Erabiltzaile Tresnak


morf:5:13:3

Aditz izena

Aditz izena da izenaren funtzioa bete dezakeen aditz forma ez jokatua, gehienetan -tze atzizkiarekin eratzen dena, horrela dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

Aditz izen → Izenaren funtzioa bete dezakeen aditz forma ez-jokatua, -tze atzizkiarekin eratzen dena

Aditz izenaren ezaugarri zenbait

Izenak berak adierazten duenez, izen bihurtutako aditza da aditz-izena (erdi aditz, erdi izen). Izena denez deklinatu egin daiteke; eta aditza denez, aditz-osagaiak har ditzake:

  • Mendira joatea izugarri gustatzen zait.
  • Mendira joateak izugarri alaitzen nau.
  • Zuzendaria etortzearekin jantziago geratu da hitzaldia.
  • Egunkaria egunero irakurtzetik datorkio jakituria Aitorri.

Formari dagokionez, -te edo -tze atzizkiez eratzen da:

  • aditzoina -n letraz (joan, esan, irten…) edo txistukariz (huts, poz, utz…) amaitzen bada → -te
  • gainerakoetan -tze

Aditz-partizipioa bezala, aditz-izena ere menderakuntza-bide da:

  • Afaldu ostean txokolatea jateak esnatu egiten nau.
  • Txikitan kirol asko egitetik datorkio gaitasuna.

Lehenengo adibidean aditz-izena subjektua da aditz nagusiarekiko, baina aditz-osagaiak ere baditu. Bigarren adibidean, aditz-izena aditzondo modura dator, eta, aditza denez gero, aditz-osagaiak ere baditu.

Nominalizazioa

Aditz-izena oso emankorra da egun euskaraz zabaltzen ari den molde desegoki bat saihesteko: nominalizazioaren gehiegikeria1.

Aditz batetik izena sortzeari deritzo nominalizazioa, eta aditz-izenetik bestelakoa da. Nominalizazioan, aditza izen bihurtzen da erabat; aditz-izenean, aldiz, erdi aditz, erdi izen. Inguruko erdaretan asko erabiltzen da nominalizazioa, gaztelaniaz, esaterako, aditzetik sortutakoak dira izen hauek guztiak: asimilacion, exposicion, cierre, congregacion… Euskarak, ordea, aditz-egituretan oinarritutako joskera daukanez gero, ez du berezko nominalizazioa. Nominalizazioaren ordez, aditz-egiturak erabiltzen ditu euskarak, aditz-izenak, alegia. Horrenbestez, -keta, -en, -era, -mendu, -zio eta antzeko atzizkiekin nominalizazioz sortutako aldaketa, sarrera, aurrerapen, antolamendu… izenak erabili ordez, egokiago da aditz-estiloari atxikitzea:

  • Bazkariaren prestaketarako zenbait osagai erosten ari gara. → nominalizazioa
  • Bazkaria prestatzeko zenbait osagai erosten ari gara. → aditz-izena
  • Liburuaren aurkezpena da gaurko helburua. → nominalizazioa
  • Liburua aurkeztea da gaurko helburua. → aditz-izena

Aditz-izena eta partizipioa nahastea

Aditz-izena eta partizipioa nahasi egiten ditugu batzuetan:

  • Aditz bakoitzaren erregimena (zein aditzek zein deklinabide-kasu bhear duen) ez zaintzeagatik:
    • *Korrika egin gustatzen zait. (egitea)
    • *Badakit ingelesez hitz egin. (hitz egiten)
    • *Autoan poliki joan gustatzen zait. (joatea)
    • *Pianoa jotzea ikasi dut. (jotzen)
  • Aditz-izenaren eta partizipioaren arteko aldeari ez erreparatzeagatik:
    • Nik zu zoriontsu izatea nahi dut. # Nik zoriontsu izan nahi dut.
    • Autoa Markelek zuri ematea nahi genuen. # Autoa zuri eman genizun.
  • -t(z)ea erabiltzen denean aditzaren eta aditz jokatugabearen subjektuak ezberdinak direla adierazten da; beste norbait izatea, beste norbaitek ematea… Bi aditzetako subjektua pertsona bera bada, aditz-partizipioa erabili behar da: izan, eman

