Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:2:1

-ki

Negua oso urtaro polita da Oso arrunta da euskaraz –ki eranstea adjektibo bati (adjektiboak moduzko esanahiarekin bateragari behar du izan) automatikoki adberbio eratorriak sortzeko. Zuzenean izenkiari eransten zaio, eta ez du aldaketa fonologikorik sortzen (beste atzizki batzuekin gertatzen den gisan):

  • urte –> urtaro
  • maite –> maiteki

Ehunka ditugu euskaraz:

  • abilki, absolutuki, adeitsuki, ahalkegabeki, airoski, aiseki, alegeraki, amoltsuki, analitikoki, apalki, arbitrarioki, arduragabeki, argiki, arinki, artifizialki, artoski, astunki, ausarki, automatikoki, azkarki, baldarki, beregainki, bereziki, berriki, biziki, bortizki, deblauki, dorpeki, ederki, egiazki, emeki, epelki, espresuki, eztiki, fisikoki, gaizki, galanki, garbiki, garrazki, historikoki, itsuski, kartsuki, laburzki, leunki, liberalki, libreki, nagusiki, ofizialki, oneski, ongi, orokorki, ozenki, poliki, politikoki, publikoki, segurki, serioski, teknikoki, trebeki, xeheki, sakonki, sistematikoki, umilki, zorrozki, zuhurki, zuzenki…

gainkiroki

gaingiroki berezia da, morfologiari dagokionez: gainkirotik sortua, Axularrek erabili zuen, eta gero berriz ere XX. mendean berreskuratu zen euskara landuan.

Emankortasuna

Euskara modernoan ezinbesteko lanabesa dela dirudi adberbio eratorpenak, hizkuntzak behar dituen hitz berriak sortzeko:

  • “Jakindu behar izanki, apheztu-ta berehala, zer lana den eskuararen ikhastea, lan horri esker ezagutu dut mintzaira horrek zein abilki eta errexki moldatzen dituen hitzak, zein argi eta ara ederrean ezartzen dituen”. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)
  • Hola ikusiko dik Benatek ere, zoin abilki pratikatzen dukan hire ofizioa! (Hiru ziren, Larzabal, P.)
  • Automatikoki begiak itxi zituen, eta neskaren amorruari berriro aurre egiteko prestatu zen. (Olarra, X.)

Partizipioekin eta izenekin

Partizipioek ere har dezakete atzizki hau:

  • deliberatuki, markatuki, ohartuki…

Izen batzuek ere hartzen dute atzizkia, baina oso markatuak dira:

  • andreki, gizaki, gizonki, jendaki, ardiki, liburuki…
  • Hau egin naizik sartu oi dira relijio onetan edo artan sarzen diran gizaki ta andreki guziak eta an egiten dituzte anbat barur, otoitz, penitenzi ta beste gauz on. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Urthean hiruretan zuganikako gizonki guziak agertuko dira zure Jainko Jaunaren aitzinera, hautatu dukeen lekhuan: Airisetako besta-buruz, Asteetako besta-buruz eta Tabernakletako besta-buruz. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Eta ene hasarre gaitziduretan, asperkundea eginen dut entzun ez nauten jendaki guzien gainean. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Emankortasuna

Egungo idazleek asko erabiltzen dute baliabide hau, aski emankorra delako. Ez hori bakarrik: batzuetan, hola sortzen diren adberbioek lekua jaten diete adizlagun arruntei: itsuan adizlagunaren ordez itsuki erabiltzea ez da gauza arraroa. Edo zorrotz jokatu esan behearrean zorrozki jokatu esateko joera ere igertzen da batzuetan. Ez da hori, dena den, egungo euskararen kontua, gisa horretako adibideak tradizioan ere ageri baitira.

Adibideetan ikusten denez, ia edozein adjektibo erabil daiteke adberbioa sortzeko, baldin eta adjektiboak kualitatea adierazten badu. Kolorea edo ezaugarri fisikoak adierazten dituztenek ez dute balio: *urdinki, *zuriki, *bizardunki, *lotsatiki… Izen batek –ki atzizki hori hartzen badu, nolabait ere adberbio balioa duenean hartzen du: gizonki, adibidez.

Ohart gaitezen kontsonanteen ondotik ere jar dezakegula, batez ere –l eta –n isurkarien ondotik edo –z ondotik: artifizialki, bortizki, ongi, zuzenki…

Askotan, ordea, -z postposizioa nahikoa da adberbioak sortzeko: airez, eskuz, hitzez, bihotzez… Hala ere, -ki gainera dakieke: egiazki, ohorezki, zentzuzki, dolorezki, handizki, moldakaizki…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ki", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3