Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:2:3

Adberbio gisa erabiltzen ditugun bestelako postposizio sintagmak

Adberbio gisa erabiltzen ditugun zenbait postposizio sintagma ikusiko ditugu atal honetan.

Izen ihartuak

Izen batzuk adberbio gisa iharturik geratu dira postposizioak hartu ondoren, eta hala erabiltzen ditugu: aurrera, gora, kanpora, barnean, behean goian, aldamenean, goiti, eta abar.

  • Goazen aurrera, eta dakuskun, zeñ esku miragarria eman dien Jesu-Kristok bere legeko Apaizai. (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Atera zaitezte kanpora, eta atozte, eta bildu zaitezte, o erreñuak, zeraten guztiak, Jaun Jaunak, zuen errutsu guztiak lurrera aurtikiko ditu. (Biblia II, Uriarte)
  • Adi jarri zen, haraindiko mundutik etorritako soinuak entzuten, baina behean goian bezalako isiltasuna zen nagusi; lurrazpiko etxeak hustasunaren erdian galdutako etxebizitza huts bat baino ez zirudien. (Peter Pan, James Matthew Barrie / Gabiria, J.)
  • Urkusi zituen, irkaitz batekin, aldamenean ziren lore politak eta arto muskerrak eta ibarraren bi aldetako muno argiak ere. (Narrazioak, Mirande)

Lekua adierazten duten esaera adberbialak

Baditugu, bestetik, lekua adierazten duten esaera adberbialak ere:

  • galdekarietatik sortutakoak: nondik nora (moduzko esanahia ere badu)
    • Lurretik jaiki nintzenerako, amona poliziei kontatzen ari zitzaien nondik gentozen, zein mundu laburra nuen nik, nondik nora ibili nahi genuen Italian. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Inesiboaren gainean eraikitakoak: aldapan gora, maldan goiti, maldan behera, kaleaan bar(re)na, kalean zehar… Horrelakoetan, adberbio horiek postposizio balioa dute, eta emankorrak dira: kalean gora, mendian gora, eskaileretan gora…
    • Lehertzear diruditen errapeak dilindan, oso astiro egin dute maldan goiti. (Larrepetit, Lizarralde, P.)
    • Mendian gora ginjoazelarik, zenbait jende ikusmiran urbildu zitzaizkigun itzegitera, aien artean gizon eskoladun ta asko-ikasi bat. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)
  • bestelakoak: han-hemen, non edo non, nora edo hara, nondik edo handik, handik edo hemendik, gainbehera, goiti-beheiti, gorabehera, tokian-tokian, hor nonbait…
    • Zurezko oilar gandor-gorri eder bat zen itsulapiko hori, aitak nondik edo handik ekarria. (Kurrin-kurrun vitae, Garzia, Joxerra)
    • Ostiralean, Ternuara doazen arraunlariez, beste perla batzuen artean: “XVI. mendean pizzarik eta antzekorik ez zegoenez, tokian-tokian ehizatzen dutenarekin konpondu beharko dute zazpi tripulatzaileak”. (Hizlandia, Aranbarri, I.)
  • gero eta…-ago egitura: gero eta urrunago…
    • Eta jaso nituen begiak eta hodei hura ikusi nuen, gurdi bat zirudiena, haizearen zaldiek tiratua, eta neure burua haren gainean idurikatu nuen, Urbiaindik urrun ninderamala, gero eta urrunago; idurikatu nuen gero ezen Italian ezagutu nuen napolitarra etxe ondotik iragan zitekeela bere Donejakuerako bidean, eta harat joan nintekeela ni ere harekin, neure buruari galderarik egin gabe, gitarra-musikaren hatsarekin bat eginik, eta behatu ere egin nuen bidean goiti, ea ba ote zetorren… (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Bidean aurrera jarraitu zuen, beraz, barruko bi bidaideak mendian gero eta gorago eramanez. (Bost ahizpa, Arana, A.)

Adberbioa aposizioan

Lekua markatzen duten erakusleek adberbio bat eraman dezakete aposizioan:

  • dela adberbioaren erreferentzia mugatzeko: hor goiti, han urrun…
    • Han urrun, Larrune-mendia bere sorbaldak goitituz ari zen, eskualdun soldado gazteak egin ahala luze ikusi beharrez oraino, etsai higuinari buruz zoazila. (Piarres II, Barbier)
  • dela hura indartzeko: han bertan…
    • Ordukoan zer izan zen ez dut gogoan, baina bai, iruditu zitzaidala desengainatu egin nuela han bertan, Palace-n, ostatu hartuta ez nengoelako. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)

Eta postposiziodun sintagmek ere bai: mendian urruti…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbio gisa erabiltzen ditugun bestelako postposizio sintagmak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3