Erabiltzaile Tresnak


morf:5:12:2:2

Aditz inpertsonalak

Era askotako aditzak hartu izan dira 'inpertsonaltzat' gramatiketan, eta gure esparrua zehaztearren gain-begirada bat ematea merezi du. Ikus ditzagun ondoko adibide hauek:

  • hoztu du
  • euria ari du
  • hotz handia egiten du
  • luzatu du eguna
  • hoztu du
  • merezi du arazo hau behar bezala aztertzea
  • bistan da ezingo dela ezer ere egin
  • merezi du arazo hau konpontzea
  • hemendik joaten da Donostiara
  • uholdearen ondoren herriko kaleak garbitzeari ekin zitzaion

Adibide horiek guztiak inpertsonalak dira. Ezin da pertsonarik eman hor: *Jokinek hoztu du (eguraldiaz ari garelarik, noski: besterik da Jokinek salda hoztu du esaten badugu). Horiei deitzen diegu “aditz inpertsonalak”. Baina, ohartzen bagara, joan aditza hartzen badugu, testuinguruak esaten digu noiz den inpertsonala eta noiz ez:

  • hemendik joaten da Donostiara
  • hemendik joaten da egunero Jokin Donostiara

Lehenbiziko perpausa inpertsonala da, generikoa delako, baina ez bigarrena. Hortaz, garbi ikusten da hemen bereizketa bat egin behar dela: aditz batzuk (euria egin du) berez dira inpertsonakak, eta beste batzuek, ostera, erabilera pertsonala (hemendik joaten da egunero Jokin Donostiara) edo inpertsonala (hemendik joaten da Donostiara izan dezakete. Erabilera inpertsonal hau ez da bakarrik hirugarren pertsona singularrekin (joaten da, ekin zitzaion, merezi du, ezingo da) bakarrik egiten:

  • gaztelua XV. mendean eraiki zuten
  • zerbait ez badakizu hoberena galdetzea da
  • aholku bila joaten bazarete, esku hutsik itzuliko zarete

Horiek guztiak pertsonalak izan daitezke, jakina, hor ageriko subjektua jartzen badugu (erregeek eraiki zuten gaztelua, zuk, Miren, zerbait ez badakizu…, esaten didazuenagatik, aholku bila joaten bazarete…. Beraz, badirudi, batzuetan bederen, aditzez baino gehiago, erabilera pertsonalez eta inpertsonalez hitz egin beharko genukeela. Eta azkeneko genukeela hori bera ere inpertsonala izan daiteke, erabilera generiko izan dezakeelako (hitz egin beharko litzateke esaldiaren parekoa), edo erabiliera pertsonala, noski.

Interpretazio batean, hortaz, 'subjekturik gabeak' izango lirateke aditz inpertsonalak, edo, zehazkiago esatearren, ageriko subjekturik onartzen ez dutenak. Baina hau oso gutxitan izaten da aditz baten berezko ezaugarria (beherago atal berezi bat eskaini diegu), esan bezala. Gehienetan, aditz baten 'erabilera' da inpertsonala dena, erabilera jakin batean subjektua zehaztugabe eta generikoa delako. Honelako aditzak edo perpausak izango dira gure solasgai nagusia beherago, baina lehenengo eta behin ohiko gramatiketan ukitzen diren beste inpertsonal motak ere landuko ditugu, gainetik bada ere.

Eguraldi perpausak

Ondokoen antzeko eguraldi perpausak kokatzen dira maizenik inpersonaletan, interpretazio mitologikoak alde batera utzita, erabilera arruntean beti erabiltzen baitira subjekturik gabe. Analisiaren aldetik, eguraldi adierazpen iragankorrak eta iragangaitzak ezberdintzea komeni da, eta azpisail honetan iragankorrekin hasiko gara, geroago iragangaitzen zehaztasunei heltzeko. Honakoak dira eguraldi perpaus iragankorrak:

  • Euria/eguzkia, elurra, haizea, harria egiten du (Lafitte 414; 649)ELURTEA ARIZKUNEN, ERRATZURIZKO BORDALDEAN
  • Euria ari du, igortziriak ari ditu, izotza ari du (Lafitte 651)
  • Zaparrada ugari botako ditu/Izotza bota du
  • Atertu, hoztu du
  • Euria dakar
  • Euria hasi du
  • Hotz handia egiten du
  • Euriari/elurrari erauntsi dio

Hauetan, aditzaren forma iragankorrak erakusten duen hirugarren pertsonako subjektu ergatiboari ez dagokio inongo partaiderik: inork edo ezerk ez du euria, hotza etab. egiten. Egia da hauen parafrasi subjektudunak eraiki daitezkeela, egiletasuna metaforikoki zeruari, egunari, jainkoari leporatuz (egunak/zeruak euria dakar??/??euria egin du/egunak hoztu du), baina ez dira subjektu horiek ohiko hizkuntza erabileran agertzen. Beraz, aditz laguntzailearen hirugarren pertsona hori, ekintzaren benetako argumentuaren marka gabe, hutsezko subjektuari dagokion forma ez-markatua izango litzateke. Horregatik hartzen ditugu inpertsonaltzat, hain zuzen. Bestalde, euria, igortziriak etab. objektu tipikotzat har daitezke, eta plural direnean absolutibo pluralaren marka (-it-) agertuko zaigu laguntzailean.

