Erabiltzaile Tresnak


morf:5:13:2

Partizipioa

Partizipioa aditzaren forma ez-jokatua da. Kontuan hartu behar da euskalki askotan ez direla bereizten aditzoina eta partizipioa eta beraz, orain arte aipatu ditugun erabilera gehienetan partizipioa ere eman daitekeela. Hala ere, alderantzizkoa ez da gertatzen, partizipioak baliabide gehiago ditu, eta beraz, hura erabil daitekeen egitura guztietan ezin erabil daiteke aditzoina.

Partizipio→Aditzaren forma ez-jokatua, adjektiboaren ezaugarriak dituena.

Hiztegietan-eta, aditz partizipioa erabiltzen da aditzei sarrera emateko. Segidan ikusiko dugunez, gramatika kategoria bat baino gehiagotara ager daiteke aditz partizipioa: izen, izenlagun, aditzondo edo mendeko perpaus gisa joka dezake:

  • Liburu hau nik iaz irakurria da.
  • Badakit astoa nola ekarri.
  • Pena handia eman zidan Pello hala ikusiak.
  • Gizenduko zara asko janez gero.
  • Haurrak aspertuta daude.
  • Bazkaltzeko patata egosiak egingo ditugu.
  • Asko sufrituta amaitu zuen lasterketa.

Partizipioa eta izenondoa

Partizipioa eta izenondoa lotuta agertzen dira askotan. Esan liteke, partizipioa aditz izenondo bat dela. Izenondoen atalean esaten denez, izenondoak izen sintagma baten barnean ageri dira edo bestela predikatu osagarrian:

  • Liburu gorri horiek irakaslearenak dira. → izen sintagma
  • Liburu horiek gorriak dira. → predikatu osagarria

Partizipioa izen sintagmaren barnean

Hain zuzen ere, partizipioak izenondoaren testuinguru berean ager daitezke, izen sintagma baten barnean eta predikatu osagarri gisa ere bai. Adibide hauetan, izen sintagma baten barnean daude:

  • Bago erorira, egurcari gusiak laster-ari dira. (Atsotitza, Oihenart)
  • Harri erabilic estu bilzen oroldiric. (Atsotitza, Oihenart)
  • Au zen ark aldi artan esan izandu zuena; ta au bera da, zuk egiaz erratera, askiko dena: zuk eliz eder bat zere animan, ta gela guztiz apaindu bat zere biotz orretan Jesusi prestatzea, komuniatzen zaran aldietako. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Hau ta beste guziak ekusi ta egondu zen zenbait denboraz Enperadorea zer egin etzekiela ta azkenean urbildu zen Teodoragana ta eman zion amak artako prestatu zion urrezko sagar perlaz edertu bat, esaten ziola: (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Denek daukute erran Loti zela manera goxoko, gizon ongi ikasi bat. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)

Adibide horietan, erori, erabili, apaindu, edertu, ikasi… partizipioak izenaren eskuinean ageri dira, izenondo arruntak bezala, eta izen sintagmari dagokion kasu marka haiei lotzen zaie. Horrelako partizipioak beste izenondo batekin ere elkar daitezke:

  • Emazte polit eta apaindu batengana hurbildu nintzen.
  • Partizipioen erabilera hau erlatibatzearen ondorioa da. Adibideetan ikusten denez, aditz partizipio jakin batzuekin izan ezik (ikasi, edan…) partizipioa nor sintagmari dagokio izen sintagmaren barnean doanean. Ondorioz, pertsona hilak esaten dugunean “hil diren pertsonak” edo “hil dituzten pertsonak” ulertzen dugu, ez “norbait hil duten pertsonak”. Ostera, pertsona ikasi batek esaten dugunean, “ikasi duen pertsona” batez ari gara, ez “ikasi izan den pertsona” batez.

Partizipioa, predikatu osagarri

Predikatu osagarri gisa erabiltzen diren partizipioei -a(k), -ik edo -ta atzizkiak gehitzen zaizkie. -tzat postposizioa ere ager daiteke:

  • Hitzaldia amaitutzat eman zuten.
  • Goratua izan d deanen aurrean.

Euskara zaharrean markarik gabe agertzen ziren partizipioak predikatu osagarri gisa:

  • Benedikatu dela Jaunaren izena.

