Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:2:4

-to

–to ere erabiltzen dugu euskaraz adberbio eratorriak sortzeko. Esan daiteke –ki atzizkiaren parekoa dela, baina atzizki hau da, beharbada, adberbioak sortzeko atzizkien artean emankortasun txikiena daukana. Hola sortzen diren adberbioak batez ere bizkaieraz ageri dira eta ez dira asko:

  • egundo, ondo, ederto, hobeto, polito, polikitto, txarto.

Ikus adibide hauek:

  • Zer esatera zeioazan? - Bizi izan balitz, edo bizi bada, egundo be ezneutsala edo ezteutsadala ezer igarri eragingo. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Joko horietan ere gure gazteek badute alderdi, pollikitto agertzen dire eskualde huntako saioetan. (Herria)
  • Moskun denok izango genuen haren berri… Igeri egiten polito zekien; uretan behintzat. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)

ontsatto ere sail honetakoa da, baina batez ere zubereraz erabiltzen da:

  • Bena eritarzüna lothü zaio zinez eretze frankotan, eta galerazi untsatto. (Armanak Uskara edo Ziberouko egunaria.)
  • Kolejioa untsatto txilintxau ikhusirik, musde Pouret saintia zenthü zen erraitez: Allons au ciel. Orai boapa dügü. (Herria)

Hala ere, –to atzizkia ez da oso emankorra.

Txikigarri gisa

Txikigarri gisa ere erabiltzen da, palatalizatuta batzuetan, baina orduan ez da adberbioa:

  • izenekin: alabatto, andanatto, aulkitto, auzitto, mutiko, neskato, ttantto, zakuto, bidetto, bulegotto, egonalditto, elizatto, emaztetto, eskutto…
  • adjektiboekin: ahultto, laburtto, iluntto, luzetto, ttipitto, txikito…
  • adberbioekin: aitzintto, askitto…
  • bat zenbatzailearekin: batto…

-txo txikigarriaren parekoa izango litzateke -to, baina horrek ez du esan nahi bi txikigarriek banaketa bera dutenik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-to", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3