Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:1:7

Hitz batzuen denborazko erabilera adberbiala

Kategoriaz adberbio izan ez arren, adberbio funtzioa hartzen duten, hots, adberbio gisa erabiltzen diren zenbait hitzez arituko gara atal honetan.

mende, gizaldi, urte, hil, aste, egun, ordu, oren, gau, minutu, segundo, une

Izen batzuk adberbio gisa erabiltzen dira askotan. Horrek ez du esan nahi adberbioak direnik, baizik euren izaerarengatik errazago erabiltzen direla adberbio gisa. Hori gertatzen da mende, gizaldi, urte, hil, aste, egun, ordu, oren, gau, minutu, segundo, une eta antzekoekin:

  • Joan den urtean. (=iaz)
  • Zenbait egunez ez dira agertu.
  • Ordu erdi utzi zuen ukitu gabe.
  • Hilabete bat bakarrik iraun zuen han.
  • Hamazazpi urte egin genuen han.
  • Orain dela bi aste etorri zen.
  • Hola gertatzen ziren kontu hauek orain dela bi mende.

Perpaus horietan, urte, egun, ordu, hilabete, urte, aste eta mende adberbioak dira. Bost ordu egon da lanean perpausean, bost ordu adberbioa da. Ez du inolako markarik. Aldiz, joan den urtean esaten badugu, bistan da inesiboan dagoen sintagma bat dugula, baina hori ere, bere osotasunean, adberbio gisa erabiltzen den sintagma bat da. Beraz, multzo honetan markarik gabekoak eta markadunak izango genituzke 1.

Horrelako egituretan barru eta buruan ere erabiltzen ditugu: bi egunen buruan, bi ordu barru. Eta berdin gertatzen da aurrean, aurretik, aitzinean, aitzinetik, ondoan, ondoren, ondotik, ostean, arte… postposizioekin ere: lau urteren ondotik / ondoren; hiru ordu aitzinetik han ginen; hamar egun aurretik; zerbait egin aurrean, eta abar. Horiek guztiak asko erabiltzen dira.

  • Laur egunes ila bekala egon ze oliaturik, ta obia ere idikirik, eta konbentu batean ilaria zelebraturik, ta etzute ortzi bere Aitaren amorez, zeñek baizio etzegola ilik oraño: laur egunen buruan asi ze akorritzen, aurkitu zueargizari paratu ziotena begietan, eta jakintzuepasatu zenabitartean. (Sanduen bizitzak, Lizarraga)
  • Kanpoko errietatik Arranondora datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta eztau geiago beragandik kenduko. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Orain nai dudana da egun bat Bihotz onen honrarako; ta izan bedi Korpus Kristiko zortzi egunen ondotik datorren hostirala. (Jesusen Bihotzaren Devocioa, Mendiburu, S.)

Egun ere erabiltzen dira honelako moldeak:

  • Zazpi egunen buruan euria bidaliko dut lurrera berrogei egun eta berrogei gauez, egin dudan izaki oro suntzitzeko. (Agindutako lurraren bila I, Mujika, J. A.)
  • Hamar urteren ondotik ez zitzaizkion gogotik joan: “Haur da ene seme maitea…” Eiheralarreko erretorearen poesiak baino lehen, bizitzan bere hizkuntzan inprimaturik ikusi zituen lehen lerroak begi parean izan zituen berriz ere. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Hogei urteren ondotik dena argiago, gardenago, ulerterrazago bihurtzen da. (Eszterren ondarea, Sandor Marai / Ander Irizar)

zorian, hurran

zori izenean oinarrituz, zorian adberbioa sortzen da; bestalde, hurran adberbioak “hurbil” esan nahi du baina denbora markatzen duen esaera adberbiala ere bada, “-tzeko zorian” esan nahi duena. hurran iparraldean erabiltzen da batez ere baina -tzeko zorian egitura euskalki guztietan aurkituko dugu:

Egungo testuetan ere badira adibideak:

  • […] baina gauzak arras aldatu zitzaizkidala, noiz eta, bortz urte nituela eta oilo baten gibeletik jostetan nenbilela, behaztopa egin bainuen, buruz behera erori eta buruz harri bat jo; eta erraiten didate, halaber, ezen, kolpearen ondorez, tentua eta zentzua galdu eta hil hurran izan nintzela, baina, hartarik jalgi nintzenean eta perila gibelean utzi, kolpearen aitzinetik ez nuen erraztasunarekin mintzatzen hasi nintzela, eta hitzak eta eleak hain segidan eta hain elkarren ondoan zetozkidala, non baitzirudien ezen Spiritu Saindua ene mihitik ari zela. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Izan ere, nahi adina ahalbide nuen solasean jarraitzeko - besterik gabe, gaztelaniaz hain ongi hitz egiteko nongoa zen galdetzea, adibidez -, baina, goseak hiltzeko zorian jaki ederrez betetako mahai baten aurrean legokeen norbait bezala, nondik hasi erabaki ezinean nengoen. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Erotzeko zorian egon nintzen. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)

Galdekariekin

Galdekariekin, denbora adierazten duten esaera adberbialak osatzen ditugu batzuetan: noiztik hona, noiztik nora… Tokia nahiz denbora adierazten dute beste batzuek: hemendik goiti, hemendik aurrera, hemendik aitzinat, ordutik aurrera, bat-batean, lehenbailehen, noiz edo noiz, noizetik noizera, aldian-aldian, urtean-urtean, urtez urte…

  • Nork finkatuko du oraino sorgin hau ez dela gezurti bat? Hemendik goiti nork erranen du beraz Uohk nihor hilarazi duela?“ Nihork etzuen ahorik ideki. (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)
  • Asteak, hilabetheak etsigarri bazoazin, etsaiak noizetik noizera baizen ihardokitzen ez zuela! Hiltze bat edo bertze, kolpatze gehixago nahi ta ez. (Piarres II, Barbier)
  • Ordutik aurrera askotan parre egin zuan Malenek illargi betearen arpegia gogoratuta. (Sermoiak, Aguirre, D.)

Egungo testuetan ere badira honelako egiturak:

  • Noizetik noizera, xinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ile-xorta barneko ilun-nabarrean gorrizka agiri zirenak, eta noizetik noizera, gar luzeago batek haren aztal eztia mihazkatuz, aldera inguratzen zen hats-behera ito batekin. (Konpainia noblean, Lertxundi, A.)
  • -Gauza handiak egin behar ditiagu guk biok elkarrekin, hemendik aitzina, Joanes… (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • -Hemendik goiti, noiznahi ordu huke norabait mugitzeko! ez bahaiz arrunt eulia! (Bihotzeko mina, Dirassar)

behin osagaia erabiliz ere osatzen ditugu esaera batzuk: noizik behin, noizean behin, inoiz edo behin, aldian behin, lantzean behin, behin edo behin, beste behin, astean behin, hamabostean behin, behindanik behin, behin ere (berez baiezko ez direnetan), behingo baten, lehengo eta behin, behin-behinean, behin betiko…

  • Eni begira, nola lore zuri-gorriak, arto muskerrok eta, noizik behin, hurbiltzenegi zaidan gizakumeren bat eroaten ditudan, ezdeuserazten. (Narrazioak, Mirande)
  • Beindanik bein ikusi zituzan asko ta asko, eta munduko geienak, infernu gogor itzal orretan betiko galdu bearko zireala, eta auxe izan zan Yesus maitea larritu eban irugarren gauzea: eta larritu bere larritu bear. (Sermoiak, Zabala, J. M.)

Egungo adibideak:

  • Txori bat neukan, kanarioa, eta lantzean behin letxuga bat sartzen nion kaiolara, gero hari begira egoteko, kanarioak mokokadak ia gogorik gabe ematen zizkion letxuga belztuari. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Eli eritxon Israelgo jueza guztiz ona zan alde askotara; baña biar legez kastigau ez zitubalako bere seme donga bi, ta eragotzi biar zituban, ta eragotzi ez zituban oneen pekatubak gaiti, irurak ill zirian beingo baten, ta irago zan kastiguba euren ondorenguetara. (Confesio ona, Moguel, J. A.)