Partizipioari aipaturiko atzizki horiek gehitzean, forma perfektuak osatzen dira. Batzuetan partizipioa predikatu osagarri hutsa da, emendiozko aditz baten bidez lotua beste sintagma batekin (halakoetan agertzen den adizki jokatua ez da aditz laguntzailea, kopula baizik):

  • DRAGON: Zu gizona nun da? KATALIN: Gizona hila dut, jauna! DRAGON: Zu familia nun da? KATALIN: Alaba zaharrena joana dut komisionez. (Sarako lorea, Larzabal, P.)
  • Goizean ere, nik egina dut baratxuri salda. (Portu txoko, Larzabal, P.)

Adibide horietan dut adizkia ez dagokio *edun laguntzaileari, baina izan kopularen ordez *edun kopula biltzailea erabiltzen dugu. Horrela ematen ditugu beste hauek ere:

  • Etxea hemen dut.
  • Oinetakoak txikiegiak ditut.

Horrenbestez, gizona hila dut adibidean ez du esan nahi gizona hil duela, ezpada gizona hil zaiola, hau da, hila predikatu osagarriaren lekuan jarrita.

Beste batzuetan, partizipioaren ondoan agertzen den adizkia ez da emendiozkoa:

Adibide horretan partizipioa perfektuan ageri da. Adibide horretan ez dakigu diot adizkia kopula den edo aditz laguntzailea.

Perfektu marka duten partizipioak ez dagozkio beti nor sintagmari eta zenbaitetan nork eta nori kasuetan ere aurkituko ditugu. Hori horrela, perpaus honek hiru interpretazio izan ditzake:

  • esanik dago:
  • → dena dago esanda, ez dago ezer gaineratzekorik
  • → ez zenuen nahi hark jakiterik baina berandu da, norbaitek esan dio jada
  • → ez zenuen nahi hark inori esaterik baina berandu da, bati baino gehiagori esan die jada

Partizipioa eta izena

Askotan partizipioa oso gertu egoten da izenetik. Ikus partizipioaren erabilera hauek:

  • Menditik berandu itzuli zen.
  • Elgoibarko mendi itzulia maiatzean izaten da.
  • Hark itzuli liburua ez dago ulertzerik.
  • Eginak ez du eginkizunik.
  • itzuli > Lehenengo adibidean partizipioa aditz nagusia da, ohiko erabilera da hori.
  • itzulia > Bigarren adibidean partizipioa izen bihurtu da.
  • itzuli > Hirugarren adibidean erlatibo laburtu baten aditza da (“zuk itzuli duzun liburua”), eta aditz laguntzailea isilean dago.
  • eginak > Laugarren adibidean, aditz itxurako zerbait da, partizipioaren ondoan osagarri gramatikalak nahiz -ko gabeko adizlagunak ager baitaitezke:
    • Zuk esana ez da egia.
    • Atzo Parisen gertatuek harrituta utzi naute.

Zenbaitetan ez da erraza partizipioaren eta izenaren arteko mugak finkatzea:

  • Batzuetan, erlatibozko perpaus “laburtu” batetik eratorri den partizipioa izen gisa ageri da, izenlagunarekin batera nahi bada. Halakoetan, partizipioak hartzen dituen osagarriak izenak hartzen dituen berberak dira.
    • Zure esanak ez ditut ulertzen.
    • Astoen jana prestatzen ari naiz.
  • Horrelako itzuliak lexikalizatuta agertzen dira askotan:
    • Esan zaharrak honela dio.
    • Zer duzu urteko irabazia?
    • Zenbat hil zenbatu dituzte gerra horretan?
  • Beste batzuetan ez dirudi izen gisa erabiltzen dugun partizipio hori erlatibozko perpaus laburtua denik:
  • Erabilera hori ez da oso emankorra eta badirudi aditz izenaren papera betetzen duela partizipioak: jateak, edateak, ikusteak, esanahiz behintzat, nahiz formalki forma ezberdinak izan (burutua eta burutugabea)1. Honelakoetan ere badira lexikalizatuta geratu direnak:
    • Emaiozu begiratu bat honi.
  • Kasu batzuk ez dira oso argiak. Zalantzazkoa da nola igaro den partizipioa izen gisa erabiltzera, izan aditzarekin, esaterako. Batzuetan erlatibatzeari dagokiola dirudi eta besteetan ez:
    • Ez izana ez da baitezpada ezin izana. (Jauna dut Argi I, Hiriart-Urruty, J.)
    • Benetan ta egiaz esateko, oneek dauke alegrantziaren izena ta izana; eta gaistoak izena bai, baña ez izatea. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Lehenengoa erlatibo laburtutzat jo liteke, izana aditza dela, horren ordez hau eman daiteke eta: ez gertatua ez da baitezpada ezin gertatua; baina bigarrengoan ezin da halakorik pentsatu, izana aditz izena dela dirudi, izate edo izaeraren balioa baitu.
  • Esaera batzuetan izen itxurarekin agertzen da partizipioa, honelako elementuekin bereziki: egin, ezin, huts, bortxaz, ariaz; galdetzailea, bi aditz elkarturik…):
    • Alegiazko jarrera adierazteko, egin aditzarekin erabiltzen dugu:
    • Gizonaren adiskide ohikoetatik batxok ere ez zuen orain haren etserako bidea hartzen; eta haiekin buruz buru egiten zuenean, gauaz Theresarekin zebilelarik, berak deus agitu ez balitz bezala agurtzen bazituen ere, haiek ez ikusiarena egiten zuten orain. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • ikusi erlatibo laburtu baten aditza da hor: ikusi ez duenaren itxura edo antzeko zerbait.
    • Partizipioak izen bat edo aditz izen bat osa dezake ezinekin elkartzen denean:
    • Ohartua nintzan ene sahetseko laguna ezin egonak harturik zaukala bere alkian, iduri kukusoz ausikia alde orotarik. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Partizipioa aditz izen bihurtzen dugu huts izenondoarekin:
    • Amaitzen denean, euliaren gorpua amaraunean bezalakoa izango da, ukitu hutsarekin hautsiko da, arroz-alearen lastoa baino arinago, haizeak hegaz eramateko gertu. (Lotsaizuna, John Maxwell Coetzee / Oskar Arana)
    • Gauza bera partizipioa errepikatu edo bortxaz eta ariaz-ekin erabiltzen dugunean:
    • Orduan, harmoniumaren egurrezko tapa jaso eta, organistarentzat, betiko gauzak betiko lekuetan ikusiaren ikusiaz ziur aski ikustezin bilakatu den txapa batek Dylanen arreta bereganatu du. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
    • Frantsesetik eskuararat itzuliaren bortxaz, hartzen dire azkenean. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
    • Zenbait aditz izen bihur daitezke galdetzaile batekin erabiliz:
    • Lehenago esan dugunez, izen batzuk bi aditz elkartuz sortzen dira; partizipioa agertzen da bigarren elementuan, eta mendebaldeko euskalkietan, lehenengo elementuan ere ager daiteke:
    • Baldin berthutea eta bizioa, eta berthutearen eta bizioaren ioan ethorriak onak eta gaitzak, iben baginitza bi balantzatan, eta konsidera behar lizen moldean, eztut uste ediren litekeiela munduan, bekhatu leidikeienik. (Guero, "Axular")

Partizipioa eta mendeko perpaus jokatugabeak

Jokatu gabeko mendeko zenbait perpausen aditza partizipioa izaten da batzuetan. Hori gertatzen da, esaterako, gorago aipatu diren kasuez gain, erlatibo laburtuetan, zenbait predikaturen osagarri diren perpaus batzuetan eta zirkunstantzial batzuetan. Horiek ikusiko ditugu orain. Nora Arbelbide, Berriako kazetaria

