Erabiltzaile Tresnak


morf:5:12:1

Aditz sintagmaren barneko osagaiak

Aditz sintagmaren barneko osagaiak zein diren ikusiko dugu artikulu honetan, hau da, aditzaren inguruan zein osagai biltzen diren: argumentuak eta adizlagunak nagusiki.

Predikatuen izaera: lehen eta bigarren mailakoak

Perpaus baten bi osagai nagusiak, informazioaren eta semantikaren aldetik, subjektua eta predikatua dira. Perpauseko ‘aditz sintagma’ predikatuari dagokio, eta, horrenbestez, perpausaren osagai gramatikal nagusitzat hartzen dugu aditz sintagma:

  • Jonek [autoa erosi du]
  • Mikelek [irakaslea agurtu du]

Perpaus horietan “autoa erosi du” eta “irakaslea agurtu du” hitz lerroei deitzen diegu Aditz sintagma (AS). Horiek dira predikatuak: Joni buruz autoa erosi duela predikatzen dugu batean, eta, ondokoan, Mikeli buruz jaun horrek irakaslea agurtu duela.

Predikatu guztiak ez dira, hala ere, maila berekoak. Konpara ditzagun ondoko bi adibide hauek:

  • Jonek [irakaslea agurtu du]
  • Jonek [ideia horri arraroa deritza]

Bigarren adibidea lehenbizikoa baino konplexuagoa da. Batetik, Joni buruz predikatzen dugu “ideia horri arraroa iriztea”. Baina bada hor beste predikatu bat ere: hain zuzen, ideiari buruz predikatzen dugu arraroa izatea. Beraz, bi mailako predikatuak ikusten ditugu hemen: predikatu nagusiak lehen mailako predikatuak dira, eta besteak, bigarren mailako predikatu deitu ohi izan dira. Hona hemen beste adibide bat:

  • Udalak Jone alkate izendatu du
  • Mikel artzain joan zen

Horietan ere, bistan denez, badira bigarren mailako predikatuak: Joneri buruz alkate izatea predikatzen dugu, eta Mikeli buruz artzain izatea. Baina predikatu nagusia, lehenbiziko predikatua, bestelakoa da: udalari buruz, Jone alkate izendatzea predikatzen dugu, eta Mikeli buruz artzain joatea. Atal honen helburu nagusia lehenengo mailako (hau da, aditz baten inguruan eraikitako) predikatuen osagaiak aztertzea da ('bigarren mailako predikazioa' alde batera utzirik). Aditzak perpausaren gertaera adierazten duen neurrian, gertaera horrekin loturiko osagaiak sartu beharko genituzke aditz sintagmaren barruan: gertaeraren argumentuak eta gainerako ‘nondik-norakoak’ (lekua, denbora, zergatiak…). Horiek guztiak sartzen dira lehen mailako predikatuetan.

Subjektua ere aditzaren argumentu?

Horrela adierazita, badirudi subjektua ere aditzaren argumentua den heinean, aditz sintagmaren barruan kokatu beharko genukeela. Gramatikaren ikuspuntutik, baina, subjektuek badituzte aditzaren gertaeraren beste argumentuetatik ezberdintzen dituzten bestelako ezaugarriak. Esate baterako, behar edo nahi osagaiekin mendeko partizipio perpausak izan ditzakegu baldin eta nahi/behar duena eta partizipioaren ‘subjektua’ bera badira:

  • Jonek Miren ikusi du
  • Mikelek etxera joan behar du

Jonek Miren ikusi behar du esan daiteke baldin eta behar duena (subjektua) eta ikusten duena (subjektua) bera badira. Gauza bera gertatzen da Mikelek etxera joan behar du diogunean. Eta inguruko hizkuntzetan subjektuak dira komunztaduran islatzeko aukera duten osagai bakarrak. Hauek eta honelako beste ezaugarri askok adierazten digutenez, subjektuek badute estatus gramatikal berezia. Hortik subjektu/predikatu banaketa semantikoa egitea, eta hortik subjektuak gramatikaren aldetik aditz sintagmetatik bereiztea. Baliteke, eta gramatikari askok horrela uste dute, subjektuak maila batean aditz sintagmaren barruan ‘hastea’, aditzaren argumentuak baitira azken finean. Baina guri dagokigun mailan, gramatika honi dagokion mailan, subjektuak aditz sintagmatik kanpo daudela ematen du.

Kontura gaitezen beste gauza batez: orobat, euskaraz litekeena da objektu bat galdegai bihurtzea. hau da, objektu bat galdegaiaren tokian ager dakiguke. Horrek esan nahi du nahiz eta maila batean, aditz sintagmaren barruan kokatu, sintaxira begira beharbada aditz sintagma ez den beste nonbait egon daitekeela kokaturik beste maila batean (galdegaigune batean, beharbada).

Atal honetan, beraz, aditz sintagmaren barruan egon daitezkeen osagaiez arduratuko gara. Objektuak eta adizlagunak aztertuko ditugu, nahiz eta beharbada prozesu gramatikal batzuen ondorioz (mintzagai hanpatu edo galdegai bihurtu direnean esaterako) perpaus jakin batean aditz sintagmetatik kanpo daudela esateko arrazoiak egon. Subjektuak gehienetan aditz sintagmatik kanpo daudenez, ez ditugu hemen oraingoz ukituko.

