Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:3:5

bider

bide izenetik eratorritako hitza da bider, hala azaltzen da OEHn ere:

  • Etim. Derivado de bide 'camino'. Cf. irl. ant. sét 'camino', galés hynt, etc., gót. sinth- 'vez' (ainamma sintha 'una vez', etc.). ( OEH)

Adberbio hau Hegoaldeko tradizioan erabili da batez ere:

  • Zenbatzaileekin: bi bider, hiru bider…, hainbeste bider, zenbat bider…
    • Ai nire Jesus ona, nire jabe maitea; eta zein damu dudan zu nire bekatuarekin hainbeste bider ofenditua. (Esku liburua, Larroca)
    • Zenbat bider bidaldu zintzakean betiko su, eta garren artera? Zenbat bidaldu ditu ara zuk baño bekatu gutxiago egiñ zuenak, eta bearbada zure lagun batzuetan bekatuan izan ziranak? Eta zuri itxedon dizu, eta arkitzen zera zere utsegiteak zuzentzeko eran., (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
    • Neskaren sabelpea ukitu zuen Goiok, mutikoen solasetan hainbeste bider imajinatu edo asmaturiko lekuen esplorazioa egiteko, baina neskak eskua apartatu zion. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
    • Orain pentsatzen dut zenbat bider begiratu dudan bizitzaren prismatiko hautsietatik, denborari eta patu itsuari so, neure buruari ziria sartuz, kaleidoskopio batean bezala zati koloredunak ikusten nituelako., (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)
  • Aritmetikan ere bai: bi bider lau berdin zortzi (2 x 4 = 8)…
    • […] bat behar dute, eta hauek arrazoi beragatik ebidenteak direnez gero, oinarri-esakune filosofikoek beren ziurtasun ororekin ere inoiz esan ezin dezaketena, orduan amaigabeki asko falta da arrazoimen huts eta transzendentalaren esakune sintetikoa esakune hau bezain begi-bistakoa izateko (egoskorki adierazi ohi den bezala): “bi bider bi berdin lau da”. (Arrazoimen hutsaren kritika, Kant/ Ibon Uribarri)
  • Batzuetan –ago konparazio atzizkia har dezake ondoan duen adjektiboak:
    • Bi bider geiagokoa bear genuen. (Platon'eneko atarian, Zaitegi, J.)
    • Ara bai emen, nun daukagun geure mendian Zeruko zorijontasun amai bageen herederu egiazkua; Jangoikuak maite daben bere irudiko Kriatura, ta pekatubaren loi, edo norban baga aurkituten dan arima, Zerubak ta luurrak baño milla bidar ederrago dana. (Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Moguel, J. J.)
    • Eta B-12ren agertzea, bere aldetik, inork aldez aurretik pentsa zezakeena baino mila bider sinpleago izan zen. (Euskal karma, Alonso, J)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bider", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3