Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:0

Adberbioa eta adberbio sintagma

Aditzondoak eta postposizioak zer diren azalduko da artikulu honetan; baita adizlagunak eta aditzondoak zer diren ere. Batzuek eta besteek sortzen dituzten sintagmak eta elkarren arteko ezberdintasunak ere aztertuko dira.

Adberbioak eta postposizioak

SEG-en postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak bereizi ditugu, baina horrela antolatu da aurkezpena argiago aurkeztu ahal izateko. Postposizioek eta adberbioek sintagma mota bera osatzen dute, nahiz ez den erraza sintagma horri dagokion izena aurkitzea, ez eta barneko egitura zein den ongi zehaztea ere. Bistan da, nonbaitetik hasteko, ez dagoela desberdintasun handiegirik ondoko bi adibide hauen artean:

  • bihar etorriko da
  • zortzi eta erdietan etorriko da

Horregatik esaten dugu, funtsean, bi sintagma horiek berdinak direla. X-barra izeneko teoriak esaten digu X sintagma baten burua beti X dela. Hau da, X hori “izena” baldin bada, izenaren (X-ren) sintagma “Izen sintagma” da, adjektiboa baldin bada, “Adjektibo sintagma”, edo aditza baldin bada “Aditz sintagma”. Beraz, nolanahikoa dela ere X hori, X biltzen duen sintagma “X sintagma” da. Postposizoekin (“mendia-N”, “gaur goizea-N”, “zortzi eta erdieta-N”, “bihar-TIK”) ez da arazo handiegirik sortzen, eta egitura holako zerbait izango genuke:

  • [mendia]N

Alde batera utziko dugu oraingoz zein den benetan, kasu horretan, postposizioa, inesiboak, hain zuzen ere, arazo formal batzuk sortzen dituelako: “mendiTAN”,“BilboN”, eta abar. Jo dezagun “N” dela postposizio hori. Orduan, adibide horretan, “N” litzateke postposizioa (“N” litzateke “X”), eta N horrek osagaia hartzen du, eta osagaia determinatzaile sintagma (“mendia”) da. Beraz, sintagma osoa “Postposizio sintagma” deituko dugu (“X” biltzen duen sintagma “X sintagma” da).

Badakigu, bestetik, distribuzioari dagokionez eta funtzioari dagokionez, “bihar” eta “zortzi eta erdietan” toki berean ageri direla perpausean, denborari dagokion “zurkunstantzia” markatzen dute. Hala bada, badirudi sintagma horiek mota bereko sintagmak direla. Baina, nola esan, ordea, “bihar” postposizio sintagma dela, postposiziorik ez bada ageri hor? Egia da, beste adberbio batzuetan fosildua bezala ageri dela, ihartua, inesiboa adierazten duen postposizioa: “hemeN”, “oraiN”, “haN”, eta abar. Baina horiek, markatuak izateaz gain (gutxi dira holakoak, eta horregatik esaten dugu markatuak direla, arruntenak ez direlako), bat eginak daude, ezin da “heme” esan, edo “orai” (nahiz forma hau ageri den ekialdeko euskalkietan, “N” gabe), edo “ha” (hau ere bizkaieraz arrunta da, ordea). Galdera hau da, orduan: leku denbora kasuetako sintagma horien burua zein da, esaten badugu, adberbio izan, edo postposizio izan, sintagma mota beraren aurrean gaudela?

Bi bide ditugu horretarako:

Esan dezakegu, hasteko, adberbioen kasuan postposizioa “Ø” (zero) dela, ez dela gauzatzen absolutiboan ere Ø da, (nahiz bi zero horiek berdinak ez izan). Orduan hau izango genuke egitura, kasu batean eta bestean:

  • mendia-N
  • bihar-Ø

Ikusten denez, biek egitura bera izango lukete, biak postposizio sintagmak, baina postposizioa batzuetan bakarrik gauzatuko litzateke, batzuetan bakarrik izango luke eduki fonikoa, adberbioen kasuan isila bailitzateke.

