Erabiltzaile Tresnak


morf:5:12:2:1

Aditz predikatiboak: aditz iragangaitzak eta iragankorrak

Euskal aditza bezalako zerbait entzun orduko, ziur aski Euskaltzaindiak proposatutako nor, nor-nork edota nor-nori-nork formak etorriko zaizkio gogora irakurle eskolatuari (ikus EGLU-II, esaterako). Deitura horiek erabilgarriak dira, neurri batean, behintzat, intuizio zuzen batean eraiki direlako: aditzak hautatzen dituen argumentuak zenbat eta zein diren kontuan hartzen ditu. Batzuetan argumentu bat bakarra hautatzen dute aditzek (nor), besteetan bi argumentu (nor-nork), eta badira baita hiru argumentu ere eskatzen dituztenak (nor-nori-nork):

  • etorri da (nor)
  • ikusi du (nor-nork)
  • oparitu dio (nor-nori-nork)

Aditzaren argumentuak

OPARI HAU HARTU ETA EZ DAKI ZER EGINHorretatik beste urrats bat egin izan dute gramatikariek askotan: aditz baten laguntzailea izan baldin bada (edo *edin), perpaus hori iragangaitza da. Eta aditz laguntzailea *edun baldin bada (edo *ezan), orduan perpausa iragankorra da.

Goian aipatu dugun sailkapena klasikoa da euskalarien artean, eta honela ageri da euskal gramatika askotan gaur egun ere, baina, gure ustez, berrikusi eta findu beharra du. Horregatik, guk ez ditugu hemen deitura horiek erabiliko, eta euren ordez gramatika orokorrean erabiltzen diren beste deitura batzuk hobetsiko ditugu -ikusi Fernández & Ortiz de Urbinak (2010) ematen dituzten arrazoi eta argumentuak-. Dena den, ez da, irakurleak ikusiko duenez, deitura diferentzia kontua bakarrik beste proposamen batzuetatik bereizten gaituena. Hemen irakurleari eskaintzen zaiona lan haren laburpena da, batez ere. Lan hartan aurki daitezke xehetasun eta argibide gehiago. Has gaitezen, bada, oinarri-oinarrizko zenbait ideiarekin.

Goian esan dugunez, aditzak sailkatzerakoan, argumentuak dira aintzat hartzen direnak. Argumentuak diogunean besterik gabe esan nahi dugu zein diren aditzak adierazten duen ekintza, egoera eta abarretan partaide direnak. Adibidez, esnatu badiogu, norbait da esnatzen dena, umea adibidez (a). Horrek esan nahi du umea dela aditzaren argumentua eta argumentu hori absolutiboa dela (nor deitu izan dena). Edo jo dezagun ikusi aditzeko perpausera (b): orduan, ez da argumentu bakarra, baizik bi argumentu ikusi ekintzak dakartzanak: umeak eta itzala adibidez (nork eta zer). Irakurlea konturatuko denez, beraz, argumentu kopuruari ez ezik, argumentuen izaerari ere begiratzen zaio, eta argumentuen izaera diogunean, zein kasudun argumentuz ari garen adierazi nahi dugu, alegia, absolutibo (nor), ergatibo (nork) ala datibo (nori) argumentua ote den hautatutakoa.

  • a) Umea esnatu da
  • b) Umeak itzala ikusi du

Predikatuen sailkapena

Jo dezagun orain predikatuak sailkatzera. Argumentu bakarrekoei iragangaitz deitu izan zaie, nahiz eta Perlmutterrek (1978) aspaldi irakatsi zigun iragangaitzen artean bi aditz mota bereiz daitezkeela:

  • inakusatiboak
  • Inergatiboak

Inergatiboen inguruko lana luze eta zabala izan da euskalaritzan, eta hemen zertzelada batzuk baizik ez ditugu emango gai horren inguruan. Horrela, irakurleari besterik gabe predikatu batzuk eta besteak nola bereizi behar diren jakiteko lanabes batzuk emango dizkiogu. Kontuan izan, betiere, argumentu bakarreko aditzez ari garela: esaterako, esnatu eta irakin aditzak iragangaitzak direla esaten dugu, batak nahiz besteak argumentu bakarra dutelako.

Baina, esan bezala, iragangaitzen artean bi multzo bereiziko ditugu: aditz inakusatiboak eta aditz inergatiboak. Bi aditzetan lehena, esnatu, alegia, inakusatiboa da, hautatzen duen argumentu bakarrari (umea) absolutibo kasua ezartzen zaiolako (a). Absolutibo argumentu hori gaia izaten da. Bestetik, aditz inergatiboak ditugu, argumentu bakarrekoak hauek ere, baina argumentu bakarrari absolutiboa ezarri beharrean, ergatiboa egozten diotenak –esneak ondoko (b) adibidean–. Egile argumentua izaten da ergatiboaz markatutako hori.

  • a) Umea esnatu da
  • b) Esneak irakin du

ESNEAK IRAKITEN DU ERRAPEAN?Ohart gaitezen bereizketa egiteko sistema hau ez dela aditz laguntzaile motan oinarritzen, baizik eta aditzak hartzen dituen argumentuen kopuruan eta izaeran. Euskal gramatiketan aditz laguntzaileen artean, iragankorrak eta iragangaitzak bereizi izan dira sarri askotan, eta aditza bera ere laguntzailearen arabera sailkatu izan da. Hori dela eta, irakin bezalako aditz bat iragankortzat jo liteke irakin du egiten duelako, eta ez *irakin da. Baina hemen proposatzen den sailkapena argumentu kopuruan eta izaeran oinarritzen da, gainerako hizkuntzekin gertatzen den gisan, eta horregatik diogu irakin iragangaitza dela, argumentu bat bakarra duelako, hain zuzen. Beraz, komeni da terminologian ez nahastea.

AIragangaitzen eta iragankorren sailkapena

IRAGANGAITZEN ETA IRAGANKORREN SAILKAPENA
Euskal gramatiketan eta Euskaltzaindiak Kanpoko gramatiketan egiten den sailkapena eta gurea
Iragangaitzak: izan/*edin Iragangaitzak: argumentu bakarra
Iragankorrak: *edun / *ezan Iragankorrak: bi argumentu

Beraz, sailkapen hori kontuan izanik, honela sailkatuko ditugu aditzak gramatika honetan, gainerako hizkuntzetan egiten den gisan:

ADITZ MOTAK
Iragankorrak Iragangaitzak
Bi argumentu argumentu bakarra
(norbaitek) (zerbait) ikusi (norbait) etorri (zerbaitek) irakin

Ikusten denez, iragangaitzen artean badira bi sail. Bi sail horien eskema hau litzateke:

Aditz iragangaitzak (argumentu bakarra dute)
inakusatiboak inergatiboak
esnatu irakin
umea esnatu da esneak irakin du

Gainerakoan, bi argumentuko aditzei iragankor deitzen zaie: adibidez, ikusi aditza iragankorra da (norbaitek - zerbait). Beraz, honela bereizten dira hiru aditz sail nagusiak, hau da, inakusatiboak, inergatiboak eta iragankorrak. Ohartu behar dugu askotan ez dela aditzaren kontua, aditz horrek hartzen duen konfigurazioaren kontua baizik. Forma bakarreko aditza izan daite batzuetan iragangaitza, eta beste batzuetan iragankorra, nolakoa den aditza biltzen duen konfigurazioa. Esate baterako, “jo” aditza iragankortzat hartuko dugu arruntean:

  • Mikelek Iñaki jo du

Hor daude bi argumentuak. Baina, zer esan, ordea, hurrengo bi adibide hauekin?

  • Mikelek mendira jo du
  • erlojuak zazpietan jo du

Ez dirudi hor baden lekurik beste argumentu batentzat.

Datiboa argumentu egituran

Bada, oinarrizko hiru sail hauei guztiei datiboa gaineratu dakieke euren argumentu egituran, eta orduan inakusatibo datiboduna, inergatibo datiboduna eta iragankor datiboduna izango ditugu, ondoko adibideetan ikus daitezkeenak.ARGAZKILARIA LANEAN ARI ZEN UMEA HURBILDU ZITZAIONEAN

  • a) Umea argazkilariari hurbildu zaio
  • b) Umeari erretratuak gustatzen zaizkio
  • c) Argazkilariak lanari ekin dio
  • d) Argazkilariak umeari erretratuak atera dizkio

Perpaus hauek guztiek ezaugarri komun bat dute: datibo argumentu bat erakusten dute. Lehen bi perpausak (a,b) inakusatibo datibodunak dira. Ikusiko ditugu ondoren. Itxuraz badute biek gogoan izateko moduko ezaugarri bat hitz hurrenkera ez-markatuari dagokionez: (a) perpausean, absolutiboa dator lehenik eta datiboa ondoren; (b) perpausean, alderantziz. Ondo aztertu beharreko gaia da hau, eta ez da hau horretarako tokia. Dena den, badirudi hurrenkera ez-markatua hurbildu bezalako inakusatiboekin absolutiboa/datiboa dela eta gustatu bezalakoekin, aldiz, datiboa/absolutiboa.