Korapilatsuagoa da, hala ere, eguraldi adierazpen iragangaitzen kasua. Adibide batzuk dakartzagu hona:

  • a. ero/hotz/ateri da (Lafitte 648); bero/hotz/ateri dago
  • b. Euria/izotza ari da, igortziriak ari dira
  • c. Euria hasi da/euri zaparradak hasi dira
  • d. Hotz handia dago

Hauetan absolutibo sintagma subjektua bada, ezin izango genituzke 'inpertsonalen' artean sartu. Lehenengo kasuan determinatzailerik ezak eta bero nago bezalakoekiko alderaketak eguraldi adierazpena osagarri predikatiboa dugula iradokitzen dute, eta, beraz, subjektu argumentua hutsa delako analisia mantendu egiten da. Baina (b,c) kasuetan euria, igortziriak subjektu arruntak direla ematen du eta, beraz, ezin daitezke zentzu honetan inpertsonaltzat jo, esanahiaren eta semantikaren aldetiko hurbiltasuna berdin delarik. Azken adibidean egitura existentzial arrunta dugula ematen du, eta, gaztelaniaren hay egiturekin ez bezala, subjektua badugula esan daiteke, komunztadurari bagagozkio behintzat:

  • a. Tropikoan orain bero handia dago/bero handiak daude
  • b. Tropikoan orduan bero handia zegoen/bero handiak zeuden (gazt. *habían)

Egon aditzaren bidez eraikitako esaera hauetan eguraldi izenak subjektuak badira, orduan beharbada uler dezakegu ondoko adibidean ikusten den kontrastea:

  • Hotz handia egiten/*egoten hasi da BADIRUDI HOTZA EGITEN DUELA, HAU EZ DA TROPIKOA

Egin predikatuaren objektua da hotz handia, eta hotz handia egiten hasi da egitura inpertsonala da, subjekturik gabea. Baina hotz handia subjektua bada egon aditzarekin, orduan ezin izango litzateke ageri egoten aditzaren subjektu bezala, honelako egituretan menpeko subjektua ezin baitaiteke agerian azaldu (Jon hasi da (*bera) eskolara joaten). Zentzu estu batean, beraz, eguraldi adierazpen iragangaitz hauek, iragankorrak ez bezala, subjektudunak dira, ez inpertsonalak.

Hotz handia egiten hasi da perpausa beste zerbait erakusteko ere erabil dezakegu. Eguraldi adierazpenen subjektuak, hutsak izanagatik ere, hurrengo azpiatalean deskribatuko ditugun beste subjektu hutsetatik ezberdindu behar dira, ez baitira 'guztiz' hutsak: ez da arraroa hainbestek proposatzea horrelakoetan zeruak, Jainkoak bezalako sasi-subjektuak ditugula, nahiz eta, gorago esan bezala, litezkeen subjektu horiek ez diren ahoskatzen (hizkuntza poetikotik kanpo behintzat). Argumentu arruntak izatera iristen ez badira ere, badirudi predikatuaren subjektu hutsaren hutsa baino zerbait gehiago dagoelako susmoa dute askok, hortik 'quasi-argumentu' edo erdi-argumentu deitura erabiltzea. Gainera, zerbait badagoelako ebidentzia badugu. Lehenengo eta behin, hartu ondoko bi adibideak (lehenengoa tartean darabilguna dena):

  • Hotz handia egiten hasi da
  • Goizean elurra botatzeari ekin zion

Perpaus hauetako menpeko aditzen subjektuak 'kontrolatuta' daude, hau da, aditz nagusiaren subjektuak kontrolatzen du haien erreferentzia. Jonek erretzeari ekin zion diogunean Jon da nominalizazioaren subjektua, nahiz eta gramatikalki ekinen subjektua izan, ez erre aditzarena. Nominalizazio hauek ezin dute ageriko subjekturik izan eta beraien subjektuaren erreferentzia aditz nagusiaren subjektuak araupetzen du. Baina orduan, kontuan izan aurreko bi adibideetan kontrolatua den subjektu bat behar dugula, eta gainera subjektu honek aditz nagusiarenarekin erreferentziakidea izan behar duela, nahiz eta aditz nagusia berez eguraldi predikatua ez izan.

Beraz, beharbada hemen mendeko perpausean erdi-argumentu bat izan dezakegu, eta, aldi berean, honek goiko perpausean kontrolatzen duen beste erdi-argumentu baten agerpena zilegizta dezake.