Aditza eta izena

Aditz izena jokatu gabeko perpausetan aurkituko dugu, perpaus horien aditza da, nahiz eta aditz hori izen itxurarekin agertu. Hala ere, ez ditugu kontuan hartuko aditz izenaren itxura duten benetako izenak: haste, sartze… horiek hastapen, sargia… hitzen pareko gisa erabiltzen ditugunean:

  • Hori izaten da aphiril ondarrean edo maihatz hastean. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Norbeitek erran ere badaut: “etzazula aipha oraino; hemendik bizpalau asteren buruan, bortz miletan harat baigoazke, orduan emanen duzu, orok ikhus dezaten, kazetaren hastean, hitz larriz: Bortz mila”. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Azkaineko hil-herrien sartze-sartzean baitezpada harri eder bat behar litakela, herritar apezez Azkaindarrak oroit-araziko dituena: zer predikua ez litake han lerro-lerro irakurtzea izen hauk: Aita Clement kaputxinoa - Sabadinabaita. (Azkaine gure sorterria, Zerbitzari)

Horiek ez dira aditzak, izen garbiak dira: hasiera, sarrera…

Hala ere, aditz izenek nahasteak sortzen dituzte, baita izen sintagmaren ardatz baldin badira ere, izaera bikoitza dutelako, eta aditzen eta izenen ezaugarriak, bienak, dauzkatelako. Gainera, ez dago irizpide formalik izenak eta aditz izenak bereizteko.

Puntu hauetan ikus daiteke aditz izenen izaera bikoitza:

  • Subjektuari dagokion izen sintagma genitiboan agertzen da (izenlagunak bezala) edo bere kasu gramatikalean (ergatiboan nahiz absolutiboan). Lehenengo kasuan izenaren ezaugarriak erakusten ditu; bigarrengoan, aditzarenak:
    • Umearen aulkitik erortzea.
    • Umea aulkitik erortzea.
  • Adizlagunei dagokien sintagmak -ko atzizkia hartzen du batzuetan (izenarekin elkartzen delako), baina besteetan ez du beharrik (aditzarekin elkartzen delako):
    • Umearen aulkitikako erortzea.
    • Umearen aulkitik jaustea.
  • Objektu zuzena batzuetan absolutiboan joaten da (kasu markarik gabe, edozein aditzekin bezala); beste batzuetan -en genitiboaren marka hartzen du (izenekin bezala), Ekialdeko euskalkietan oso arrunta da erabilera hau; eta inolako artikulu edo markarik gabe ere agertzen da (izen elkarketa sortuz):
    • Belarra moztera joan da.
    • Belarraren moztera joan da.
    • Belar moztera joan da.
    • Neure Iaun Maitia, eta ohoratia, bi soldado pobre heldu dira aroetik bartzoitzera, zure iauregi ederrian, zure ikustera zure bisitatzera, eta bere zerbutzu humilen, zuri ohoroskatzera. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
    • Artzainen kontra biztu da ene hasarrea, akherren gainean eginen dut ene ikharpena; zeren Jauna goan baita bere arthaldearen, Judako etxearen ikhustera, eta hura hartu du bere ospezko zalditzat gerlarako. (Biblia Saindua II, Duvoisin)
    • Heldu naiz zure larrainaren erostera eta Jaunari aldare baten egitera, geldi dadientzat populuan dabilan heriotzeketa. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
    • Hirugarrena badoa merkaturat, oilo pare baten erostera. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
    • […]eta gure, arte hartan, elgerrak olio erostera ioaten zirela, espos esposak, eta hekila bortz birjina zuhurrak ezteitan sartu dira banketian, eta ostatiaren portalia giltzaz zerratu. (Onsa hilceco bidia, Tartas)

Hiru irizpide horiek (subjektuaren, objektuaren eta adizlagunen tratamenduak) baliagarriak dira sintagmen izaera mugatzeko, baina aditz izenen kasuan, ez datoz beti bat: korrelazioa ez da beti zuzena tratamendu horietan. Esaterako, subjektua genitiboan agertu arren, batzuetan aditz iragangaitzekin adizlagunak -ko gabe agertzen dira, eta aditz izena izen gisa agertzen da subjektuan, eta aditz gisa adizlagunaren aurrean:

  • Umearen aulkitik erortzea.