Bestalde, (c) perpauseko ekin inergatibo datiboduna da: ergatibo argumentua dago batetik (argazkilariak) eta datiboa bestetik (lanari). (d) perpauseko aditza azkenik atera iragankor datiboduna da, ingelesez ditransitive ere deitu izan dena, subjektuaz gain (argazkilariak ergatiboa), bi osagarri erakusten dituelako, osagarri zuzena (erretratuak absolutiboa) eta zehar osagarria (umeari datiboa).

Datibogabeak Datibodunak
inakusatiboa abs abs-dat dat-abs
esnatu da hurbildu zaio gustatu zaio
inergatiboa erg erg-dat
irakin du ekin dio
iragankorra erg-abs erg-dat-abs
ikusi du atera dio

Aditza eta aditzaren konfigurazioa

Aditz sailak aipatu ditugu orain arte, eta halaxe aipatu izan dira literaturan. Dena den, oso urrunera begiratu beharrik ez dago konturatzeko aditz bat konfigurazio batean baino gehiagotan sailka daitekeela, hau da, modu batera ala bestera itxuratu daitekeela. Adibidez, atera aditza iragankor datiboduna dela (d) esan dugu gorago, baina berdin esan genezake inakusatibo soila (a) dela, inakusatibo datiboduna (b) zein iragankor soila (c):

  • a) Erretratua fokoz kanpo atera da ERRETRATUA FOKOZ ATERATA? Rembrandt:Thomas Jefferson
  • b) Erretratua fokoz kanpo atera zaio argazkilariari
  • c) Argazkilariak erretratua atera du
  • d) Argazkilariak umeari erretratuak atera dizkio

Hizkeretan ere, aditz beraren askotariko konfigurazioen testigantzak aurki daitezke, adibidez, Baztango mintzoan (P. Salaburu, buruz buru):

  • a) Umea etxera joan da
  • b) Umeak liburua etxera joan du (eraman du)
  • c) Umeak Joni liburua joan dio (eraman dio)

Edota:

  • a) Umea mendian ibili da
  • b) Umeak liburua ibili du (erabili du)

Horrek ez du esan nahi aditz bat nagusiki sail batean agertu ezin daitekeenik, edo oinarrizkoa dirudien sail batean, behintzat. Nolanahi ere, goiko adibideak ikusita, badirudi egokiagoa dela argumentuen konfigurazioez eta konfigurazioen arteko alternantziez hitz egitea eta ez berez aditz sailez, tradizioak egin duenaren kontra. Hortaz, hemen, aditzak nagusiki ageri diren konfigurazioak aztertuko ditugu, elkarren arteko harremanetan. Bada, hiru konfigurazio bitar bereizi ditugu: inakusatiboa, inergatiboa, iragankorra, eta dagozkien kide datibodunak. Datibodunak ez diren horietaz ari garenean besterik gabe inakusatibo, inergatibo eta abar soil edo datibogabeak deituko diegu.

Konfigurazio motak
inakusatiboa inergatiboa iragankorra
soila datiboduna soila datiboduna soila datiboduna
Aditz bera konfigurazio bat baino gehiagotan ager daiteke, nagusiki sail batekoa baldin bada ere

Konfigurazio inakusatibo datibodunak I: absolutibo/datiboa

Konfigurazio inakusatibo datibodunak aztertzen ditugunean, itxuraz badirudi bi sorta nagusi bereiz ditzakegula, batetik absolutibo/datibo hurrenkera nagusia erakusten dutenak eta bestetik datibo/absolutibo hurrenkerakoak. Badakigu labaina dela hitz hurrenkeraren aipamena egitea bi sortak bereizteko, baina momentuz, zailtasun teknikoa tarteko, ezin dugu hemen erakutsi biak bereizten dituzten bestelako euskarri sintaktikoak, egon badiren arren.

Absolutibo/datibo hurrenkera omen dutenen artean, bi aditz mota nagusi bereizi nahi ditugu: batetik, aspektu/ekintza aditzak, eta bestetik, datibo osagarridun aditzen kidekoak. Ondoren, datibo alternantzia erakusten dutenak izango ditugu aipagai, beste sortarako zubi lana egiten baitute. Ustez kontrako hurrenkera (datibo/absolutiboa) dutenak dira, gure ustez, interes edo jabe datiboak erakusten dituztenak eta predikatu psikologikoak. Horiek guztiak hurrengo atalean aurkituko ditu irakurleak.

Aspektu/ekintza predikatuak


Inakusatibo datibodun konfigurazioko aditzen artean, sorta beregaina osatzen dute aspektu/ekintza predikatuek –ikus Ortiz de Urbina (1995), Etxepare & Oihartzabal (2008a), Fernández & Landa (2009) eta Fernández & Ortiz de Urbina (2010)–. Ondokoak dira euretatik batzuk: ari (izan), eman, hasi, jarraiki eta lotu.

  • a) Lanari ari zen suharki (Laffite 1979: 422)
  • b) Ihesari eman nahi dire, bainan nondik eskapa (Arb Igand 79)
  • c) Hortzez eta haginez hasi nintzen lan horri (Zerb Bahnar 24. kap, Eskualduna, 1935-08-30, 4 –KG–)
  • d) Agintzen darotzut bi urthe osoz zure eskolari jarraikiko naizela (Laphitz71)
  • e) Biharamunetik erlea lanari lotzen da (Duvoisin Laborantzako liburua 297)


Zenbaitek, adibidez, ari (izan) aspektu perifrasiak datiboarekin erakusten duen konfigurazioa Ipar-ekialdeko hizkeren eremura mugatzen da. Baita goian aipatu ditugun adibide guztietan ageri den datibo komunztadura galera bera ere, aspektu/ekintza aditzak baitira hizkera eremu honetan datibo komunztadura ez zaintzeko joera dutenetakoak. Horrek ez du esan nahi, jakina, inoiz komunztadura zaindu ezin dezaketenik, adibidez, lotu, eman edota jarraiki aditzek, nahikoa sarri erabiltzen direnek, datibo komunztadura zaintzen dute ondoko adibidean:

  • Lanari lotu/eman/jarraiki zaio


Baita ekin aditzak berak ere. Gainerakoan, geroago inergatibo datibodunen atalean ikusiko dugunez, aditz hauetatik batzuek, eman, ekin edota jarraituk adibidez, konfigurazio inergatibo datiboduna ere izan dezakete:

  • Lanari ekin/eman/jarraitu dio


Inergatibo datibodunen atalean aztertuko ditugu berriro ere.

Datibo osagarridun aditzen kidekoak: "segitu" adibide


Inakusatibo datibodunen artean, talde txiki baina itxuraz independentea sortzen duten beste zenbait aditz aipatu nahi ditugu orain: begiratu, jarraiki, segitu eta jazarri. Aditz hauek inakusatibo/inergatibo datibodunen arteko alternantzia erakusten dute, eta konfigurazio iragankor soila ere bai. Oraingo honetan, segitu aditza erabiliko dugu adibide bezala, eta gainerako aditzen xehetasunak izango ditu irakurleak berriro inergatibo datibodunen atalean.

Segitu, jarraiki/jarraitu aditzaren oso antzekoa da. Konfigurazio inakusatibo datibodunak dira ondoren dakartzagunak, Iparraldeko idazleetara mugatzen direnak:

  • a) Zertako etziñen haren begirakortasunari segitzen? Baiñan ahalke gaixto batek eta balenorioak ezarri zituzte zorigaitz hortan (Dv Telem 157 –KG–)
  • b) Hari segitzen zaio yende enoxenta (Hb Esk 171)
  • c) Bertzeak bezain airos ez naiteke segi laguneri (Elissamburu, J. B. Po 216) |


Gaur egun ere badira inakusatibo datibodunen testigantzak Iparraldean.