Argumentu hau oso teorikoa bada, badago bigarren ebidentzia mota argudiatu nahi duguna erakusteko (hutsaren hutseko eta argumentu arrunten arteko erdi-argumentu bat daukagula). Egile bat daukagunean, litekeena da egileak ekintza egiteko modua adierazten duen adizlagun bat izatea. Egileekin loturiko adizlagunak dira hauek, (a)n onargarria dena eta (b)n, aldiz, ez:

  • a. Pitxar zahar hori gogoz puskatuko dut
  • b. ??Pitxar zahar hori gogoz puskatu zen

Hain zuzen ere, (b) onargarria izango litzateke beherago aztertuko dugun erabilera inpertsonalean, egile inplizitua daukan horretan, baina ez inkoatibo sinpleago batean. Eta, azpimarratzekoa da honelakoak eguraldi adierazpenetan ere erabil ditzakegula, beharbada nolabaiteko erdi-subjektua daukagulako seinalea dena:

  • Euria/elurra gogoz ari du
  • Elurra gogoz bota zuen

Predikatu inpertsonalak

EGITURARI BURUZ JONEK EMATEN DITUEN EZAUGARRIAK ENTZUTEN ARI DA ANDRE HORIJarrai dezagun ohiko gramatiketan inpertsonaltzat hartzen diren egitura motak aztertzen, orain eguraldi adierazpenak albora utzita. Bestelako aditzak ere topa ditzakegu subjekturik gabe. Berriro ere, errazagoa da aditz inpertsonalak iragankorren artean aurkitzea. Lafittek honako kasuak aipatzen ditu: aspaldi du (414), balio du, iduri du, inporta/monta du, ageri du (647). Antzeko kasua da merezi aditzarena bere osagarri nominalizatua absolutiboan agertzen denean. Hauen osagarriak –(e)la perpausak direnean ere objektutzat hartu behar ditugu, perpaus jokatu hauek ezin ager baitaitezke argumentu ergatibo baten ordez. Baina orduan ez dugu subjektu argumenturik aditz hauetarako:

  • Badirudi perpaus hau inpertsonala dela
  • Merezi du arazo hau sakonki aztertzea

Adierazpen iragangaitzetara hurbiltzen bagara, Lafittek 'formules inpersonnelles' edo 'verbes inpersonnels' bezala sailkatzen ditu ezagun da, bichtan da, behar da, komeni da, gisa da, lege, ez da zuzen, haizu, zilhegi, libro, sori da, hobe da bezalakoak. (648,:881):

  • Zilegi da horrela pentsatzea
  • Bistan da ezin izango dugula ezer egin

Hauetan ez dugu inongo oztoporik mendeko perpausa, jokatu zein jokatugabea, subjektutzat hartzeko, eta ez lirateke sartuko, argudiatu gabe behintzat, hasieran emandako inpertsonalen definizio zabalean.

Badirudi Lafitteren lanean horrela sailkatzeko intuizioa beste nonbaitetik zetorrela. Predikatu hauetako gehienak, guztiak ez badira, gizakiei dagozkie, hau da, gizakien beharrak, komenientziak, betekizunak edo pentsaerak adierazten dituzte. Bichtan da esatean gizakientzat begi bistakoa dela esaten dugu, zehazki norentzat den esaten ez dugun arren. Gizaki hori generikoa da, 'edozein' izan liteke. Eta, hain zuzen, mota honetako gizaki generikoak dira normalean inpertsonalak deitzen ditugun egituretan aurkitzen ditugunak, inplizituak badira ere. Baina ezkutuko gizaki generiko bat izatea bada egitura bat inpertsonalen artean sailkatzeko irizpidea, orduan honakoak ere sartu beharko lirateke:

  • Jonek egituren ezaugarriak azaldu zituen
  • Copernicok lurra eguzkiaren inguruan mugitzen zela erakutsi zuen

Azaldu eta erakutsi preditakuen egitura semantikoan gizaki helburu bat dago, zehaztu gabe utz daitekeena. Azken adibideak inpertsonalen artean kokatu nahi ez baditugu, inpertsonalen argumentu generikoa ('jendea') subjektu logikoarena izateko eskatu beharko genuke, ez, ondoko adibideetan bezala, eta ez, aurreko adibideetan bezala, objektuarena:

  • Hemen inpertsonalen ezaugarriak azaltzen dira

Ohartu Lafitten 'aditz eta formula inpertsonaletatik', hots, berez inpertsonal bezala har ditzakegun predikatuetatik, predikatuen 'erabilera' inpertsonaletara hasi garela mugitzen: oso predikatu gutxi (eguraldi predikatuak, merezi bezalakoak…) dira inpertsonalak beti subjekturik gabe agertzen direlako. Baina, printzipioz, edozein predikaturen subjektu logikoa izan daiteke generikoa, aurreko adibidean azaldu predikatuaren antzera, eta hauek izango dira gure inpertsonalen ardatza bezala beherago Inpertsonal iragangaitzak atalean aztertuko ditugunak.

