Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:2:1:6

sarri

sarri adberbioak bi esanahi ditu: “berehala, gero”, eta “maiz, askotan”.

  • Jaio azkero serbidu deut
    ezkondu nagi onezkero
    ezkonketako edadea deut
    ogei urtean elduzkero
    zorigaxtoan jaio ninzan
    ezkondu baga il banadi
    aitak ezkondu ezpanagi
    neurauni ezkonduko nax sarri. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Sarri bialtzen zuten Patxi aitak eta amak aren berri jakitera. (Patxiko Txerren, Apaolaza)

Hemen lehen adiera interesatzen zaigu. Adiera horrekin erabiltzen da Iparraldean batez ere. Baina goi nafarrerazko eta gipuzkerazko testu historikoetan ere ageri da. Lazarragak ere erabiltzen du, goiko adibidean ikusi dugunez:

  • Jaio azkero serbidu deut
    ezkondu nagi onezkero
    ezkonketako edadea deut
    ogei urtean elduzkero
    zorigaxtoan jaio ninzan
    ezkondu baga il banadi
    aitak ezkondu ezpanagi
    neurauni ezkonduko nax sarri. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Sarri jinen dira Manexeneko bestak. (Ene artzain-etxolak, Larre, E.)
  • Ahalke gabeki, muthiriki, kantoin guztietara begiak dabiltzala, dabillan emaztea, peril da eroria den, edo sarri eroriko den. (Guero, "Axular")

Egungo testuetan ere aurkituko dugu sarri adberbioa “berehala” adierarekin baina askoz gehiagotan agertuko zaigu “askotan” adierarekin:

  • Hura jalgi bezain sarri, harpa berriz jo nahi nuela erran nuen, eta bila joateko eskatu nion Dancenyri. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • -Eta, hala, igande batean aitarekin jauregirat etorri eta, zalditik jaitsi bezain sarri eneganat lasterka eta hatsangaka zetorkidala, Pedrok erran zidaan: (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

Arrunta da Ekialdeko euskalkietan sarri arte / sarri artio erabiltzea, gero arte / gero artio esan nahi duela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "sarri", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3