  • a) Hogoi bat gazte alde bat segitu zaizkio, oihuka president karguan behar duela aintzina segitu beste bost urtez (Herria, 2001-05-31, 8)
  • b) Gero etxea aldatu zen tokiz, baina izena aitzina segitu zitzaion, ez badago ere tokiari dagokiona, zeren lehenago izenak emaiten baitziren lehenbiziko tokiaren araberakoak (Luzaiden gaindi, A. Aintziburu / J.B. Etxarren, 22)


ITSASONTZI HAU SEGITZEN ZUTEN BEGIEKINHegoaldean, aldiz, nagusi da inergatibo datiboduna (d,e) eta Iparraldean, inakusatiboarekin batera, iragankor soila (a-c).

  • a) Gau ilhuna iguzkiak / ondotikan segitzen (Gasteluçar 165)
  • b) Segitu zituen beraz Erregek bere xakur maiteak (Barbier Leg 68)
  • c) Itsas-ontzi bat begiekin segitzen zuten (Mirande Haur besoetakoa 64)
  • d) Jende-boladari segitu zion (Aran SIgn 52)
  • e) Asiyagatik urdintzen / gaztiak diyo segitzen (“Xenpelar” 274)


Konfigurazio iragankor soila sarri aurki daiteke gaur egun ere hizkera eremu honetako idazleen lanetan (a) eta Herria aldizkarian sarrien agertzen da (b) adibideko testuinguruan:

  • a) Txokok Otsabideko geltokian trenaren hartzen, Loli eta alaba urrunetik segitu zituen (Hiruko, I. Borda, 1)
  • b) Iragan astean, bere azken egoitzarat segitu dugu Oilokiko Maiena Charriton 91 urtetan (Herria, 2005-02-17, 5)


Gainerakoan, segituk duen ondoko adieran “zerbait gidaritzat edo arautzat onartu”, Iparraldean konfigurazio iragankor soila dago –osagarria absolutiboaz markatzen duena– eta Hegoaldean, iragankor soil zein inergatibo datiboduna.

  • a) Segitu baitute lengoaia huntan frantses orthografa (MarIl VII)
  • b) Ene konseilua segitu nahi baduzue (Lafitte Murtuts 19)
  • c) Beste zenbait erresuma sozialistetan segitu duten hizkuntza politikaz (Mitxelena, K. Mitxelenaren Idazlan Hautatuak 395)
  • d) Ohiturari segituaz (Mitxelenaren Idazlan Hautatuak 98)


Goian esan dugun bezala, inergatibo datibodunen atalean izango ditu irakurleak halako aditzei buruzko argibide gehiago.

Datibo alternantziaz ohar bat


Datibo alternantzia deritzana hizkuntzalaritzan sakon aztertutako alternantzia da. Alternantzia hau predikatu iragankorretan aztertu izan da nagusiki (adibidez, harengana bidali dut/hari bidali diot), eta guk ere, hala egingo dugu geroago, baina iragangaitzekin batera ere azter daiteke, ondoren labur egingo dugun bezala. Esate baterako:

  • a) Jonengana joan da
  • b) Joni joan zaio


Perpaus pare honetan, datibo sintagmak (b), postposizio sintagma (a) ordezkatu du. Lehen konfigurazioa inakusatibo soila da eta datiboduna bigarrena. Mugimenduaren helburu biziduna du datiboak bigarren perpausean, Etxeparek (2003) dioen bezala, eta interesgarria da egile berak bi perpausen artean antzeman duen aspektu ezberdintasuna.

  • a) Xabier ordu bietan Jonengana joan da. Lauretarako iritsi gabea zen
  • b) Xabier Mireni ordu bietan joan zaio. *Lauretarako iritsi gabea zen


Badirudi, beraz, mugimendua helmugara heltzea ala ez garrantzitsua dela, datiboaren erabileran. Horregatik, beharbada, beste mugimenduzko aditz batzuk ez dute halako alternantziarik onartzen, adibidez:

  • a) Jonengana mugitu zen
  • b) (*) Joni mugitu zitzaion


Bigarren adibideari izartxoa jarri diogu, ez baitirudi lehen adibidearen adiera berean erabili daitekeenik. Parentesiak, baina, adierazten du perpausa onargarria dela beste testuinguru batean, alegia, datiboa interesekoa edo jabe datiboa bada, Joni hagina mugitu zitzaion kasuan bezala. Izan ere, horixe gertatzen zaigu sarri askotan: datibo argumentuak interesa edo jabetza adieraz dezakeela eta ez helburua –ikus Etxepare (2003) eta Fernández & Ortiz de Urbina (2010)–. Etxepareren ondoko (a) adibidera joaz:

  • a) Joni adiskide bat joan zaio
  • b) Joni adiskide bat joan zaio barkamen eskean/Jonengana adiskide bat joan da barkamen eskean
  • c) Joni adiskide bat joan zaio Ameriketara


Bi dira izan ditzakegun interpretazio posibleak: bata helburu biziduna (b) eta interes/jabe datiboa bestea ©.

Dena den, interes/jabe datiboak alde batera, badirudi datibo alternantzia nahikoa emankorra dela datibo eta adlatibo postposizioei dagokienez. Aldiz, murriztapenak askoz ere handiagoak dirudite datibo eta ablatibo postposizioa konparatzen ditugunean, hau da, iturburuez (eta ez helburuez) ari garenean. Itxuraz iturburuak markatzen dituzten datiboak berriz ere interes/jabe datiboak direla uste dugu. Esate baterako:

  • a) Jonengandik abiatu da
  • b) Joni abiatu zaio


Bigarren perpausa onargarria izateko, Jonekin zerikusia duen zerbait izan behar dugu, Joni semea gerlara abiatu zaio, adibidez. Joni ez da, beraz, iturburua –itxuraz hala dela pentsa genezakeen arren–, interes edo jabe datiboa baino.

MAHAI HONI TIRADERA ATERAKO ZAIO AZKENEANGainerakoan, osotasun/atal harremanak bideratzen du batzuetan datiboaren agerpena:

  • a) Mahaiari tiradera atera zaio
  • b) *Geltokiari autobusa atera zaio
  • c) Mahaitik tiradera atera da
  • d) Geltokitik autobusa atera da |


(a) perpausean, datiboa erabil daiteke tiradera mahaiaren atal edo parte bat delako. Hori bera ezin daiteke esan geltoki eta autobusez, horregatik da (b) perpausa ez-gramatikala, eta bere ordezko gramatikal bakarra, ablatiboa duen perpausa (d) da. © perpausa, azkenik, gramatikala da, baina ezin daiteke esan (a) perpausaren parekoa denik.

Osotasun/atal harremana, jakina, interes/jabetzak besarkatzen duen eremuan kokaturik dagoela uste dugu.

Ikusten denez, printzipioz datibo iturburu eta helburuak azterketa sintaktiko batzuetan bateratsu aztertzen diren arren (Pylkkänen 2008, adibidez), badira zantzuak pentsatzeko datibo iturburuak interes/jabetzarekin harremanetan errazago azal daitezkeela.

Konfigurazio inakusatibo datibodunak II: datibo/absolutiboa. Aditz psikologikoak

Azter ditzagun ondoren kontrako hitz hurrenkera daukaten aditzak. Hauxe da goian erabili dugun adibidea.

  • Argazkilariari erretratua fokoz kanpo atera zaio

Datibo horrek nolabait gaineratutako datiboa dela ematen du. Interes datiboa deitzen zaie hau bezalako ezaugarriak dituzten datiboei. Izan ere, erretratua fokoz kanpo edo ondo fokaturik agertzeak argazkilariarentzat berebiziko garrantzia duen zerbait denez, datiboak adierazten du noren interesekoa den perpausean adierazten den hori, kasu honetan argazkilariarena (argazkilariari). Orobat, badira hurrenkera bera duten bestelako inakusatibo datibodunak:

  • Argazkilariari eskuak hoztu zaizkio

Kasu honetan, jabe datiboa dugu: datiboak adierazten du eskuak norenak diren, jabetza beraz, eta eskuak argazkilariarenak berarenak direnez eta beste inori eman ezin zaizkionez –argazki kamera bat ez bezala–, jabetza ezinbesterenduzkoa da datiboak hemen adierazten duena.

