Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:5:3

jagoitik, aurrerantzean

jagoitik eta aurrerantzean adberbioek “hemendik aurrera” esan nahi dute. jagoitik Iparraldean erabiltzen da, baxenafarreraz eta zubereraz; aurrerantzean, berriz, egun hedatuago badago ere, batez ere bizkaierazko testuetan ageri da. Hala ere, XX. mendean gipuzkerazko idazle batzuek ere erabiltzen dute:

  • Amari esaten eutsan: - Nik eztakit zer egin aurrerantzean; batzuetan uste dot, ondo izango dala Aure intxaur-ondokori berba egitea: baña arek-be nai ezpanau, zer jazoko da nigaz? Bilinbalaunka dabiltzaz nire gurari guztiak! Ai! Eladitxo izango zan niretzat alagalako emaztea, baña enaz bere begikoa! Zer esango dabe nigaittik jakitten badira artu dodazan apalkeriak? Karkar barre egingo dau gizeri guztiak, […] (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Batez erraiten draukunean, guziez irakasten gaitu jeneralki, eztezagun Iainkoaren izena iagoitik aipa ere beldurekin eta humilitaterekin baizen, glorifika dezagunzat. (Katexismea, Leiçarraga)

Egungo testuetan ez du ia lekurik jagoitik adberbioak; aurrerantzean gehiago erabiltzen da:

  • Ez zuen jagoitik balio teoria politikoak itsumandoka orraztatzeak: gasnarik gabe genbiltzan egun eta gauetan, euskaldunak galduak ginen purki. (% 100 basque, Borda, I.)
  • Eta nor ikusten dut keinuka ari zaidala Albaceteko gizon gaztea adiskidetzat daukat jagoitik. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Hala, aurrerantzean ere besterik izango zelako ziurtasunak adoreturik, uko egin zion neskari eta patxadaz eseri zen. (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)
  • Biok dakigu beti ez garela ados egon izan geure usteetan eta aurrerantzean ere edukiko ditugula geureak eta bi, baina hemendik aitzina neu izango naiz zure periskopioa, neure begiak izango dira zeureak. (Patri maitea, Etxeberria, H.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "jagoitik, aurrerantzean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3