  • Erlatiboak laburtu daitezke aditzetik forma jokatua kenduz eta aditz nagusia aspektu burutuaren markarekin utziz:
    • Goizean etorri gizona
    • Zuk irakurri liburua…
    • Nik erosi autoa…
    • Bata herriko mutikoa, bestea kanpotik etorri neska. (“Lartzabalen bidetik gaurko begiekin”, Nora Arbelbide, Berria)
  • Mendebaldean bereziki, -®ik edo -ta perfektuaren markak gehitzen zaizkie, eta -ko atzizkia erantsi: etorritako neska, etorriri(ka)ko neska, etorriko neska… Azken adibidean ikusten denez, -ko zuzenean erantsi dakioke partizipioari. Horrelakoetan badirudi beti forma perfektua daukagula, partizipioak interpretazio pasiboa eduki baitezake:
    • egia esandako haurra
    • haurrak esandako egia
  • Partizipioa izenondo itxuran ager daiteke holakoetan:
    • odol isuria
    • haur galduak
    • Eta lehenbizikorik, segur baiño segurago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartzaz midikuek ordenatu zioten bezala, busti zituen begiak, eta gantzutu. (Guero, "Axular")
    • Sorkuntzak inondik ere zerbait pertsonala eta barnekoa izan behar duela erabaki nuen eta obra galdu batek, haur galduak bezalaxe, hutsune ikaragarri bat utzi behar duela. (Romain zen bere izena, Joxean Agirre)
  • Partitiboaren marka ere har dezake partizipioak, aposizioan doanean:
    • Edan niro basoa beterik. (Nik badakit… kanta)
    • Orai ere balin banu hartarik, Edan niro basoa betherik! (Piarres I, Barbier)
  • Batzuetan autonomia osoa hartzen du, aditzondo balioarekin gehienetan. Halakoetan -ta, -(r)ik, -(e)z eta -(e)an atzizkiak hartzen ditu:
    • Arras gosetua (goseturik), ostatu batean sartu nintzen.
    • Sator goseak, gau hatez, jan du beraz bere laguna, eta orai berriz gosetua, zer jan bila dabila. (Laborarier, Abbadie, A.)
    • Haur gaixoa, sei urthetan, gosetua eta unhatua, bero handi batez egon zen lau oren, yan eta edan gabe!! Printzesa nigarrez ikhusi zuten. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elizanburu, M.)
    • Ikasleak oso nekatuta (nekaturik) jaitsi dira menditik.
    • Adinekoak egonean daude zahar etxean.
  • Zenbait predikaturen osagarri diren perpaus batzuetan ere aurkituko dugu partizipioa:
    • Modalitate edo moduzko predikatuetan (behar, nahi, gogo…):
    • etorri behar dut.
    • joan gogo dut.
    • ETXAHUN: Preseski, sarri berean, norapait joan gogo dut, zortzi egunen mihi phazka emanen baitiotet Dendarieneko eta heien kideko guzieri. (Etxahun, Larzabal, P.)
    • Ekialdeko euskalkietan usterekin ere ager daitezke horrelakoak:
    • Bizi deiño gaixtakeria banatzen eta ereiten ibili denak, eta gero bere azken finean, saindu batek bezala, hil uste duenak, elhorri arantzetarik, mahats:[…] (Guero, "Axular")
    • Psikologiazko predikatuetan (pozik izan…). Hiztunaren sentimenduak adierazten dituzten predikatu batzuekin partizipioa partitiboarekin edo artikulu singularrarekin ager daiteke:
    • barkatu berant jinik
    • pozten naiz zu ikusia
  • Egitura zirkunstantzialetan ere sarri agertzen da partizipioa (postposizioekin, partitiboarekin, instrumentalarekin…):
    • Partizipioa postposizio batekin. Gehienetan aditz laguntzailea ezabatu da baina batzuetan jokatu gabeko egitura nagusitu da, eta laguntzailearekin emandakoak oso artifiziala edo zaharkitua dirudi:
    • Denborazko edo moduzko erkaketak ere badaude:
    • iritsi bezain laster
    • erosi baino lehen
    • gaberekin ere erabiltzen da partizipioa:
    • […]naiko lotsa-gai ematen zion bere leinuari, hogei eta hamar urteetara heldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanaz, gurasoek utzi zioten diru apurra janaz, haren senitarteko gizon langille, zintzoak, aberasten ari zirelarik! (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Zer egiten dozu ba artu barik? (Egunekoa, Mirande)
    • Ekialdean denborazko balioa ere izan dezake egitura horrek:
    • Lana ni sartu gabe bukatu zuten.

