Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:5:2

ziplo, agudo

Zer den adierazi nahi dena, ziplo eta agudo adberbioak moduzkoak ere izan daitezke.

ziplo adberbioak lekukotasun gutxi dauzka, eta azkar, bat-batean esan nahi du. Honela jasotzen da OEHn:

  • ziplo:
    • “De repente”:
    • Expresión:
    • “(AN-araq), expresión que denota terminar con todo en la comida o bebida” («Vocabulario popular», Euskera 1963-64, Satrustegi, J. M)
    • Ordu biak inguru ortan asita, eguna argitzerako ziplo meta-belarra. (Txantxangorri kantaria, Ataño)
    • Nik esaten nien beste senideai: Orrenbeste denboran an ibili zan gizarajoa frentean bala tartean, eta, Jaungoikoak dakian bezela, noizbait bizirik etorri etxera; eta oraintxen urte batzuk pakean pasa bear mundu ontan, eta, usterik gutxienean, ziplo! (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)

Egungo testuetan ere badira adibideak:

  • Laster, ordea, automobila geratu zitzaien, ziplo geratu ere. (Kartografien eta mikrobio narratiboen artean, Iturbide, A.)
  • Lurrean ziplo amaituko duzu. (Kartografien eta mikrobio narratiboen artean, Katixa Agirre)

agudo adberbioak ere “azkar” esan nahi du, “beherala”. Honela jasotzen da OEHn: “Rápidamente, de prisa; pronto”.

  • - Oraindik orretan zaude? Bere-berialaxe kanta ezazu konfesioarengañian irakutsi dizugun dotriña; bestela ona emen makilla eta kontu gero nerekin! - Gauzai bear zaizte izenak trukatu, gezurrik esan gabe egia ukatu; kontu danak esaten etzaite nekatu, berriketa gutxi ta agudo bukatu. (Ur-zale baten ipuiak, Urruzuno)
  • Gaztelako Enrike IVrrena zan orduan errege ta Gipuzkoako Batzarrak jauntxo arroputzen aupada jaso ta arpegi emanez, Erregeari baimena ta laguntza eskatuaz, aguro menderatu zituzten. (Domenjon de Andia, Labaien, A. M.)

Egungo idazleek ere erabiltzen dute hau:

  • Agudo zabaltzen dira hor goietan, kilometro batzuk gora haize axkar xamarra dabilen seinale. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Zerbait erabaki beharra zegoen eta aguro gainera, artean burua gehiegi kargaturik ez bagenuen behintzat. (Kartografien eta mikrobio narratiboen artean, Iturralde, J. M.)
  • Agudo galdu nituen begitik. (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)
  • Agudo, etorri agudo! (Izagirre, K.)

Adberbio honek hainbat aldaera dauzka: aguro, abudo, aburo, auburo, auro…

  • Baita besteak ere, abudo erantzun: - Bai, baño medikuarenak aisego, lurrak berak. (Ohe bat ozeanoaren erdian, Perurena, P.)
  • Ah! korrika eizazu aburo, ne amorea, eta basauntsen da zierbotxon antza iza zazu, iges ei zazu usaigozotako mendira, ne boza aitu nai badezu. (Ohe bat ozeanoaren erdian, Otaegi, K.)
  • Baño zorigaiztokok aurgiteko ta umeazitzen darenak eun atan ezin auburo iges eiñik. (Ohe bat ozeanoaren erdian, Otaegi, K.)
  • -Bazakiet arriskua badela nere lehengo bizi apal lehun motel hura urrikitan orroitzeko aski auro. (Ohe bat ozeanoaren erdian, Mailuix Legorburu)

Hala ere, kategoriari dagokionez agudo adjektiboa izan daiteke, eta hala erabili da tradizioan:

  • Gizon beroa eta agudoa gauza guzietara da prepartua eta adelatua. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Bada ona emen non nik etorri eraziko diedan Kaldeatarrai, erreñu garratz eta agudoa, lur guzitik dabillana besteren gauzak arrapatzen. (Biblia I, Uriarte)

Egungo testuetan ez da asko erabiltzen adjektibo gisa:

  • […] da gauaren erdian zuzi erraldoi bat izango balitz bezala, gazte batzuk korrika urruntzen dira, gutun luze bat idazten ari naiz komuneko paper amaiezin batean, Laura eta Nora alde banatan ditut nirekin lo egiten, aitona Miguel agertzen zait, haren ahotsa entzuten dut lehen aldiz, agudoa dauka, eskua luzatzen dit berarekin joateko, itsasotik oinez etorri da Jesukristo bezala, baina ez dut joan nahi nire aitona izan arren, oso goxo nago nire ohean ozeanoaren erdian, irudimen handia dudala esaten dit, noizbait ere esnatu beharko dudala, baina nik ez dut […], (Ohe bat ozeanoaren erdian, Hernandez de Abaitua, M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ziplo, agudo", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3