Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1

Denbora adberbioak

Denbora adberbio galdekari oinarrizkoa noiz da. Hainbat modutan agertuko zaigu perpausean eta horiek ikusiko ditugu segidan.

Aldaerak, ezaugarriak eta erabilera nagusiak ikusiko ditugu lehenengo, eta gero beste atal hauek ere aztertuko dira:

Aldaerak

Historian zehar hainbat aldaera izan ditu galdekari honek: nos, nox, noix, noz, nuiz…

Hizkera eta garai guztietan erabili da.

Erabilera

Galdera zuzenetan eta zeharkakoetan erabiltzen da:

  • Noiz egingo du?
  • Ez dakigu noiz egingo duen.

Mendeko denborazko perpausaren sarrerako gisa ere erabili izan da tradizioan noiz adberbioa. Halakoetan, mendeko perpausaren aditzak bait- edo -(e)n hartzen du:

Batzuetan erlatibozko adberbioa da. Hemen ere bait- edo -(e)n hartzen du mendeko aditzak:

  • G: Hitz gütitan zer da kantore honen gozoa? I: Aitzindari saintiaren sortziari, noiz hasten baita agertzen Jesüs-Kristen argia, egüna sortzen dela ikhustian bezala, alageratü behar dügüla. (Catechima laburra, Belapeyre)
  • Itz hoek kantatu zituen aingeruak eguberriko gauean Iesu Kristo gure Iauna jaio zenean, noiz jaizi baitzen zerutik aingeru bat ematera berri ain ditxosoa. (Tratado de como se ha de oyr missa, Beriayn, J.)

Tradizioan “noizbait” adierazi nahi duela ere aurki dezakegu:

Sustantibatuta ere erabil daiteke, “noizaldi” esan nahi duela, baina orduan ez da adberbioa:

Postposizioak erantsita ere erabiltzen da noiz: noiztik/noizdanik, noiz arte, noizdaino, noizko… formak sortzen dira horrela.

  • Noizdanik, gaixoa, ez duzu lorerik? Udaberriero baizenkustan ikus lore-ontzi naro, zergatik gaur ain uts? (Biotz-begietan, Lizardi)
  • Ordea, noizdaño iraun lezake ludiko zorionak? Zoragarria da, benetan, udaberria, poza ta alaitasuna alde guztietara zabalduz datorkigunean. (Uztaro, "Barrensoro")

Zenbait esaeratan ere ageri da beste postposizio batzuekin, nahiz halakoetan ez den galdekaria: noizean behin, noiztik noizera, noizean noiz, noiz(e)tik behin…:

  • Noizean behin gibelerat behatzen dugu, bigarren otoa mainguka bada mainguka badarraikunez. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Oroitu, oroitu noizean noiz ta erran: Bada juizio, bada nork eska kontuak. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Noizetik behin beha zagozkigu, bihotzean har; eta guk so ginda bazoaz arin. (Poemak, Mirande)

EGLU-Ien noizero ere aipatzen da, baina guk ez dugu lekukotzarik aurkitu.

Adberbio elkartuak

noiz galdekarian oinarrituta sortzen dira beste adberbio elkartu hauek: edonoiz, noiznahi, noizbait, inoiz… adberbio elkartuen atalean jaso ditugu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denbora adberbioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3