Horiez gain, partizipioa osagarri zirkunstantzial modura agertzen denean, partitiboarekin edo kasu marka batekin agertzen da. Hala ere, nahiz eta erabiliz moldatzen diren kontzesiboetan, partizipioa forma hutsean agertzen da jokatua ez bada:

  • nahiz eta handia izan
  • Partitiboarekin ere agertzen da partizipioa, aurrekotasuna edo modua adierazteko:
  • ere partikula daramanean, kontzesioa markatzen du:
  • Baina aberatsei emanak emanik ere, franko gelditu baitzeien. (Guero, "Axular")
  • Partitiboaren lekuan -ta ere erabil daiteke:
  • An dabilz su inguruan beraka elkarri eskuetatik elduta, abestuten. (Egunekoa, "Kirikiño")
  • Partizipioari instrumentala erantsiz, modua edo bidea adierazten duten perpausak eraikiko ditugu:
  • […]bertze bat, piltzarrez lepo beharriak kukutuak, ipar haizeak azpitik goiti daldaratuz, ukurturik badoana, eskuak ondoraino sakelen barnean[…] (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Eroriz ikasten da oinez.
  • Artikulua singularrean lotu dakioke halakoetan partizipioari:
  • Gero, nagusia hil zenean, nola nire eskola nuen, etxekoandreak ezaguturik kontuak eramateko adina nintzela, etxeko irabazietako partean jarririk, ondo joan eta zintzo lan eginaz, diru mordoxka bat egiteko bidea izan nian. (Urrutiko intxaurrak, Soroa, M)
  • Lan eginaz urriki dut, bainan probetxurikan ez! (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  • Instrumentalari bat(era) edo gero((z)tik) gehituz, perpausek denbora balioa hartzen dute:
Gogoratu:
Gaztelaniazko gerundioa2 emateko, egitura hauetara jotzen dugu euskaraz:
Ikasiz gaindituko duzu azterketa. (ikasten)
Dena emanda etorri da autoan. (ematen)
Leihotik erorita min hartu du. (eroriz, erortzen)
Botoiari sakatuz piztuko zaizu argia. (sakatzen)

Perpaus juntatuetan

Perpausak edo aditzak juntatzen direnean, askotan partizipioa bakarrik aurkitzen dugu, aditz laguntzailea ezabatu egiten delako. Halakoetan aditz izena partizipio bihurtzen da. Hegoaldeko euskalkietan, partizipioa aditz izenarekin edo [-burutua] aspektu marka dakarren aditz batekin, edo aditz trinko batekin elkar daiteke, aurretik doanean:

  • Ez da erraza aldi berean arnasa hartu eta botatzea.
  • Saiatu nintzen abiadura azkartu eta aurrekoa harrapatzen.
  • “Ikusi eben andra bat bidea ausi ta basora sartzen”. (Egunekoa, "Kirikiño")

Hala ere, Ekialdeko euskalkietan ohitura dago horrelakoetan aspektu komunztadurari eusteko, eta halakoetan, partizipioa agertuko da forma jokatuaren aditza ere partizipioan dagoenean (normalean eskuineko aditzaren laguntzailea ezabatzen da).

  • Etxe baten saltzeko eta erosteko
  • Lanean hasiko naiz, eta berahala irakurtzen jarriko.

Partizipioa zenbait esaeratan

Zenbait esaeratan ere erabiltzen da partizipioa. Desafiatzeko, esaterako, baietz edo ezetz erabiltzen dugu euskaldunok:

Kalean honelakoak ere sarri entzuten dira:

  • Elkarrekin hitz egin nahi genuen baina hark euskaraz ez jakin

Bestalde, egin eta irudi aditzekin, partizipioa huts-hutsik erabil liteke:

  • Neuk euzkeraldueran, nire euzkereak kalte egin ixan leukijon, biarba; baña zure ontasuna ta azkartasuna bittarte dirala, ba-dakit utsen bat idoro dagixunian, ene irakurle on orrek, ez-ikusi egingo dautsazuna, ta ezer ulerkatxik aurkitzian, idazti onen atze-aldian ezarri dodan iztegira jo ta egonarri pizka bategaz ulertzeko alegiñak egingo dozuzana. (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")
  • Eta gero ezin har dezaketenean eta ez ebats, eta bahitzekorik eta saltzekorik ere eztutenean, abiatzen dira eskean bataren eta bertzearen forogu, anhitz beltzuri eta bekhaitzkoa izaiten dutela, eta atheak ere maiz, ez ikhusi iduri eginik hertsten zaiztela. (Guero, "Axular")

