Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:3:4

Adberbio gisa erabilitako bestelako hitzak

Laugarren saila osatzen dute adberbio gisa erabilitako bestelako hitzek. Horietako batzuk ikusiko ditugu segidan.

Adberbio gisa erabiltzen diren adjektiboak

Adberbio gisa erabiltzen diren adjektibo asko dauzkagu. Honelakoak dira hauek: arin, azkar, bizkor, garbi, gogor, lasai, zehatz, ziur, zuzen, aldrebes, apropos, lotsagabeago, dotore, lasai…:

  • Ez dakit zuzen zergatik, Tomas aise ere lotsagabeago ari baitzen: haren eskuak mikrofonoa ageri-agerian atxikitzen zuen, beti ere gizonttoaren norabidean. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Ezagutu nian erizain bat, dotore-dotore zegoena bere uniformearekin, fin-fina; ez, egiatan ari nauk. (Artistakume baten erretratua, Dylan Thomas/ Navarro, K.)
  • Erraz esaten dira pitokeria horiek mahaira lasai-lasai eserita! (Glosolaliak, Linazasoro)

Adjektibo asko erabil daitezke zuzenean, inolako aldaketarik gabe, adberbio gisa (zenbait kasutan zaila da erabakitzea, dena den, kategoria aldaketa adjektibotik adberbiora gertatu den, edo alderantziz). Hasteko, kantitateari erreferentzia egiten diotenak aipatuko dira: eskas, urri, jori, naro, oparo, ugari, eta abar. Badirudi, dena den, Hegoaldeko hizkeretan errazago onartzen direla. Askotan galdegai gisa erabiltzen ditugu, aditzarekin harreman estuan. Ezezko perpausetan ezinbestean aditzaren ondora biltzen ditugu (“quasi focus” deitzen dio de Rijkek honi, 2008:239):

Gauza bera egiten dugu galdegaia beste elementuren bat baldin bada ere:

aise

aise (eta aisa aldaera) batez ere iparraldean erabili da tradizioan, nahiz badiren adibide batzuk gipuzkeraz eta bizkaieraz. Hitz horrek erabilera bat baino gehigo dauka:

  • adberbio hutsa, “errazki” esan nahi duela, “erraztasunez”:
    • Denik gutxien ohituak ere aise antzeman dizaioke. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Horrek aise egiten ditu gauzak.
  • Maila adberbio gisa ere erabiltzen da:Koldo Mitxelena
  • Adjektiboa ere izan liteke, nahiz gutxitan erabiltzen den honela:

arau

arau hitzaren erabilera arruntena izenarena da:

  • Arau sobera dago munduan.
  • Haurrei arau gehiegi jartzen zaizkie.

Baina postposizio gisa ere erabiltzen da, arabera aldaerarekin (tradizio idatzian araura, arauera, arabera…):

  • Horren arabera, kontua gero eta okerrago doa.
  • Etzion iñork edanerazitzen nai etzuenari, baizik bakoitzak artzen zuen nai zuenean, erregeak agindu zuenaren araura, zeñak onetarako bere andizkietatik bat jarri zuen mai bakoitzeko maipuruko. (Biblia III, Uriarte)

Edo arau gisa ere ageri da, besterik gabe, batzuetan ahalbidearen sinonimoa dela:

Honela dio Euskaltzaindiaren 21. araua: “Euskara baturako erabakitzen den forma bakarra arabera da esapide gisa erabiltzeko”.

Kasu markarekin ihartuak

Badira, orobat, kasu markaren bat hartuta, adberbio gisa ihartuta geratu diren hitzak ere:

  • Instrumentalean: berriz, oinez, zinez, nekez, adibidez, alderantziz, benaz (benez, menaz), berariaz, egiaz, gogoz, halabeharrez, itxuraz, tamalez…
  • Inesiboan: aidean, aukeran, benetan (bene-benetan), dilindan, ezinbestean, ezjakinean, itsumustuan, ustekabean, osterantzean (osteruntzean, ostiantzian, osteuntzean)…
  • Adlatiboan: gogara, erara, gora gustura, ostera…
  • Erakusleak: honetara, horretara, eta, batez ere, hartara.
  • Ablatiboan: gogotik.

Adberbio horiek aditzari lotuta (aditz sintagmaren modifikatzaile gisa), nahiz kanporago (perpausaren modifikatzaile gisa) ager daitezke:

  • Neskatoa ez zen itxuraz oso garaia. (Loti ederrak, Yasunari Kawabata / Ibon Uribarri)
  • Gizon bat sartu da, hozbera itxuraz. (Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria)
  • Eskua zuria zen, eta leuna, itxuraz. (Loti ederrak, Yasunari Kawabata / Ibon Uribarri)
  • Autodidaktak ez du, itxuraz, mintzatu nahi. (Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria)
  • Alderantziz da, hain zuzen: ez nuke bestela izaterik nahi inola ere, eta zoriontsutzat daukat neure burua bakarrik bizi naizelako, nire iritziz horixe baita gizonezkoen taxuzko bizimodu bakarra, gozamena baita niretzat bakar-bakarrik esnatzea, inori hitzik esan beharrik ez izatea. (Homo Faber, Max Frisch / Arrieta, J. A.)
  • Ez zuen kontra egin; alderantziz, ikaragarri gustatu zitzaion; zenbat eta “naïfago”, hainbat hobe, nonbait, berarentzat. (Homo Faber, Max Frisch / Arrieta, J. A.)

Adberbio horiek balio dute, halaber, adberbio esaera konplexuagoak eta lexikalizatuak osatzeko:

  • Bi bider hartu ninduen, hala ere, loak, nire gogoz kontra, segundo batzuetan. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
  • Hitz bateko letrak atzekoz aurrera jarrita, hitza desitxuratua agertzen zaigu, esanahirik gabeko ulertu ezineko segida batean. (Hitza azti, Iñaki Arrantz)

Batzuetan egitura irekiagoa dute (nire/zure…kabuz/ustez/aburuz/ustetan…):

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adberbio gisa erabilitako bestelako hitzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3