Hori da modu bat gertatzen den honen berri emateko. Bada beste aukera bat. Pentsa daiteke “bihar” bezalako adberbioak berez direla postposizio sintagmak, eta barnean ez dutela ezer ere, dena amalgamatua dagoela hor. Holako zerbait gertatzen zaigu beste egoera batzuetan ere: adibidez, “etxea” eta “etxeak”, absolutibo kasuan, singularrean eta pluralean bereizten dira: “k” hori da pluralaren marka, eta marka hori ageri da sintagma gehienetan. Baina “ni” eta “gu” izenordainen arteko desberdintasuna, pluralari dagokionez, ez dugu ezerekin ere markatzen. Badakigu “gu” hori plurala dela, baina ezin da hor plural markarik bereizi, “jana” bezala dagoelako, amalgamatua, hitz bakarraren barnean. Holako zerbait esango genuke adberbioen kasuan ere: “bihar” horrek barruan ditu, amalgamatuak, ezaugarri guztiak, lexikoak (esanahiari dagozkionak) eta funtzionalak (perpausean betetzen duten funtzioari dagozkionak). Beraz, egitura hau litzateke:

  • mendia-N
  • bihar

Kasu horretan, bi sintagmak postposizio sintagmak lirateke, baina batek bakarrik izango luke burua agerian, eta bestearen barneko osagaiak ezingo genituzke bereizi.

Hori onartzen ez bada, beste bide bat izango litzateke, SEGen egiten dugun gisan, postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak, zein bere aldetik doala esatea, baina orduan galduko genuke generalizazio garrantzizko bat, badakigulako biak gauza beraren aldaerak baizik ez direla. Kontua da “gauza bera” hori zer den zehaztea: postposizio sintagma, sintagma adberbiala, postposizio sintagma adberbiala, adjunktua (baina hitz honek ez dio kategoriari erreferentziarik egiten), eta abar. Konpondu gabeko arazoa da hau.

Adizlagunak eta aditzondoak

Lehenik eta behin, adberbioez ari garelarik, komeni da gramatika-kategoria hau izendatzeko erabiliko dugun terminoa zehaztea, beti ez ohi baitzaio izen berarekin erreferentzia egiten hemen aztergai dugun kategoriari.

Horregatik, ezer baino lehenago, hementxe berean biltzen ditugu lauki honetan Euskaltzaindiaren EGLU-I liburukian eta SEG gramatika honetan dauden desberdintasun nagusiak, terminologiari dagokionez.

EGLUk adberbioak bereizten ditu, alde batetik. Gero deklinabidea ere aipatzen du, eta Postposizioak, beste atal batean. Adberbioen artean aditzondoak (atzo, deklinabide markarik ez dutenak) eta adizlagunak (adiskideekin, deklinabide marka dutenak) bereizten ditu.

SEG gramatika honetan adberbioak eta aditzondoak gauza bera dira (EGLUn “aditzondo” deitutakoak): atzo, hemen, gaur, berandu, ongi, txarto…. Hori, batetik. Bestetik, Postposizio sintagmak bereizten dira, baina postposizio sintagma hauen artean badira postposizio askeak (aldapan gora), eta postposizio itsatsiak (menditik). Bi postposizio mota hauen artean dagoen desberdintasunik handiena? postposizio askeak hiztegian aurkituko dituzu, beregainak diren hitzak baitira. Eta sintagma bat gobernatzen dute, sintagma mota bat eskatzen dute: izen sintagma determinatzaile gabea (mendi gainean), ablatiboa (etxetik hurbil), eta abar. Baina, funtsean, perpausean betetzen duten funtzioari dagokionez, postposizio askeak eta itsatsiak gauza bera dira. Horregatik sartzen ditugu biak Postposizio Sintagma izeneko kategoriaren azpian. Berehala azalduko dugu hau modu xeheago batean.

Informazio hori guztia ondoko kuadroan bildu dugu:

EGLU SEG
Adberbioak Adberbioak
Aditzondoak Adizlagunak Aditzondoak
atzo, bihar, hemen, berandu, gogorki… etxean, adiskideekin, zuretzat, menditik… atzo, bihar, hemen, berandu, gogorki…
Deklinabidea Postposizio sintagmak
Kasu markak Postposizioak Postposizio sintagma askeak Postposizio sintagma itsatsiak (adizlagunak)
etxean, adiskideekin, zuretzat, menditik… mendian goiti, etxe aurrean mendian goiti, etxe aurrean etxean, adiskideekin, zuretzat, menditik…

Adberbioen funtzioa

AUTOA LANTEGIRA ERAMAN BEHAR IZAN DUGUAdberbioen funtzioa edo zeregina perpausean aditzak (A), aditz sintagmak (AS) edo perpaus osoak aditzera ematen duen informazioa osatzea edo modifikatzea da.

  • Jonek autoa azkar konpondu zuen baina
  • berriro lantegira eraman behar izan dut.
  • Tamalez, matxura handia duela eta, astebete utzi beharko dut bertan.

Nolanahi ere, definizio honetan oinarriturik arazorik gabe sartuko lirateke multzo berean ondoren ematen ditugun adibideko IS (autoa), zenbait esapide (lantegira), edota zergatia, lekua edo denbora adierazten duten mendeko perpausak (matxura handia duela eta), baina ez dugu uste gramatika-kategoriari begiratuta adberbioak direla esan nahi dugunik.

