Erabiltzaile Tresnak


morf:5:10:3:2:6

Bestelako adberbioak

Diskurtso markatzaileak

Lehenengo sail honetan, osaeraz edo jatorriz desberdinak izanik, diskurtso markatzaile modura erabiltzen ditugunetako batzuk biltzen dira: behintzat, behinik behin, bederen, gutxienez, bederik eta horien gisakoak.

ere

Bigarren saila osatzen du ere adberbioak. Emendiozko juntaduran erabiltzen da, eta emendiozko Diskurtso Markatzaileen artean aztertu da.

omen, ei, ote, bide, al, ahal

Hirugarren sail honetan sartzen ditugu omen, ei (B), ote, bide, al eta ahal adberbioak. Gramatiketan “partikulak” hitza erabiltzen da hauek izendatzeko. Adberbio hauek bakarka joan ohi dira, ezin dira elkarrekin agertu perpaus berean 1. Aditzarekin batera ageri dira, eta aditzaren esanahia batera edo bestera zertxobait aldatzen dute. Adizkia trinkoa denean aurrean jartzen dira, eta adizki perifrastikoetan laguntzailearen aurrean:

Ahoskeran arau fonologiko arruntak ezartzen dira: omen zen edo al zara elkarketak omentzen eta altzara ahoskatzen dira hizkera gehienetan2.

omen

Batez ere Nafarroan eta ekialdean erabiltzen da omen (omenean, umen…), eta jatorriz, izena da:

  • Prezio guti du munduko famak eta omenak jenden artean. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • Ez nuke nehor gutitu nahi, bainan segur naiz oraiko gizon aipatu batzu (jaun deputatu, auzapez eta bertze) aspaldian ahantziak izanen direlarik, oraino jendeen ezpainetan ibiliko direla gure artean ditugun pertsulari zonbaiten omenak eta erranak. (Hitzaldi eta mintzaldi, Larzabal, P.)

XVI. mendetik aurrera, adberbio gisa ere erabiltzen da, gipuzkeraz. Aditzaren aurrean omen jartzen duenean, hiztunak adierazten du informazio hori besteri entzuna diola. “diotenez, dirudienez, entzun dudanez” edo antzeko zerbait esango balu bezala da, baina ez dela segur esaten duenaz.

Aditzetik aparte ere ageri da inoiz, esalditik eten batez berezirik:

  • Konturatu nintzen bi txakur tipi bere ohean atxikitzen zituela, berotzeko, omen. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Ez, badituzte omen ariman horradurak! Bainan zer horradura? Hor ikus. (Eskaraz egia, Hiribarren, J.M.)
  • Ez dute erraiten nun eta nola bildu zuten ogia; bainan eguerdi hartan, sekulako bazkaria egin zuten gure hiru mandrainek, oihan bazter batean, eta axeriak, hirur egun eman zituen, omen, hek utzi ondarren milikatzen. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Batzuetan aditza bera ere isiltzen da:

Bizkaieraz ei ere erabiltzen da, esanahi bera duela. XIX. mendetik aurrera hedatu zen, Arrese Beitiak sarri erabiltzen zuen eta. Baina partikula horrek leku bakarra du, beti aditzaren aurrean:

  • Ez albora adi egon, ze bein baten Deabruak belar-ondoko eskerga bat omon ei eutsan albora begira egoan bateri. (Escu-liburua, Añibarro)

ote

ote adberbioak galdera edo zalantza adierazten du. Elementu espekulatiboa da, nolabait esateko. Tradizioari dagokionez, gutxi erabili izan da goinafarreraz eta zubereraz, baina gainerako euskalkietan arrunta da. Batzuetan ete aldaera erabiltzen da. Zuzeneko nahiz zeharkako galde perpausetan ageri da, baina galdera horiek erretorikoak direnez, hiztunak ez du erantzunik espero. Horregatik ere zalantza adierazten du.

De Rijken ustez (2008:164), ote-ren oinarrian latin berantiarreko aut ne (“edo ez”) dago. Adberbio honekin osatzen ditugun galderak askotan gure buruari egiten dizkiogu, beste norbaiten aurrean egon arren. Aldiz, bestelako galde perpausetan zuzenean egiten zaio galdera solaskideari. Horrek esan nahi du, horrelakoetan ez dugula zinez ezer ere galdetzen, eta ez dela ezinbestean erantzunik espero. Badirudi, norberaren nolabaiteko ezinegona edo adierazten dutela gehiago. Hala ere, ez dira galdera erretoriko hutsak, galdera erretorikoetan ez baita erantzunik espero. Hauek hori baino gehiago dira: badirudi hiztuna eskatzen ari dela elkarrizketa gaiari buruz zerbait jakinez gero, informazio hori emateko. Hori garbi ikusten da, adibidez, kazetari bat euskal musikari buruz elkarrizketa bat egiten ari baldin bada, eta horretaz dakien norbaiti hau galdetzen badio:

  • Orduan, izan ote da norbait Guridiren lana zuzen ulertu duenik?

