Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:2:2

Adberbio zehaztugabe elkartuak

Adberbio elkartuak atalean hitz egin dugu hemen aipatuko ditugun hainbat adberbiori buruz1. Adberbio zehaztugabe elkartuez arituko gara hemen.

edonon, nonahi, nonbait, inondik

Adberbio zehaztugabe elkartuekin ere erantzun diezaiekegu leku adberbio galdekariei: edonon, nonahi (nongura, forma markatuagoa), nonbait, inondik. Horiez ariko gara atal honetan.

  • Arek, euren entzutea edonon zabal izanarren, izenik ezeben erakusten; kale ta une ta yauregi askorena bai: Appius-kalea, Trajanoren zabala, Auzitegia, Agriparen zelaia, Ponpeyoren baratzak. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Bainan nonahi bidean zoazilarik, langileak gelditzen ziren eta beren agurrarekin diru apur bat eskura emaiten zaidaten. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Esaten bada nongura daukazala konfesoreak, yaiegun gox bat artu dagiala Yaungoikoaren Seme izatera biurtuteko, onetarako eztabela bitartekorik zer billatu, eztabela dirurik gastau bearrik, gox bateko zeregina dala graziara biurtutea, ezta falta izaten atxakiaren bat: (Sermoiak, Zabala, J. M.)
  • Nonbait berak atseden artzen zun ortan, eta beste askok ere bai. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Aizearen izpirik etzan iñondik sortuten; (Kresala, Aguirre, D.)

Postposizioekin

Beste postposizio batzuk ere hartzen dituzte (Ikusi, Adberbio elkartuak): edonondik, edonora; nondik-nahi, noranahi; nonbaitetik, norabait; inondik, inora. Horietan inon, inondik, inora, eta abar, batez ere ezezko eta galderazko perpausetan erabiltzen dira.

  • Nik edonondik eramango zaitut, eta zure masalla-ezurretan brida bat ipiñiko det, eta kanpora aterako zaitut zu, eta zure martizti guztia, zaldiak, eta zaldizkoak, guztiak soiburniakin estaliak, muga gabeko jendetza, eskuan erabilliko dituena lantzak, ezkutuak, eta ezpatak. (Biblia II, Uriarte)
  • Izugarrizko erantzupena Theresaren aldera! Ba zekien aurra edonora jarraikiko zitzaiola, eta lotsa zen halaz ere, halako eskaera bat hari egiteko. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Nondik nahi beiratuz, Eliza pulita, Jendeari darraikon bezala koketa. (Eskaldunac, Hiribarren, J.M.)
  • Boni, irtengo naiz nonbaitera, noranahi, urruti. (Lagun txar bat, Barriola)
  • Orai erne egon bear dugu, eta gaur ezpada, biar etorriko dire zakur oiek, zeren dirurik gastatu gabe eztire egoten aal, eta, nai ta nai ez, agertu bear nonbaitetik diru ebatsiak. (Dirua galgarri, Izeta)
  • Non ziran orduan Arnoldogaitik arpegia aterako eben adiskideak? Iñondik ez ziran agiri. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Zure aitarekin ez bait dago iñora joaterik. (Kalifornia ku-ku, Labaien, A. M.)

ere

Adberbio elkartu hauei maiz eransten zaie ere partikula, kutsu berezia emateko: edo- eta –nahi osagaiez eraturikoei esanahi kontzesiboa ematen die; -bait eta i- osagaiez sortuak, berriz, indartu egiten ditu:

  • Nahi duena jan, edo ahal duena, baina, nolanahi ere, jan behintzat; (Ezer ez da festa, Soroa, M)
  • Nolanahi ere den, negua bazen, elurretan zuri irudikatzen nuen dena delako izaki liluragarria. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Deseo nuen bertso berriyak orra nik adierazi, kontuba pranko ipiñi degu nai ditubenak ikasi; itxu tristiak nolabait ere munduban biar du bizi, asko saltzia mesere du ta al dezubenak erosi. (Jarritako bertsoak, Errota, P.)
  • Edonola ere, ez zion argitu zer egiten zuen mutrikuar batek gerra hartan, espainolekin, frantsesak lagun zituela eta ingelesen kontra. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)

inondik

inondik ere leku esanahiarekin erabiltzen dugu:

  • Ate eta sarrera guziak itsiak daude, eta iñondik ere ezin dezakegu biderik idiki. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Ezkaratzean jadanik afaririk inondik ere ez dela ageri egiaztatu du, ez mahai gainean, ez hozkailuan, ez mikrouhinean. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)

Baina lekua adierazteaz gain, modua ere adierazi dezake, “seguru-seguru, dirudienez” esanahia hartuta:

  • ezertara ez; baina zuk inondik ere zerbait badezu, etzaude zeure onean. (Gau-ostatua, eta beste, Iruretagoiena, J.)
  • Zeri begira sortu dira zotalegun edo igarregun hauek? Baserritarraren betiko irrika horrek bultzata, inondik ere: eguraldiak nondik joko duen, laborea nola banatu eta antolatu, ea inondik susmo ttikienik hartzerik bazegokeen. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

gertu, urrun, hurbil, urruti

Ikus ditzagun hitz hauek: gertu, urrun, hurbil, urruti… Horietako batzuk adberbio nahiz adjektibo gisa erabil daitezke:

  • Hurbil bizi da. → adberbioa
  • Urrun dago. → adberbioa
  • Negu hurbila. → adjektiboa
  • Mendi urruna. → adjektiboa

Zaila da esaten, adberbio izanik adjektibo gisa erabiltzen diren, edo alderantziz, adjektibo izanik adberbio gisa erabiltzen diren.

