Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:4

Maila adberbioak eta zenbatekoak

Atal honetan jasoko ditugun adberbio guztiak zenbatekoari edo intentsitateari daude lotuta, baina batetik bestera, zenbateko edo intentsitate gradua asko aldatzen dela ikusiko dugu.

Maila adberbioak zer diren

Maila adberbioak dira, batetik, adjektibo baten, beste adberbio baten edo aditzaren maila edo intentsitatea adierazteko erabiltzen direnak:

  • Hau oso berria da, eta ez diot inori ezer esan, oraindik. (Itzalak, Zaldua I.)
  • Hori arras laketu zait; zeren eta hura hemen ez denean, nehork ez baitit hitz egiten, eta aspertzen bainaiz: hura hemen denean, aldiz, elkarrekin kantatzen eta solastatzen dugu. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L./ Muñoz, J.)
  • Behin oso haserretu zen nirekin. (India harrigarria, Garate, G.)
  • Nor berean aski gustura egon gintezkeen, baina bata bestearenean normalena da zen arrotz sentitzea; irribarrea azkenean izoztu egiten zitzaigun, asko luzatzen den argazkilari baten aurrean bageunde bezala. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)

Horrenbestez, maila adberbioak dira, besteak beste, honako hauek:

  • oso, guztiz, biziki, txit, aise, arrunt, erabat, zeharo, dexente, arras, berdin, guztizki, izugarri, franko, ikaragarri, hagitz, pixka bat, samar, sobera, pixka bat, xoil…
  • honen, horren eta hain erakusleak:
  • zein esklamatiboa:
  • erdi izena da berez, baina maila adberbioa ere izan daiteke:
    • Txalupa txiki batzuk zeuden egurrezko poste erdi ustel bati lotuta. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
    • Santuak hau ekusi zuenean, “Egin dut nik niri zegokidana ta Jangoikoak lagunduko dit “esan ta sartu zen onzi txar erdi ustel urratuan, ta lagundu ere zion; bada elkarren aldean zebilzaia, izandu zuten bi onziak itsas-element izugarri bat; galdu zen onzi andi sendoa, baña txiki txarra ez ta itzuli zen santua nai zuen tokira. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)

Horietan, ikusten denez, ilunena txit hori da. Ikusten dugu, bada, jatorri eta esaera desberdineko hitzak erabil ditzakegula maila/zenbateko adberbio modura.

Adjektiboen edo bestelako adberbioen gradua markatzeko erabiltzen ditugun adberbioen artean oso da gehien erabiltzen dena, hizkera eta garai guztietan ageri da, gainera. guztiz ere aski arrunta da. guztizki Iparraldean erabili da. Eta gauza bera gertatzen da arras (nahiz XX. mendearen erdialdetik Hegoaldera hedatzen den), biziki, eta arrunt-ekin ere (hau adjektiboa ere), Iparraldeko formak dira. aise ere sail honetakoa da, beste erabilera batzuk baditu ere (ikus aise):

  • Adiskide zan bere lengo lagun Porrotekiñ, eta askotan oi ziran elkarrekin trabenan, bada Artobero jauna, kanpo oietan oso ardozaletu zan. (Ur-zale baten ipuiak, Urruzuno)
  • Errekan egozan guztiak talde bi egin zituen, geienbat, targo bitan banandu ziran, batezbateko edo neutralak guztiz gitxi izanik. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Gaur aditu gauza horiek orok nahasi naute arras, eta ez naiz batre nere buruari fida. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Biziki errex baita hamabortz urteko mutiko baten atakatzea eta akusatzea. (Erramun harginaren oroitzapenak, Etchebarne)

oso

oso adberbioa, berez, oso adjektibotik (egia osoa) dator. Sintagma sinpleetan ageri da:

  • Irakasle hori [oso ona] da.

Baina sintagma konplexuagoa denean (oso + izena + adjektiboa), hurrenkera arruntena hori da, hain zuzen, parentesi artean eman duguna:

  • Oso irakasle ona.

