Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:1:4:4

Bestelako adberbializatze bide batzuk

Batzuetan adjektiboa adberbio lanetan jartzen dugu, hori nola gertatzen den ikusiko dugu hemen.

Atzizkirik gabe

Adjektiboa zenbaitetan adberbio gisa erabiltzen da, inolako atzizkirik gabe, ez mugatzaile ez kasu markarik. Adberbio gisa erabiltzen da, bestelako adberbioen zereginetan. Testuinguruak agintzen du aldaketa hori, inolako markarik gehitu gabe:

  • Lokarriak kate gogor bihurtzen dira itzul-lana neurtitzetan egin behar denean. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • vs
  • Beltzarrok, makur zerbait izanagatik, gogor ari da eta nahiz eta zorigaiztoko egun hartan galtze haundiak izan zituen, haiek kittatu eta aintzinat doa beti sosa metatzen. (Nigarrez sortu nintzan, Izeta)

Bikote horietan lehenengo adibideetako gogor eta zorrotz adjektiboak dira, argi, berriz, izena. Bigarren adibideetan, berriz, gogor, zorrotz eta argi adberbioak dira. Adberbio adjektibal ere esan izan zaie halakoei. Prozesu hau aski arrunta da hizkuntza askotan, dena den.

Funtzioa

Perpaus horietan gogor, zorrotz eta argi hitzek nola galdekariari erantzuten diote eta ondo, ederki edo moduzko beste adberbioek betetzen duten lekua betetzen dute. Hauek dira adberbio gisa erabil daitezkeen zenbait izenondo: alfer (alfer bizi); apal (apal etorri); argi (argi esan); arin (arin ibili); bikain (bikain jokatu); dotore (dotore jantzi); eroso (eroso ibili); erraz (erraz egin); garbi (garbi mintzatu); jator (jator jokatu); makur (makur atera); zintzo (zintzo ibili); zuzen (zuzen jokatu), eta abar.

Batzuetan mailakatuta ageri da adberbioa:

Konparazio mailak

Bestalde, adberbio gisa erabiltzen diren izenondo hauek konparazio mailak ere hartzen dituzte:

  • Argala eta hezurtsua zen, eta oso dotore jantzita zegoen, grisez goitik behera, zetazko alkandora eta gorbatarekin. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Eta ez ditut hona ekarriko ordenagailuko web orriko giltza zanpatu eta euskara hainbeste maite duten zenbait elkarte edo fundaziok ematen dituzten lotune argigarriak, sobera luzatuko bainintzateke eta beharbada argiegi mintzatuko, guztiok behar dugun egokitasun politiko zuzena hautsiz. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Egia da gaztelaniaz ere askoz errazago aurkitzen direla trabari ahoskabeen bilkurak. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
  • Idiot savanten kasuak biziki garbi uzten du giza trebetasun bakar bat salbatzen dela beste esparru batzuetako giza jarduera kaxkar edo oso atzeratuen panoramatik: halako jendea badagoela jakiteak giza adimena nolabaiteko bakartasunean - eta are bakartasun bikainean - aztertzeko aukera ematen digu. (Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Olarra, X.)
  • Gainera, sukaldea ez da oso zikin egongo, apenas jaten ari dira-eta Andresenak txarrera jo duenez geroztik. (Bizia lo, Muñoz, J.)

Mugak

Hala ere, honelako adberbioek mugak dituzte:

  • Adberbializatze prozesua ezin da edozein adjektiborekin egin: dotore dabil, zikin dator… halakoak bai, baina nekez esango dugu ? txiki bizi da, ? handi ikusi dugu…
  • Muga sintaktikoak ere badaude: gogor ekin dio, bai, baina labur ekin dio ez dugu hain erraz erabiliko.
  • Baita muga lexikoak ere: garbi jan esaten da, baina itsusi jan nekez (bai, ordea, ituski jan).

Gauza bera esan liteke zenbatzaile zehaztugabeei dagokienez ere:

Horrelakoetan, ez izenondoa ez zenbatzailea ez daude izenari lotuta, ez izen sintagmaren barnean ez predikatu osagarri bezala ere. Horrelakoetan izan ere, aditzarekin dute lotura; baina, jakina, osagai zirkunstantzialak direnez, komunztadurarik gabeko lotura da hori. Horiek horrela, testuinguru soilak agintzen du, adjektibo-zenbatzaile hauek ez baitute hartzen inolako morfemarik adberbio gisa erabiltzeko.

