Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:1

Adberbioak eta hautapen semantikoa

Ikus ditzagun berriz ere adibide hauek:

  • Jonek autoa azkar konpondu zuen baina
  • berriro tailerrera eraman behar izan dut.
  • Tamalez, matxura handia duela eta, astebete utzi beharko dut bertan.
  • ordu bi egon da bere zain
  • ondo kostata amaitu dut lana epe barruan.
  • zeu zatozenean/zeu etortzean joango gara zinera.
  • Amaia argi/gogor/eroso mintzatu da.

Oro har adberbioek eta postposizio sintagmek aditzak adierazten duen ekintza nolabait denbora edota leku jakin batean kokatzen laguntzen dute. Eta egia baldin bada ere aditz-predikatuak ez dituela eskuarki adberbioak semantikoki hautatzen, batzuetan adberbioek osagarri gisara jokatzen dute, eta ez hainbeste adjunktu gisa. Hau da, goragoko adibideetan azkar, berriro, tamalez edo gogor adberbioak agertzea ez da ezinbestekoa perpausak beren osotasunean ulertzeko. Ez da halakorik gertatzen argumentu diren osagaiekin. Adibide horietan ezin genitzake kotxea, tailerrera, bertan edo Amaia argumentuak eman gabe utzi, aldez aurretik aipatu ez baditugu, behintzat. Hala ere, moduzko zenbait adberbiok aditzak hautatuko balirtu bezala jokatzen dute1:

  • Umeak *(ongi/gaizki) portatu dira udalekuetan.
  • Zure amona *(dotore) janzten da.

Parentesi artean doazen adberbioak kenduko bagenitu, esaldia herren geratuko litzateke, osatzeke balego bezala. Ez da horrelakorik gertatzen ondoko adberbioekin:

  • Joni (itxuraz) gaizki atera zaizkio kontuak.
  • Gure aitak (aurten) ingelesa ikasi du.
  • Josebak ariketak (oso gaizki) egin ditu.

Azkeneko perpausetan adberbioa hautazkoa da, esan nahi baita, aditzaren egitura argumentala osatzeko informazioa eransten duela, dela hiztunaren iritzia aditzera emanez, dela aditzaren ekintzaren modua adieraziz, baina informazio hori ez da beharrezkoa, gehigarria baizik. Zentzu honetan, adberbio hauek sintaktikoki adjunktu gisa jokatzen dutela esan daiteke. Lehenengo multzoko adberbioen (ongi, gaizki, dotore) jokabide sintaktikoa, ordea, ez dago hain garbi. Nahitaezkoak diren heinean, ez dirudi adjunktuen ezaugarriak erakusten dituztenik, baizik eta osagarrien ezaugarriak. Ildo horretatik jotzen du McConell-Ginettek (1982) ere adberbio hauek aditzaren predikatu egitura 'betetzen' dutela dioenean, edo Alexiadouk (1997) espezifikatzaile-adberbioak ('specifier-type adverbs') eta osagarri-adberbioak ('complement-type adverbs') bereizketa sintaktikoa proposatzen duenean2.

Beste posibilitate bat litzateke umeak ongi/gaizki portatu dira udalekuetan eta zure amona dotore janzten da adibideetako adberbioak perpaus txiki baten predikatutzat hartzea, hainbat hizkuntzalarik [X go to Y] tankerako egituretarako proposatu duten bezala (ik. besteak beste, Hoekstra 1984, Kayne 1984, den Dikken 1992):

  • My friends will go to the mountains (nire lagunak joango dira mendira)
  • [My friendst will go [t to the mountains]]

Hau da, proposamen honen arabera, aditzaren osagarria sintaktikoki predikatu konplexua izango litzateke, eta adberbioa predikatuaren burua litzateke.

  • Amonat [tt dotore] janzten da
  • Jonek [bere lagunak gaizki] tratatzen ditu

Edozein delarik umeak ongi/gaizki portatu dira udalekuetan eta zure amona dotore janzten da adibideetako egituren analisia, artikulu honetan hautatuak zein hautazkoak diren adberbioak aztertuko ditugu, banaketa aldetik interesgarria iruditzen zaigulako azpimarratzea bi adberbio moten artean dakusagun kontrastea: aditzak eskatzen dituen moduzko adberbioek perpausean ager daitezkeen kokaguneei dagokienez murrizketak erakusten dituzten bitartean, adjunktuak diren adberbioak hainbat kokagunetan ager daitezke.

Hauen ñabardura guztien berri emango dugu XXXX atalean, adberbioak perpausean non kokatzen diren aztertzen dugunean.

— Egilea: Arantzazu Elordieta

1 McConell-Ginetek (1982) predicate adverbs deritze adberbio horiei, eta Grimshaw eta Viknerek (1992) obligatory adjuncts
2 Ikus baita Larson (1988), Kayne (1994

lanaren aipamena nola egin...

Arantzazu Elordieta, "Adberbioak eta hautapen semantikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3