Ikuspegi honetatik, beraz, atal honetako izenburuak aipatzen dituen 'aditz inpertsonal' gutxi izango genituzke, Lafittek zerrendatutakoak baino askoz gutxiago, merezi eta irudi motakoak hain zuzen. Bere esapide iragangaitz askok badute, beharbada, ezkutuko argumentu zehaztugabe eta generiko bat, baina ez litzateke subjektu logikoa izango.

Forma pertsonalen interpretazio inpertsonalak

Bigarren pertsonako singularra eta hirugarren pertsonako plurala benetan erreferentzia zehaztu gabeko argumentuak adierazteko erabil daitezke:

  • Azterketa batean, erantzuna ez badakizu, hobe duzu ez erantzutea
  • Bulego hori goizeko bederatzietan irekitzen dute.

SAREAN ADIBIDEAK AURKITU NAHIANSarrien gertaera bat adierazi beharrean egia orokorrak bideratzen dituzten perpausetan agertzen zaizkigu erreferentzia inpertsonal hauek, aurreko adibideetan bezala. Askotan, azterketa batean bezalako osagaiek egia hori aplikatzen den eremua zehazten dute, eta argumentuen interpretazio generiko eta zehaztugabeak sorrarazten dituzte. Lehenengo adibidean subjektuaren interpretazioa guztiz generikoa da (jendea, edozein…) eta hau da inguru horietan gehienetan topatzen dena. Bigarren adibideko interpretazioa, aldiz, zehaztugabea izanda ere, espezifikoagoa da. Litekeena da interpretazio zehaztugabe hauek perpaus ebentiboetan aurkitzea, hau da, ez bakarrik aurrekoen antzeko egia orokorrak adierazten dituzten inguru generikoetan, baizik eta benetan gertaeren berri ematen digutenetan. Ondoren adibide pare bat ikus daitezke:

  • Peruk lan egiten duen lantegia itxiko dute
  • HIESerako botika berri bat aurkitu dute

Pluraleko hirugarren pertsonak agertzen dira honelakoetan, eta subjektuen interpretazioak zehaztugabe baina espezifikoak dira. Baina, oro har, egia orokorrak adierazten dituzten perpausetan aurki ditzakegu errazen interpretazio inpertsonalak, eta interpretazio generikoak dira nagusi. Interpretazio inpertsonal hauek ez daude subjektuetara mugatuta:

  • Herri horretan zergaz zamatzen zaituzte
  • Herri horretan zergetan %30a kentzen dizute

Subjektuez gain, objektu zuzenak eta zeharkakoak dira generikoak hemen. Are gehiago, ez da guztiz arraroa 2. singularra eta 3. plurala ez diren pertsonetara ere hedatzea interpretazio generiko hau:

  • Gehiegitan geure zorrak ahaztu eta inorenak gogoratzen ditugu
  • Horixe da gure ohitura: neu banaiz arduraduna, neuk daukat erantzunkizuna

Azken honetan litekeena da ni hori ez izatea hizlaria, baizik eta egoera horretan dagoen edonor. Interpretazio hau sortzen laguntzen diguten faktoreak erabili ditugu adibidea eraikitzeko: hasierako ohikotasun adierazpena eta egia orokorrak aplikagarriak egiten dituen baldintzaren eremu hipotetikoa. Inguru ebentiboetan, interpretazio inpertsonal hauek ez dira eskuragarriak pluraleko hirugarren pertsonekin ez ezik, singularreko bigarrenak eta pluraleko lehenak interpretazio pertsonalak hartzen dituzte:

  • Gaur zorrak ahaztu dituzu/ditugu

Ez da arrunta interpretazio inpertsonala duten ageriko izenordainak aurkitzea, baina, oro har, ez da arrunta ageriko izenordainak aurkitzea euskaraz. Enfasia edo kontrastea nahi denean, hala ere, litekeena da ahoskatzea:

  • Zeuk ez dakizunean, hoberena galdetzea da

Pertsona ezberdinak erabiltzeak lortzen duen ondorioa adierazpenaren aplikagarritasuna hizlariarekin edo entzulearekin gehiago lotzea da. Hirugarren pertsonako formek ez badute ez bata ez bestea inplikatzen, gu inpertsonalek adierazpenaren guztiontzako balioa azpimarratzen dute eta aurrekoaren antzeko zu inpertsonalek entzulearen inplikazioa areagotzen dute, hizlariarena ezabatu gabe.