Oso sarritan aurkitzen dira eguneroko hizkeran honelako datiboak, oinarrizkoa dirudien beste konfigurazio bati gaineraturik. Dena den, gaineratutako datibo hauek alde batera utzirik, inakusatibo datibodun batzuetan, datiboak ezinbesteko argumentua dirudi eta ez nolabait esatearren, gaineratutakoa. Dat/abs itxurako aditz hauen artean gehien-gehienak aditz psikologikoak dira: adibidez, lehenago aipatu dugun gustatu ez ezik, bururatu, dolutu, damutu, interesatu, laketu edota otu. Hauetan guztietan, datiboa esperimentatzailea da eta absolutiboa estimulua, ondoko adibidean ikus daitekeen bezala. Esperimentatzailea deitzen diogu gustatzea sentitzen duenari (umeari) eta estimulua da gustatze hori sortarazten diona (erretratuak).

  • Umeari erretratuak gustatzen zaizkio

Halako konfigurazioei buruzko xehetasunak, Etxepare (2003) eta Fernandez eta Ortiz de Urbinaren (2010) lanean aurkituko ditu irakurleak.

Hona hemen adibide klasiko bat:

  • Murde Irigarai, ene jaona, altxa izadazu buruia: ala damutu ote zaizu enekin esposatzea ("Orixe""Euskaldunak" 118)

Adibide horretan, absolutibo argumentuaren ordezkoa perpaus jokatugabe bat da, nominalizazioduna.

Konfigurazio inakusatibo datiboduna eta datibogabea aditz psikologikoetan

ENEKIN ESPOSATZEA DAMUTUKO ZAIO?Dat/abs predikatu hauek ohikoa dute txandakatzea, hau da, inakusatibo soil edo datibogabe batekin batera alternantzia osatzea. Halakoetan, esperimentatzailea absolutiboaz markatzen da eta estimulua postposiziodun sintagma batez. Ikusi (a) eta (b) adibideak:

  • a) Damutu zaizu enekin esposatzea
  • b) Damutu zara enekin esposatzeaz

Lehen perpausean, esperimentatzailea isilik dagoen zuri pertsona izenordaina da eta komunztadurak erakusten digunez, datiboaz markaturik dago. Perpaus berean, estimulua enekin esposatzea nominalizazioa da, absolutiboaz ageri dena. Aldiz, bigarren perpausean, esperimentatzailea absolutiboa da eta estimulua oraingo honetan instrumentala daraman postposizio sintagma. Bi perpausek, beraz, alternantzia erakusten dute.

Dena den, alternantziari dagokionez, haustura bat dago konfigurazio nagusi berean (datibo/absolutiboa) agertzen diren aditzen artean: badira alternantzia erakuts dezaketenak –goiko damutuk esaterako– (a) eta badira erakutsi ezin dezaketenak –bururatu, adibidez (b)–:

  • a) Mikeli ideia ikaragarria bururatu zaio
  • b) *Mikel bururatu da ideia ikaragarriaz

Alternantzia hau erakusten duten aditzen artean hauexek ditugu: akordatu, ahaztu, damutu, dolutu, gogoratu, oroitu, urrikitu. Baita ondoren ikusiko dugunez, gustatu eta interesatu ere. Aldiz, alternantzia hori ez duten aditz psikologikoak honako hauek dira: begitandu, bururatu eta otu. Gustatu aditzak berak ere badu, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH, Sarasola 2008/2010) izeneko hiztegian ikus daitekeenez, halako konfigurazio datibogabea, “sexualki edo erakarria gertatu” adiera duela:

  • Itziar izeneko batek bota zun: Emengo ze neskakin gustatzen zera? (Xabier Mendiguren Elizegi, Uda betiko balitz, 92)

Konfigurazio iragankorrak aditz psikologikoetan: esperimentatzaile ergatibo eta absolutiboak

Orain arte ikusi dugunez, konfigurazio inakusatiboetan, esperimentatzailea batzuetan datiboaz markatzen da (damutu zait) eta besteetan absolutiboaz (damutu naiz). Bereziki aditz psikologikoak dira ikusi ditugunak. Bada, esperimentatzailea era mugatuago batez, konfigurazio iragankor soilean ere ager daiteke, bai ergatibo bai absolutibo modura. Adibidez, jo dezagun, laket izan predikatura. Predikatu honek konfigurazio iragankorra du. Ergatiboa da, gainera, esperimentatzailea. Izan kontuan bere kidekoa den laketuk ez duela halako itxura iragankorrik. Begiratu ondoko adibideak:

  • a) Gure eskuara ere laket dugu (HU Aurp 205)
  • b) Edari, kafe, xokolet, / nork ere baititu laket (Etcham 188)

Laket (izan)/laketu pareaz esandakoa nahiko orokorra da eta konfigurazio bereko gainerako aditz eta predikatuekin (damu(tu), dolu(tu), urriki(tu), etab.) ere gertatzen da. Inoiz badira konfigurazio iragankorraren aztarnak, baina murriztapen nahiko handiekin.

Esan dugunez, laket (izan) predikatua da. Ez, hortaz, aditza. Berez predikatuak bi atal ditu hemen: bata laket izen zehaztugabea eta bestea dugu, du. Alabaina, laketek adibide hauetan ez du izen ezaugarririk, predikatu konplexua sortzeko prozesuaren ondorioz, galdua duelako izentasuna. Kontuan izan osagarria (a) adibidean, gure eskuara dela eta ez laket bera.

Bestale, badira esperimentatzaile absolutiboa ere erakusten dutenak. Harritu predikatua, adibidez, oso malgua da eta askotariko konfigurazioak erakusten ditu:

  • a) Ez da harritzen Txominek hori gaizki bizi izanaz (Anbroxio, E. Bidegain, 212)
  • b) Egitasmoa hain handia izanik hautetsiak isilik egotea harritu zaiela azaldu zuen ABren izenean (Berria 2004-09-29)
  • c) Txominek erakutsi dion arretak harritu du, ordea (Anbroxio, E. Bidegain, 71)

(a,b) adibideek lehenago damuturekin aztertutako alternantziaren modukoa erakusten dute, (b) oso gutxitan ageri den arren, Ereduzko Prosa Gaur (EPG) izeneko corpusean. Bestalde, (a) eta ( c) bikotean, arazle/inkoatibo alternantzia sumatzen da, egoera aldaketa adierazten duten aditz askorekin aurkitzen dena. Inakusatiboaren absolutiboak (a) eta iragankorrarenak ( c ) rol bera dute, esperimentatzailea hain zuzen. Ez dira asko mota honetako konfigurazioetan agertzen diren predikatuak, baina, tartean, nola ez, damutu ere badago:

  • a) Gizonek lurrean egiten duten mesprezioak etzaitu damutuko Contristabit (Pouvreau, S. Iesusen Imitacionea III 41, 1)
  • b) Damutzen duena infernuak (Mg CC 37)

Interesatuk, adibidez, ez du halako forma iragankorrik testigantza klasikoetan –OEH arakatuz gero, behintzat–. Dena den, gaur egun badira halakoak, eta EHHn (Sarsola 2008/2010) ikus daitekeenez, Iparraldeko idazleen erabilera da interesatu aditzaren konfigurazio iragankorra:

  • Gizonek Amerikako familiako gertakariek biziki interesatzen ninduten (Herria, M. Hermine-Aguer/G. Pontto, 2005-03-31, 8)

Are urriagoak dira, adibidez, dolutu predikatuarekin:

  • Batzuetan dolutzen zintuela ikusi uste izan dut (Harreman arriskutsuak, De Laclos / J. Muñoz, 76)

Edota gustaturekin:

  • Zu gustatzen zaituenak gustatzen tu zure baithan gauza guziak (Ch III 34m 2)

Oso bestelako talde semantiko berezia osatzen dute gogoratu, oroitu edota ahaztu (ahantzi) aditzek. Konfigurazio iragankorraren erakusgarri sendoak dituzte historian zehar nahiz gaur egun. Hona hemen esperimentatzaile ergatiboa dutenak:

  • a) Oraintxe gogoratu eban sagardo barrikea idigita itxi ebala (Bilbao IpuiB 167)
  • b) Oroi zezala antziñakoen esakera jakintsua (Aguirre, D. Garoa 126)
  • c) Ta nik berariaz oriek aztu ta kasorik egin ez (Cb Eg 92)

Eta ondokoak arazle ergatiboa dutenak:

  • a) Gizon jakintsu batek esana gogoratuko diet artzaiai (Munita 130)
  • b) Falta guztiez orhoitzen zaitu [konzientziak] (Axular 438)
  • c) Ordea inoranziak batzutan batzuei ahanzten deraue zer egin behar den (Harb 205)