Beste batzuetan (aditz iragankorrekin) subjektua ergatiboan erabili arren, objektu zuzena dagokion kasu gramatikalean (absolutuan) agertu ordez, genitiboan azaltzen da (izenlagun gisa):

  • Ikasleek gelaren garbitzea egin dute.

Lehenengo adibide horretan aditz izena osorik izen edo aditz gisa trata daiteke:

  • Umea aulkitik erortzea.
  • Umearen aulkitik erortzea.

Halaber, aditz iragankorrekin, objektua absolutuan eman daiteke, aditz izena aditz gisa erabiliz. Izen moduan ere eman daiteke aditz izena objektua elkartea batean sartuz eta subjektua genitiboan emanez:

  • Ikasleek zabor biltzea.
  • Ikasleen zabor biltzea.

Hala ere, aditz izena ardatz den sintagma perpaus bati dagokionean, beste perpaus baten osagarri agertzen da, mendeko perpaus gisa.

Gogoratu, aditz izen hori benetan izena denean, horrek eragina daukala sintagmaren osagarriek hartzen duten itxuran. Ikus adibideok:

  • Umea aulkitik erortzea.
  • Umearen aulkitik erortzea.
  • Umearen aulkitikako erortzea.
  • *Umea aulkitikako erortzea.

Azkeneko adibidea ez da zuzena, erortzea izen hutsa delako (izenlaguna dauka ezkerrean) eta izena denez, ezin du izenlaguna edo izenondoa ez den osagarririk hartu. Bigarren adibidea nahasiagoa da: erortzea aditza da aulkitik sintagmaren aurrean, baina izena umearen sintagmaren aurrean. Gauza bera gertatzen da beste hauetan ere:

  • [nik ohea egitea] oso lagungarria da.
  • *[nik ohearen egitea] oso lagungarria da.
  • *[nik ohe egitea] oso lagungarria da.

Bigarren eta hirugarren adibideak ez dira zuzenak kako arteko izen sintagma gaizki dagoelako eratuta; nire behar du hor.

Aditz izen deklinatua

Izen bihurturiko aditz hauek, beste izen guztiek bezala, izen sintagma osa dezakete, eta izenek bezala kasu markak har ditzakete. Mugagabean edo mugatzaile (singular) batekin ager daiteke.

Aditz izenak deklinabideko marka gehienak har ditzake, -rantz eta -rentzat izan ezik. Bestalde, -ko, -tik eta -ra(ino) marketan singularra edo plurala ez dira bereizten. Azkenik, arren eta gatik postposizioekin ere erabiltzen da.

Ikus taula honetan forma horien banaketa:

mugagabean mugatu singularrean
absolutiboan Ø, -rik -a
ergatiboan -ak
datiboan -ari
instrumentalean -z -az
genitibo edutezkoan -ren -aren
toki-genitiboan -ko
destinatiboan -ko
inesiboan -n -ean
ablatiboan -tik
adlatiboan -ra
adlatibo bukatuzkoan -raino
soziatiboan -arekin
motibatiboan -agatik

Ikus dezagun aditz izena nola aldatzen den deklinabide hizkiaren arabera:

Ergatiboa

Aditz izena ergatiboan doanean aditz iragankor baten subjektua da (ergatiboan beti artikulua behar du aditz izenak):

  • Miren eta Amaia elkarrekin ikusteak harritu ninduen.
  • Irratia luzaro entzuteak buruko mina ematen dit.

Hala ere, munta ukan, balio ukan eta halako predikatuekin aditz izena absolutuan uzten da:

  • Ez du balio horrenbeste ikastea.