Forma absolutuan

Bestalde, adberbio gisa erabiltzen den izenkia forma absolutuan, mugatzailea hartuta agertzen da batzuetan:

  • Zabal-zabala erori zen.
  • Gosaria doi-doia bukaturik, horra non emakume ezti hura dolorezko itxuran zutitu zen, eta parkean sartu; (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • Kattalin eta Sophiek begiak zabal-zabala ezartzen dituzte. (Anbroxio, Bidegain, E.)

Azken adibide hori oso adierazgarria da, zeren berez adjektiboa den zabal hitzak artikulua harturik ere (zabal + a), ez du inolako numero komunztadurarik egiten izenarekin: begiak zabalak behar luke izan hor, baina adberbio gisa erabiltzen denez, ezin du komunztadura hori egin.

Mugatzailearekin

Adberbioak askotan hartzen du mugatzailea, gehientasun mailan dagoenean:

  • Goraka begiratu du, hurrena zorura, eta hurrenago goraka. (Mirarien kobazuloa, Naguib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • Bazetorren bada gaua; eta bentariak, Don Fernandoren bide-lagunek aginduta, ahaleginak egin zituen egin, ahal zuen ongiena afaria antolatzen. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Horretarako ezinbestekoak dira, aurrena, norberaren apaltasuna, hurrena adiskideen iritziak eta, azkena, kritikoen iruzkinak, baina hirurak ala hirurak hain dira urriak… (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)

Horiekin batera –ik marka daramatenak ere aski arruntak dira:

  • Aurren-aurrenik, garbitu egin behar! (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)
  • Azkenik, urruneko gauzak gerturatu zaizkigu bat-batean. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)

Aldiz, hurrenik adberbioak ez du ia lekukotasunik egungo testu idatzietan, eta tradizioan Mirande, Erkiaga, E., "Orixe" eta Lizardik erabili dute:

Artikulurik gabe

Artikulurik gabe ere ikusiko ditugu adberbio hauek:

  • Al dan azkarren etxera karta eskribitzea pentsatu zuan, eskupeta bat eskatuz. (Bordaberri'ko gozo-mikatzak, Garmendia, T.1)
  • […]odei moltso lodiak, baltzak geienak eta itxura itzalekoak, iñoizkorik azkarren joiazan Franzia alderontz, norbait atzetik jarraika baleue legez;[…] (Kresala, Aguirre, D.)

Hitz multzoak

Azkenik, hitz elkartua, hau da, hitz berri eta bakarra, osatzen duten eta adberbio gisa erabiltzen diren hitz multzoak ere baditugu.

  • Batzuk tinkoak eta itxiak dira: gutxi gorabehera, noizik behin, bat-batean, behinik behin, batez ere, bide batez, lehenbailehen, lehenengo eta behin…
    • Gutxigorabera baekian zein tabernatan egongo zan. (Zirikadak, Juan San Martin, "Otsalar")
    • Amar minutuan gutxi gora-beera iduki irakiten. (Senda-belarrak, Ostolaiz)
    • Noizik behin kornubierazko kantuak entzuten dira irratian, eta kornubierazko prediku eta kantikak elizetan. (Artikuluak, Mirande)
    • Berak ikhus, ororen buruan; behinik behin, ni ez nitzaio joanen ondotik, galdez. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
    • Roxali, zu behar omen zaitu lehenbailehen ikusi. (Roxali, Larzabal, P.)
    • Gero, igaro zirean egunak, asteak eta illak, Eladiren barri baga: irugarren illean joan zan aitta Bilbora zerbait billatutera, ta bide batez alabeagana agerraldi bat egittera. (Josecho, Echeita)
  • Beste batzuk, berriz, irekiak dira, hots, esaeraren osagaietako bat aldatu egin daiteke: zenbat bider?; bi bider; hamaika bider; hainbat bider; nire kasa; zure kasa…
1 Autore berak, obra berean, egitura berbera artikuluarekin ere badarabil: Egunero joango zan, bai, Tolosa'ra astoarekin; baña esneak al dan azkarrena partitu, etxerako bear ziran gauzak erosi ta etxera asto gañean., Bai, bai. Beti lanean ez dik ondo ematen; da zu, Kalixto, al dezun azkarrena Ernio'ra. Ez dago udazkenaren zai egon bearrik, obra onak egiteko., Al dan azkarrena txekor oiek sa/du, etxean badira, ta bia/du neri mesedez puska bato

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bestelako adberbializatze bide batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3