Bi talde nagusi ditugu hemen, ‘objektuak‘ (bai objektu zuzenak bai eta zehar objektuak), eta postposizio osagarriak, eta atal bana eskainiko diegu.
Aurreko lerroetan esan dugunez, nahiz eta subjektuak ere aditzaren argumentuak diren, ez ditugu hemen bereziki tratatuko eta objektuetara (subjektu ez diren aditzaren osagarriei esaten diegu “objektu”) murriztuko dugu gure aurkezpena. Objektu argumentuak morfologikoki absolutiboaz edo datiboaz markaturik ager daitezke, eta beste ‘kasu‘ batzuk (soziatiboa, adlatiboa, etab.) ez bezala, benetako kasu markatzat jotzen ditugu. Ez dira, hortaz, postposizioak. Osagarririk garrantzizkoenak dira objektuak, hainbateraino non ohiko gramatikan beraien bitartez eratzen baitira aditzen sailkapen tipikoak:
Aditz predikatiboak izeneko atalean argituko dugunez, hemen proposatzen dugun sailkapen hau eta euskal ohiko gramatiketan morfologiaren gainean eraikitakoa (nor, nor-nori, nork-nor, nor-nori-nork) ez dira oso ondo egokitzen elkarren artean, bai arazo orokorrengatik bai eta euskararen morfologiaren berezitasunengatik.
Arazo orokorrei dagokienez, hizkuntzen artean ‘iragangaitzen’ atala bikoitza delako idea oso hedatua dago, eta argi dago bi azpisailak, inergatiboak eta inakusatiboak, bereizi behar direla. Bestalde, euskararen morfologiaren beraren ezaugarriak direla eta, batzuetan nor-nori-nork formako aditzek osatzen dituzten aditz sintagmek objektu bi (eman, bidali, eskaini dio) zein bakarra (ekin dio eta beharbada entzun dioren erabilera batzuk) ezkuta ditzakete. Gerorako utziko dugu auzi hau, gure oraingo helburua baita aditz sintagmen objektuak nolakoak diren argitzea bakarrik.
Euskararen morfologia ergatiboa dela medio, aditz sintagmetako objektu zuzenen kasua eta subjektu iragangaitz tipikoena bat eta bera da: absolutiboa. Hemen, objektu zuzenez arduratuko gara, alegia, ergatibo argumentuarekin batera aditz sintagman topatzen ditugun absolutibo argumentuez. Semantikaren aldetik, aditz sintagma iragankorretako objektu zuzen (proto)tipikoak gaiak izaten dira, hartu, ikusi, aztertu, irakurri, bidali aditzekin bezala (a). Askotan, gai horrek bestelako ñabardurak jaso ditzake, eta jasaileak edo esperimentatzaileak (b) izan ditzakegu predikatu psikologiko batzuekin, bai eta lekuak (c), denbora epeak (d) edo bestelako neurriak (e), etab.
Gainerako rol hauezaz jabetzeko, konpara daitezke prezioa/mendia igo pareko objektuak. Prezioa gaia bada, norbaitek eraginda aldatzen den zerbait da. Aldiz, mendia lekua dugu, norbaiten mugimendua gertatzen den tokiaren berri ematen diguna. Egia da objektu zuzen gisa erabilitako lekuak badituela lekuzko adjunktu bezala erabiltzean ez dituen ñabardura bereziak. Etxeparek berak ohartarazten duenez, esate baterako, (c)ko mendia osorik ukitua da aditzaren gertaeran ondorioz, ‘mendi horretara igo naiz’ perpausean ez duen ñabardura gaineratzen zaiolako, hots, tontorreraino joatea. Baina prezioarekiko ezberdintasuna nabaria da, zeren ez baitugu kasu honetan gaia den objekturik. Eta rol tematikoa gora-behera, denak objektu zuzentzat hartzen ditugu, ondoan zehazten dituzten ezaugarri batzuk erakusten baitituzte. Dena den, hauekin jarraitu baino lehenago, argi utzi behar dugu objektu zuzen guztiak absolutiboaz (edota partitiboaz) markatzen direla, baina alderantzizko inplikazioa ez dela zuzena: aditz sintagmaren barruan agertzen diren absolutibo sintagma guztiak ez dira objektu zuzenak.Aditz iragangaitzekin:
Objektu zuzenek badituzte ezaugarri prototipikoak, gramatika teoria batzuen arabera funtzio hori izateagatik edo gune sintaktiko berezi batean egoteagatik azal daitezkeenak. Prototipikoak diogu, objektu zuzen guztiek ez baitituzte ezaugarri guztiak bete behar. Morfologiaz gain, esate baterako, badaude beraiei bereziki dagokien jokabide sintaktikoa. Oso arrunta da esatea objektu zuzenak perpaus pasiboetako subjektu bezala ere ager daitezkeela, baina ezaugarri hau ere hizkuntzen arteko ikerketak erakutsi digunez, tipikoa izan arren, ez da objektu zuzen guztiekin aurki dezakeguna, edota objektu zuzenekin bakarrik aurki daitekeena. Ingelesez iragankorretako objektu zuzenak ez direnak ere izan daitezke subjektu pasiboak (a), eta gaztelaniaz objektu zuzen askok ezin dira subjektu pasiboekin ordezkatu (b):
Zer esanik ez, euskaraz are murriztuagoak dira egitura hauek. Goiko adibideetara hurbiltzen bagara, nolabait kidekoak diren beste euskal perpaus (edo ez-perpaus) hauek izango ditugu,
Guztien artean onargarriena lehenengoa dugu, gaia egitura pasiboaren subjektu bihurtu denekoa. Egitura honen arabera, beraz, rol hori duen sintagmak erakusten du hobekienik 'objektu zuzenen' portaera.
Objektu zuzenen beste ezaugarri sintaktiko ohikoa zail/erraz… t(z)en egituretan ikus daiteke. Adjektibo hauek bi eratara erabil daitezke, ondoko adibideetan bezala:
Bietarik interesgarriena (b) dugu, adjektibo asko (a) motako egituretan aurki badezakegu ere, oso gutxirekin topatzen baititugu (b) motakoak; zailtasuna edo erraztasuna adierazten duten adjektiboak bai, baina mingarria bezalako beste asko eta asko ez:
Beraz, esan predikatuaren objektu zuzena zail/erraz… -t(z)en egituraren subjektu bezala topa dezakegu, eta hori ez da subjektuek edo zehar objektuek duten ezaugarria:
Gure adibide tipikoetara itzuliz, ezaugarri hau egitura pasiboko subjektua izateko ahalmena baino erabilgarriagoa dela dirudi, nahiz eta oraindik ere objektu zuzentzat hartu nahiko genituzkeen osagai guztiek ez duten horrela jokatzen:
Azkenik, subjektu pasibo bezala agertu ahal izatea ez bada euskararen objektu zuzenen ezaugarri tipikoa, antzekoa den egitura inpertsonalen subjektua izatea bada ezaugarri tipikoa. Hiru argumentudun perpaus iragankor baten objektu zuzena inpertsonal bateko subjektua ere izan daiteke; ez, baina, jatorrizko subjektu iragankorra (a), ez eta zehar objektua (b):
Hasierako bi perpausak onartezinak dira guri orain dagokigun zentzuan, horretatik izartxoa: lehenengoan ezin dugu saltzaile egile bezala interpretatu (beharbada gai bezala bai, baten batek saltzaileak saltzen dituelako edo), eta bigarrenean hemengo jendea ezin daiteke izan salmentaren helburua (berriro ere hemen aztergai ez dugun interpretazio batean, saltzen den gaia izan daiteke jendea, noski). Gure oinarrizko lau adibideak hartzen baditugu, ondoko ondorioak ateratzen ditugu:
Ikusten denez, iragankorretako objektu zuzenak inpertsonaletako subjektu bezala ager daitezke. Aditz sintagmetako objektu zuzena ezaugarri tipiko hauek (eta besteak) izaten dituen argumentua izaten da, eta ezaugarri hauek izateari objektu zuzen ‘funtzioa’ izatea edo objektu zuzen ‘gunean’ egotea dei dakioke.
— Egilea: Jon Ortiz de Urbina
lanaren aipamena nola egin...