Absolutua

Absolutuan ere artikulua behar du, bestela, artikulurik gabe, partitiboa erabiltzen da. Absolutiboa aditz iragankorren objektua edo iragangaitzen subjektua da, eta partitiboa honen azpisail bat besterik ez da (normalean izan, ukan, egon eta eduki aditzekin erabiltzen dena):

  • Bidezidorra hartzea galarazi diete korrikalariei.
  • Gustatzen zait igande arratsaldetan film bat ikustea.
  • Ez dago ume hori arrastoan sartzerik.
  • Badaukazu bihar gure irratsaiora etortzerik?
  • Eder da herriarentzat hiltzea. (Grammaire basque, Lafitte, P.)

Hala ere, zenbait predikaturekin (gaitz, neke izan, erraz izan…) aditz izena inesibo arkaikoan ere ager daiteke:

  • Bertso berri batzubek, konsola gaitezen, oraiñ jarri ditugu oker edo zuzen; pasatako kontuba errez da aztutzen, paperiak ez bada ongi apuntatzen. (Bertsoak, “Xenpelar”)

Partitiboa gutxi erabiltzen da, izan, ukan, egon eta eduki aditzekin. Ahala edo beharra adierazten da askotan:

Ekialdean, behar-ekin, aditz izena forma hutsean gera daiteke:

Eta nahi-rekin ere ageri da:

  • Ez nuke nahi zuk halakorik egitea.

Hala ere, kontuan izan azken kasu horretan, nahi ukan-en eta mendeko perpausaren subjektuak pertsona ezberdinak direla.

Datiboa

Datiboan ere jar liteke, hala eskatzen duten aditzekin, Mendebaldean nagusiki:

  • Behar ez denean hitz egiteari, errespetu falta deritzot.
  • Etxea garbitzeari ekin zitzaion.
  • Lehiatzeari utzi dio.

Batzuetan adlatiboaren ordez erabil daiteke, indarra emateko:

  • […]sukarra eztiago eta jendea erosteari lehiatuago. (Lehen Urbian, Etxarren, J. B.)

Beste batzuetan, zirkunstantzial gisa erabil daiteke forma hau:

Adibide horrek hauxe esan nahi du: sagarrak ontzean, ontzearekin

Gogoa eta asmoa adieraz dezake egon, ari eta eduki aditzekin:

  • Partitzeari nengoen hura etorri zenean.
  • ithotzeari banaukan, je me préparais à le noyer” (Grammaire basque, Lafitte, P.)
  • “Badira ere beharrik beste batzu […] ari direnak fedearen argitzeari eta itxura berritzeari” (Jauna dut argi, Hiriart-Urruty, J.)

Hauxe da egitura horien esanahia: partitzeko asmotan nengoela, itotzeko zorian nengoela…

Genitiboa

Aditz izena genitiboan ageri da batzuetan, zenbait predikatu edo postposiziorekin:

  • Euskara ikastearen arazoak.
  • Mendi tontorreraino iristeko nahia zeukan Txikonek.
  • Emazten artean dabillanak, hekin solhastatzeaz atsegin hartzen duenak, eta guztiarekin ere eztela erortzearen beldur erraiten duenak, sinhets arazi nahi du, eztela haragiz egina, eztela gizona: (Guero, "Axular")
  • Erran batzu badira, ahoetan erabiliaren bortxaz, gezurrak izanik ere, egiatzat hartzen baitituzte Aphezak ez direla behar okupatu elekzionez;[…] (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elizanburu, M.)
  • Gehienak aspaldixkoan eskuratuak zituen, ongi eginaren bortxaz. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)

Genitibo edutezko hau behar-ekin ere erabil daiteke, batzuetan mugagabean:

Adizlagun gisa

Adizlagun bezala ere erabiltzen da aditz izena, kasu hauetan:

  • Instrumentala
  • Soziatiboa
  • Inesiboa
  • Ablatiboa
  • Adlatiboa
  • Adlatibo bukatuzkoa
  • Leku genitiboa

Instrumentala

Instrumentalean, esaterako, mugagabean dagoela, partizipio balioa du (ekialdean asko erabiltzen da honela):

  • Horiei ongi egitez.
  • Ez dakizula gogora behar bada nekatuko dutela Jesus zure eskatze andi-luzeak: ongi egitez ez da nekatzen Jesus: egiten ez dizu noski, dakizun baño ongi geiago, zeren ez diozun behar adiña edo behar bezala eskatzen. (Jesusen Bihotzaren Devocioa, Mendiburu, S.)