  • ordu bi egon da bere zain.
  • ondo kostata amaitu dut lana epe barruan.
  • zeu zatozenean/zeu etortzean joango gara zinera.

Izan ere, gramatika tradizionaletan maiz aipatzen da adberbioen multzoa eratzen duten elementuek klase nabarra edo heterogeneoa osatzen dutela ezaugarri sintaktikoei dagokienez, eta batik bat funtzioari erreparaturik multzokatzen direla adberbio deritzogunaren zakuan. Horrela, azkeneko adibideetako sintagmek funtzio adberbiala dutela onartuko dugu, baina ez ditugu adberbiotzat joko. Beraz, funtzioaz gain, bestelako irizpideetan oinarritu behar gara perpauseko elementu jakin bat adberbioa den zehazteko, hain zuzen, irizpide morfologikoetan.

Euskaltzaindiak (1985: 453; 1993:447), esan bezala, ‘adberbio’ terminoaren barruan bi sail nagusi bereizten ditu irizpide morfologikoak erabiliz: adizlagunak eta aditzondoak. Lehenak kasu marken bidez (ama-rekin, etxe-an) edo postposizio aske bidez (indarrik gabe) eratzen diren sintagmak genituzke, eta bigarrenak, aldiz, inolako atzizkirik gabe funtzio bera betetzen duten kategoriak (atzo, aspaldi, orain). Bereizketa honek, bistan denez, formari baino ez dio erreparatzen adberbioak sailkatzeko orduan: atzizkirik duen, bi hitz edo gehiagoz osatua dagoen edo beregaina eta zatiezina den. Baina berehala ohartuko gara bereizketa formal honek zenbait arazo sortzen dizkigula bai euskaran bertan bai beste hizkuntzekin konparatuz gero. Adibide bat emateko, non kokatu beharko genituzke txarto edo gaizki bezalako adberbioak? Edo nahiko parekoak diren harrika, musuka motakoak? Adizlagunak dira, morfema biz osatutako hitz konplexuak direlako, ala aditzondoak? Ez dirudi –ki/-to edo -ka eratorpen atzizkiak –rekin edo gabe tankerako postposizioen parean jarri behar ditugunik, besteak beste, gorago eman dugun bereizketa morfologikoaren arabera, ez direlako flexiozko atzizkiak (leku-denborazko kasu markak, terminologia tradizionalean), eta ezin direlako aske agertu; bestetik, -ki edo -ka atzizkien muga morfologikoa eta esanahia gardenak izanik, ezin esan gaizki, harrika morfologikoki zatiezinak direnik, aditzondo prototipikoak bezalaxe. Bestalde, definizio horren arabera, aditzondoen multzo berean sar genitzake zenbait adjektibo ere1):

  • Amaia argi/gogor/eroso mintzatu da.

Jakina da adjektiboek euskaraz determinatzailea (Artiagoitia (1997), (2006)) edo zenbaki komunztadura (Zabala (1993) osagarri predikatiboetako -a marka zenbaki komunztadura delako argudioetarako) agertu behar dutela izenari laguntzen doazenean. Beraz, goiko adibidean hizkirik gabe agertzeak adberbioaren funtzioa betetzen duela erakusten du. Baina kontestu honetatik kanpo, argi osagaia adjektibotzat joko genuke, atzo adberbiotzat joko genukeen modu berean. Badirudi, beraz, azkeneko adibide horietan guztietan gakoa delako osagaiak perpausean daukan kokagunean datzala, eta kokapen honek emango diola azken batean adberbio gisa daukan interpretazioa.

Postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak

Gainera, beste hizkuntza batzuei erreparatzen badiegu, ohartuko gara morfologian oinarritutako sailkapen honek beste bereizketa bat ekartzen digula gogora, hain zuzen, Preposizio/Postposizio Sintagma (PS) eta Adberbio Sintagmaren (AdbS) arteko bereizketa. Gaztelaniaz, esaterako, ez da bereizketarik egiten delako adberbioak atzizkia duen ala ez: ayer adberbioa da flexiorik onartzen ez baitu (*ayeres, *la ayer), baita honradamente ere, –mente eratorpen atzizkiaren bidez osatua egon arren. Baina sin dinero, adibidez, ez da adberbioa, funtzio adberbiala duen preposizio sintagma baino. Gauza bera ingelesez edo frantsesez. Hau da, bereizketa funtsean kategoriaren araberakoa da, alegia, delako sintagmaren ardatza preposizioa baldin bada, PS baten aurrean gaudela esango dugu, eta ardatza adberbio kategoriakoa bada, AdbS dela esango dugu, biak direlarik aditz multzoaren edo perpausaren modifikatzaileak.

Gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez aski erraza da preposizio edo adberbio kategoria gramatikalak identifikatzea, preposizioak, generoa edo numeroa adierazten duten flexio-hizkiak ez bezala, beregainak baitira morfologikoki. Euskaraz, aldiz, bi eratara eman daitezke hizkuntza hauetako preposizioen ordainak: leku-denborazko atzizkien bidez (-ra, -n, -tik) eta postposizio askeen bidez (adibiderako, bidez berau). Honekin ez dugu adierazi nahi beste hizkuntzetako ereduei jarraitu behar diegunik itsu-itsuan, baina hizkuntzaz hizkuntza errepikatuta ikusten dugun jokabidea da batzuek preposizio beregainak agertzen dituzten tokian, besteek postposizio lotuak agertzen dituztela, edo askeak diren kategoria bereziak2). Azken hau dugu euskararen kasua: zu-rekin dugu, eta alboan diru(rik) gabe, gaztelaniaz (eta oro har preposiziodun hizkuntzetan) bietan preposizio bidez adieraziko litzatekeen lekuan. Jakitun gara gramatikariak ez datozela bat postposizioa zer den definitzeko orduan, eta hain zuzen zehaztasun gabezia honekin lotuta dago adberbioa identifikatzeko aipatu dugun zailtasuna. Euskal gramatika tradizionaletan postposizio askeak soilik hartzen dira postposiziotzat, eta lotuak leku-denborazko kasu markatzat, baina morfema lotua ala askea den araberako irizpide formalez gain, ez dugu arrazoi sendorik ikusten bereizketa egiteko kategoria gramatikalari dagokionez. Euskaraz postposizioek (lotuak zein askeak) osagarria eskatzen dute (alegia, bere ezkerretara ageri ohi den sintagma), aldiz, atzo edo ederto bezalako adberbioek ez. Esanahiari begiratzen badiogu, adberbioek esanahi lexikoa dute (hiztegian aurki daitezke), postposizioen esanahia, berriz, harremanezkoa da, eta oro har espazioarekin edo denborarekin lotura duen esanahi orokorra izan ohi dute, baina ez nahitaez (hartu, esaterako, -tzat hizkia). Puntu honi gagozkiolarik, ohar bat egin beharrean gaude hemen, hor, han adberbioen gainean. Euskararen historia apur bat ezagutzen duen edozein ohar daiteke hemen hitzaren azpian kasu lokatiboa erantsi zaion erakuslea dagoela, alegia, etimologikoki hau+-n dugula, eta modu berean han (<hura, ha) edo hor (<hori) adberbioen kasuan, azken honetan egun –n lokatiboaren marka ez badugu ikusten ere. Zentzu hertsian, beraz, Euskaltzaindiak egiten duen bereizketaren arabera osagaiok adizlagunak genituzke, eta irizpide sintaktikoen arabera postposizio sintagmak.

Irizpide sintaktikoak erabiliz beraz, adberbiotzat jo beharko genituzke Euskaltzaindiak 'aditzondo' deritzen kategoriak, bai eta -ki edo -ka erator atzizkien bidez osaturiko adberbioak3. Irizpide semantikoak erabiliz, aldiz, ez dirudi Postposizio Sintagma/Adberbio Sintagmaren arteko bereizketak ezer argirik dakarrenik. Zehaztasun hauek egin ondoren, esan dezagun gramatika honetarako irizpide sintaktikoetan oinarrituko garela adberbioak aztertzerakoan, baina irakurleak oso kontuan izan behar luke banaketaren irizpidea oinarritzat hartuz gero, funtzio adberbiala duten bestelako esapide adberbialak eta zenbait postposizio sintagma ere multzo berean sartu beharko liratekeela. Izan ere, guk testuan zehar kategorialki adberbioak direnez gain, zeregin bera duten esapide adberbialak aipatuko ditugu, funtzioari bakarrik erreparatu nahi diogunean.

— Egilea: Arantzazu Elordieta

1 Gai honetaz, ikus Zabala eta Odriozola (1994
2 Hemen hainbat gramatikatan ‘locational nouns’ deitzen zaienak sartuko lirateke (etxearen aurrean), baita kontra, bezala tankerakoak (ikus Trask 1997, Hualde & Ortiz de Urbina 2003, besteak beste
3 Konparatu, esaterako, gazteleraz adberbioak eratzeko erabiltzen den -mente atzizkia, frantsesezko -ment, edo ingelesezko -ly atzizkiak

lanaren aipamena nola egin...

Arantzazu Elordieta, "Adberbioa eta adberbio sintagma", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3