Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:1

Adberbio bakunak

Adberbio bakunak, lexemari dagokionez, osagai bakarrekoak dira: gaur eta atzo, adibidez.

Euskalki batetik besterako aldea

Euskalki guztietan badira holako adberbioak, nahiz ez diren denak hizkera guztietara hedatzen: esate baterako, usu adberbioaren erabilera mugatuagoa da, hizkerei dagokienez, gero adberbioarena baino.

Beste batzuetan, hitz bera izanik ere, esanahia aldatzen da hizkera batetik bestera: sarri adberbioak “askotan” esan nahi du euskalki batzuetan, edo “berehala, gero” beste batzuetan.

  • berehala:
    • Ahalke gabeki, muthiriki, kantoin guztietara begiak dabiltzala, dabillan emaztea, peril da eroria den, edo sarri eroriko den. (Guero, "Axular")
    • Ixillago ez badabiltza sarri esnatuko dituzte lo gozuan dauden sereno guziyak. (Oroitzak, Iraola, B.)
  • askotan:

Adberbio bakun erabilienak

Gaurko testuetan hauek dira adberbio bakun erabilienak1:

  • aiduru, aise, arau, ardura, atzo, aurtemein, aurten, bart, beti, bihar, doi, egun, etzi, gaur, gero, geurtz, iaz, jada, orain, sobera, sarri, ziplo…
  • Handik laster, haurrak eta gizonak, loiroan aiduru zeudela, taldean, Nakok atea jotzen zuen: (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Arako Jon, aurtemein ezetsia, beste emakume baten maite-amarruak bide, aren sareetan jausita ta lotuta ekusan. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Geurtz garai ontan Eleder duke bizi deiñoko laguna. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Lehen eskuz eta besoz egiten zena, orai tresnaz; anhitz errexkiago, eta lan gutiagoz, langile gutiagoz, lan arau. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • (Hirugarren botza urrundik) Zuri mintzo nitzaitzu, oi aita zilarra, Ardura dudalarik begian nigarra, Zure ta ene arraza Bordaxuritarra, Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra. (Bordaxuri, Larzabal, P.)

Horietako batzuk arruntak dira euskalki guztietan: aurten, beti, bihar, etzi, gero… Beste batzuk, ordea, euskalki batzuetan bakarrik erabiltzen dira.

doi

doi adberbio gisa ezagunago dugu, baina izen edo adjektibo bezala ere ageri da tradizioan: “juxtu behar dena” edo esan nahi du. Hori ikusten da adibide hauetan:

  • Eztugu ian-edanean eta beztimendetan soberaniarik galdegiten: doiaz elikatzen, iragaiten eta kontentatzen gara. (Guero, "Axular")
  • Egun-argia joana zen eta nere lantegia argizagi batzuen argi doietan neukan. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Nitan zen aberastasun doi hori baliatzea gatik. (Ene artzain-etxolak, Larre, E.)
  • Gauak egun eginez, igandeak astelegun, phesta egunak ortzirale, aztaparrez, jeinuz, xuhurtziaz bilduko dute, beren burua gabe atxikiko badute ere maiz, umeen hazteko ala altxatzeko doia. (Buruchkak, Etxepare)
  • Konduen eskatze hori doi bat harrigarria da zeren eta jadanik emanak dizkio, Magendie-ri erakutsi dokumentu batek frogatzen duen bezala. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

Baina adberbio bezala ere erabiltzen dugu egun, batez ere Iparraldean:

  • Ahoa doi idekitzen du eta idekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta iuramentu egiten hari zara., ( Gero, Axular)
  • Eta doi-doia hiru milioik ongi ahoskatzen zuten eta izikiriatzen zekiten beren frantsesa. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
  • Etxartek Bozen ihesa doi-doia ikasi zuen. (Hiruko, Borda, I.)
  • Eta zenbait aipamen –“bederatzi ahizpez maiteki hazia”– doi aipatu, letratuentzat argi eta besteentzat ilun izan daitezen. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
1 Hau UPV/EHUko Euskara Institutuak garatu duen Euskal Hiztegiaren Maiztasun Egitura aplikazioan ikus daiteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbio bakunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3