Forma mugatuan ere agertzen da, gehienetan postposizioekin (batera, gain, gero, gainera…):

  • […] nork eztakusa gizon gaizo hura, bekatutik ilki delarik, guzia korapillatua dela bekatuaren afekzioneaz, eta Ejiptetik kanpoan delarik, hango apetitua deula, bere han iaten ohi zituen baratxurien eta tipulen gutiziaz? orobat da emazteki hartaz, uko egin deraute bere amuruskeria gaixtoei, guziarekin ere atsegin hartzen du bere burua solastaturik eta inguraturik ikusteaz. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Atsegiñ dut, oi Ulizen semea, zure baithan ikusteaz ospearentzat haiñ lehia ederra, baiñan orhoit zaitezi zure aita Troieseko sethioan ez dela haiñ ospe handiaren jabe jarri, ezenetz bere burua erakutsiz guzietarik umoena eta begiratuena. (Telemake, Duvoisin)
  • Bainan, goazen etxerat; loriatuko dira Lizartzan zure han ikusteaz. (Piarres II, Barbier)
  • sartzeaz gero
  • sartzeaz gain

Soziatiboa

Soziatiboan denbora balioa du:

  • Ardura, etxerat hurbiltzearekin ikusten nuen aita, hegastegiari zagon zurubiaren gain gainerat igana, handik beha zagola urrutirat, artzain ala ardiak nun zabilzkion. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Apheza hurbiltzearekin, xutitu zen, eta ixil-ixila abiatu Jainko maitearen aintzinean, ganbara handiari buruz. (Piarres II, Barbier)
  • Oxala, guk bezala, bertze zenbaitek ere, sarrixago gauza bera erraiten ahal balute, gure adinera heltzearekin. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Baztanen mugagabean erabiltzen da, etorkizuneko balioarekin:
    • Hau ikustekin hitz egingo dugu.
    • *Hau ikustekin hitz egin genuen.

Inesiboa

Inesiboan mugagabean eta mugatuan ager daiteke aditz izena:

  • Mugagabean, -tzen agertzen da, jakintza eta hautemate aditzekin (ikusi, entzun, hauteman, jakin, ikasi, aditu…) edo ekintzaren errepikapena eta luzapena adierazten duten aditzekin (ari izan, izan, egon, ibili, ohitu, usatu, ihardun, atxiki…). hasi, utzi eta lagundu aditzekin ere bai:
    • Julen etortzen ikusi dut.
    • Euskaraz hitz egiten ikasi du.
    • Maisuaren ulertzen hasi naiz.
    • Irakurtzen ahaztu zitzaion.
  • Ahantzi/ahaztu aditz horrekin bereizketa bat egiten da, aditz izena mugagabean eta absolutu mugatuan doanean:
    • Irakurtzen ahaztu zitzaion/zuen. (ez daki gehiago irakurtzen)
    • Liburua irakurtzea ahaztu zitzaion/zuen.
  • Mugatuan erabiltzen dugu, aldiz, denborazko balioarekin:
    • Menditik jaistean erosi ogia mesedez.
    • Lanetik irtetean tabernara joango gara.