Postposizio markekin

Askotan postposizio markak hartzen dituzte: aldean, gertutik, urrutira…

  • Adibide klasikoak:
    • Erri onetako mendietan jaiotzen direan urakin egiñeratzen da ibai txikitxo pizkor bat, zeña plazaren gertutik igaroaz sartzen dan Oriara. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
    • Onela oñez ez diteke urrutira joan. (Iruñxeme, Labaien, A. M.)
    • Eta ezagutu zuten Jonatasek, eta bere anaia Simonek, eta berarekin zeuden guztiak, eta Tekueko eremura iges egin zuten, eta Asfarko putzuaren aldean gelditu ziran. (Biblia III, Uriarte)
  • Gaurko adibideak:
    • Aritzera heldu ginelarik, haietako bati ondo-ondotik behetik gora begira jarri eta gertutik ikusita ere aerosorgailuak ederrak zirela esan zuen Lauaxetak. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)
    • Urrutira, kalean behera, zakur baten zaunkak entzun zituen. (Riomundo, Maia, J.)

hurbildik/hurbiletik, urrundik/urrunetik

Egin kontu, -tik postposizioarekin hurbildik/hurbiletik eta urrundik/urrunetik sortzen direla. Ildo horretan, EGLU-Ien (329) zehazten da hurbildik adberbioa dela, eta hurbiletik adjektiboa.

  • Aditzondo hauetako batzuk izenondo dira jatorriz (leku hurbila, mendi urruna…) edo izenak (alde…) testuinguruaren eraginaz aditzondo bilakatuak. Maiz, gainera, deklinaturik agertzen dira: aldean, gertutik, urrutira… Berezi behar dira, halere, hurbiletik, urrunetik (izenondo) eta hurbildik, urrundik (aditzondo). ( EGLU-I, 329. orrialdea)

Hala ere, hori ez da guztiz horrela: egia da hurbildik beti adberbio gisa erabili dela tradizioan, eta hala erabiltzen dela egun ere:

  • Baina arrastoa hurbildik segitzen diegu. (Putzu, "Txillardegi")
  • Ez oso hurbildik, halere. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)
  • Oi lurra, orai hurbildik hire gainera ixuriren dinat ene hasarrea, eta ene sepha aseko dinat hire gainean; eta hire bideen arabera haut juiaturen, eta hire gaixtakeria guziak darozkinat gainera emanen; 9. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Baina hurbiletik bietara erabiltzen da. Adibideotan adberbio gisa erabili da:

  • Iesus dela du predikaturen Iesus nobleari zaio lothuren hurbilletik Eta idekiren dio ahala ohoretik, Ezen salbatzaillea dela du predikaturen Eta hitz xuriez asko sinple llilluraturen. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Joanesek bala baten haizea hurbil hurbiletik senditu zuen pasatzen, bertze batena ere handik laster. (Anbroxio, Bidegain, E.)
  • Urrunetik edo hurbiletik lurraren buru batetik bertzera gure inguruan diren jendaki guzienak; (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Errepublikak hurbiletik kontrolatzen baitzituen apezen harat honatak…. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

Eta, noski, adjektibo gisa ere badauzkagu adibideak:

  • Etxe urbiletik ari ziren tiro-ukaldika eta ek barnetik leio ezkinetik barrandan nondik norbait ikusiko ote zuten; etsaiak arrizko labe lodi batzuen gerizan zauden; mia berazteko eta bertzelakatzeko untzi andi batzuen arri-oñak (Lekukotasuna, "Larreko")
  • Halaber naiz Iongoikoa itzultzen zure gana, Perill hurbilletik salba nazakenaren gana. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Bekhatu bide hurbiletik urruntzea, s'éloigner de l'occasion prochaine du péché“ (Diccionario manuscrito vasco-francés compuesto a finales del siglo XIX., Harriet, M.)

Gauza bera gertatzen da urrundik/urrunetik bikotearekin ere: urrunetik bietara erabiltzen da, baina urrundik beti da adberbioa:

Maila markekin

Adberbio hauek maila markak onartzen dituzte: oso hurbil, hurbilegi, hurbilago, eta abar.

  • Adibide klasikoak:
    • Otsoa aldatzera zen entzun zuenean medailen hotsa dindatzen zuelarik, eta gelditu zen behatzekotz; berriz ere dindatu zuten oso hurbil zuen sasi-ondo batean. (Narrazioak, Mirande)
    • Iru kamionak txitxare baten antzera mugitzen ziran: zimurtu egiten zan irurak oso urbil jartzeraño, ta luzatu kamionak alkarrengandik urrutiratzen ziranean. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
    • Soinu bera maizegi edo hurbilegi aurkitzen delarik, gogor emaiten du, beharria nakaizten du. (Euskal literaturaz, Lafitte, P.)
    • Hi baino hurbilago nauk marrari. (Portu Txoko, Larzabal, P.)
  • Gaurko adibideak:
    • Land Roverra azkar zetorren, eta oso hurbil zegoen etxetik, artzainaren etxe parean edo. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Baina ez zuen halakorik aitortzeko asmorik: arriskua hurbilegi igaro zen… (Eguzki beltzaren sekretua, Ladron Arana, A.)
    • Gero eta hurbilago beti, gero eta ozenago. (Bakartasunaz bi hitz, Bidart, F.)

Marka adierazkorrak ere bai, batzuek bederen: urrutitxo…:

  • Orrez gañera, Etxalar urrutitxo ta bidea laburtu. (Poli, Anabitarte)
  • Horra nun urrunsko bi gizon ikusten dituen: biak bizardunak. (Ixtorio eta ipuinak, Zerbitzari)
1 Gogoratu, Adberbio elkarteak ere aztertu ditugula.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbio zehaztugabe elkartuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3