Partizipioa aditz laguntzailerik gabe ere erabiltzen da testuinguru batzuetan. Geroaren marka ere gehitzen zaio halakoetan. Izenburuetan-eta, baztertzekoak dira honelako egiturak:

  • ?Poliziak kokaina asko aurkitu.
  • gero ikusiko
  • ikusiak ikusi
  • Bainan, futxo, lau mila libera ere ez dira artho-pean atzemaiten, eta, engoitik orai, hasian hasi, deliberatuz geroz, baliatu nahi nuke. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Eta sarthuan-sarthu, harrek etzion gehiago galdetu San Benoati etxerat joaiterik. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)

Gaian sakonduz

  • Erdal gerundioa euskaraz nola eman:
    • -t(z)en formaz, zertan? galderari erantzuten dionean: zertan egon, ibili, aritu, aspertu…?jolasten, irakurtzen, jaten, hitz egiten…
      • Jolasten aritu dira haurrak arratsalde osoan.
      • Irakurtzen igaro nuen igande arratsaldea.
    • -(e)z formaz, nola? galderari erantzuten dionean:
      • Entrenatuz asko hobetuko duzu. (entrenatzen)
      • Auspoari eraginez pizten du sua aitonak. (eragiten)
    • -(e)z formaz, noiz? (nola) galderari erantzuten dionean, bi perpausen artean aldiberekotasuna gertatzen denean:
      • Musika entzunez (entzuten dudan bitartean) egiten ditut etxeko lanak. (entzuten)
      • Ardoa edanez hitz egingo dugu (edaten dugun bitartean). (edaten)
      • Idatzi bat egin du gertatutakoa salatuz (salatzen nuela(rik)). (salatzen)
    • -(e)la(rik) formaz, noiz? galderari erantzuten dionean:
      • Hondartzan geundelarik eraman zigun autoa garabiak. (egoten)
      • Mendian nengoela hasi zuen euria.
    • -ta/-(r)ik formaz, nola? (noiz) galderari erantzuten dionean. Bi ekintzen artean ondokotasuna gertatzen denean, hau da, ekintza bat bestearen ondoren gertatzen da:
      • Jateko dena amaitu zela ikusita/ikusirik (ikusi ondoren), ezer erosi gabe alde egin zuen. (ikusten, ikusiz)
      • Hori esanda/esanik (esan ondoren), atea itxi zuen zuzendariak. (esanez, esaten)
    • Ekintza bat bestearen ondoren gertatzen dela adierazteko, eta juntagailua ere erabil daiteke:
      • Jateko dena amaitu zela ikusi, eta ezer erosi gabe alde egin zuen.
      • Hori esan, eta atea itxi zuen zuzendariak.
      • Uholdeak oso handiak izan ziren, eta etxe askotan sartu zen ura. (etxe askotan sartuz ura)
      • Jonek ateari ostiko bat eman, eta alde egin zuen. (ostiko bat emanez)
    • -ka eta -(e)z adberbio-atzizkiekin: musuka, korrika, oihuka, deika, negarrez, barrez, negar batean, oihu batean…
      • Baloia kendu dio lagunak eta negar batean/negarrez hasi da haurra. (negar egiten)
      • Balkoitik deika aritu zaizu Anabel, etxean poltsa ahaztu duzu eta. (dei egiten, deitzen)
    • -(e)an atzizkia gehituta aditz-partizipioari:
      • Egonean egon gara, gustura, aspertu gabe. (egoten)
      • Ibilian-ibilian iritsi ginen Zuberoako txoko hartaraino. (ibiltzen-ibiltzen)
      • Mikel kantuan doa. (kantatzen)
    • eske, begira, bila, zain… eta antzeko postposizioekin:
      • Gizon hori diru eske dabil orain ere. (eskatzen)
      • Mikelen bila ibili da Markel zinema atarian. (bilatzen)
  • Informazio gehiago hemen eskura dezakezu:
1 Honelakoetan aditz partizipioa menderakuntza-bide da: adibide horretan ikusi aditz-partizipioa izena da (eta subjektua) aditz nagusiarekiko, baina, aditza ere badenez, aditz-osagaiak dauzka.
2 Gaztelaniazko gerundioari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus sakonduz atala.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Partizipioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3