Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2

Adberbioen sailkapen semantikoa

Esanahia kontuan hartuz, adberbioak hainbat modutan sailka daitezke. Izan ere, askotan sail semantikoen mugak ez dira batere argiak, eta irizpideak elkarren artean gurutzatzen dira. Hizkuntzak deskribatzeko erabiltzen diren gramatiketan proposatu izan diren sailkapenak jasoko ditugu hemen.

Adberbio guztiek osatzen dute aditzak ematen duen informazioa, baina denek ez dute eduki mota bera eransten: batzuek noiz-nongoaren gaineko informazioa ematen dute, beste batzuek modua, maila edo beste zirkunstantziaren baten erreferentzia ematen dute. Eta badira halaber, hiztunak esaldiarekiko duen jarrera azaltzen duten adberbioak ere. Denek ez dute, bestalde, jokabide sintaktiko bera aditzarekin.

Gure sailkapena

Adberbioen esanahia kontuan harturik, hiru sail hauek bereiziko ditugu ondoko lerroetan:

  • Zirkunstantzia bat adierazten duten adberbioak: batez ere Denbora adberbioak eta Leku adberbioak ikusiko ditugu hemen.
  • Aditzari nozioren bat eransten dioten adberbioak.
  • Hiztunak esaten duenari buruz jarrera bat adierazteko erabiltzen diren adberbioak.

Zirkunstantzia adierazten duten adberbioak

Adberbio batzuek zirkunstantzia bat, egoera bat adierazten dute, nondik norako zerbait: gertaera bat noiz, non.. gertatzen den kokatzen dute:

  • Giltzak galdu zaizkit… hemen.
  • Autoa erosi nuen… atzo.

Holako adberbioak dira hauek: atzo, gaur, hemen, bihar, etzi, aurten, goizik, berant, eta horien gisakoak.

Leku eta denbora markatzen duten adberbio hauei maiz eransten zaie ondotik aposizio bat, esanahia indartu edo zehazten duena: hor goian, bart arratsean, hemen berean, hor bertan, han nonbait, lehen garai batean, eta abar.

Nozioren bat adierazten duten adberbioak

Beste adberbio batzuek aditzari nozioren bat eransten diote, modua edo maila (zenbatekoa), esaterako. Horiek lotura estuagoa izaten dute aditzarekin, aditzari berari, nolabait esateko, laguntzen baitiote:

  • Mikel benetan mintzatu zen.
  • Ama oso haserretu da.
  • Denak ongi iritsi dira.
  • Artur, orduan, benetan haserretu zen, Gwainen hitzek jakin-mina areagotu egin baitzioten. (Artur erregearen heriotza, Igerabide, J. K.)
  • Behin oso haserretu zen nirekin. (India harrigarria, Garate, G.)

Sail honetakoak dira aditzaren, adjektiboaren edo adberbioaren maila adierazten duten maila adberbioak ere: aski polita, arras laburra, berandu asko etorri, eta abar.

  • Gure istorioa ere aski polita da. (Goragalea, Jean-Paul Sartre / Monika Etxebarria)

Hiztunaren jarrera adierazten duten adberbioak

Azkenik, beste adberbio batzuk hiztunak duen jarrera adierazteko erabiltzen ditugu: agian, beharbada, itxuraz, nonbait…

Hala ere, askotan, moduzko adberbioa perpausetik kanpo geratzen da, perpaus osoaren modifikatzaile gisa, eta hiztunak esaldiari buruz daukan jarrera agertzen du:

  • Zoritxarrez, langabezia handituz doa.
  • Zoritxarrez, jakingarri aunitz betiereko galdu dugu, beranduegi eman zirelako bilaketa horri euskal-jakintzariak. (Artikuluak, Mirande)
  • Zoritxarrez, hori ez baita batere osasun onaren seinale, gramatiken kontuaz ari naiz, gauzak hala dira oraingoz. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)

Kasu hauetan, askotan, adberbioa eten edo pausa batez bereizten da esalditik.

Beste sailkapen batzuk

Beste irizpide batzuk kontuan hartuz, sailkapena desberdina izango litzateke:

  • galdekariak har ditzakegu batetik: noiz, nola, zenbat…
  • erakusleak: hemen, hor, han, honela, hain…
  • zehaztugabeak: edonon, nolabait, noiz-nahi…

Ez dirudi, hala ere, irizpideak nahasian erabiltzea egokia denik. Hori dela eta, sailkapen semantiko ohikoagoa izango dugu kontuan, eta horretan egokituko ditugu adberbioak. Horrek esan nahi du noiz, adibidez, galdekaria izanik ere, denbora adberbioetan agertuko dela, eta non, berriz, lekuko adberbioetan.

Horrenbestez, adberbio mota hauek ikusiko ditugu segidan:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbioen sailkapen semantikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3