Noski, izenordain zehaztugabeak (distributiboak ondoko adibideetan) ere aurkitzen ditugu eta gure inpertsonal hauetatik hurbil egon daitezke ondokoak:

  • Norberak berea eta ez inorena ikusten ikasi duen garai hauetan (Negu Gorriak)
  • Nori berea da zuzenbidea

Gainera, hizkuntza maila informaletan gaztelaniaren edo ingelesaren antzera ‘bat’ aurki dezakegu

  • Nahi beste adibide aurki ditzake batek sarean

Inpertsonal iragangaitzak

Subjektu inpertsonal bat (hau da, zehaztugabea, dela existentziala ('baten bat') dela generikoa ('edonor, jendea oro har') daukagula adierazteko beste estrategia bat existitzen da: morfologikoki (eta beharbada sintaktikoki ere) ez markatzea. Aditz iragankorretan honen ondorioa subjektu ergatiboa neutraltzea da, eta, ondorioz agerian azalduko den argumentu bakarra objektu logikoa izango da, eta aditzak hartzen duen laguntzailea iragangaitza izango da:

  • Jauregi hau XIX. mendean eraiki zuten
  • Jauregi hau XIX. mendean eraiki zen

Esanahiaren aldetik bi perpausok 'inpertsonalak' dira: lehenengo adibidean pluraleko hirugarren pertsonaren erreferentzia inpertsonala da, zehaztugabea. Perpausa ebentiboa denez, logikaren terminologia erabiliz, existentziala da subjektuaren interpretazioa, baten batek egin zuen, ez da kasua 'edonork' egin zuenik. Bigarren esaldian interpretazio bera dugu, baina egitura morfologikoa ezberdina da: ez dugu egilea aipatzen, agerian argumentu absolutibo bat besterik ez dugu, eta laguntzailean hori islatzen da. Iragangaiztasuna da hemen inpertsonaltasunaren marka morfologikoa. Semantikoki, agerian ez izan arren, egile bat badagoela sentitzen dugu; argumentu hau, hala ere, ezkutuan dago eta ezin daiteke agerian jarri. Alderatu orain goiko inpertsonala menpeko pasiboarekin:

  • Jauregi hau XIX. mendean eraikia izan zen

Hemen, agerian subjektu logikoa den argumentua, eraikitzailea, agertu ez arren, litekeena da agertzea, ez da egitura inpertsonala, beraz. Egituraren aldetik ere, laguntzaile iragangaitza agertu arren, baliteke aditz nagusia izan bera izatea, eta eraikia mendeko perpaus adjektibala izatea; edozelan ere, oso egitura ezberdina da hau eskuetan darabilgun inpertsonalekin alderatuz gero.

Inpertsonaletako subjektu logiko zehaztugabe eta isildu horrek perpaus inpertsonalak hasieran antzekotzat har genitzakeen bestelako egituretatik ezberdintzen lagun gaitzake. Honetaz jabetzeko, ikusi ondoko esaldi anbiguoak onartzen dituen bi interpretazioak:

  • Objektu astunegiak ez dira erraz mugitzen

JENDEAREN INDARRA ERAKUSTEKO EGITEN ZITUZTEN JAUREGIAKInterpretazio inpertsonalean badago, ezkutuan bada ere, objektu horiek erraz mugi ezin ditzakeen subjektu logiko bat: beharbada etxez aldatzeko kontratatu ditugun langileek esaten dute hori, eta adierazi nahi dutena da edonorentzat dela zaila objektu astunegiak mugitzea. Baina badago beste interpretazio bat. Imajinatu hemen haize bolada gogorrak egoten direla, eta etxea jotzen dutenean, objektu batzuk, lanparak bezain arinak, mugitu egiten direla. Astunak, baina, nekezago mugitzen dira, ez dira errazki lekuz aldatzen. Interpretazio honetan badago mugimenduaren kausa bat, haizea, baina egilerik ez: esaten duguna da ez direla berez errazki mugitzen holako egoeretan. Hau ez da esaldi inpertsonala, ez baitugu sumatzen dugun argumentu bat perpausean blokeatzen. Besterik gabe, iragangaitz arrunta da (zehazkiago, 'inkoatiboa' deitzen den erabilera), objektu batek aldatzeko edo ez aldatzeko duen joeraz ari gara, aldaketa zuzenean kontrolatzen duen egile/arazlerik izan gabe. Osagarri isil honen presentziaz edo ezaz jabetzeko, helburu perpausak erabil daitezke. Helburuak egileen edo arazle bizidunenak izan daitezke, eta honelako argumentu bat duten perpausen barruan erabil ditzakegu. Atal honetan ikusitako egitura mota guztietan, azkenekoan ezik, litekeena da horrelako perpaus bat atxikitzea:

  • Jauregi hau XIX. mendean jabearen boterea azpimarratzeko eraiki zuten,
  • Jauregia XIX. mendean jabearen boterea azpimarratzeko eraiki zen,
  • Jauregi hau XIX. mendean jabearen boterea azpimarratzeko eraikia izan zen
  • Objektu astunegiak ez dira erraz mugitzen (*etxea garbitzeko)

Azken honetan, onargarria da helburu perpausa baldin eta interpretazioa inpertsonala bada (jendeak, oro har, ez ditu errazki mugitzen), baina ez inkoatiboa denean (ez dira berez mugitzen).

Atal honetako egitura inpertsonal iragangaitzetan, beraz, bada subjektu logiko bat, nahiz eta, zehaztugabea izateaz gain, isilpean gorde behar den. Bestalde, morfologiaren aldetik, aditz laguntzaileak ez du islatzen argumentu hori, hortik itxura iragangaitza. Segituan, oinarrizko konfigurazio iragankorren aldaera inpertsonalak aztertuko ditugu, geroago iragangaitzen kasua aztertu baino lehenago.