Galdera hori bota ostean, argi dago kazetaria erantzunaren zain dagoela.

Gehienetan, adizki jokatuaren aurrean jartzen dugu ote:

  • Pentsatuko ere du ez ote den hori oraingo moda txoro horietakoren bat. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Sekula ukanen ote zituen Eta berehala konprenitu nuen nik ere pagatu beharko nuela. (Alemaniara deportatua, Joannateguy / Marzel Etxehandi)

bai/ez erako erantzuna espero duten galderetan erabiltzen da, baina galdera irekietan ere bai:

  • Baina, apirila, hitza bera, nondik ote dator? (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Nola iritsi ote ginen horraino? (Putzu, "Txillardegi")

Mendeko perpausetan ere erabil daiteke:

  • Jakin nahi nuke zer beste ahalmen ote daukan Harryk gordeta. (Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Mendiguren I.)
  • Bestea gora igo eta Julianen kopetan jarri nuen, ume gaixoak kalentura ote daukan jakin nahi dugunean bezala, keinu lasaigarri gisa. (Arima enkoniatuak, Mendiguren Elizegi, X.)

Batzuetan aditza isilduta gera daiteke:

Dena den, tradizioan badira adibide batzuk adberbioa adizkiaren ondotik erakusten dutenak:

Harridura egituretan ere ageri da batzuetan:

  • Ni ote?
  • Bai ote!

Baina ez da erabiltzen bakarrik.

bide

Sail honetan aztertuko dugu bide ere. Berez izena da, baina badu beste zentzu bat ere, eta orduan adberbiotzat har daiteke: “dirudienez, segur aski” edo holako zerbait adierazten du: : […] da askaetea gauza fortiza oi dana bakust ezkonduaren kargea karga andia sufrietako oraindo nax gaztea azaiteau galdu lerait ardura usazakeak ene aginok ezin jan leie aragi erre bagea estomagoau galdu leiket bianda probazakeak oean kalentureak liket lagunik baneu aldean laster batean oi lirazueket beste mundura bidea gauza sakona bide da izan isaso ondar bagea neure buruau ez nei ondo andratan konfiazea ene aideak oi arren au da neuronen respuetea akordaetan ez dodala ain laster ezkonketea. (Eskuizkribua, Lazarraga)

Tradizioan ez da ageri ez bizkaieraz ez zubereraz, baina Lazarragak erabiltzen du, eta arrunta da lapurteraz eta baxenafarreraz, are gehiago XVIII. mendetik aurrera. Goinafarreraz ere erabiltzen da:

Ezagutzen duen zerbaitek bultzatzen du hiztuna esaten duenaren egia onartzera.

Galderazko perpausetan ere ageri da inoiz:

  • Ethorri beharko bide diagu nik eta hire amak eta hire anaiek lurrean ahuspez iartzera hire aitziñean? (Ethorkia eta Ilkhitzea, Urte)
  • Obrez bezanbatean, ez bide duzu zure osasunaren kontrako plazerik hartzen, erran nahi dut, banaloriazko plazerik, alferrik, mengoa gabeko beilla luzeegirik, eta bertze horrelakorik? (Philotea, Pouvreau, S.)

Horrelako testuinguruetan, idazle askok nahiago dute ote erabili. Ohart gaitezen, bide batez, perpausa galderazkoa izanagatik, alokutiboa darabilela Urtek azken adibidean (ikus alokutiboaren erabilera).

al

Galde perpausetako al ere atal honetan sartzen dugu. Berez, XIX. mendearen erdialdean hasi zen indarra hartzen bizkaierazko eta, batez ere, gipuzkerazko testuetan:

Jakina denez, al horren tokian Iparraldean –a atxikitzen zaio adizki jokatuari (ikus xx), baina hori ez da, noski, adberbioa:

Beste euskalki batzuetan, honela esango genuke hori:

  • Tomate saltsarik jan al duzu egun?
  • Tomate saltsarik jan duzu egun?

Betiere, erantzunean baietza edo ezetza eskatzen duten perpausetan gertatzen da hori. Esan dezagun, hortaz, galde perpausak hizkera doinuaz bereizten baditugu ere, al partikula agerian izateak ere erakusten duela galde perpaus baten aurrean gaudela.

ahal

Aditz aurreko ahal adberbioak hiztunak duen nahikari indartsua adierazten du:

  • Laster ikusiko ahal ditugu!