Biak konfigurazio iragankorrak izan arren, badituzte diferentziak elkarren artean. Adibidez, konpara ditzagun esperimentatzaile ergatiboa duena absolutiboa duenarekin:

  • a) Jonekesp hori gogoratu zuen
  • b) Jonesp horretaz gogoratu zen

Bigarren adibidea, De Rijkek (2003) antipasiboa deitzen zuen. Adibide horretan -–esp behe-indizea darabilgu esperimentatzailea zein den adierazteko-. Aldiz, arazle ergatiboa –araz behe-indizea duena– eta esperimentatzaile absolutiboa konparatuz gero, orduan, arazle/inkoatibo alternantzia dugula dirudi:

  • a) Kontzientziakaraz falta guztiez orhoitzen zaitu (zu)esp
  • b) Zuesp falta guztiez orhoitzen zara

Konfigurazio inergatibo datibodunak

UMEAK NEGARRARI EMAN DIOGure sailkapenean hurrengo sail nagusia osatzen dutenak inergatiboak direla ikusi berri dugu. Batzuetan, inergatibo soilak izan beharrean, datiboa ere erakusten duten konfigurazioak ditugu, eta orduan, inergatibo datibodunak sortzen dira. Adibidez, eragin aditzak konfigurazio hau erakusten du:

  1. Umeak negarrari eman dio

Perpaus honetan, umeak ergatibo argumentua dugu batetik eta negarrari datibo argumentua bestetik. Bi argumentu, beraz, nahiz eta dio aditz laguntzaileari begira, hirugarren argumentua ere badagoela pentsa litekeen. Etxeparek (2003) bivalent ditransitive deritze gure inergatibo datibodunei: aditz morfologiaren aldetik ditransitive –Euskaltzaindiaren nork-nori-nor– direla dirudi, hiru argumentudunak, alegia, baina sintaktikoki argumentu bi besterik ez dute (bivalent, beraz).

Ondokoak ditugu konfigurazio nagusi honetan agertzen diren aditzak: ekin, eman, eragin, erasan, eutsi, heldu eta iritzi. Badira, geroago ikusiko dugunez, konfigurazio honetan ez ezik, konfigurazio iragankor soilean ere atontzen diren aditzak, baina horiek absolutibo/datibo alternantziadunen atalean aztertuko ditugu.

Hona hemen oraingo sailaren adibide sorta.

    1. Tai gabe ekiten zion zurrutari (EtxaideJJ 187)
    2. Emoten deutsa negarrari (Moguel, J. A.Confesio ona 54)
    3. Eragijok mutil […] aurreko tanboliñori (DurPl 125)
    4. Biotzeko naigabeak gorputzari asko erasan oi diote (N. Etxaniz LBB 64) (OEH VI: 777)
    5. Gu gera iru probintzi, /lengo legerik ez utzi; / oieri firme eutsi, /naiz hanka bana autsi (“Xenpelar”411)
    6. Gogorapen gaiztoak zuzen zuzen animari eltzen diote askotan (Inza Azalp 148)
    7. Zer iritziko diete 50 urteren buruan gaurko «ismuei»? (Mitxelena, K., MEIG I 110)

Hauetatik batzuk aspektu aditzak dira, ondoren ikusiko dugunez.

Aspektu/ekintza predikatuak: "ekin" adibide

Inergatibo datibodunen artean, sorta berezia osatzen dute aspektu/ekintza aditzek eta eurekin batera ageri diren aspektu/ekintza datiboek. Esapideok lehenago ere erabili izan ditugu halako aditzez eta euren datiboez ari ginela –Etxepare & Oihartzabal (2008a,b,c), Fernández & Landa (2009), Fernández & Ortiz de Urbina (2010)–. Ostean, Ortiz de Urbinak (1995) ekintza datiboak ere iritzi die datibo horiei. Deitura bat ala bestearen azpian baina, sorta bertsua jasotzen da. Horietatik adibide bakarra jasoko dugu hemen, ekinen kasua alegia.

Ekin nahiko prototipikoa da sorta honetan, ondoko arrazoiengatik:

  1. Datibo osagarria erakusten du eta ez, aldiz, absolutibo osagarririk. Adibidez: lanari ekin dio esaten dugu, ez *lana ekin du. Horrek esan nahi du ez duela datibo eta absolutiboaren arteko alternantziarik erakusten.
  2. Datiboa batzuetan inesiboaz txandakatzen da: lanari ekin du / lanean ekin du. Datibo eta inesibo alternantzia du, beraz.
  3. Konfigurazio inergatibo datiboduna erakusteaz gain, inakusatibo datiboduna ere badu hizkeren arabera, hau da, ekin dio / ekin zaio.


OEHak (VI: 525) ekin aditzaz dioenez, egiturarik zaharrena eta sarrien aurkitzen dena datiboduna da. Konfigurazio inergatibo datibodunean, laguntzaile iragankor datibodunak ageri zaizkigu, adibidez, (ekiten) zion, ondoko perpausean

  1. Tai gabe ekiten zion zurrutari (Etxaide JJ 187)

Konfigurazioa inakusatibo datiboduna denean, orduan laguntzaile iragangaitz datibodunak ageri dira, akio (a) adibidez, ondoren.

  1. Adin onari akio “Emprende lo razonable” (RG A 8)

Forma trinkoa da, ikusten denez, ageriko subjekturik gabea –gehienak aginterazko formak dira–. Testigantza zaharrak dira hauek, gaur egun desagertu direnak.

Ekinek konfigurazio inakusatiboa duenean, adizki trinko edo sintetikoak agertzen dira sarri. Forma sintetikoak erakustea da sorta honetako aditz gehienen beste ezaugarri bat: ekin, eman, eragin, eutsi eta iritzi aditzek, guztiek dute erakusgarri bera; ez, aldiz, eraso, erasan eta heldu aditzek.

Goian esan dugunez, batzuetan, datiboa inesiboarekin txandakatzen duen aditza da ekin (OEH VI: 524).

Ekin: datibo eta postposizioen arteko alternantzia ere erakusten du (OEH VI: 524). Halakoetan, aditz laguntzaile iragankor datiboduna erabiltzen da ia beti, (a) adibideak erakusten duen bezala.

    1. Gitxienetik iru ordu laurenian, / ekin eutsen neurtitzak egiten alkarri (Enb 207)
    2. Ekin lanean (Lizardi IL 101)

Adibide bitxia da (a), komunztadurak datiboa jasotzen duelako (ekin eutsen), nahiz eta perpausean datibo argumenturik ez den. Aztertu beharreko gaia da hau. Fernández & Landa (2009) eta Fernández & Ortiz de Urbina (2010) ikus daitezke antzeko adibideetarako.

OHITURA BATZUK ONGI MANTENTZEN DIRA: ANGELUSA ERREZATZENDena den, laguntzaileak erakusten dituen formak ez dira halabeharrez datibo komunztaduradunak (OEHk VI: 524), esate baterako (a):

    1. Seme-alaben ohiturei buruz ekin eben berbetan (Bilbao IpuiB 60)
    2. Beste arrastoren batetik ekin nahi nuela adierazi nion (Azkenaz beste, A. Lertxundi, A. , 21)

Eta ez dira nahitaez inesibo sintagmak ekin laguntzen dutenak, Hizkera askotan, ekintza/aspektu aditzen osagarriak adierazteko inesiboak arruntak diren arren, bestelako osagarriak ere onartzen ditu ekinek.

    1. Porca putannaka ekin zion ikazkinak (Ihes betea, A. Lertxundi, 223)
    2. Harri-koskor bat hartu, eta hormatzarraren kontra ekin zion (Ipuin batean bezala, J.M. Irigoien, J. M., 176)
    3. Marmarka ekin zioten batzuek eta besteek (Ipuin batean bezala, J.M. Irigoien, 27)

Honi dagokionez, ari (izan) perifrasia bezalakoekin hurbiltasun nahikoa erakusten du ekinek osagarriaren adierazpenean –ikus Hualde eta Ortiz de Urbina (1987)–.

Bestelakoak: "heldu" adibide

Inoiz aspektu adiztzat ere har daitekeen arren, heldu ez da bete-betean sartzen goiko sortan: adibidez ez du forma trinkorik erakusten, eta aurrekoek ez bezala, absolutibo/datibo alternantziaren zantzuak erakusten ditu, osagarriaren markapenean. Horregatik jaso dugu hemen bestelako inergatiboen artean goikoetatik bereiziz.

