitxelena, K., 1977, Fonética histórica vasca, 2. Edizioa, Donostia: Foru Diputazioa (=FHV)
  • RAE, 2009, Nueva Gramática de la lengua española, Madrid: Espasa.
  • Saltarelli, Mario eta alt, 1988, Basque. London and New York: Croom Helm

Glosategia

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3