Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:3:1

Adberbio elkartu zehaztugabeak

Lehen saila osatzen dute adberbio elkartu zehaztugabeek:

Adberbio horiek, egia esan, galdekaria bezain zabalak dira esanahiari dagokionez, moduaren mundua bera ere aski irekia baita. Esanahi horietako batzuk aipatuko ditugu segidan.

inola

inola (inolaz) baiezko ez diren perpausetan erabiltzen da, hau da, ezezkoetan eta galderazkoetan.

  • Modu esanahiaz aparte, zenbaitetan ukapen indartua adierazten du (inola ez = erabat ez);
  • beste batzuetan, berriz, “itxuraz” edo “seguru” edo antzeko zerbait esan nahi du.

nolanahi

nolanahi adberbioak hainbat esanahi hartzen ditu:

  • esanahai zehaztugabea du batzuetan, “edozein modutan, zernahi gisaz” edo antzeko zerbait. Batzuetan, zentzu peioratiboa du:
    • Guk gizonok, nolanai ibiltzen ditugu emakumeak. (Goi argi, Barriola)
    • Baina gizartea zenbat eta aurreratuago, jendea bereganatzen hasi da gauzak ezin direla nolanahi egin, eta ez dela batere ona gizartearentzat aurrera egitea, aitzinat egitearen kostuak kontuan izan gabe. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)
    • Ohituraren arabera, ez ziren bi premu edo bi kaiet elgarrekin ezkontzen ahal, etxe berriak ez ziren nolanahi egiten ahal. (M. Tambourin, Herria)
    • Luhusoren hautaketa ez da nolanahi egin. (A. Renteria, Berria)
    • Zer ez dugu asmatzen gizonok, zuriezina zuritzeko eta gure kontzientziaren nolanahi garbitzeko…! (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • subjunktibo kutsua du beste batzuetan:
  • esaera kontzesiboei bide emateko ere balio du, ere gaineratuz gero: nolanahi ere den, nolanahi den ere, nolanahi den, nolanahi dela eta:

nolabait

nolabait (nolabit, nolapait, nolapeit). Ongi dokumentatzen da XVIII. mendeko idazkietan, Nafarroa Garaian eta gipuzkeraz. Aise gutxiago beste euskalkietan:

  • “Moduren batean, hala edo hala” esan nahi du:
  • Beste batzuetan “edozein modutan” esan nahi du:
    • Esana dago eztirala jakintsuak, bai zera! zerbait ikasiak geienez ere, azal azaletik liburutxo bat edo beste ikusi dutenak; edo erbestean denda morroi, pelotari, bizargin, perratzalle ta abar irabazbide errezen billa nolabait ibilliak; baña jakintsu guztien gañetikotzat daukate beren iritzia, ta berak astindu, orraztu ta erabaki oidituzte agintarien arauak eta jakintsuen auziak. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Edo “modu txarrean, hala-hola”:
  • Inguru batzuetan, nolakotasun hori aditzak markatzen du: nolabait bizi esamoldeak “ahal den bezala, modu batera edo bestera bizitzea” esan nahi du, baina beste ingurune batzuetan “gaizki, eskas edo itxura txarrean bizitzea” ere esan nahi du, edo “era susmagarriz ibiltzea”:
  • Esaldiaren indarra leuntzeko ere erabiltzen da, partikula gisa:
    • Horixe da, nolabait, esan nahi nuena.
    • Ahoa bete hortz utzi ninduen, nolabait esan, gogoeta hark. (Ahardikeriak, Marie Darrieussecq / Joxan Elosegi)

edonola

edonola (edozelan) badirudi ez dela hain erabilia bere esanahi zehaztugabean. Ez du lukotasun asko tradizioan:

  • Gaur egun gehiago erabiltzen da:
    • Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik, eta ardura handia ukan dut ilunune bat bera ere argitu gabe gera ez dadin. (Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Kintana, X.)
  • eta zenbait esaeratan, “dena dela” adierazi nahi duela:
    • Edonola dela ere, gaur ez da etorriko. (Neguko zirkua, Cano, H.)
    • Edonola den: zaldiko-maldikoan ibiltzea baino, hark bira ematen zuen guztietan aita han zegoela ikustea zen, ororen gainetik, niri gustatzen zitzaidana. (Zorion perfektua, Lertxundi, A.)
    • Edonola ere, umore onez hartu zuten denek apustuaren amaiera. (Larunbatak, Arretxe, J.)

Adibideetan ikusten denez, maiz hartzen dute adberbio hauek ere partikula. Zenbaitetan adberbioaren esanahia indartzeko balio du, enfasia emanez: inola ere ez, inoiz ere ez… Beste batzuetan kontzesio kutsua ematen dio perpausari: nolanahi ere den…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbio elkartu zehaztugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3