Batzuetan, hala ere, izenaren eta adjektiboaren artean ere ematen da oso:

  • Irakasle oso ona.

Hala ere, hurrenkera hori ez da goragokoa bezainbeste erabiltzen. Bide batez, esan dezagun egitura horrek ez duela bat determinatzailea onartzen:

  • *Oso irakasle on bat / *Irakasle oso on bat.

Ezinbestean, -a behar du hor. bat zenbatzailea nahiz artikulua izan daiteke (ikus zenbatzaileen atalean bat, zenbatzailea), eta askotan ez da bien artean bereizteko modu garbirik, baina sintagma honek –a mugatzailea bakarrik onartzen du, esan bezala. Hala ere, bestelako zenbatzaileak erabil daitezke:

  • Bost irakasle oso on.
  • Zenbait irakasle oso on…

Zalantzak sortu izan dira artikuluaren ordez erakuslea ere onar dezakeen edo ez egitura honek:

  • Oso film barregarria.
  • ?Oso film barregarri hura.

Hiztun batzuentzat oso arrunta da lehen egitura, baina bigarrena nekez onartzen dute. Hain zuzen ere, bigarren aldaera horri galdera marka jartzen dio EGLU Ik (198. orrialdea), eta gogoratzen du beste egitura erlatibo hau aukeran daukagula:

  • Oso barregarri den filma.

Debeku edo traba horretaz Saltarelli (1988: 81) ohartu zen. Hori da egitura zabalduena baina Orixek baditu kontrakoa erakusten duten adibideak ere (hurrenkera pixka bat aldatuta): izena + oso + adjektiboa + erakuslea:

  • Gauza oso on auen burubide txit ere au bere bidea egiñik, iraganen da. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")1)
  • Zure lan oso on aien ondotik zazpigarren egunean atseden baitzenun, geldi-egonean egiñ arren; au iragartean digu Zure liburuaren mintzoak, guk ere gure lanen ondotik —Zuk oso onak izata eman zenigulako— betiko bizitzaren larunbatean atsedengo degula. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")

Hala ere, oso testu bakanak dira tradizioan, eta gaurko euskaran ez dira erraz ikusten.

Bestalde, oso hori galdegai gisa ageri da zenbaitetan:

Dagokion sintagmatik kanpo ere ageri da oso, nahiz adibide gutxiago dauden literaturan:

  • Frantzes euskaldun batek esan ziran atzo parako al dituan dozena bat bertso; ez du arrokeririk, umilla da oso; deliberatuko naiz ori dala kaso. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)
  • Karmen: ¿Udaren erdiyan gaudela uste al dezu ta Madriltarrekin ari zeala tratuban? Axentxi: ¡Txoratu egiñ ote gera bada! Karmen: Garixti da oso. (Gabon, Soroa, M)
  • Zegaiti kontrizino edo amore damuba da oso edo perfektua, ta ez atrizino edo bildur damuba? (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Eta galanta, berriz, ezta, Loli? —Bai, mutil ederra da oso. (Araibar zalduna, Erkiaga, E.)

Egungo testuetan ere badira adibideak:

  • Txaketa polita da oso. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Gai honi buruz erretorika eta praktika neoliberalaren artean dagoen amildegia handia da oso. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

Hiztun askoren ustez, oso horren aurretik etentxo bat egin behar da ezinbestean, baina ez beste batzuen ustez.

berdin

berdin ere sail honetan sar dezakegu batzuetan:

  • Uez-ama debru zama Betidanik eta alde guztietan berdin gaizki ikusia dela uez-ama eta direla uezak; bazter guzietan iguin dugula uez-ama, oro batean gaude. (Lekukotasuna, "Larreko")
  • Iduri kanpoz berdin ongi dohazila bethi, bainan kasurik egin gabe galtzerat uzten beren mintzaia eta leheneko bizimoldeak, eta azkenean uzkailtzen eta osoki galtzen. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)

Esanahiari dagokionez “gauza bera, halaber, nolanahi ere…” adierazi nahi du. Iparraldean erabiltzen da gehienbat, baina Bizena Moguelek ere badu adibideren bat:

  • Egizu nai dezuna; berdin ez diogu guk geren buruai orrelako lorrik eman nai. (Ipui onak, Moguel, B.)

nahiko

nahiko (edo nahikoa) adberbioa zenbatzaile zehaztugabetzat hartzen dugu:

Izen zenbakaitzekin ere erabiltzen da:

  • Ez det uste eragozpenik sortuko danik: enparantzan naiko toki jolas guzietarako badago; eliz-etxean areto aundia teatro jaierako. (Euskal-eguna, Labaien, A. M.)
  • ” Ez nagiala ozkatu, niñoan; naiko bildur deutsot ”. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")

Artikuluarekin ere badira adibideak:

nahiko eta nahikoa determinatzaileez ari garela, gogoratu, Zalantzen Txokoan aurkituko duzula honi buruzko argibide gehiago. Horrez gain, Euskaltzaindiak Honetaz atala ere kontsulta dezakezu, hemen bertan.

Askotan, aurreko izenak ere hartzen du artikulua:

  • […] zarean andrazko arruori? Gomuta dogu emen gagozan askok, labako lanak amaittuta, zelan ibilten ziñean otzara zar bategaz, kale ta bidietan, idi, zaldi, asto, ta mandazañen mandoak jaurtitten ebezan bekorotzak batuten, solarako bear zenduzala ta: etzagoz bestelakoa, uste izan bozu, etzaittoguzala ezagututen nor zarean! Orain burkada satzak erosteko dirua naikoa daukazue, ta orregaittik zagoz arrokeriaz puztuta: zuri lenengo egunetatik kanta bear eutsuen, bart kantateneben koplea. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Gaia nahikoa bildu nuen, bai paperean eta bai cassette-tan. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Ta zuk guztientzako
    indarra naikoa. (Beti bertsoa buruan, Insausti)
  • Atxur, burdiñara ta
    Golde biurturik,
    Nekazari langiñak
    Ongi giaturik,
    Emango digu lurrak
    Garia ta artoa,
    Gaztaña, sagardoa
    Ta ardoa naikoa. (Gabon sariak, Munibe, X. M.)

Hala ere, ez da ezinbestekoa artikulua jartzea:

Beraz, ezin da hor arau esturik eman.

Adberbio hori graduatzailea ere izan daiteke:

Aditzekin eta adjektiboekin ere erabiltzen da nahiko adberbioa. Ez da erraza jakitea batzuetan zer den, graduatzailea edo adberbio arrunta. Tradizioan nahiko eta nahikoa txandakatzen dira, predikatu gisa ageri direnean:

  • Gainalde zurituak nahikoa erakutsi eta goraipatu ditugu. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Orain hitz egin behar dut, bai horixe behintzat, mingaina bidean nahikoa busti zait eta egia mardulak ageri-agerian jarri behar ditut eta oso garbiro gainera. (Zirt edo zart, Amundarain, A.)
  • Horretarako zu zeroni nahikoa zara, eta azkenik laguntzeko hartu zenezake Pernando. (Zulo madarikatuak, Barriola)
  • Zuek bertan izan ezkero naiko apainduko dezute. (Euskal eguna, Labaien, A. M.)
  • Harreman hori nahiko argi ikusten da. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Joañixio idatzi nunean, nere ustez naiko egin nun: lezatekenai, ni baño askoz obeak diranai, jarraitzeko bidea iriki. (Bizia garratza da, Irazusta, J. A.)
  • Naiko xelebrea zan, erdi eroa. (Aitonaren uzta. Gezaltzako aitonaren kontakizun eta bertsoekin Aita Luis Villasantek osaturiko bilduma., Anduaga, G.)
  • Nahikoa aldakorra dugu. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Bart nahiko ederrak ikusi nitian. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)
  • Gela nahiko txikia zen bertan hiru ohe edukitzeko, eta hormen ondoan zeuden bi oheak pittin bat alderatuta zeuden, ez paraleloki, erdiko ohearen aurrean sabaitik tramankulu batez zintzilikaturik zegoen telebista hobeto ikustearren. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)

