Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:2:1

Erakusleak

non, nondik, nora leku galdekarien erantzuna erakusleen bidez eman daiteke. Horiek ikusiko ditugu atal honetan.

hemen, hor, han

Toki adberbioak dira: hemen, hor eta han. Erakusle horiek inesibo ihartuak dira berez, eta bestelako postposizioak har ditzakete: hemendik, hona, honantz, honaino, honako; hortik, horra, horrantz, horraino, horrako; handik, hara, harantz, haraino, harako.

Egin kontu, hala ere, zerrenda horretako honako, horrako eta harako ez direla nahasi behar hemengo, horko eta hango izenlagunekin. Denbora markatzen duten adberbioekin anbiguetatea sortzen da:

  • Biharko egunkaria 06:00etan kontsulta daiteke.
  • Hori biharko egin behar duzu.

Lehenbiziko adibidean izenlaguna da biharko, eta adberbioa bigarrenean. Baina forma bera dugu: biharko. Gauza bera gertatzen da gaurko esaten badugu ere:

  • Gaurko berrietan ikusi dugu.
  • Gaurko aldarrikatua zuten independentzia.

Ez da forma aldatzen.

Forma indartuak

Adberbio hauek forma indartuak ere badituzte. Forma arruntari –(t)xe atzizkia edo ber- aurrizkia erantsiz sortzen dira: hementxe, hemendixek/hementxetik, honaxe; hortxe, hortixek/hortxetik, horraxe; hantxe, handixek/hantxetik, haraxe. Bestelakoak ere badira: berton/bertan, bertotik/bertatik, bertora/bertara, eta abar.

Euskaltzaindiak erakusle soilen formari buruzko erabakia hartu zuen bere garaian: hona, eta ez honera, adibidez. Baina indartuei buruz ez du erabakirik hartu. Forma erabilienak jaso ditugu hemen, hementxen, hementxet, hortxet… eta antzekoak ez ditugu kontuan hartu, besteak beste, testu idatzietan ez dagoelako horrenbeste lekukotzarik.
Berehala joanen eta jinen biak, eta gero hementxet, leku goxoa, bi hitz erranen dela nik hiri, hiri bakarrik; ez bertzeri hiri bakarrik, hi maite delakotz nik. (Supazter xokoan, Barbier)
Hortxet nintzan bada, hirugarren kadira hortan, otoitzean ari ene populuarentzat, noiz eta ere norbait beharritik lotu baitzaitan. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)

ber- formak

Lekua zein denbora adierazteko erabiltzen diren ber- formen artean berton/bertan ditugu, batetik, eta bereon/berean, bestetik. Euskalkien arabera banatzen dira forma horiek baina horrez gain, ezberdin erabiltzen dira:

  • berton/bertan: batez ere mendebaleko testuetan ageri dira, eta oso forma zaharrak dira. Gaur egun asko erabiltzen dira, eta bertan forma indartuak lekua jan dio pixkanaka han forma soilari.
    • Eta baita bere gura neunke berton agertu deitezan guztiak, gaurko onen antzera, zatika, apurka, firi-firi, irakurleak txiri-txiri irakurri dagizan. (Firi-firi, Zamarripa, P.)
    • Otoitz on humillez erditsi zuen Judithek atzo ekusi genuen grazizko indarz andia ta egin zuen agitz ongi bere egiteko guzia; baña etzuen egin indar hau artu ta bertan bere egiteko andi hau. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • bereon/berean: bereon ez da horrenbeste ageri. Tradizioan agertzen da zenbait testutan ("Orixe", "Axular", Mendiburu, S., Iraizoz, Zabala), baina adibideak bakanak dira, eta gaurko testuetan ez da ageri. berean maizago erabili izan da Iparraldean, baina mendebaleko testu batzuetan ere ageri da:

Baina desberdintasuna ez da bakarrik euskalki kontua: batetik, forma horiek guztiak aposizio gisa erabiltzen dira: hemen berean/bereon/bertan/berton. Aurretik adberbio bat izan dezakete (hemen), edo postposizio sintagma bat (etxean). Baina horrez gain, bertan/berton laxo ere erabil daitezke, nahiz aposizioan baina ez da horren ohikoa:

Baina testuinguru horretan ezin da berean erabili, beti zerbait behar du aurretik, aposizioan, non ez den determinatzaile hutsa (etxe berean).

Jakina, bertan horrek bestelako postposizioak ere har ditzake: bertara, bertatik… Sarri erabiltzen dira euskalki gehienetan eta, beraz, orduan bertan, eta han bertan bezala, orain bertan eta hemen bertan ere esaten da. orain berton eta hemen berton formak markatuagoak dira, euskalkien arabera erabiltzen dira, eta baliabide estilistiko gisa ere bai.

  • Beste bat au dionak: “asieran egin zitun Iainkoak zeru-lurrak”, ots, bere egiñaren eta ekiñaren asieran Iainkoak gai eitegabea egin zun, zeru-lurra naaste zeuzkana, Artatik ageri bait dira, orain berton dauden sorkariekin. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • - Laster, hemen berton, geure begi bistan, iraultzaile bat akabatu behar ditek. (Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Izagirre, K.)"faquir" hitzak "pobre" esan nahi du arabieraz. Erresistentzia fisiko eta mentaleko erronka gogorrak egiten dituen pertsonei ematen zaien izena da.

bertan hitzak, azkenik, “hurbil” nahiz “aurki” ere adieraz dezake. Forma indartuaz ere ematen da inoiz: bertantxe. Eta bertan behera, bertatik behera, bertatik bertara, edo antzeko esaerei ere ematen die bide:

  • Ta baztarrak oartzen atsegiñez ari giñan bitartean, non gidariak esaten digun toki artan bertantxe, bi egunez lenago, nola suge batek fakir bateri eldu ta ordu beteko gorputz zala. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
  • Ez bagenki egiaz gagozala, gauzak bertan bera isteko izango litzake; baiña guztien aurrezka jarten gara, guztiei jarkiten gaiakez, bide zuzenean goazala dakigulako. (Edo geuk edo iñok ez, "Kirikiño")
  • Begiratuko die Jesusek, baña nolako aserrearekin? Oraiñ, esango die Ezekiel Profetak dionez; oraiñ bertatik bertara zuen gañean izango da, edo ixuriko det nere ira, eta aserrea: (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)

bertan honekin osatzen da bertan goxo (edo bertan gozo) esapide adberbiala ere:

“Ezer egin gabe, lasai, geldirik” adierazi nahi du bertan goxo/ horrek.

  • Jarri ta bertan goxo naiz eta atea zabalik egon. (Jokua ez da errenta, Labaien, A. M.)
  • Arestik, ordea, ezin du gizakiarengandik (eta gizakiaren sufrimenduetatik) erauzitako ikuskera eta emaitza estetikorik onartu, ezin du paradisuan sinesten duen proposamen estetiko batean bertan goxo egin. (Mentura dugun artean, Lertxundi, A.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Erakusleak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3