Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:2:3

aurten

Hirugarren multzoa aurten adberbioaren inguruan antolatzen da. aurten garai eta euskalki guztietan erabili izan da:

  • Adibide klasikoak:
    • Bertze urtez, jauregitako alaberi galdatzen dioten kargua, nahi nuke aurten zuk bete dezazun!. (Berterretx, Larzabal, P.)
    • Ni, badakizue, arreba aurten il jatalako ezin asi naite Mungian, ez uri-auzoetan lan onetan baia zeuek ondo eritxiezkero, Bakiora yoan naite biar. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Gaurko adibideak:
    • Aurten berriz, ilun ezkilak jo bai goizeko hamaiketan Kandidok, baina halare ezin erretirazi inor: (Trapuan pupua, Perurena, P.)
    • Gripe asko dabil aurten. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)

iaz eta geurtz adberbioak dira, esaterako, sail honetakoak.

Artikulu honetan

iaz

iaz adberbioak “joan den urtean” esan nahi du. Etcheberri (Ziburukoa)k, Pouvreauk, Haranederek eta Iparraldeko gainerako idazleek erabiltzen dute. Gipuzkeraz eta bizkaieraz idatzitako testuetan ere ageri da, bizkaieraz berriagoa bada ere, XIX. mende amaierakoa da.

Hainbat aldaera ditu: igaz, igez, xaz, yaz, iez…

Haranederrek iazdanik forma erabiltzen du:

  • Ezen sainduentzat destinatua den laguntza hortaz sobrantzia zait zuei gehiago eskribatzea; 2baidakit hortakotz duzuen gogo ona, zeinen ariaz glorifikatzen ere bainaiz zuetaz Mazedoniaren aitziñean, erraten daroedala Akaiko probintzia iazdanik hortarat preparatua dela eta zuen exenpluak eman izan diote ere hainitzei lehia bera. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Gaurko adibideak:
    • Iaz itzuli zen, eta orduan ere berdin harritu zuen karrika eta plazetako zalapartak. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
    • Hobe huke nire esanari kasu egitea, Venezia alde batera utzi, Weiner alde batera utzi, eta iaz bezala joatea Budweis-era hire izebarengana. (Bederatzietatik bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano)
    • […]
      … Oraindik gaztia da…
      … urtez eta illez,…
      … buru dana betia…
      … biar zuban illez,…
      … ortzak ere juan zaizka…
      … indar danak illez….
      … Aren kolore onak…
      … zeduzkanak igez,…
      … egiñ diote noski…
      … sekulago iges….
      … Len pozez mendiraño…
      … oi zana atera,…
      … gaur ozta azaltzen da…
      … etxeko atera….
      … Beldur nintzan gaitz ura…
      … […] (Hitza azti, Iñaki Arranz)

geurtz

geurtz adberbioak “datorren / heldu den urtean” esan nahi du, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian “zaharra” edo “jasoa” zehaztasunarekin jasotzen da:

Iparraldeko testuetan aurkituko dugu baina ez da oso forma erabilia. Gaur egun ez du ia lekukotasunik idazleen artean, bat aurkitu dugu:

  • JJendea dantzari hasten da eta gero berezitzen, oportunitate eta beharren arabera, aurten hau eta geurtz beste zerbait. (Libertitzeaz, Luku, A.)

Prentsa idatzian ere erabili izan da zerbait:

  • Geurtz kaleratuko du bigarrena, Igartza sariko beka eskuratu berri baitu. («Oskillaso, ahanzturatik jaregina», Juan Luis Zabala, Berria)
  • Esperientziak darakusa, gainera, egun ezinezkotzat jotzen dena geurtz errealitate izan daitekeela. ( Jakin aldizkaria, 125 zbk., 2001)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aurten", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3