Izena konplementatzen duen adjektibo batekin ageri bada, tartean ikusiko dugu maiz:

  • Gizon nahiko handia.
  • Hasteko, Idoia zuen, benetan maite zuen neska on eta nahiko polita. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Zauri nahiko handia. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)

Adberbio hauen erabilera

Adberbio hauek ezberdin erabiltzen direla ikusiko dugu:

  • Adberbio hutsak: Adberbio horietako batzuk maila adberbio hutsak dira, aldamenean adjektibo bat edo beste adberbio bat behar dute, eta ezin dira bestelako inguruneetan agertu:
    • *Badaki txit.
  • Baina gehienak maila adberbioak izateaz gain, bakarrik ere erabil daitezke:
    • Berze franko bide daude ofizio gortakoak zeruan, baña franko alaber infernuan; ta ofizioak estu kulpa, baizik personak; (Sermoiak, Lizarraga)
    • Beste batzuetan, intentsitatearen neurrien gorabeherak onartzen dituzten aditzen lagungarri izan daitezke adberbio hauek, oso eta bestelako maila adberbioen pareko:
  • Izenaren atzean edo aurrean ere ager daitezke batzuetan, eta orduan zenbatzaileak dira:
    • franko adberbioa aurreko izenak mugatzailea duela ere erabiltzen da:
    • Harek, aitzina: Bazterra frango badiat kurriturik, ikusirik ere ba mahaian ederra frango. (Beribilez, Etchepare, J.)
    • Eta nola zabal baitira eta laguna ere franko baitute, plazer zaie, bere errebelamendu guztiarekin ere, bide zabal hartan ibiltzea. (Guero, "Axular")
  • Arruntena da adjektibo baten edo adberbio baten aurrean edo atzean agertzea:
    • Adjektiboaren ondoan maila adierazten dute:
    • Beste adberbio batekin ere maila adierazten dute:

asko

Multzo berekoa da asko, mugatzailearekin adjektibo gisa erabilita:

aski

aski adberbioa izenaren aurrean nahiz atzean ere joan daiteke, baina atzean doanean ez da maila adberbioa, kuantifikatzailea baizik. Ikusi bi adibide hauen arteko desberdintasuna:

  • MENTABERRI: Joaitekotz, aski goiz hobe dik deliberatzea. (Hiru ziren, Larzabal, P.)
  • Txatxantxo maitati au dalako alaia, beti beti izanda guztiz askok naia: batetik ederra da bestetik ernaia, ezta erraz billatzen onelako gaia! 8 Aitortu bear bada, garbiro egia, dama polita da ta guztiz egokia: goiz aski bota zion Alzuruk begia, artu ere bai ongi goruntzen neurria. (Iztuetaren olerkiak, Iztueta, J. I)

samar

Esanahiari dagokionez, samar adberbioa gertu dago aski adberbiotik. Adberbio edo adjektiboekin erabiltzen dugu, ez aditzekin. Batez ere Hegoaldean erabiltzen da. Adjektiboaren ondoan jarrita, haren artikulua eta kasu marka hartzen ditu:

  • “Uitzi”-k artu zun, leenbizikoz, astindu eder samarra. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Etxe nagusian, sartuta bereala, sukaldea, lasai samarra, euskal baserri guztikoen irudira, etxebizitzarako ta lur-langintzarako bear ziran tresnaz betea. (Garoa, Aguirre, D.)

Aldaera sabaikaria xamar ere erabiltzen da zenbait hizkeratan, samar baino gradu apalagoa adierazteko:

Adberbioekin ere bai:

pixka bat

pixka bat izen sintagma da berez, baina determinatzaile gisa erabiltzen dugu:

  • Pixka bat / asko / zerbait ikasi.

Askotan, adberbio gisa erabiltzen dugu:

  • Euskara pixka bat arroztua du.
  • Euskara pixka bat ikasi du.
  • Pixka bat ikasi du euskara.

