Erabiltzaile Tresnak


morf:5:12

Aditza eta aditz sintagma

Aditza da aditz sintagmaren ardatza. Beste nolabait ere esateko: aditza bera ezinbestekoa da aditz sintagma osatzeko. Aditzaz gain, beste osagai batzuk ere agertzen ahal dira aditz sintagman, adibideetan ikusiko denez. Batzuk, aditzak berez eskatzen ditu: argumentuak dira. Beste batzuk, ordea, askeagoak dira, ez baita beharrezko agertzea. ajunktuak dira horiek (adizlagunak eta aditzondoak izan daitezke). Hortaz, bada desberdintasun bat bat osagai horien guztien artean: argumentuak, ezinbestekoak dira; eta adjunktuak, aukerakoak:

  • etxea erosi du.
  • etxea erosi du gaur goizean.

Erosi aditzak zerbait erostea eskatzen du, baina eroste hori gertatu den uneaz (gaur goizean, edo atzo gauerdian), nola gertatu den, eta abar, informazioa ematea, ez da ezinbestekoa, ez du holakorik eskatzen ezinbestean aditzak, aukerako elementuak baitira horiek guztiak. Aditzak beti adierazten du ekintza, egoera edo dena delakoan nork hartzen duen parte: esnatu esaten badugu, badakigu norbait eskatu dela, edo norbaitek beste norbait esnatu duela. Horiek dira aditzaren argumentuak. Kasu horretan, hortaz, esnatu aditzak, zer adierazi nahi duen, argumentu bat, edo bi, behar ditu. Aditzak aztertzean argumentu kopuruari ez ezik argumentu horien izaerari ere behatzen zaie. Eta izaera hori kasu batekin (absolutiboa, ergatiboa, datiboa) “jantzia” agertzen da.

GAZTE HAUEK ETXE HORI EROSI DUTE N. YORKEN. HOR BIZI ZEN JOHN LENONArgumentu ez diren osagaiek, ordea, ez dute eraginik aditzaren semantikan (“erosi” beti erosi izango da, erosketa hori goizean, eguerdian, nahiz gauez eginik ere), aditzetik askeago bezala ageri dira.

Bada, aditz sintagman, hortaz, aditzaz gain, argumentuak ageriko dira, eta adizlagunak ere batzuetan. Ondoko hau argumentua da:

  • etxea erosi du

Noski, berez, erosi aditzak bi argumentu eskatzen ditu, edo hiru, ez bat bakarrik:

  • etxea erosi dio Maitek Iñigori.

Baina ondoko beste hau, berriz, adizlaguna da:

  • etxea erosi du gaur goizean.

Biak daude aditz sintagmaren barnean bilduak. Honetaz jardungo du atal honek. Aditz sintagmaren barneko osagaiak aztertuko dira, eta aditzaren argumentuen egitura ere.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditza eta aditz sintagma", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3