Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:6

Denbora adberbioen indargarriak eta beste zenbait esamolde

Denbora adberbio batzuek atzizki indargarriak har ditzaketela ikusiko dugu atal honetan. Ondoren, adberbio gisa erabiltzen diren beste hitz eta esamolde batzuk ere aipatuko ditugu.

Denbora adberbioen indargarriak

Adberbio batzuek atzizki indargarri eta adierazkorrak ere har ditzakete: berehalaxe, orduantxe, orduxetik, orduxerarte, oraintxe, oraindixek, oraintxe arte, oraintsu, maiztxo, berandusko

Gradu markak edo maila adberbioak ere hartzen dituzte: beranduago, beranduegi, beranduen, oso berandu, ondo berandu (gutxi erabilia), berandu asko (testuetan gutxi erabilia).

  • Berari eskerrak ordua baño gutxiz beranduago iritxi giñan Adraren, aizetea izanagatik. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
  • Goiz-goizetik hasi eta ondo berandu arte, buru-belarri emanik egoten zen: bezeroak, hornitzaileak, eskaerak, salmenta, sailkapena, kontuak, itzulketak. (Loroaren teorema, Guedj, D./ Muñoz, J.)
  • Bart harratzien berandu asko. (Dialogoak, Voltoire)

Gehientasun mailakoek maiz daramate –a edo –ik: beranduena, beranduenik.

  • Eta zer esan ablazioaz? Beranduena hemen gure kontzientzia, emakumearen diskriminazioaren arloan sentiberagoak bihurtuak gaude gaur eta, errebelatu egiten da: (Utzi bearko, Azurmendi, J.)
  • Edo abuztuan beranduenik. (Putzu, "Txillardegi")
  • Beranduenik ostiralean agertu, esan zion, agian asteburuan ateratzea izango da, hitz egingo dugu orduan. (Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta)

Beste zenbaitek, aldiz, ez dute horrelakorik onartzen: *betixe, *behinago, *oraindikegi…

Batzuek, azkenik, esanahi berezia hartzen dute horrelako formetan:

  • orainago, “orain berriki, duela gutxi, oraintsu”
  • Eskritura Santak sorterro edo genealogia luze onetan emakumerik sartzen ez du; eta Mariaren senarra Jose zala esatearekin sallari uzten dio; baña orañago esan dan bezala, israeltarrak oituraz edo legez, aideen artean ezkontzak egiten zituzten; beragatik Jose Mariaren senarra zala esateak adierazotzen digu biak aideak eta odol batekoak zirala. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • geroenean, “hemendik aurrera” edo “azkenean”.

Adberbio gisa erabiltzen diren beste esamolde batzuk

Adberbio gisa erabiltzen diren bestelako hitz eta esamolde batzuk ere baditugu euskaraz, aski lexikalizatuta daudenak. Halakoek inesiboaren edo instrumentalaren marka daramate gehienetan: artean, bitartean (bizkitartean, bienbitartean), arestian, askotan, gutxitan, batzuetan, gehienetan, azkenean, gaztetan, txikitan, garaiz, tenorez, bestorduz…

Denak ez dira berdin erabiltzen, eta euskalki batetik bestera ere aldeak daude:

  • arestian (oixtian, aixtean, aiztian, araiztian, arastian, axtean, axtion, oxtian…) euskalki guztietan erabiltzen da, tradizioari dagokionez, zubereraz eta bizkaieraz izan ezik. Gaurko idazleen artean arrunta da.
  • tenorez zubereraz ageri da hasieran. XIX. mendean Iparraldeko gainerako hizkeretara hedatu zen, eta Nafarroako testuetan ere ageri da. Gaur egun idazle askok erabiltzen dute: “garaiz” esan nahi du.
  • bestorduz1 (beste orduz, bertze orduz, bertzorduz) batez ere Iparraldean erabili izan da, eta Hegoaldean Beovidek eta "Orixe"k ere erabili dute. “aspaldi, beste garai batean” esan nahi du:
    • Beherago jautsi gabe erran dezagun bertze orduz Larrunen bazela bizpide bat orai nihori gogoratzen etzaiona; betizoen haztea. (Azkaine gure sorterria, Zerbitzari)

aurrena, azkena

Sail honetan sar daitezke artikulua hartuz adberbio gisa erabiltzen diren aurrena, azkena, eta horien gisakoak.

  • Zer egin aldezakegu bada zor au bukatzeko, edo gutxitzeko? Egin dezakeguna da, benik beiñ emengo neke, ta samintasunak ontzat, eta Jaunaren izenean artzea: ta au da aurrena ukituko dedan gauza. (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Biamonez ikusiko odol-izerdi dena; il gabe gorputzak au du aulerien azkena. (Olerkiak, "Orixe")

artean postposizio gisa ere erabiltzen da, eta zenbait euskalkitan nahasten badira ere, ez da arte postposizioarekin nahasi behar. Hain zuzen ere erabat kontrako adiera daukate:

  • Bostak arte ez naiz etorriko.
  • Bostak artean hemen egon da.
1 Euskaltzaindiaren Hiztegiak aholkua ematen du bestorduz euskara idatzian ez erabiltzeko, eta haren ordez, beste orduz erabiltzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denbora adberbioen indargarriak eta beste zenbait esamolde", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3