Aditzaren inguruko osagai motak: argumentuak eta adizlagunak

Deskribapena antolatzeko, bi atal nagusitan banatu ditugu aditzaren inguruko osagiak, alegia, argumentuak eta adizlagunak. Tradizio eta garai ezberdinetako gramatikariak ados daude aditzaren osagai guztiak maila berean ez daudela baieztatzean: osagai batzuk aditzarekin lotuago daude beste batzuk baino. Ohiko gramatiketan, terminologiak horixe bera adierazten zuen:

  • urrutian ontzia ikusten dut

Perpaus horretan badirudi ontzia eta ikusiren arteko lotura sendoagoa dela, urrutian eta ikustearen artekoa baino: objektuak aditzari lotuago daude, gertaeraren nondik-norakoak baino. Eta objektuen artean ere hierarkiak ezartzen dira: Amaiari oparia eman zion perpausean nolabait Amaiari urrutiago egongo litzateke eman predikatutik oparia baino, hortik azken honi objektu zuzena edo lehenengo objektua deitura ezartzea, eta Amaiari ‘zehar’ objektua edo bigarren objektua deitura. Noski ‘lotuago’ edo ‘urrutiago’ nozio intuitiboak dira beherago apur bat bada ere zehazten saiatuko garenak, baina intuizio hori guztiz orokorra da gramatika arloan. ‘Hurbiltasun’ hori aditz sintagman ez ezik, beste sintagma askotan ere sumatzen da. Izan ere, sintagma guztien osagai guztiak ez bide daude maila berean eta batzuk besteak baino lotuago daude ardatzarekin. Sintagma guztietarako balio duten deitura orokorrekin hasiko dugu aditzen osagaien deskribapen hau: ‘osagarriak’ aditzarekin erlazio estuan dauden osagaiak dira (gorago aipatu ditugun ‘oparia’ eta ‘Amaia’ adibidez) eta ‘adjunktuak’ erlazio askeagoan daudenak. Oro har, ikusiko dugunez, aditzaren argumentuak, aditzak adierazten duen gertaeraren partaideak, osagarriak dira, eta adizlagunak, berriz, adjunktuak dira.

Osagarriak identifikatzeko irizpideak

Has gaitezen osagarriak identifikatzeko erabil daitezkeen irizpide batzuekin. Osagarriak hartzen dituen buruak, gure kasuan aditzak, osagarri horien itxura eta presentzia bera baldintzatzen dute. Baldintzatze hau bi motatakoa izan ohi da:

Aditz batzuek osagarri bat eskatzen dute aldamenean

  • Aditz batek bere ondoan nahitaez osagarri bat agertzeko eskatzen badu, osagai horren presentzia baldintzatzen badu, orduan osagai hori aditzaren osagarria da. Esate baterako, erabilera iragankorrean, nekez aurkituko ditugu itzali, aurkitu bezalako aditzak objektu zuzenik gabe –dela isilpean, delaagerian–. Objektu zuzen horiek, aditzek eurek eskatzen dituztenez, euren osagarriak dira. IS edo DetS kategoriako sintagma horiek (funtzioaren aldetik objektu zuzenak deitzen direnak), aditzen osagarri tipikoenetarikoak izan arren, ez dira bakarrak. Eutsi, ekin aditzek datiboan agertzen den sintagma bat eskatzen dute euskalki askotan, eta sintagma horiek ere aditzaren osagarritzat hartuko genituzke. Eta batzuetan aditzarekin batera agertu beharreko sintagmak postposizio sintagmak izan daitezke, eta horiek ere osagarriak dira: ‘lanean ari’, ‘zutaz baliatu’, ‘horretaz jabetu’ agertu beharreko sintagmen itxura aditzak inposatuak dira, aditzak baldintzatuak. Osagarriak dira horiek (lanean, zutaz, horretaz) ere, beraz, eta postposizio sintagma hauek osagarriak ez diren antzeko beste inesibo edo instrumental sintagmetatik aldentzen dira portaera sintaktikoari dagokionez. Semantikoki ere, argi dago ‘lanean ari’ kasuan inesiboak duen interpretazioa ‘ari’ aditzetik datorrela; aldiz ‘lanean aspertu’ kasuan inesiboaren semantika kasu inesibotik bertatik datorrela dirudi. Euskara ikasten duen ikasle batek ez du ikasi behar ‘aspertu’ aditzak inesibo bat hartzen duenik; nahikoa zaio aditzaren eta inesiboaren erabilera ikastearekin. Baina ‘ari’ aditzak inesiboa hartzen duela ikasi behar du, kasu honetan, inesiboa ‘ari’ predikatuak baldintzatuta baitago. Osagarri beharrezkoen azken adibide bezala, izen sintagmetara itzul gaitezke. ‘Bihurtu’ bezalako aditzak IS/DetS eskatzen du: Igela *(printze) bihurtu zen. Hau ez da, noski, objektu zuzena: gertaeraren partaide bakarra dugu, igela, eta printzea ez da beste partaide bat, igelaren ‘kalitate’ berri bat baizik, alegia, osagai predikatibo bat. Osagarri predikatiboa dugu hau, beraz.

