Erabiltzaile Tresnak


morf:5:12:2

Aditzaren argumentu egitura

Aditzak sare bat osatzen du bere argumentuekin, konfigurazio bat. Baina aditzaren eta inguruan ageri diren osagaien arteko harremanak mota askotakoak izan daitezke. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Jone medikua da
  • Mikelek etxea saldu du
  • Astakakeria handiak esaten dira

Lehenbiziko aditza, izan, aditz kopulatiboa da, eta zerbait predilkatzen du perpausean ageri den izenaz. Lotura aditza besterik ez da: “Jone” eta “medikua” lotzen ditu, Jone izenari atributo bat emanez, nolakotasun bat erantsiz. Egitura horiek egitura kopulatiboak dira. Badira maila desberdineko predikatuak. Adidean ageri dena lehen mailako predikatua dela esango dugu, baina badira bigarren mailako predikatuak ere: EZ DIRUDI AMERIKETAN ARTZAIN DAGOEN

  • Jone Ameriketara joan zen artzain
  • Miren Donostiako alkate izendadu dute

Horien egiturak ez dira “Jone medikua da” bezain sinpleak, eta azterketa xeheagoa behar dute.

Bigarren adibidean beste zerbait ikusten dugu: “saldu” aditzak argumentu bat hartzen du, “zerbait” saltzen da, eta argumentu hori, kasu honetan, “etxea” izen sintagma da. Hemen ez da gertatzen lehenbiziko adibidean ikusi dugun loturaren antzekorik: bistan da “Mikel” ez dela “etxea”. Baina aurrekoan “Jone”, ordea, “medikua” dela esan dugu. Aditz haiek aditz kopulatiboak direla esan badugu, oraingo aditzak aditz predikatiboak dira.

Badira, azkenik beste egitura batzuk ere, hirugarren adibideak ikusten duen gisan: “Astakeria handiak esaten dira”. Zein de egitura hauen ezaugarri nagusia? Ez dakigula nor den subjektua. Holakoei egitura inpertsonalak deitzen diegu. Askotan erabiltzen ditugu: “denda horretan liburuak saltzen dira”, “esaten da Ameriketan ibilia dela”, eta abar. Inpertsonaltasun hau, batzuetan, itxuraz pertsona markatzen duten aditzekin ere adierazten da:

  • ogia saltzen dute
  • ez duzu holakorik pentsatu behar
  • ez gara beti gauzak hausten ibiliko

Horiek guztiak, testuinguru batzuetan bederen, inpertsonalak izan daitezke: ez dakigu nork saltzen duen ogia; ez dugu adierazi nahi ZUK ez duzula holakorik pentsatu behar, baizik jendeak, orokorrean; ez dugu adierazi nahi GUK hausten dugula zerbait, hori izan daiteke umeari esaten diogun zerbait. Beraz, hiru motako egitura hauek dira atal honetan aztertzen direnak:

  • Egitura kopulatiboak
  • Aditz predikatiboak
  • Egitura inpertsonalak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzaren argumentu egitura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3