Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:3:5

Elkarte sintaktikoak

Bosgarren eta azken sailak biltzen ditu, berez adberbio diren, edo adberbio gisa erabiltzen diren hitzez osatutako elkarte sintaktikoak ere:

  • ados egon, blai egin, begira egon, beha egon, belauniko jarri, bidenabar esan, debalde eman, derrigor(rean) egin, doan eskaini, blai egin, kili-kolo egon, kito geratu, konforme egon, majo ibili (lagunartekoa), tente ibili, ziplo egin…
  • Jenobeba, bere leizera joan, belauniko jarri, eta era añ miragarrian bere semearekiñ bera mortu artatik atera zituelako, Jaungoikoari esker humillak eman, eta leizean bertan jantzi zan. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)
  • Bidenabar esan, mapak kapitalistak dira, eta kapital edo hiriburutik begira eginak daude oro har. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Segurola, I.)

Agian sail honetakoak lirateke igeri ibili, ihesi joan, zain egon eta horien gisakoak ere:

  • Zoriontsu. Igeri ibili da putzuaren alde batetik bestera, bizkor, erritmo onarekin. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Baita hots hitzak ere: tiki-taka joan, ika-mika aritu, eta abar:

  • Ez al dio or neska-kafe? —Txoroa! Bere ibillera jatorrez tiki-taka joan zan neskatxa liraiña sukalderantz ur irakiña ekartera. (Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • Ika-mika aritu dituk ama eta aitaren senideak. (Gerra txikia, Lander Garro)

Moduzko beste esaera adberbial batzuk

Moduzko esaera adberbial gehiago ere badira:

  • baitezpada, badaezpada, batez ere, orobat, alde bat, nola edo hala, nola-hala, noraezean, inondik ere, inola ere, hala nola, hala-hola, hola-hola, aldez edo moldez, argi eta garbi, batera eta bestera, edozein moduz, hain zuzen, hain segur, halabeharrez, bide batez, nahitaez, orpoz orpo, atzekoz aurrera…
  • Oso atzean, noizean behin argi txiki bat, batera eta bestera dabilela ikusten da. (Andre Joxepa Tronpeta, Altzaga, T.)
  • Onen jarraian gizonezkoak joaten dira, senide guztiak, banan banan, apaizaren orpoz orpo eta gero garaitikakoak, aldran. (Arranegi, Erkiaga, E.)

Beste batzuetan hitzak errepikatuz sortzen dira:

  • poliki-poliki, bene-benetan, itsu-itsuan, itsumustuan, isilka-misilka, zirt edo zart, bete-betean, tiki-taka, ika-mika…

Eta hemen sartu behar genituzke gero eta…-ago egiturak ere: gero eta hobeki, gero eta ederkiago, eta abar.

  • Ezen Ansela dohatsu berak erraten darokun bezala, tentazione handi horien lehenbiziko ondorioa da arima garbien garbitzea hobeki, eta aldiz bigarrena arima hekiei gero eta hobeki, ezagutaraztea beren ez-deustasuna, eta hala, arima hekien preparatzea Jainko Jaunak egin nahi diozkaten grazia berrien hartzera. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Pertsonekiko harremanetan, denbora joan ahala gero eta hobeto ezagutzen ditugula uste dugu, haien jokabideak ere asma ditzakegula, harik eta, halako batean, ezusteko bat agertzen den arte; nortasunaren alde ezkutu bat izan liteke ezusteko hori, ez norbait ezkutukerian edo joko gaiztoan ari delako, baizik eta agertu arte ezezaguna izaten delako. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Elkarte sintaktikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3