Hori esaten badugu, adibidez, ez gara uste edo nahi apal bat adierazten ari, ez dugu adierazten espero duguna, baizik benetan gerta dadin nahi dugun zerbait. Horregatik ere, arruntean geroko marka daraman aditzarekin doa adberbio hau:

  • Ez ahal gaitu, Jainkoarren, gaur gauean zurtz utziko. (Dublindarrak, Joyce, J. / Irene Aldasoro)
  • -Gaixoa ni, babestuko ahal gaitu Jaunak, ez ahal dugu sekula horrelakorik ezagutuko! - garrasi egin zuen emakume batek. (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Navarro, K.)

Tradiziozko literaturan ere badira adibideak:

bai, ba, ez

Atal honetan ikusten ari garen adberbio gehienek aurretik bai, ba eta ez partikulak onartzen dituzte:

Baina gauzak ez dira berdinak bide adberbializatuarekin: ezetzarekin arazorik gabe azaltzen da, baina baietzarekin oso nekez aurkituko dugu. Bada adibide bat edo beste literaturan, non bai edo ba onartzen baitu aurretik. Baina aski gutxi ageri dira literaturan, aurreko partikulen kasuan baino aise gutxiago, eta nahiko ilunak dira gainera:

  • Lur txeatua golde-aurretik ideki egiten zen ixil eta geldi eguzki-izpieri bide egiñik, eta sei mando eder bizkorrak ildoa urratzen zuten atertu bage, landu-bearra bai bide zekiten; ain bizkor ari ziren nagiak artu bage ta tarrapatan ari bage, burua makur eta lepoa kako. (Mireio, "Orixe")
  • Bainan zer du gero ene senarrak? Horrek ba bide du zerbait makur handi, hil aintzin zuzendu nahi lukenik! (Senperen gertatua, Larzabal, P.)

Ezezkoetan askoz ere arruntagoa da, eta adibide asko daude:

Baiezko eta ezezko partikulak

Azkenik, baiezko eta ezezko “partikulak” (hala esan izan zaie) ditugu: bai (edo ba) eta ez. Horiek adberbiotzat hartzen dira egungo hiztegietan. Horregatik sailkatu ditugu guk ere atal honetan.

bai

bai hizkera guztietako testuetan ageri da, hasieratik. Ekialdean, XIX. mendearen erdialdetik ba ere erabiltzen zen bai-rekin batera:

Bakarrik ere ager daiteke bai, edo beste esaldi batekin iustaposizioan:

  • Bai.
  • Etorri da, bai.

Adberbio hori baiezkotasunaren indargarri ere erabiltzen da:

Batzuetan, ezezkotasunaren aurkako zerbaiten pareko ageri da:

  • “Jan bai orrek, lanik egiñen ezpadu ere (AN-gip)” (Erdarakadak,Garate, G.)
  • Ori, ta Aita, ta Ama begira etzeuden, baña Zu bai! Ta zure ontasunak Monicari erremedioa eman zion. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Ta gaztearen malkoak esku gañean sumaturik: - Ikusteko begirik ez ta negar egiteko bai! - dio aitonak -. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Hori ez da, behar bada, gizontasun prestua; bai, ordea, soziologia zuzena. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Zehaztasunen baten baietzaz edo ezetzaz galdetzeko edo ziurtatzeko ere erabiltzen da:

  • - Bai? Ezetz eraman zuek irurok arraun-indarrez Getaritik Mollarriko arkaitzera ogei miñutun Txantxikoren ontzia. (Uztaro, "Barrensoro")
  • ¿Bai? Aguro jakingo degu. (Oroitzak, Iraola, B.)

Galdera bati erantzuna emateko ere erabiltzen da:

Lotura balioa du batzuetan, entzulearen arreta edo oniritzia indartzeko:

Aditzaren baiezkotasuna markatu nahi denean ba erabiltzen da adizki jokatuekin, tartean omen, ote eta halako partikulak onartzen dituela:

  • Badator berehala.
  • Ba omen dator berehala.