Heldu aditzak dituen adiera askotatik batean, “eskuaren bidez tinkatu, ihes egin ez dezan edo higi ez dadin” (Sarasola 2007: 501), inergatibo datibodun argia dirudi (a,b); baita “hozka egin, ausiki” adieraz ere ©. Ikusi bestela.

    1. Gogorapen gaiztoak zuzen zuzen animari eltzen diote askotan (Inza Azalp 148)
    2. Lenengo abaguneari eldu (Anabitarte Poli 47)
    3. Suge batek eldu ziolako, moztu zioten anka (Iztueta C (ap. H))

Baina nolabaiteko datibo eta absolutibo alternantzia erakusten duen aditza ere badela dirudi. Dena den, oso gutxi dira absolutiboarekin adiera berean aurki daitezkeen adibideak, OEHan behintzat.

    1. Noizpait eltzen baaut… (Zaitegi Sof 129)
    2. Esku batez gogor eldu zun: –Zaude pittin bat, andrea (Etxaide AlosT 99)
    3. Oriek [eskorpionak] eltzen dutena il egiten da (Anabitarte Aprika 46)

Bestalde, konfigurazio inergatibo datibodunean ez ezik, inakusatibo datibodunean ere ageri da adiera berean:

    1. Eldu zitzaizkion bereala eta egotzi zuten labera (Ber Trat 111r)
    2. Besotik heldu zitzaidan (MirandePr 110)

Ekinek duen itxura bertsuaz, ikusi dugunez. Are, ekinen kideko jasotzen du Sarasolak 2008/10), jokatutako adibide guztietan, konfigurazio inergatiboa baino erakusten ez badu ere (a,b) –jokatugabea da hirugarrena ©–:

    1. Damian hel iezaiozu muinari behingoagatik (Mutuaren hitzak, A. Etxeberria, 46)
    2. Atzoko auziari helduko diogu berriro (Hainbat idazlan, San Agustin / I. Unzurrunzaga, 40)
    3. Ez zegoen nondik heldu aldrebeskeria sorta hari (Eguzki beltzaren sekretua, A. Ladron, 59)

Helduk kasu honetan aspektu aditza dirudi, goiko ekinen modukoa.

Absolutibo eta datibo alternantziadun aditzak

Aztertu berri ditugun aditzek datiboaz markatzen dute osagarria, salbuespenak salbuespen, absolutiboarekin alternantzia erakutsi gabe. Alabaina, badira osagarria absolutiboaz ez ezik, datiboaz ere markatzen duten aditzak. Aditz iragankor soilekin –ikusi adibidez– osagarria absolutiboaz markatzen da, eta inergatibo datibodunekin –ekin, esate baterako–, datiboaz. Baina nagusiki hautu bat ala bestea duten aditzak alde batera utzirik, badira absolutibo eta datibo alternantzia erakusten duten aditzak, alegia, osagarria bietara markatzen dutenak. Ondoko adibideetan ikus daiteke nola txandakatzen duen datiboak absolutiboa –edo nahiago bada, alderantziz– osagarria markatzerakoan.

    1. Gazte maite hoik eskertzen ditut (Mattin 30)
    2. Ongillei neurriz eskartuteko (Enbeita 203)

Eskertu bi adibideetan agertzen den aditza, alternantzia hau erakusten duten aditzetako bat da. (a) adibidean eskertu aditzaren argumentua –gazte maite hoik– absolutiboaz adierazten da eta (b) adibidean, berriz, datiboaz –ongillei–. Ondorioz, aditz bera bi konfiguraziotan ager daiteke: iragankor soilean, osagarria absolutiboa erakusten duen kasuetan (a) eta inergatibo datibodunean, osagarria datiboaz markatzen denean (b).

GAZTE MAITE HOIK ESKERTZEN DITUT, Mattin Sarako plazan, 1960.0.03Alternantzia hau nagusiki perpausean bi argumentu ditugunean gertatzen da, esaterako, nik eta gazte maite hoik (a) adibidean. Baina ez nahitaez. Izan ere, batzuetan aditz berak hiru argumentu ere erakuts ditzake, hala nola, ondoko honek:

  1. (nik) (zuri) Eskertzen dizut oparia/etorri izana

Orduan, aditz iragankor datibodunetan, hau da, eman bezalakoetan daukagun itxuraketa bera dugu, ez bi argumentu bakarrik, hiru baino, ergatibo, datibo eta absolutiboaz markaturik –nik, zuri eta oparia edo etorri izana, hurrenez hurren–.

Eta hiru argumentu ditugunean ere antzeman daiteke alternantzia bera, abisatu aditzarekin adibidez. Halakoetan, helburu osagarria absolutiboaz edo datiboaz marka daiteke, mintzagai dugun alternantzia erakutsiz, eta gai osagarria mendeko perpaus bat izaten da –gure ondoko adibideotan, NZ hitzeko zehar galdera (a) edota –la konplementatzailea buru duen baita-ezko perpausa (b)–.

    1. Abisa nazazu / zer balio duen sardinak (ConTAV 5.2.9., 130)
    2. Gabiria-ra ama il zala neri abixatzera joan zan (Salav 22)

LAPHITZ ARIZKUNDARRABestalde, badira (1) perpausaren kontra, absolutibo edota datibo argumentua agerian gabe, isilean dituztenak, ondoren lagundu aditzeko adibide hauek bezala. Halakoetan, komunztaduraren bitartez berreskuratzen dugu osagarria eta dagokion kasua.

    1. Doña Inesek ospitaleraino lagundu zuen (Laphitz, Bi saindu hescualdunen bizia36)
    2. Josetxo […] lagundu bear deuskuzu Buenos Airesera, ostera bat egittera. (Echeita Jos 318)

Lehen adibidean (a), hura da argumentu isila eta bigarrenean (b) guri. Argumentua absolutiboa den (a) adibidean, lagundu aditza *edun aditz laguntzaile iragankorreko forma soilean jokatzen da, zuen adizkiak erakusten duen bezala, eta argumentua datiboa denean (b), berriz, forma datibodunaz, alegia, deuskuzu, eutsi laguntzailekoa eta euskara batuko diguzu formaren kidea dena. Hortaz, osagarria absolutibo eta datiboaz, bietara markatzearekin batera, dagokien aditz laguntzaile iragankor soil –du– edo datiboduna –dizu– aukeratzen da, kasuan-kasuan.

Eskertu, abisatu eta lagundu alternantzia erakusten duten aditzetatik hiru baino ez dira. Barkatu begiratu, bultzatu, deitu, entzun, erregutu, erreparatu, esetsi, eskertu, iguriki, itxaron, jarraitu, jazarri, kontseilatu, laga, manatu, obeditu, oratu, segitu, ukitu eta utzi dira gainerakoak.

Aditz hauek guztiek, diferentziak diferentzia, goian adibide modura erabili ditugunen antzera jokatzen dute. Baina alternantzia guztiak ez dira berdin-berdinak, hau da, ez dira ez baldintza berberetan ez arrazoi berberengatik gertatzen. Hortaz, absolutibo eta datibo alternantziez hitz egiten dugunean, eta baita ziur aski, alternantziak, oro har, aztergai darabiltzagunean ere, argitu beharra dugu alternantzia nolakoa den eta zeri zor zaion.

Alternantzia motak

Hizkeren araberako alternantziak

Gure ustez, hiru dira alternantzia mota nagusiak: lehenik, euskalkien edo hizkeren araberako alternantziak, bigarrenik, adieren araberakoak, eta hirugarren eta azkenik, alternantzia osoak. Euskalkien araberako alternantziak deritzegu eremu geografiko jakin batean osagarria markatzeko joera nagusi bat dagoen bitartean, beste eremu batean, beste bat dagoenean. Esate batera, goian aipatu ditugun eskertu, abisatu eta lagundu aditzek euskalkien araberako alternantzia erakusten dutela dirudi. Aditzez aditz aztertu beharko litzateke alternantziaren hizkera eremua zein den, orokortzen hasi aurretik, baina oso modu lausoan bada ere, itxuraz esan genezake absolutibo eta datibo alternantzia erakusten duten aditzetan, baldin eta alternantzia hori euskalkien araberakoa bada, orduan, absolutiboaz markatzeko joera dagoela Iparraldean, eta datiboaz, berriz, Hegoaldean –entzun aditzarekin esate baterako–. Beste batzuetan, Iparraldeko erabilera bera aurki daiteke Nafarroa Garaian ere, absolutiboarena alegia, eta orduan, datiboa da mendebaldean aurkitzen den kasua. Xehetasunak oraindik ezagutzen ez baditugu ere, zalantzarik gabe esan dezakeguna da alternantzietatik batzuk, behintzat, hizkerei dagozkiela.

