Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:2:1:7

behinola

behinola hitzak “lehen, beste garai batean, halako batean, aspaldi…” esan nahi du. Hegoaldekoa da, eta Añibarroren hiztegian ageri da lehenbiziko lekukoa. XIX. mendearen erdialdera hasi zen hedatzen:

  • Oraintxe asten da ipuina. Beinola, orain emeretzireun urte, […] San Bartolome […] Aralarpera etorri omen zan. (Ardi galdua, Azkue, R. M.)
  • Ba omen ziren behinola bi Aita Santu, baten ordez, bata Erroman eta bestea Avignonen. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Marka oargarri bi egin zituan beiñola. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Beiñola, jaiobarri zalarik, il egin yakon semetxu bat. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Beiñola Jesusi “gazte aberats” bat urbildu zitzaion galdezka. ( Gaztetxo. Bizitzako udaberrian, Atxaga, M.)

OEHn jasotzen denez, “berehala, denbora gutxira” adiera ere badauka:

  • Oñatiarrak igerri zuten
    bein-berriz azpikeria.
    Baita beñola, zer egin dute?
    asma bertan Kofradia. (Arantzazu, Mitxelena, S.)

Egungo testuetan ere sarri aurkituko dugu behinola:

  • Gaztetxotarako ahaztu zuen behinola ikasitakoa, eta ahalegin gutxi berreskuratzeko. (Auzoak, Urrutikoetxea, U.)
  • Fardela hantxe zegoen, zulo hartan, berak behinola ipini zuen bezala. (Patata soro bat, Josetxo Azkona)
  • Baionara hurbiltzen bahaiz, mesedez, azken graffitia, behinola izkiriatzera ausartu ez hintzena, harresietan idatzi: maite haut, Marie. (Hollywood eta biok, Cillero, J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "behinola", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3