Adibide horietan pixka bat izenarekin joan daiteke ([euskara pixka bat]) edo perpausarekin, beste edozein adberbio bezala. Bestalde, adberbio gisa erabiltzen dugunean, beste aldaera batzuk ere onartzen ditu. Kasu markekin, esanahia, “denbora laburrean”, aldatu gabe:

Bestelako adberbioak

Zenbatekoari lotuta, bestelako adberbio batzuk ere badira, asko ez badira ere. Aipatzen den gaiari buruzko nolabaiteko hurbilketa adierazteko erabiltzen dira: ia, kasik, abantzu (Iparraldean), doi, ozta, eskas…:

Normalean, perpaus hasieran edo perpaus amaieran joaten dira adberbio hauek, besarkadurak perpaus osoa har baitezake, edo sintagma bat, edozein motatakoa:

  • ia bost kilo patata → (IS)
  • ozta-ozta goizetik → (AdbS)
  • doi-doi goiz osoan → (PostpS)
  • kasik ez dut agurtu ere egin → (P)

Zer sintagma mota besarkatzen duen, horren hasieran ageri dira, gehienetan. Batzuetan, aldiz, besarkatzen duen sintagma amaieran ageri da, ez tartean:

  • Bada, zer uste dezu? Ordu erdi bat ozta egin nuen, aren konfesio andi ori bere gustora egiten: ta orren laster, ta aisa kontuak ajustatu, ta Aingeru baten gisa, edo txoritxo bat bezala txit alegere geratu zan, ta uste zuen bertatik zeruan zegoela. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Nik [langosta] ezagutu ere
    egiten det ozta. (Sasoia joan da gero, "Uztapide")

doi-doi horren parekoa da, ost-ostean ere, nahiz gutxiago erabiltzen den:

  • Ost-ostean ioan nintzan igandean elizaraiño. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Alan bere, oi epelean geldi-geldi egon eta ama-alabak emon eutsezan salda on eta palaguakaz, pitin bat bere tentunera etorri zan, guztiz sendatu ez arren; eta iai egunean, ost-ostean bada bere, ioan zan elizaraiño. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)

Egungo literaturan ez dugu adibiderik aurkitu.

Sail honetako adberbioak errepikatu egiten dira, indarra emateko edo: doi-doi, ozta-ozta, kasik-kasik…

Ezezkoetan erabiltzen ditugunean, badituzte pareko baiezko esamoldeak gutxi-rekin osatuak:

  • ez nuen ia inor ikusi vs inor gutxi ikusi nuen.

Esanahia dela eta, hurran adberbioak ere nolabaiteko maila adierazten du, aditzarekin ageri dela:

  • Zer tenta? Eztakusazu zertan naizen? Eztakusazu biziaz etsitu hurran dudala? Lorik ere ezin daidikedala? Ioan dira leheneko gogoeta hek, orai bertzek deraut gogeta eta egiteko. (Guero, "Axular")

Maila adberbio deiktikoak

Maila adberbio deiktikoak dira honen, horren, hain eta antzekoak. Ikusten denez, erakusle arrunten genitiboaren forma bera dute: hain hori, harenhaenhain izango litzateke, Mitxelenaren ustez (Fonetica Historica Vasca, 7.4 atala, 141). Horietan hain erabiltzen da gehien, hori baita termino ez markatua, eta erraz erabiltzen da honen eta horren adberbioen lekuan:

  • Nora zoaz honen/horren/hain goiz?
  • Iainkoaren ontasuna hain handia da, non manamendu batzuk eginik gizonaren begiratzeko obrez egin dakidiskeon bidegabetarik, nahi izan baitu halaber bertzerik egin haren begiratzeko hitzez egin dakidiskeonetarik (Giristinoaren dotrina, Pouvreau, S.)
  • Zigortzen banauzu, zure eskua milikatuko dut, horren handia baita nire barkamen sena. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)

zein

Adberbio horiekin batera, zein ere erabiltzen da:

zeinen ere bai:

  • Orhoit zare zeinen gogo onez nahi izan zuen: eta nik-ere badakit zeinen bozik bethe dituzun haren nahikari xumeenak. (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Eta ni lotan, zeinen harritu eta sortua egotu naizen! (Liburu ederra, Duvoisin)
  • O, zeinen ederra zaren, ene adiskidea! Zeinen polita zaren. (Otaegi, K.)
  • Zeñen txoragarria udaberrian, txoritxoak asirik an jolasian! Zeñen tristea orain, udazkenian, txoritxoak utzirik bakardadian! (Idazlan-sorta, Arzak, A.)

Eguneroko hizkeran, ze hutsa erabiltzen da gehienetan. Eta literaturan ere badira adibideak:

Eztabaidarako ere eman du ze horrek, oinarrian zer dagoen asmatu nahirik: zer edo zein. Aurreko pasartean ikusi dugu zein izan litekeela baina zer ere izan liteke:

Beraz, ze ahoskatzen bada ere, idatziz zer, zein eta zeinen erabiltzen dira, eta denek esanahi bera dute. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere hala biltzen du. Denak doaz adjektiboaren edo adberbioaren aurrean. Salbuespena hain da, horrekin hurrenkera alda baitaiteke, eta adizkiaren aurrean jarri:

  • Hain da handia ezen frogatu duenak baizen ezin iakin baitezake nolakoa den. (Guero, "Axular")
  • Hura hain da grazia handia non ezin ausarta bainindeke haren zuri eskatzea permatua ezpaliz Iainkozko Buru haren merituen eta, loriaren gainean, zeini iratxekiko baitiotzatzu zure hautatu guziak bere bertutearen, biktoriaren eta saindugarritasunaren ithurburuari bezala. (Obra txipiak, Pouvreau, S.)
  • Hain da gaixtoa, diotenaz, arrotzentzat, debruak berak bere antze guziarekin egundaino ezin ontsa ikhasi baitu! (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)

Horrelakoetan, ikusten denez, ondoriozko perpausa eskatzen du, batzuetan perpaus hori isiltzen badugu ere.

Horietan guztietan artikulua erabiltzea da ohikoena, eta ez erakuslea:

  • Honen/horren/hain hiri handia.
  • ? Honen/horren/hain hiri handi hau.

Desberdintasunak

Gainerako maila adberbioekin konparatuz, bada beste desberdintasun bat hauen guztien artean. Zerrendako oso, guztiz, biziki, txit, arrunt, erabat, zeharo, dexente, arras, berdin, izugarri, ikaragarri, hagitz… maila adberbio gehienak adjektiboekin edo aditzekin joan daitezke:

  • biziki interesgarria
  • biziki maite du

Baina honen saileko adberbioek galdu dute gaitasun hori, eta honenbeste, horrenbeste, hainbeste eskatzen dute aditza modifikatzen dutenean:

  • Filma amaitu aurretik utzi dugu aretoa. Hainbeste aspertu gara!

Intentsitatea

Zenbait kasutan, intentsitatearen neurrian gorabeherak onartzen lagungarri izan daitezke adberbio batzuk, oso eta bestelako maila aditzondoen pareko:

Sentimenduak adierazteko

Sentimenduak zebakarriak ez direnez, eta euskararen legeak garbiago gorde nahirik, asko maite zaitut eta antzeko perpausak gaitzetsi, eta horien ordez, oso maite zaitut eredukoak proposatu izan dira. Ildo horretan, galdera ere ez omen litzateke izan behar zenbat maite nauzu? tankerakoa. Baina hori erabilera nagusiaren aurka joatea litzateke, eta iritziak iritzi, goiko perpausak gramatikalak dira. Gainera, konparazio egituretan ere, hain maite bezala erabiltzen da hainbeste maite. Era guztietako adibideak aurkituko ditugu:

1 Bide batez, De Rijkek 2008: 244an ez du ongi bildu adibidea, ere horren ordez eder jarri baitu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila adberbioak eta zenbatekoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3