Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:2:6

-ik

EGLU I-en esaten da, –ik partitibo marka hartzen duten hitzak, oinarrian izena (poz), adjektiboa (isil, on, bakar, zut), adberbioa (orain)… dutela ere, adberbio bihurtzen direla: pozik, isilik, onik, bakarrik, zutik, orainik…

Egia da Bakarrik utzi dugu, Isilik gelditu da eta holakoetan, berez, adberbio baten, edo adberbio antzeko zerbaiten funtzioa dutela forma horiek.

Partitiboa deitzen dugun horrek (beraz, egokiago litzateke –ik amaiera duten sintagmez aritzea, besterik gabe) funtzio bat baino gehiago du:

  • Batetik, partitiboa determinatzaile gisa har daiteke:
    Ogia erosi dut / Ez dut ogirik erosi.
  • Baina bestetik, batzuetan adberbio erabilera du:
    Zutik egon dira ordu osoa. Eta –ta amaiera hartzen duten sintagmek ere adberbio erabilera dute: Eserita egon dira ordu osoa.

Badirudi, hortaz, bi –ik ditugula.

Trukagarritasuna

Holako atzizkien bidez sorturiko adberbioak elkarren artean trukagarriak dira batzuetan: ongi eta ondo, edo ederki eta ederto, esate baterako. Edo osoki eta osoro. Badirudi, hala ere, –ki eta –ik partitiboa ezin direla beti eta besterik gabe trukatu: onik eta ongi, bizirik eta biziki, adibidez, ez dira esanahi bereko adberbioak. Hortxe dugu beste argudiobide bat partitiboa adberbioen sailetik kentzeko.

Goiko moduko atzizki horien bidez sortutako adberbioen pareko edo antzeko izan daitezke, azkenik, kasu marken bidez sortutako adberbioak ere: itsuan eta itsuki; oihuz eta oihuka; berriz eta berriro.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3