Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:2:2:1

egundo

egundorekin batera, egun adberbiotik sortzen diren beste hainbat adberbio ikusiko ditugu atal honetan:

  • egundo
  • egunero
  • egunean-egunean
  • egunez egun
  • egunetik egunera
  • egungo egunean

egundo

egundo ezezko inguruneetan erabiltzen da, eta “inoiz ez” esan nahi du. Batez ere bizkaiera-gipuzkeraz erabiltzen da:

  • Ezteutsu berak egundo ezer esan? - Guk alkarregaz berbeta gitxi egin dogu ta, olango gauzarik bein bez. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Ames ori iristekotz, itsas-barrura joan ta joan egin arren, muga ori eztot egundo eskuratu. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Yaten asi nintzanean bada, ta bera arantza ta onantza, eldu zan nigana ta esan eustan: “Egundo etxoat ikusi, Lazaro, yaten ik lako ganorea daben gizonik”. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")

Egungo testuetan ere aurkituko dugu egundo adberbioa:

  • Eta beti dira zatiak, proiektuak, entseguak, egundo osatuko ez diren zirriborroak. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Ez dut egundo pasatu ordu larriagorik.
  • -Egundo halakorik! (Behi eroak, Patxi Iturritegi)

egunero, egunean-egunean, egunez egun, egunetik egunera, egungo egunean

egunero ere egun hitzetik sortzen da. Baita egunean-egunean, egunez egun, egunetik egunera, egungo egunean esaerak ere.

  • Paper bat eskuetan zuala agertzen zitzaien egunero, biboteak igortziaz, ta bereala asten ziran gazteak alkarri min ematen. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Auxe berberau jazoten da egunean-egunean jente batzuen artean. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Zergatik diostazu Zure ikusketan ez dala aldirik, eta Zure idazti onek egunez egun baitiraust Zuk eginda ikusiak eder dirala, eta batbanatzean ainbeste arkitu nitun. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Egunetik egunera Jesusen Pasio ta eriotzaren jaiera, irazekiago egiten ari zan Santuaren biotzian. (Asis-co loria, Beovide)
  • Beti Matildak ez dun egungo egunean Mlle Marie-ren xapel urdinaren beldurrik. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)

Egungo testuetan ere aurkituko ditugu horiek guztiak:

  • Egunero gurinez eta goxokiz bazkatzen dituzte. (India harrigarria, Garate, G.)
  • Baina argazki hori, gero, egunean-egunean osatu beharra dago, puzzleak osatzen diren moduan. (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)
  • Egunez egun bizi, ezin baita ibili gerotik gerora. (Errautsera arteko sugarra, Imanol Zurutuza)
  • Egunetik egunera, auzoak, herriak, eskualde osoak, ilaran eta etendurarik gabe, erortzen ziren karlisten eskuetan. (Putzu, "Txillardegi")
  • Egungo egunean oraino ez ginuke gure eskuara erdaran trukatu nahi. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "egundo", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3