Dena den, ez dira, ustez bezain ugari, itxuraz euskalkien arabera bereizten diren absolutibo eta datibo alternantziak. Kontuan izan behar da OEHtik eta Ereduzko Prosa Gaur corpusetik jasotako datuez baliatu garela nagusiki aditz hauen hizkera eremuaren berri izateko, eta litekeena dela landa-lanaren ondorioz lortutako datuak bestelakoak izatea –esate baterako, litekeena da guk orain aitortzen duguna baino garrantzi handiagoa izatea euskalkien araberako egungo banaketa horrek, testigantza idatziei begira pentsa daitekeena baino–. Ñabardura gehiagoren zain eta eskura ditugun datuak kontuan hartuz, alternantzia mota hau erakusten duten aditzak hauexek direla uste dugu: abisatu, deitu, entzun, eskertu, lagundu eta segitu. Ez dira asko, beraz, aditz alternantziadun guztien sortari begiratzen badiogu, baina bai, kontuan hartzekoak.

ANDREIEV NOIZBAIT BERE LANAK EUSKARARA ITZULIKO OTE ZIZKIOTEN PENTSATZENIkus dezagun beste adibide bat. Entzun aditzak ere absolutiboaz nahiz datiboaz marka dezake osagarria, aipagai dugun alternantzia honetan. Abisatu aditzarekin bezalaxe, aditz hauetako batzuen datibo osagarriek erakusten duten ezaugarri nagusia ikus daiteke ondoko adibideetan: datiboa erabiltzen den hizkera eremuan, gizakiak izan ohi dira datibo marka hori bereganatzen dutenak (a,b) eta absolutiboa gordetzen dute gizakiak ez diren osagarriek ©:

  • (5)
    • (a) Vasia, entzuten didazu? Oso maite zaitut (Zazpi urkatuak, L.N. Andreiev / J. Morales, 91)
    • (b) Entzun diozu Bilboko hizlariari (Paperezko hegazkinak, L. Egia, 19)
    • (c) Orduan Peterren ahotsa entzun genuen tximiniako hoditik (Anne Franken egunkaria, A. Frank / J. Zabaleta, 47)

ANA FRANKEN ETXEADatiboa zilegi den eremura mugatuz –eta alde batera utziz gizaki ez diren osagarri absolutibo orokortuak–, absolutibo/datibo alternantziak bi konfigurazio nagusi ematen dizkio entzun aditzari, bata iragankor soila –entzun zaitut– eta bestea datibodun inergatiboa –entzun dizut. Eta alternantzia, oraingoan ere, hizkeren araberako banaketari zor zaiola dirudi. OEHan (VI: 685) ageri denez, absolutiboa da Iparraldean gailentzen den markapena eta Hegoaldean, berriz, XIX. mendetik aurrera datiboa orokortzen bada ere, ordura arte bai absolutiboa bai datiboa erabiltzen ziren. Ondoko adibideek erakusten dute absolutibo (a) eta datibo (b) txandakatzea.

  • (6)
    • (a) Itz egizu, entzungo zaitut (Cb Eg II)
    • (b) Enzun eidazu (Añibarro EL 170)

Antzekoak dira testu berriagoetan agertzen diren konfigurazioak (a,b) vs. (c,d):

  • (7)
    • (a) Behin entzun ninduten lagun batekin solasean eta debekatu zidaten (Septentrio, A. Arkotxa, 110)
    • (b) Isil hadi bederen, etsaiak ez gaitzan entzun! (Zeruetako erresuma, I. Borda, I. , 250)
    • (c) Bai, baina, entzuidak, ehorzle jaun-maisu (Hamlet, W. Shakespeare / Juan Garzia 191)
    • (d) Entzuten dizut (Brooklyngo erokeriak, P. Auster / O. Arana, 269)

Joera honek eraman gaitzake lehenxeago abisatu aditzarekin ikusi dugun bezala, Iparraldeko erabileretan, konfigurazio datibogabea gordetzera baita mendeko perpaus osagarri bat daukagunean ere, hala nola ondoko honetan:

  • (8) Entzun zaitut beti robot antzeko makina horiek langileak kentzen zituztela marmaratzen (Hiruko, I. Borda, 109)

Adieren araberako alternantziak

Alternantzien artean, adieren araberakoak dira bigarrenik aipatu ditugunak. Aditz berak dituen adieretatik batean alternantzia gertatzen bada eta beste adiera batean ez, orduan hitz egiten dugu alternantzia mota honetaz. Esate batera, esetsi aditzerako bi adiera jasotzen ditu Sarasolak (2007: 350), lehena “eraso” eta bigarrena “ihes doanari, atzemateko edo harrapatzeko, jarraitu, jazarri”. Bi adiera hauetan absolutibo eta datibo alternantzia erakusten duen aditza da, ondoko adibideetan ikusten den bezala. “Eraso” adierakoak dira (a,b) adibideak, absolutibo eta datiboduna, hurrenez hurren, eta (c,d), berriz, bigarren adierakoak.

  • (9)
    • (a) Banaka batzuek guttietsi eta are esetsi izan dute Etxepareren bertsolana (MEIG V 31)
    • (b) Tentazio zantarrak esesten deuskubenian (Mogel CO 291)
    • (c) Berri onekin artu zuten Jesus esesi edo persegitzeko gogo gehiago (Lardizabal 392)
    • (d) Txakur batek esetsi zion (Sarasola 2007: 350)

Honainokoan, beraz, alternantzia osoa dugula dirudi, baina, ikusiko dugunez ez da hala: OEHak (VII: 288) dakarren “recriminar, reñir”, alegia, “errieta egin” adieran, oso bestela, datibodun adibiderik baino ez dago.

  • (10)
    • (a) Edatera datozan gizonak esesten deuste neuk erruba baneuka legez (Mogel PAb 72)
    • (b) Bein batian esetsi eutsan senarrari, inos baino errazoe gitxiagogaz (fB Ic III 374)

Adieratik adierara, beraz, itxuraz alternantzia badugula, alternantziarik ez dugula dirudi, eta horrek adieren araberako alternantzia dagoela esatera garamatza. Alternantzia mota berekoa da baita begiratu aditzarena ere. Begiratu aditzarekin, “zerbait eta norbaitengana begiak zuzendu” adieran (Sarasola 2007:184), datiboaren –eta baita adlatiboaren– markapena nagusitzen da osagarrian, garai eta euskalki guztietan, OEHak (IV:464) dioenez. (a) adibideak erakusten duen bezala. Horrek ez du esan nahi, jakina, absolutiboaz ere marka ezin daitekeenik, (b) adibidean kasurako.

  • (11)
    • (a) Kopetako izerdiari begiratu gabe laguntzen zien argiñari lanian (Beovide AsL 51)
    • (b) Hara, beitu zugatz aren azpijan jezarritta dagon eskale ziztrin-loi a (Altuna 96)

Gainerakoan, ez dirudi biziduntasunean murriztapenik dagoenik, gizaki/animatuak (a,b) zein ez-animatuak (c,d) marka daitezke-eta datiboaz:

  • (12)
    • (a) Ken itzatzu bada nigandik zure begiok; ez niri begiratu (Lar SAgust 14)
    • (b) Kopetako izerdiari begiratu gabe laguntzen zien argiñari lanian (Beovide AsL 51)
    • (c) Eztodala erdeldun antzik, iñundik be, ta olakuak esaten iñardu yuek, baia dana alperrik, apelliduari bakarrik begitu yeutsiek ("Kirikiño" Ab II 183)
    • (d) Tristeziari / Bihotza libratuz / Bertuteari zeiharka beiratuz (Monho 84)1

Joera hau bera antzeman daiteke gaur egungo erabileran ere. Egile berak sarri askotan, gizaki/animatu zein ez-animatuekin darabil datibo kasua. Ez-animatuak nonahi ia aurki daitezke, adibidez, Atxagaren lanean, eta ez da, jakina, erabilera idiolektal hutsa:

  • (13)
    • (a) Mary Anni begiratu nion (Soinujolearen semea, B. Atxaga , 12)
    • (b) Erlojuari begiratu nion (ibid., 193)
    • (c) Virginiaren etxeari begiratu nion (ibid., 333)
    • (d) Telebistari begiratu nion (ibid., 359)

DANIEL LANDARTHori bera esan daiteke baita Iparraldeko egileez ari garela ere. Ikusi ondoren Landartenak:

  • (14)
    • (a) Begi bazterraz amari begiratu nion (Anaiaren azken hitzak, D. Landart, 59)
    • (b) Harritu nintzen eta berehala erlojuari begiratu nion (ibid., D. Landart, 11)
    • (c) Gerezi ondoari luzaz begiratu nion (ibid., D. Landart, 189)

Alternantziaren zantzuetara itzuliz, absolutiboa ikus daiteke beste hauetan, osagarri ez-animatua (a) eta gizaki/animatuarekin (b), hurrenez hurren.

