Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:5:9

egundo, sekula, inoiz

egundo, sekula eta inoiz adberbioak baiezko ez diren perpausetan erabiltzen dira, inor eta antzekoak bezala:

  • Ez da egundo etorri.
  • Ikusi al duzu sekula holakorik?
  • Joaten bazara inoiz

Beste biak ez bezala, ordea, inoiz baiezkoetan ere erabiltzen da gipuzkeraz Mendebaleko testuetan. Goietxek ere erabiltzen du honelako perpausetan:

  • Euskaldun berriak ere gero eta nabarmenago ageri dira gure artean, ez inoiz bezala ikasle eta entzule ixil eta motel gisa. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Eta hortik sortzen dira inoizka eratorria, eta inoiz edo behin, inoiz edo beste, inoiz edo berriz esaerak:

  • Iñoizka, gogo begiak olerkariari lausotzen ote zaizkan nago. (Aitzol in Bide barrijak, "Lauaxeta")
  • Inoiz edo behin bere aitarekin ere nahastu ninduten. (Romain zen bere izena, Joxean Agirre)
  • Inoiz edo beste erakutsi izan du, eta orduan liluratu egiten ditu preso guztiak: soka lodi bat dauka itzuli osoan tatuatua, urka-bilurra zintzurretik behera datorkiola. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • Eztet nai egiaren argitasuna estali: orain ere azaltzen da gure artean otsokotarren bat edo beste; baña, esan dezagun gure biotzaren poztasunerako, ez urietan bezela maiz ta ugari, baizik noizean bein, urri, bakan, iñoiz edo berriz. (Garoa, Aguirre, D.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "egundo, sekula, inoiz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3