Badira beste egitura batzuk ere: ahal bezain laster / arin / fite / azkar…

  • Adibide klasikoak:
    • Erotua, orroaz, ahal bezain azkar, entzuna izaiteko) Hola denaz geroz, huna, besterik gabe, ene sententzia: Denak hiltzerat kondenatzen zaituztet. (Angles ginelarik, Larzabal, P.)
    • Joanesen hasarrea! Itzuli zen etxerat, eta gosturik handienean erran zion emazteari, alegia deus-ez: - Orizu, ez baita egia bezalakorik, bertze mundutik heldu zen, gero, zure delako gizon hura! Elgarrekin mintzatu gira, gizonez-gizon, eta ene zaldia eman diot, zure alportxak ahal bezain fite ekar dietzon Piarres gaixo zenari! Eta emazteak ihardetsi zion: - Hobe segurki! oixtion aipatu ez dauzkitzutan sosño zonbait ere hola fiteago izanen ditu! - Zer! dirua ere eman baitiozu? - Bai, tabako-saria: berrehun bat libera doi-doia! - Doi-doia! Aise ari zira zu! Brien ariña, karako! - Ez zitela hola […] (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)
  • Gaurko adibideak:
    • Ahal bezain fite urrundu zinen erdi lasterka. (Skyroom, Etxeberri, R.)
    • Nola merkatariei kakeria ikaragarria sorrarazten dien aramarandra deitu edari bat ematen dien, tarrapataka iretsiak dituzten perla eta harri preziatuen ahal bezain laster eskuratzeko gisan. (Septentrio, Arkotxa, A.)
    • Hiltzaileak! -, eta, orduan, guztiz bere onetik aterata, lasterka oldartu zen Zazpigarren Etorbidean beherantz, zangoak ahal bezain arin, oinezkoen kontra joaz, balantzaka, eroriz, jaikiz, baina behin ere geratu gabe hurrengo izkinara iritsi eta taxia ikusmenetik galdu zen arte. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)

Postposizio sintagma aposizioan

Batzuetan, denbora adberbioek beste postposizio sintagma bat eramaten dute aposizioan, adberbioak zabalegi utzi duen denbora-gunea mugatuago adierazteko: bihar goizean, atzo gauean, bart arratsean, iaz udaberriz…

Beste batzuetan, aurrekoa bera, indartuz edo, errepikatzen duen gehigarria izaten da aposizio hori: orduan bertan, orduan berean, oraintxe bertan, oraintxe berton, oraintxe berean, behin batean, lehen garai batean, lehen garai haietan…

  • Mariak eta Xanetak, aski laster, idekitzen dituzte begiak, begi ilhaun eta matatu batzu; eta orduan berean, alegia eta lasterka, sartzen dira bertze guziak. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Eta hemen berriz ere nire esperientziara joko dut, nire aurrean esan baitzion ama batek bere umeari oraintxe berean egingo dut edo holako zerbait. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Buchenwalden - preso zaharrengandik zetorren albistea ziur aski, eta niganaino heldu da - harrobian kontu handiz ibiltzea komeni da, egun doi-doi ustiatzen omen den arren, ez lehen garai batean bezala, esan dutenez. (Zoririk ez, Imre Kertész / Urrutikoetxea, U.)

Eta alderantziz ere gerta daiteke, hau da, adberbio bat izatea aposizioan: lehengo egunean berandu, goizean goiz, goizean goizik…

1 Zalantzazko egiturak ere badira, ordea: badira hamar bat urte ez dugula ikusi. Egitura hori itxuraz ez dago adberbiotik oso urrun, kasu horretan subjektua da, eta komunztadura egiten du: badira hamar bat urte ez dela etorri / bada urte bat ez dugula ikusi.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz batzuen denborazko erabilera adberbiala", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3