Erabiltzaile Tresnak


morf:5:13

Adizki jokatugabeak

Aditzak jokatuak nahiz jokatugabeak izan daitezke. Jokatugabeak ikusiko ditugu atal honetan, hau da, aldi edo pertsona markarik ez daukatenak: erostea, ikastea, ikusirik, etorrita, jateko, jolasteko…

Adizki jokatugabeak → aldi edo pertsona markarik ez dutenak

Adizki jokatugabe motak

Ikus ditzagun ondoko adibide hauek:

  • Miren ere etor daiteke.
  • Miren ere etorri da.
  • Miren ere etortzen da.

Hiru adibide horietan ikusten ditugun adizkiek (etor daiteke, etorri da, etortzen da) bi zati dituzte: batetik dago “aditz nagusi” deitu ohi duguna, adizkiaren karga semantikoa duena, esanahia markatzen duena (“etortzea” gauza bat da, eta “itzultzea” beste bat); bigarren partean “aditz laguntzailea” deitu ohi dena dago: ez du karga semantikorik, baina pertsona, aldia, eta abar, biltzen ditu. Biak elkartzean sortzen da adizki osoa.

Aditz nagusi deitzen dugun horrek, hala ere, hiru forma desberdin erakusten dizkigu adibide horietan: etor, etorri, etortzen. Aditzaren erroa etor da, eta erro hori ageri da, hain zuzen ere, adizki trinkoetan:

  • da-tor
  • be-tor

Erro horrek ere, ikusten denez, marka batzuk har ditzake: kasu honetan -i (etorri) eta -tzen (etortzen) dira marka horiek. Marka berberak ager daitezke aditz guztietan, nahiz fonologia, morfologia, hizkuntzaren historia edo beste kontu batzuk direla eta, marka horiek ez duten itxura berdina hartzen beti:

  • etorri, etortzen
  • sartu, sartzen
  • itxi, ixten
  • bota, botatzen
  • erosi, erosten

Horiek guztiak aspektu markak dira: partizipioak (-tu, -i) aspektu burutua adierazten du, eta aditz izenak (-tzen, -ten) aspektu burutugabea. Aspektua, pertsona komunztadura bezala, marka gramatikala da, eta ez dago lotua aditzaren esanahiarekin. Aspektu markarik gabeko forma (etor, sar, itx, bota, eros) ez da ez burutua ez burutugabea. Nolabait ere esateko, ez markatua da, erabilerari dagokionez markatuena baldin bada ere. Esan nahi dugu oinarrizko forma dela, markarik ez daramana, erabileraren aldetik gutxien erabiltzen dena baldin bada ere.

Aukera horiek guztiak honela izendatuko ditugu SEG-en:

Forma kontuan harturik, aditz batzuk nahasgarriak izan daitezke: bota, esaterako, sartu edo etorri-ren parekoa da: bota du esaten dugunean (beste gauza bat da, jakina, botatu du), etorri da adizkiaren parekoa da, gramatika markei dagokienez. Baina bota ezazu baldin badiogu eros ezazu-ren parean gaude. Beraz, anbiguoa da huts-hutsean emanik. Badira holako beste batzuk ere.

Esan dezagun, dena dela, partizipioak beste marka bat ere har dezakeela: geroarena. Hori, diogun gisan, partizipioaren gainean ezartzen da:

  • etorriko da
  • joango da
  • botako dugu

Honen guztiaren berri eman dezakegu tasun bereizgarri batzuk erabiliz:

Aspektuaren tasun bereizgarriak
burutua geroa (izena) (adizkia)
burutua + - partizipioa sartu da
ezburutua - - aditz izena sartzen da
geroa - + etorkizuna sartuko da
marka gabe aditzoina sar dadin

Adizkien distribuzioaz ohar bat

Partizipioa (-tu) eta aditz izena (-tzen) indikatiboan ageri dira (sartu dira, sartzen dira). Geroa ere bai, noski. Beraz, erroak markaren bat hartzen baldin badu, indikatiboan ageriko zaigu. Aldiz, aditzoina subjuntiboan (sar daitezen), moduz markatutako formetan (sar daiteke), aginteran (sar zaitez), eta abar. Egia da, dena den, eguneroko hizkeran, indikatiboz kanpoko formetan ere aurki daitekeela partizipioa: sartu daiteke, sartu dadin. Bestetik, izen edo izenondoetatik eratorritako aditzak direla eta (eder –> edertu; gizon –> gizondu; zuri –> zuritu, eta abar), askoz ere joera handiagoa dago partizipioa erabiltzeko beti: zuritu ezazu ate hori askoz ere erabiliagoa da zuri ezazu ate hori baino.

Esan dezagun, azkenekoz, aditz arazleekin aditz erroa erabiltzen dela: sarrarazi zuten, esaterako.

Adizki jokatugabeak beste testuinguru batzuetan

Orain arte eman ditugun adibide guztiak adizki soilak dira. Baina adizki jokatugabeak beste testuinguru askotan ere ageri dira:

  • [ikasten] ari da
  • [etxera joan] nahi du
  • [hurbiltzeko] esan dute
  • [ikastera] etorri da
  • [sartzean] ikusi dute
  • [zuk esan tokian] utzi dugu
  • [esan bezala] erabaki dute [egitea]

Hau ez da tokia horiek guztiak aztertzeko. Baina ohartzen gara batzuk perifrasiak direla, beste batzuk menpeko perpaus arruntak, eta abar. Denek dute ezaugarri komun bat: jokatugabeak izatea, alegia. Beraz, adizki jokatugabe hauek ez dira laguntzailearekin batera ageri beti, anitzetan perpaus jokatugabeen adizki jokatugabeak baitira, adibideetan ikus daitekeen gisan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3