Inpertsonaletako iragangaitz bihurtze honen ondorioz, absolutibo/datibo/ergatibo (ematen diot) eta absolutibo/ergatibo (ematen dut) konfigurazioetatik dagozkien ergatiborik gabeko konfigurazio iragangaitzak topatzen ditugu (ematen zaio, ematen da). Interesgarriagoak dira berez inongo argumentu absolutiborik ez duten bi konfigurazioak, datibo/ergatibo (ekin dio) eta ergatibo hutsa (dimititzen du). Hauetatik forma pertsonaletan agertuko litzatekeen argumentu ergatiboa blokeatzean, ageriko argumentu bakarra agertuko litzaiguke lehenengoan (datiboa), eta argumenturik gabe geldituko ginateke bigarrenean:

  • Uholdeen ostean, hiria garbitzeari ekin zitzaion
  • Herri honetan inoiz ere ez da dimititzen

Morfologikoki hirugarren pertsonako forma absolutiboak dira hauek, baina, alde batetik, zero marka da hemen absolutiboarena, eta ez dago argi marka bat dagoen ala benetan ezer ez dagoen. Benetan egongo balitz ere, laguntzailearen 'absolutibodun' forma hauek inongo argumenturekin lotuta ez dauden forma ez-markatuak izango lirateke.

Objektu logikoa lehenengo edo bigarren pertsonakoa denean, interferentzia ugariak sortzen dira lagunarteko hizkeran. Ez da inolaz ere arraroa ikusten zaituzte iragankorraren ondoan ondoko inpertsonalak topatzea:

  • Hemendik ez zaizu ikusten

Interesgarria dena da konfigurazio iragankorrean ikusi dizut nekez esango luketen hiztunek aurreko inpertsonalak arazo larririk gabe sortzea edo onartzea.

Konfigurazio iragangaitzen adierazpen inpertsonalera pasatuz, azpi-kasu bi aztertu behar dira: absolutibo hutsa (joaten da) eta absolutibo/datibo (joaten zaio) konfigurazioak dira arakatu behar ditugunak. Hauen subjektuak absolutiboan agertzen diren argumentuak izaten dira, eta konfigurazio iragankorretan ikusi dugun subjektu logikoaren 'desaktibazio' prozesu bera aktiboa bada iragangaitzetan ere, morfologikoki ez dugu aldaketa haundirik nabarituko:

  • Gure txoko honetara oinez bakarrik joaten da
  • Aholku bila berari joaten zaio, ez niri

Oro har, inguru generikoetatik at, iragangaitzen inpertsonalak zailagoak dira lortzen iragankorrenak baino; ondoko esaldietako galdera markek interpretazio hauei dagozkie:

  • ?Auzi honetan okerreko ondoriora heldu da
  • ?Gaur goizean ez da ospitale honetan jaio

Inguru aproposaz hornituta, hala ere, ez dira inondik ere ezinezkoak.

DUBROVNIKEN ERE EGITEN ZITUZTEN JAUREGIAK ETA GOTORLEKUAKOhi bezala, predikatu psikologiko iragangaitzen kasua aurreko lerroetan deskribatutako eredutik aldentzen da. Predikatu psikologiko batzuetan ohiko tema eta funtzio gramatikalen lerratzea aldrebestu egiten da: gustatzen zait edo iruditzen zait kasuetan, datiboan dagoen argumentuak izaten ditu subjektu tasun asko, absolutiboan dagoenak izatea espero genitzakeenak. Bestelako predikatu iragangaitzen antzera portatuko balira, absolutiboa desaktibatzea eta datiboa bakarrik gelditzea espero genuke, aurreko adibidean bezala. Ez da hori baina gertatzen dena: datibodun formak inguru generikoetan ere dira pertsonalak. Forma pertsonalen interpretazio pertsonalen inguruko aurreko atalean esan dugun bezala, oro har datibo forma pertsonalek ez dute interpretazio inpertsonalik, baina gure hemengo kontua, lotuta egon arren, apur bat ezberdina da: absolutiboari ere ezin zaio hemen interpretazio inpertsonalik eman.

Datiboak egitura hauetako subjektu logikoa balitz bezala jokatzen badu, litekeena da egitura inpertsonalak datiboa desaktibatzen aurkitzea, baina oso bakanak dira mota honetako adibideak:

  • Kapitalismoa akatu, espetxeak akaatu, aita akabatu… gustatzen da akabatu hori (Hizlandia, I. Aranbarri, 127)
  • Testuinguru bat, orain beharbada oso ulerterraza irudituko ez dena (Euskal Herria krisian, J. Azurmendi, 229)

Aditz psikologiko hauei 'inbertsio predikatuak' deitzen zaie batzuetan, eta aurrekoak bezalako adibideetan inbertsio horren beste aztarna bat aurkitzen dugu: arraro samarrak izanda ere, adibide inpertsonalak eraikitzekotan guztiz aktiboa den absolutibo argumentua dugu, eta datiboa desagertuko litzateke. Zinez, absolutibo/datibo egitura hau ergatibo/absolutibo konfigurazio iragankorraren antzekoa balitz bezala portatzen da, eta datiboa ergatiboaren parekoa da. Iragankor inpertsonaletan behin ergatibo edo datibo argumentua desaktibatuz gero, gelditzen zaigun bakarra absolutiboa da.

