Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:2:3

-ro

Adberbio eratorriak sortzeko hirugarren atzizkia –ro da. Garai batean euskalki guztietan erabili zen baina egun Hegoaldera mugatzen da.

Erabilera

Izenei eransten zaie, batetik, eta maiztasuna adierazten dute batez ere. Holakoak ditugu hauek:

  • arratsaldero, arratsero, asteartero, astero, eguerdiro, hamabostero, hilabetero, ilunabarrero, minutuero, orduero, segunduero, udaberriro, udazkenero, uneoro, aldiro…

Zer kategoriari eransten zaio atzizki hau?

  • Zuzenean bokalez bukatutako izenki (biziro, errukarriro) edo adberbio batzuei (astiro) ere ezartzen zaie:
    • bokal hori –e baldin bada, arau fonologikoa ezartzen da: luze –> luzaro…
  • Hitza kontsonantez bukatzen bada, tartean –ki- eskatzen dute: samur –> samurkiro…
  • Bokalez amaitzen bada ere bai batzuetan: anaikiro.

Beraz, bi atzizki baliatzen ditugu holako adberbioak sortzeko: -ro eta -kiro. Holako adberbioek “modua” (zentzu zabalean) edo adierazten dute.

-ro

Hauek dira -ro saileko adberbioak:

  • adierazgarriro, ageriro, aintzagarriro, arrikugarriro, aspergarriro, astiro, berriro, betiro, biziro, errukarriro, etsigarriro, eztiro, garbiro, gogaikarriro, higuingarriro, hunkigarriro, ikaragarriro, izugarriro, luzaro, miragarriro, miresgarriro, zeharo, zoragarriro…
  • Berari zuzenean eraso ziotenean esaterako, Time aldizkariko berriemaile batek «zein izan da irailaren 11ren ondoren egin duzun akatsik larriena?» galdetu zionean segurtasun oro galdu zuen Bushek ageriro eta totelka hasi zen. (Krokodiloaren malkoak, Max Boehenel, Berria)
  • Bai zoragarriro kantatu ere. (Glosolaliak, Karlos Linazasoro)
  • Gihar masa gorri astun haietako batek sorbaldatik heldu eta gogaikarriro astindu ninduen. (Xake mate, Alberto Ladron Arana)

Azkueren ustez (1923-25 I, 241; II, 418) astiro adberbioa asti ('lasai, mantso') adjektibo zaharretik etor daiteke.

-kiro

-kiro atzizkitik eratorritako adberbioak dira beste hauek:

  • aitzakiro, anaikiro, apalkiro, astunkiro, atseginkiro, azkarkiro, basakiro, berezikiro, bigunkiro, desatseginkiro, desberdinkiro, desegokiro, egokiro, emekiro, ezegokiro, geldikiro, gizonkiro, goibelkiro, gozokiro, handikiro, lasaikiro, leunkiro, lizunkiro, maitekiro, motelkiro, nabarmenkiro, segurkiro, xamurkiro, zorrozkiro, zuzenkiro…
  • Nere biotzetiko agurra, anaikiro ta euskaldunki elkartu ta alako ikasbide bikaña eman zenigutenoi. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Legeak zuzenkiro
    ezarriak daude,
    bañan indarra oi da
    beti aien jabe. (Iztuetaren olerkiak, Iztueta, J. I)
  • Eta ala segurokiro sinestatzen dut ark sinestatzen dituen gauza guziak. (Doctrina Cristiana en Castellano y Bascuence, Beriayn, J.)

Mitxelenak dio atzizki hau oso emankorra izan dela euskararen historian adberbioak sortzeko, nahiz gaur erabilera mugatuagoa duen.

Adibideetan ikusten denez, oinarrian kategoria askotako hitzak ikusiko ditugu:

  • izena: astero, hilero, urtero…
  • adjektiboa: garbiro…
  • adberbioa: emekiro…

orduro

Euskaraz orduero (orduoro, orduro) erabili izan da beti. Berdin egunero edo astero, eta gainerakoak, maiztasuna adierazteko. Azkenaldian, ordea, hiztun asko bi orduero, ordu erdiero, bi hilero, hiruhilero, lau astero eta antzekoak erabiltzen hasi dira. Ikus egungo testuetatik ateratako adibide hauek:

Dena den, horrek ez du tradiziorik euskaraz, egia esateko. bi orduz behin, bi ordutik behin edo bi ordutik, besterik gabe, erabili izan da beti:

  • Bi ordutik pasatzen da autobusa.
  • Hasi gauerditik eta apunteak hartzen dituzte, bi ordutik behin. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

Euskaltzaindiaren gomendioa

Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuan jaso denez, maiztasuna adierazteko, -ero/-oro atzizkiari dagokionez, orain arte araututako idazkerak hauek dira:

  • aldiro, arratsaldero, asteartero, asteazkenero, astelehenero, astero, egunero, gauero, goizero, hamabostero, hilabetero, hilero, igandero, iluntzero, jaiero, larunbatero, minutuero, neguero, orduero, ostegunero, ostiralero, segundoero, udaberriro, udaro, udazkenero, une oro, urtero.

Horiez gain, asteburuero ere arautzeko bidean dela dio Euskaltzaindiak; baina ordu(-)erdiero eta ordu(-)laurdenero oraindik ez (nahiz eta 110. arauan Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen ordulaurdenero agertu adibide batean). 1

Gaian sakonduz

1 EHULKUk ere hala jasotzen du -ero, -oro ala -ro?

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ro", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3