Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:4:1

Adberbializatutako hitzak

Erabat adberbializatutako hitzak dira, esaterako, historian kasu marka baten bidez sortutako adizlagunak, baina gaur egun hiztunek halakotzat ez dituztenak: aurten, hemen…

hemen adberbioan, esaterako, inesiboaren seinalea dago oinarrian: hau + n. Historian finkatu da forma hori. Gauza bera gertatzen da han adberbioarekin: a/hura + n. Aldiz, hor forman ez dago ageriko aztarnarik.

Erabat ardberbializatutzat har daitezke kasu marka agerian izan arren, erabiliaren erabiliaz hartu duten esanahi bereziagatik edo, hiztunek hitz berri edo diferentetzat dituztenak: orduan, berriz, gainera… Horrelakoetan ez da erraza erabakitzea marka zirkunstantziala daraman izenkia erabat adberbializatu den (batera zein bestera postposizioa baita). Zergatik hartzen da berriz adberbiotzat eta luzaz, ostera, ez? Zalantza horiek hiztegietan ere ageri dira inoiz: batzuetan horrelako hitz bati, adberbiotzat harturik, sarrera berezia eskaintzen zaio, baina beste batzuetan, itxuraz antzekoa izan arren, ez. Euskaltzaindiaren Hiztegian horiei biei eman zaie sarrera bana, adberbio kategoriarekin:

  • luzaz adb. Denbora luzean. Ik. luzaro. Arrazoi horiek luzaz azalduak izan dira behin eta berriro. Ez zuen luzaz iraun. Luzaz bizi bedi. Jainkoak luzaz eman diezazula indar eta osagarri. Luzaz luzatu dudan berriketa hau. Luzaz egon zen eritegian. Napoleon handiaren soldadu luzaz eta luzaz ibilia zen. Zertako, ordea, mintza luzazago? Orain arte luzazegi egon da duda-mudan.
  • berriz 1 adb. Beste behin, berriro. Berriz esan. Berriz gerta ez dadin. Ni berriz etorri arte. Huts beretan berriz ez erortzeko. Gero berriz oihu handi bat eginez. Galdu zitzaigun papera berriz atzematen dugunean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbializatutako hitzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3