Adizkia perifrastikoa denean, ordea, ez da erabiltzen:

  • Etorriko da.

ez

Ezezko adberbioa ez da, eta perpaus ordain nahiz adizki jokatuaren aurreko partikula izan daiteke. Bizkaiera zaharrean ze ageri da aginte eta subjunktibozko adizkietan, eta hori dela eta, filologoen ustez, bi formek, ez eta ze, *eze zahar batean edukiko lukete iturri bakarra. Hala jasotzen du Orotariko Euskal Hiztegiak:

  • Etim. A la vista de la forma ze en vizc. ant., podría pensarse en reducir las dos formas ez y ze a una antigua base bisilábica, *eze, que llevaba acento inicial cuando le seguía en enclisis una forma verbal de indicativo (*ez(e)-doa > eztoa) y era proclítica ante un imperativo acentuado: RS 166 çebez 'no diga' < (e)ze-bésa. ( ez, OEH)

Hizkera eta garai guztietan erabili da ez. ze erabiltzen du Lazarragak ere, beti agintezko adizkiekin:

  • […] EMAITEN JAGOT Jaun zerukoai emaiten jagot oi asko geraziarik deseo neben okasio bat zerren nagoan jakinik nik orain diot inox ez zala ipui zarrik guzurrik zegaiti gauza eginik ezta munduan sekretokorik nik au onela esaterako asko da errazoarik oi geiago zufrietako eztot nik pazenziarik poeta gazte jakinduna ze zaoz engañadurik zu pagazeko faltako dala nigan entendimenturik egin dozuna egiterako ez dozu errazoarik zerren nik zuri eman eztizut artako okasiorik ez geiago nik egin ez dot zure basoan egurrik sekula barriz nik ez negian oi zure kontra berbarik obra barri bat ei daukauzu nigaiti konponidurik linda damea asko deusut […] (Eskuizkribua, Lazarraga)

De Rijkek ere bai, Refranes y Sentencias liburuan:

  • RS 166 çebez 'no diga' < (e)ze-bésa.

Euskaraz idatzitako lehenbiziko testuan ere ageri da ez:

Galde perpausetan eta ezezkoetan ageri da:

Balio espletiboa izan dezake galde perpausetan:

  • Orañ bada, irakurle kristaba: baldin Quintilianok, Marcelo bere adiskide kutunagatik, ta Geta aren semea mundurako ondo azitzeagatik, amabi libru, ainbeste erregla ta lezio banaka argituaz, atera bazituen, guk gure Jaungoiko guzien Aita maiteagatik ta animen salbazioagatik, zer ez degu egin bear? (Euskeraren berri onak, Cardaberaz)
  • Zer etzuan arek emango semeak eta billobak bere ondoan ikustearren. (Lur berri billa, Etxaniz, N.)

Konparazio perpausetan ere erabiltzen da:

Batzuetan adjektiboen aurrean ageri da:

  • Bigarrengo: euren aurrian, edo eurak danzubela esaten baditubez berba lijak, kontetan baditubez ipuin ez garbijak; kantetan baditubez soñu arin, gangar, eta estaldurik baño ezpada bere loi moduko dirianak. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
  • Badirela zenbait ez-euskaldun horrelakorik aditu nahi ez dutenak. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Badira zenbait ez-gizon horrelakorik aditu nahi ez dutenak.

Perpauseko kokapenari dagokionez, adizki jokatuaren aurrean ageri da beti ez, eta adizkien ordena aldarazten du:

  • egiten du → ez du egiten.

Dena den, ‘egiten ez du’ gramatikala izan daiteke, eta koordinazioan ‘ez egiten du, ez egiten uzten du’ gisako egiturak ere badira.

Badirudi, sintaxiaren ikuspuntutik, ezezkotasunak autonomia duela euskaraz:

  • Etxe hau ez da polita, eta hango hura ere ez.

Ohart gaitezen bigarren zatian ez dela ezinbestekoa aditza agertzea. Ez da horrelakorik gertatzen beste hizkuntza batzuetan. Ingelesez, esaterako, aditz gabeko perpausa ez da gramatikala:

  • …that one isn't either
  • …*that one not either

Ingelesez, ezetza aditz inflexioarekin, hots, perpaus buruarekin, lotuta dago. Euskaraz, ezezko polaritatea gertatzen da perpaus hasieran:

  • Norbait dator.
  • Inor ez dator.

De Rijken ustez (Laka 1990, 1991 aipatzen du puntu honetan) horren arrazoia izango litzateke, berriz ere, ezetzak perpaus hasierari eragiten diola, eta ez ezinbestean inflexio osoari.

Esan dezagun, azkenik, adberbio hau izen gisa ere erabiltzen dela:

Adjektibo gisa ere erabil daiteke:

  • burura zitzaidan aurrenik - baita beste nere adiskide aundi bati ere, elkarren berri bage - inork baino ezagunago baititu nere idazlan argitaratuak eta ezak. (Barne muinetan, "Orixe")

Euskaltzaindiak honetaz

1 de Rijk, Rudolfek “partikula modal” (2008:161) esaten die hauei
2 Ikus Euskaltzaindiaren 87. araua, Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bestelako adberbioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3