Inbertsio predikatuak ez diren beste aditz psikologikoek ere erakusten dituzte oztopo larriak perpaus inpertsonalak sortzerakoan. Harritu, kezkatu, haserratu aditzek alternantzia arazle- inkoatiboan agertzen dira, hau da, badute konfigurazio iragankor bat (haserratzen nau) eta honen jasailea argumentu bakarra den konfigurazio iragangaitz bat (haserratu naiz). Printzipioz beste iragangaitzen antzera jokatuko balu, goiko joan aditzaren antzera esate baterako, inpertsonala absolutiboko hirugarren pertsonako forma ez-markatu baten bidez sortzea espero genuke. Baina ezin diogu ondoko bigarrenari lehenengoak duen interpretazioa eman:

  • Gertaera hauen aurrean, jendea haserretu egiten da/aserratu egiten zara/gara
  • Gertaera hauen aurrean, haserretu egiten da

Oztopoak dituzte, beraz, predikatu psikologiko iragangaitzek inpertsonalak sortzerakoan.

Adizki trinkoen eta jokatugabeen interpretazio inpertsonalak

Forma trinkoek ezin dituzte sortu forma perifrastikoek laguntzaileen bidez erakuts ditzaketen konfigurazio ugariak: finkatuta daude, gehien jota datibo agertu ala ez agertu da beraien aldakuntza eremua. Honek aurreko atalean arakatu dugun 'subjektu logikoaren' desaktibazio estrategiarik eza ulertzen lagun lezake: narama forma baten interpretazio bakarra berak ni narama da. Litekeena balitz subjektu logikoa deuseztatzea eta forma honen ordain iragangaitza sortzea, beste narama bat egongo litzateke, nabil bezalakoa baina egile inplizitu bat izango lukeena. Baina narama formak eramaten nau interpretazio pertsonala bakarrik onartzen du, ez gaztelaniaren se me lleva formaren antzeko zerbait. Kontrasterik ezak aditz trinko iragangaitzen interpretazio inpertsonalik ez izatea azal lezake, baina hau ezin daiteke azalpena (edo azalpen osoa) izan, aditz trinko iragangaitzak ere ezin baitira era inpertsonal batez erabili. Hau bitxia da, etortzen da eta, neurri mugatuago batean bada ere, etorri da bezalako aditz perifrastiko iragangaitzek interpretazio inpertsonalak izan ditzakete eta:

  • Estualdi hauetan, beti etortzen da hona laguntza bila
  • Estualdi hauetan, behin baino gehiagotan etorri da hona laguntza bila
  • *Estualdi hauetan, behin baino gehiagotan dator hona laguntza bila

Noski, ez dago oztoporik zu/gu/haiek forma pertsonalen interpretazio pertsonalak ateratzeko:

  • Nekatuta zabiltzanean/gabiltzanean, hobe da momentu batez pausatzea
  • Gauerdia da, kaleetan oihuka dabiltza

Forma jokatugabeetara hurbilduz, orain arte landutako beste guztiak ez bezala, partizipioek eta nominalizazioek ez dute pertsona markarik islatzen beren morfologian. Kasu gehienetan litekeena da ageriko subjektu bat aurkitzea hauetan; ezinezkoa denean, subjektuaren erreferentzia aditz nagusiarenaren berbera da, aditz nagusiaren subjektuak mendekoaren erreferentzia kontrolatuko balu bezala:

  • Mikel [liburu hau irakurtzen] hasi da
  • Mikelek [liburu hau irakurri] nahi du

Nominalizazioan edo partizipiozko perpausean ageriko subjektua egon ahal izateak ez du esan nahi beti egongo denik, ondoko adibideetan bezala:

  • [Hori esatea/esan izana] gorrotatzen dut

Honelakoetan, proposizio motak (generikoa, gertaerazkoa) eta gure munduaren ezagutzak (pragmatika) baldintzatzen dute isildu den subjektuaren erreferentzia: zenbat eta menpeko perpausaren balioa orokorragoa izan, orduan eta errazagoa inpertsonal antzeko erreferentziak eskuratu ahal izatea. Aurreko adibidean litekeena da hori esaten duena ni neu izatea, edo zuk, edo besteren batek edo, beharbada, jendeak oro har. Azkeneko zentzu hau, 'arbitrarioa' deitzen dena gure inpertsonalen artean koka dezakegu. Ondoko lehenengo adibidean, gure ezagutza pragmatikoak esaten digu bihotzerrea nik zerbait jatetik etorri zaidala, ez beste norbaitek edo edonork; baina behin eman predikatuari pertsona erreferentzia kendu eta inguru generikoa indartuz gero, interpretazio arbitrarioa nagusitu egiten da. Bigarren adibidean, ona da predikatu generikoarekin ere hau da interpretazio nagusia:

  • Janari azido gehiegi jateak bihotzerrea eman dit/ematen du
  • [Barazkiak jatea] ona da

BORDELEKO KARRIKA BATOndokoan, aditz nagusiaren forma perfektiboak interpretazio ebentiboak areagotu egiten ditu, baina subjektuaren interpretazioak anitzak izan daitezke, inguru pragmatikoak finkatzen dituelarik:

  • [Azterketan kopiatzea] kaltegarria izan da

Kopiatzearen subjektua ni, zeu, baten bat, guztiak etab. izan daitezke: baliteke baten batek kopiatu izana eta ondorioa guztientzat kaltegarria izatea, edo guztiok azterketa galderak aldez aurretik ezagutzea eta guztiok kopiatu izana. Honelako subjektu isilak, beraz, ez dira berez erreferentzia jakin baterako zehaztuak, eta, zail edo erraz, izan ditzaketen interpretazioen artean 'inpertsonala' den bat izaten da eskuragarria. Eskuragarria denean, interpretazio inpertsonal honek baditu ohiko beste inpertsonalen ezaugarriak, hala nola, esate baterako, giza erreferentzia: oro har, inpertsonaletan isilean dagoen subjektu logiko hori pertsona bat izaten da. Horregatik, ondoko adibideen artean bigarrena berezi samartzat har genezake, giza subjektu bat izatea ez baita gure mundua arrunta; onargarria da, noski, horixe bada eman nahi den interpretazioa, hain zuzen ere:

  • Hemen belarrak jaten dira
  • ??Hemen oso berandu loratzen da

Halaber, perpaus jokatugabeetan giza interpretazioa nekez eskuratu ahal bada, interpretazio inpertsonala ere eskuragaitza gertatuko zaigu:

  • Hemen normala da arrantza egitea

‘Arrantza’ hitzaren bi esanahien artean bata astoei dagokie, baina aurreko proposizioa ez zaie errazki hemengo astoei egozten; gehien jota zentzuarekin joka genezake hemengo jendea astoak direla iradokitzeko, baina, hain zuzen, jendearekiko konnotazio hau subjektu logikoa pertsona izan behar izatetik sortzen da. Badago salbuespen bat derrigorrezko giza interpretazio honen inguruan: goian helburu perpausekin ikusi bezala, eguraldi predikatuen hutsezko erdi-argumentuak giza argumentuen antzera portatzen dira, haiek ere onartzen baitituzte horrelako perpausak. Eta, gure oraingo gaian ere eguraldi adierazpenen lerratze hori sumatzen da: arazorik gabe onartzen dituzte erabilera nominalizatuak:

  • Euria egitea ona da landetarako
  • Normala da orain horren goiz iluntzea

Lotura hauek erakusten dutenez, perpaus jokatugabeen subjektu hauen interpretazio batzuk zuzen zuzenean elkar daitezke gure inpertsonalekin.

Amaitzeko, esan gabe doa ageriko pertsona izenordainak perpaus jokatugabeetan ere ager daitezkeela, eta gu edo zu izenordainek (askoz gutiagotan zuek) interpretazio arbitrarioak sor ditzaketela. Hala ere, interpretazio hori askoz errazagoa da perpausean beste osagarri bat subjektuarekin korrelazioan sartzen denean, aplikagarritasun orokorra indartuaz:

  • Zuk zeuk/guk geuk kontrola izatea garrantzizkoa da
  • (Zeuk/geuk) zeure/geure bizitza kontrolatzea garrantzizkoa da

Bestelako testuingururik gabe, badirudi bigarren esaldian lortzen errazagoa dela interpretazio inpertsonala. Korrelazioan sartzen den beste izenordaina nahikoa izan daiteke subjektuaren erreferentzia zu edo gu bezala finkatzeko, eta horregatik subjektu izenordaina isilduta ere inpertsonaltasun kutsu bera eskuratzen da. Pluraleko hirugarren pertsonari bagagozkio, hauekin aditz marketan bakarrik sortzen dira inpertsonalak, ageriko izenordainek ahaltasun hori ez dutelarik. Ondorioz, nominalizazioetan aditzak pertsona morfologiarik ez duenez, nekez sor ditzakegu inpertsonalak:

  • Haiek oihuka dabiltza
  • Haiek haien bizitza kontrolatzea garrantzizkoa da

Lehenengoan, forma jokatuan, pluraleko izenordaina agertzean interpretazio inpertsonala ezinezkoa den bezalaxe, ezin eskuratuzkoa da bigarrenean ere, berdin delarik izenordainarekin korrelazioan sartzen den beste osagai bat izatea.

— Egilea: Jon Ortiz de Urbina

lanaren aipamena nola egin...

Jon Ortiz de Urbina, "Aditz inpertsonalak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3