Aditzek beharrezkoak dituzten osagarriak ez dira hain ugariak

  • Aditzaren osagarriak identifikatzeko zehaztu ditugun irizpideak nahikoa argiak izan arren, bada muga larri bat: beharrezkoak diren osagarriak ez dira hain ugariak. Kontuan izan beharrezkoak diren osagaiak osagarriak direla, baina osagarri guztiak ez direla derrigorrez beharrezkoak. Aurreko irizpidea aurkezterakoan osagarri batzuk isilpean egon daitezkeela esan dugu. Alabaina batzuetan zalantzagarria da benetan osagai bat sintaxian isilpean dagoen ala besterik gabe osagai bat ere ez daukagun. Ondoko adibideetan parentesi arteko osagaia ahoskatzen ez denean eztabaidagarria da zerbait badaukagun ala ez:
  • Jonek berehala irakurtzen du (egunkaria).
  • Jonek (gazta) sukaldean gosaltzen du.
  • Euskaraz honelakoetan laguntzailea aldaketarik gabe agertzen denez, isilpeko osagaia daukagulako analisiak indar handiagoa du beste hizkuntza batzuetan baino: arrazoi sotilagoak erabili behar dira gaztelaniaz leo rápido/desayuno en la cocina bezalakoetan objekturik dagoen ala ez baieztatzeko. Ageriko objekturik ez badugu, irakurtzen edo gosaltzen dena egunkaria edo esnea gabe, zerbait prototipikoagoa bezala ulertzen dugu. Edozelan ere, agerian aurkitu zein ez, osagarriak izango genituzke osagai hauek. Isilpean dagoenean, aditzak berak baldintzatzen du nola interpretatzen den hutsune hori, aditzaren semantikaren arabera interpretazio prototipiko bat sortuaz, baina baldintzatze horrek isilpean dagoen osagai hori osagarria dela baieztatzera garamatza.

Postposizioei buruz zerbait

Postposizio sintagmak dituzten adibideetara jotzearren orain, joan edo irten aditzekin ez dugu nahi eta ez adlatibo osagai bat aurkituko: bai etxera joan bai atarira irten esan genezake, bai inongo postposizio sintagmarik erabili ez:

  • Jon bihar joango da oporretan.
  • Jon bat-batean irten zen.

Baina badirudi mugimendu hauen izaera semantiko ezberdinaren poderioz, adlatiboa lotuago dagoela joan aditzarekin irten aditzarekin baino. Eta alderantziz esango genuke ablatiboaz. Irten predikatuak ablatibo baten presentzia eskatzen du, nahiz eta ablatiboa beharrezkoa ez izan. Halaber, ez da harritzekoa hizkuntza askotan joan predikatuaren helburua IS edo DetS bat izatea: semantika guztiz baldintzaturik dagoenez, helburu marka bera ere desager daiteke, eta ohiko osagarrien itxurarekin agertuko da orduan. Baina nekezago aurkituko dugu joan aditzarekin mugimenduaren iturburua inongo postposizio/preposiziorik gabe (adposizioak dituzten hizkuntzetan, noski). Baldintzatze erlazio hauek aditzaren eta haien osagarrien artean aurkitzen dira, azken hauek aukerakoak izan arren. Osagarri eta adjuntuen (aditzak beharrezko ez dituen osagarriak deitzen ditugu adjunktu) arteko ezberdintasun honek baditu atal honetatik kanpo gelditu beharko diren islapen sintaktikoak. Esate baterako, osagarriak aditz sintagmaren buruarekin ‘lotuago’ izatea adjunktuak baino hitz hurrenkeran ere islatzen da. Nahiz eta euskaraz hitz hurrenkeraren malgutasunaren ondorioz, beti nahiko irristakorrak diren ‘hurrenkera neutraletara’ jo behar izaten dugun honelako islapenaz jabetzeko, badirudi normalean argumentu/osagarriak hurbilago daudela aditzetatik adizlagun/adjuntuak baino. Lau hizkuntzatako perpaus ‘neutralak’ dakartzagu ondoren:

  • John sent the book to Mary the following day.
  • Juan le envió el libro a María al día siguiente.
  • John wa tsugi no hi Mearī ni hon o okutte.
  • Jonek biharamonean Mireni liburua bidali zion.

Hitz hurrenkeraz hizkuntza hauetan guztietan egin beharreko ñabardurak alde batera utzita, aditza aditz sintagmaren ezkerretara zein eskumatara agertu arren, lehenik, berarengandik hurbilena, objektu zuzena izaten dugu, bigarrenik zehar objektua, eta azkenik, urrunenak, adizlagunak.

Sarrera honen ostean, joan gaitezen orain aditzaren argumentu eta adizlagun tipikoak zerrendatzera.

— Egilea: Jon Ortiz de Urbina

lanaren aipamena nola egin...

Jon Ortiz de Urbina, "Aditz sintagmaren barneko osagaiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3