  • (15)
    • (a) Bere ugazabaren arpegia betik gora begiratzen du (Etxde AlosT 28)
    • (b) Hara, beitu zugatz aren azpijan jezarritta dagon eskale ziztrin-loi a (Altuna 96)

Eta ez dira horrenbeste, adiera honetan, egungo literatura lanetan osagarria absolutiboaz markatzen dutenen erakusgarriak, baina izan badira:

  • (16)
    • (a) Liburua itxi eta azala begiratu dut berriro (Gauza txikien liburua, P. Aristi, P. , 90)
    • (b) Amaierarik ez duen zelaia begiratuko duzu ea aita ageri den, eta puntu bat ikusiko duzu han urrun (Lagun izoztua, J. Sarrionandia, J. , 363)
    • (c) Aspaldion, erretreta hartu zuenetik, halaxe begiratzen ditu L. ikerlariak ere liburuak, artxibo nagusiko eskuizkribuak, mikrofilmak (Konpainia noblean, A. Lertxundi, 111)
    • (d) Emazteak zakur zanpatu soaz begiratu ninduen (%100 Basque, I. Borda, 202)
    • (e) Harek ikusi etxeak begiratzen nituen, urrats berak eginez berdin, ustez ez nuela egiazki galdu maite dudan emaztea (Azken apeza, P. Aintziart, P. , 69)

Bada, datu hauek guztiek erakusten dute adiera honetan begiratu aditzak abolutibo/datibo alternantzia duela. Gainerakoan, sorta honetako aditzetan lehenengoz, datiboa adlatiboarekin txandakatzen da, edo bestela esanda, datibo eta adlatibo alternantzia ere badago. Ondoko adibideek adlatiboa erakusten dute osagarria izena (a-c) izan zein nominalizazioa (d).

  • (17)
    • (a) Begira zazu istiborrerat eta deskubri zazu hareazko mendi bat (Cap 87)
    • (b) Neuk dakit merezietan eztodala begiretea zeure arpegi ederrera (Urqz 3)
    • (c) Uste dot Edestiara (Historiara) begiratu ezkero, ikusten dala erri jakintsuak jausi dirala beti erri kirtenen menpian (Kk Ab II 110)
    • (d) Errenteru askok bere ez dau begiratuten korta ta ganbara onak eukitera baño (JJMogel BasEsc 201)

 ELVIS PRESLEY, Aingeru Epaltzaren liburua irakurtzeko prestBaina ez dezagun hari nagusia galdu, begiraturen kasuistika guztia erakutsi nahian. Gogoratu begiratu aditzak adieren araberako alternantzia duela aldarrikatu dugula gorago. Ikus dezagun, bada, aditz berak duen bigarren adiera nagusia, hau da, “babestu, zaindu” (Sarasola, I. 2007: 184) alegia. Adiera honetan, absolutiboaz baino ez da markatzen osagarria, eta ondorioz, begiratu aditza itxura iragankor soilean azaltzen da.

  • (18)
    • (a) Begiratu zuen bere burua errhoarena eginik (Lg I 285)
    • (b) Gatzak begiratzen, gordetzen du aragia usteltzetik (Ir YKBiz 120n)
    • (c) Begira nazazu peril guztietarik (Mat 187)
    • (d) Edariak nire oroimenari ezarritako lausoak begiratu ninduen, noski, burua lehertzetik, amaren herrira joateko errepide bihurriko edozein bihurgunetan (Rock'n'roll, A. Epaltza A. , 212)

Laburbilduz, lehen adieran, alternantzia dugu, nahiz eta datiboa nagusitzen den, eta bigarren adieran, ez dago alternantziaren zantzurik: absolutiboa da osagarriak erakusten duen kasu bakarra. Alternantzia, hortaz, ez zaio oraingoan zor euskalki edota hizkerari, adierari baino. Alternantzia honetako aditzak dira esetsi eta begiratu aditzez gain, deitu, erreparatu, jazarri eta laga.

Alternantzia osoak

Badira hirugarren eta azkenik, alternantzia osoak edo beren-beregiak. Alternantzia osoak ditugunean, ezin diogu ez hizkerari ez adierari egotzi kasu baten ala bestearen hautaketa. Gramatikak bietarako aukera ematen digu: biak ageri dira adiera berean, hizkera berean, eta sarri askotan hiztun edota idazle berarengan. Obeditu da horietako bat, ondoko adibideek erakusten duten bezala.

  • (19)
    • (a) Nola duten [erleek] bere erregea, eta obeditzen duten (Axular 35 (V21))
    • (b) Bere maisuai guztian obeditzen zien (Cb Just 91)

Osagarria absolutiboduna da lehenengoan (a) –bere erregea– eta datiboduna –arrazoiñari– bigarrenean. Alternantzia hau ezin diegu adierei egotzi, ezta itxuraz eremu dialektalari. OEHak (XIII: 23) dakarrenez, Hegoaldean datiboa izan da nagusi, baina badira absolutiboaren erakusgarriak ere, eta Iparraldean bilakaera historikoan, XVIII. mendera arte nagusi zen absolutiboari datiboa gailenduko zaio ordutik aurrera, absolutiboarekin txandakatuz. Hortaz, hizkera eremu berean txandakatzea dago, eta bien testigantzak aurki daitezke baita idazle berarengan ere, hala nola, Leizarragarengan.

Alternantzia osoko aditzak dira bultzatu, erregutu, iguriki, itxaron, jarraitu, kontseilatu, manatu, obeditu, oratu eta utzi.

Hau bezalako alternantzia osoen zergatia aurkitzea da erronkarik zailena agian, zeren behin euren zergatia zein den jakinez gero, hizkeren eta adieren araberakoak ere zergatik gertatzen diren jakingo dugu. Kontuan izan, hizkeraren batean, eta ez bestean, alternantzia dugula diogunean, oraindik ere argitu beharra dugula zer dela eta gertatzen den alternantzia hizkera horretan. Berdin esan daiteke adieren araberako alternantziez. Adiera batean gertatzeak, eta ez beste batean, oraindik ere argitu gabe uzten du alternantzia duen adieran, zein ote den horretarako arrazoia. Alternantziaren zergatiari buruzko zenbait gako aurkituko ditu irakurleak Fernández eta Ortiz de Urbinaren (2010) lanean.

— Egilea: Beatriz Fernandez (EHU)

Erreferentziak

  • DeRijk, Rudolf. P.G. 2003. “Antipasiboak euskaran.” In J.M. Makatzaga eta B. Oyharçabal (arg.) Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Gramatika gaiak. IKER 14 (1). Bilbo: Euskaltzaindia. 385-393.
  • Etxepare, Ricardo. 2003. “Valency and argument structure in the Baque Verb”. In J.A. Hualde & J. Ortiz de Urbina (arg.) A grammar of Basque. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 363-425.
  • Fernández, Beatriz & Jon Ortiz de Urbina. 2010. Datiboa hiztegian. Bilbo: UPV/EHU-ko Argitalpen Zerbitzua.
  • Mitxelena, Koldo & Ibon Sarasola. 1989-2005. Diccionario General Vasco. Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Perlmutter, David M. 1978. “Impersonal passives and the unaccusative hypothesis”. In J.J. Jaeger & A.C. Woodbury (arg.), BLS 4, 157-189.
  • Sarasola, Ibon. 2008/10. Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Corpusak

  • Ereduzko Prosa Gaur (EPG)

Gaian sakonduz

Predikatu Inergatiboak

Ane Berrok “Unergative predicates in Basque Varieties: consequences for the ergative case assignment” izenburuko lana egin du ez-ergatiboen inguruan Ikasketa Aurreratuen Ziurtagiria (IAZ) eskuratzeko. Hemen jaso daiteke lana

— Egilea: Ane Berro

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez (EHU), "Aditz predikatiboak: aditz iragangaitzak eta iragankorrak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3