Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:3:2

Erakusleetatik eratorritako adberbioak

Bigarren sail batean sartzen ditugu erakusleetatik eratorritako adberbioak: honela (holan, bizkaieraz), horrela, hola, hala. Adberbio deiktikoak dira. Jatorriz, *honen+era+la, segur aski, -la zaharretik sortu baita –ra adlatiboaren marka.

Bestalde, -xe atzizkia gehituz, adierazkortasun kutsua, indarra adierazten dute honelaxe, horrelaxe, holaxe, halaxe adberbioek; eta -tsu atzizkia gehituz, gutxi gorabeheratasuna adierazten dute, hortik sortzen diren honelatsu, horrelatsu, holatsu, halatsu aldaerek.

Horiek guztiek tradizioa dute gure literaturan, eta banaka ikusiko ditugu segidan:

Forma arruntak

honela

honela Lazarragak erabiltzen du, eta hedatua da gipuzkeraz edo bizkaieraz idazten dutenen artean;

  • Silbiak bere ugazabari
    onela esan deuso:
    —«Romeria bat egiteko,
    jauna, daukat nik gogo. (Eskuizkribua, Lazarraga)

horrela

horrela adberbioak leku gehiago izan du Hegoaldean, eta gutxiago Lapurdin, Baxenafarroan edo Zuberoan;

  • Hain pairu haundikoa izan zitekeenik ez zuen esperantza, baina, zion bere baitan, ez-jakin noiz artera iraunen dautan, horrela luzaz jarraitzen badu eme ergel horrek! (Haur besoetakoa, Mirande)

hala

hala Lazarragak erabiltzen du, eta bizkaierazko tradizioan lekukotasun gutxiago baditu ere, oso hedatua dago euskalki guztietan;

hola

hola (eta holan, bizkaieraz) ez da hainbeste erabili, baina Iparraldean Etcheberri (Ziburukoa)k eta XVIII. mendeko idazleek erabiltzen dute, XIX. mendean bizkaierazko testuetan eta gipuzkoar bertsolariren batek ere erabiltzen du, eta XX. mendean oro har hedatzen da.

  • Hortik sortzen dira hola eta hola (berriz aipatu beharrik ez dagoen zerbait labur adierazteko-edo), hala-hola, hola-hola, eta abar. Gaurko liburuetan arruntak dira, nahiz hola baino maizago ageri diren gainerakoak.

Adierazkortasun kutsua dutenak

honelaxe

honelaxe (hunelaxe, honelantxe, honelatxe…) Hegoaldean dokumentatzen da XVIII. mendeaz geroztik. Iparraldeko autore batzuek ere Materrek, Etcheberri (Ziburukoa)k, Haranederrek… erabiltzen dute. Gaurko testuetan erabiltzen da:

horrelaxe

horrelaxe ere gehiago ageri da gaurko idazleen artean:

holaxe

holaxe gehiago ageri da tradizioan, baina gaur egun honelaxe bezala, batzuek ereduzko formatzat hartzen ez dutelako, nahiz azken urteetan gehiago erabiltzeko joera ikusten den.

halaxe

halaxe da gehien ageri dena, alde handiz, bai tradizioan eta bai gaurko testuetan ere:

  • Etxera dijoa artez, buru-makur eta gogoa goibel. Alaxe dagerkigu zerualdeak ere aurpegia gaur. (Uztaro, "Barrensoro")
  • nola galdekariarekin koerlazioan ere erabiltzen da:
  • zer galdekariarekin ere bai:
    • Urriko tenporetan zer haize, negu guzian halaxe. (Esaera zaarren bilduma berria.)
  • bezala adberbioarekin ere bai koerlazioan:
  • Batzuetan “amen” adierazteko ere balio du:
    • Erregutu ezazu gu pekatarioen alde orain eta gure eriotzeko orduan. Alaxe. ( Argi Done laburra)
    • Zure santuekin batera Betikotasun guztian goratu zaitzadan. Alaxe. (Gaztetxo. Bizitzako udaberrian, Atxaga, M.)
  • Eta batzuetan “halaxe bada”, “halako batean” eta antzeko esanahiak ditu:
    • Aitak etzion eragozpenik jarri eta alaxe, Piarresek udaraldi oso bat egin zun morroitzan. (Joanak joan, Etxaide, J.)
    • Alaxe, liztorrak buruan burrunbaka eta biotzean sukarra irakitan zebiltzkiola, eldu zitzaion egunsentia. (Uztaro, "Barrensoro")

Gutxi gorabeheratasun kutsua dutenak

-tsu atzizkia hartuz, erakusleetatik eratorritako adberbio hauek gutxi gorabeheratasuna adierazten dute: honelatsu, horrelatsu, holatsu, halatsu…

  • Honelatsu ziotsan: feria quarta tenporum erit, ba, segun zein data, ad kalendas apruarias… edo antzerako kontuak. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Zerorrek ere horrelatsu apainduko zenuke, inoiz gisakorik apailatzea gogoratuz gero. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Zuria bat eta gorria bat erez baitituk baso huntan, halatsu izanen zirezte zuek biak. (Herriko botzak, Larzabal, P.)

Birformulatzaile

Erakusleetatik sortutako hala adberbioak ere partikula hartzen badu, birformulatzaile urruntzaile bihurtzen da:

  • Hala ere, zerbait iragarrita, egin egingo zuen; zeharo aldatua ez bazen, behinik behin. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)

Hori hala-rekin bakarrik gertatzen da: ia adibide guztietan birformulatzailea da, baina bada zalantzazko adibideren bat ere:

  • Hala ere egiten zuten ogiak ez zuen parerik eta, jatekoaren aldetik pobretasun haundienean zirelakotz, ez zuten ogirik uzten eskapatzera beren harpe ziloetatik. (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. / Etxarren, J. B.)

Aldiz, ez da gauza bera gertatzen honela eta horrela-ren kasuan, horrelakoetan beti moduzko adberbio arrunta baita:

  • Honela ere deitzen zitzaion Aita Santuari Erdi Aroan. (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren Artean)
  • Horrela ere alferrik izango duk-eta. (Bizia lo, Muñoz, J.)

bestela, bezala

Erakuslea izan ez arren, bada -la horretaz baliaturik osatzen dugun beste adberbio bat ere: bestela (edo bertzela). Leiçarragaren garaitik dokumentatzen da, eta tradizioari dagokionez, guztiz hedatuta dago, nahiz bizkaieraz gutxiago erabili den. Gaur egun oso arrunta da.

Eta konparatiboetan bezala erabiltzen dugu:

  • Segur idukitzen zituen guziak batean eskapatzen zitzaizkon, eta Mentorrek ihardestean solas labur batez egundaiño bezala bere duda-mudetan sartzen zuen. (Telemake, Duvoisin)

Perpaus osagarrien –eLA atzizkiak ere badu, beharbada, erakusleen modu atzizki honekin zerikusirik: horrela esan, …-ela esan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Erakusleetatik eratorritako adberbioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3