Ablatiboa

Leku-denbora adierazten duten kasu markak hartzen ditu aditz izenak:

Adlatiboa

Adlatiboa helburua adierazteko erabiltzen da, adiera hori duten aditz eta predikatuekin: joan, lagundu (ekialdean), utzi (ekialdean), prest izan, lehiatu, deliberatu…

Adlatiboa eta inesibo mugagabea oso hurbil daude honelakoetan. Euskalkien arabera egiten da banaketa: Bizkaieraz, esaterako, adlatiboa ez da erabiltzen, haren ordez inesiboa erabiltzen da:

  • Hitzaldia ikustera joango naiz.
  • Hitzaldia ikusten joango naiz.
  • Joan nintzen lebatza erosten eta urten jatan bidera gizon ondojantzi bat, eta txanpon bat eskatu eustan katilu bete salda hartzeko. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Botikara nue ba, arnikie ta menda ta ubiyentu ta partxe batzuk ekarten. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")

Ekialdeko euskalkietan, berriz, adlatiboa ager daiteke inesiboaren ordez:

  • ikasten ari da
  • ikastera ari da

Bi esaldi horien arteko aldea ez dago argi, baina badirudi bigarrengoan esan nahi dela “ikasteko indar handia egiten ari” dela.

Ekialdeko euskalkietan, adlatiboa eta inesiboa bereizi egiten dira zenbait aditzekin, utzi eta lagundu, esaterako:

  • kantatzera utzi → baimena eman
  • kantatzen utzi → kantatzen zegoela utzi

Adlatiboa adizlagun bat osatzeko erabil daiteke, eta halakoetan baldintzaren kutsua hartzen du:

Adlatiboari -ko genitiboa erantsiz izenlaguna edo adizlaguna sortzen da:

  • Kantatzerako momentuan
  • Koipatsu bat gertauta iaterako asmoan zengozanean, “dsaust” sartzen ei zan etxera leiotik barrura, eta sapo bat botate ei eutsun koipatsura. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)

Halakoetan, izenburua ezabatu eta hortik sortzen dira denborazko adizlagunak:

  • Bere itzaldia Juditek egiterako, Ozias ere sartu zan, eta onek eta gañerakoak esan zioten txit ondo mintzatu zala; baziekitela zein emakume ona eta Jainkoaren bildurtia zan, eta Jaunari, arren, oiekgatik eskatzeko. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Oiera igo ta jetxi egiterakoan armiarma zirudin. (Bizia garratza da, Irazusta, J. A.)

Adlatibo bukatuzkoa

-raino atzizkia gehi dakioke aditz izenari:

  • Etzitzaion on-iritzi, jakin zuanian bere asko semek osasuna galtzeraño zatitzen zutela gorputza. (Asis-co loria, Beovide)
  • Nai edo ez guziz asko balio duen gauza da zure salbazioa, bada beragatik Jaungoikoaren Semea gurutze batean hiltzeraño iristen da. (Maietzeko illa , Arrue, G.)

Hemen ere, -ko gehi dakioke adizlagunari:

  • Zer alimalekeria! Erran dugu zein estakuru gutiz hasiak ziren kolpeka; eta gehiagoko makhurrik gabe, hiltzerainoko sarraskiak han zituzten eginak. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Jesusen Biotz guziz Santua desiraintzeko Egintza Jesus gozo, Salbatzalle maitagarria, gañezka egiterañoko onginai miragarrienaz, Aldareko Sakramentuan gurekin gelditzera diñatu zeradena! (Liburutxoa, Arana, J. I.)
  • Nere adiskide maiteak lapurren artean egon nintzanean ikusitako gauzetaz zerbait idazteko eskatzen zidaten bein ta berriz ta askotan, gogait egiterañokoan; baña nik guztai ezezkoa ematen nien. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)

Leku genitiboa

Leku genitiboa asko erabiltzen da; izenlagunak sortzeko, adizlagun gisa (adibideetan ikusi den bezala) edo balio destinatiboarekin. Batzuetan konpletibo edo osagarri kutsua hartzen dute perpausek.

Adibide hauetan izenlaguna da perpausa:

Beste hauetan, balio destinatiboa dauka eta adizlaguna da:

  • Obrez denaz bezanbat, mira zazu ea bihotzik duzunz Iainkoaren kanpoko loriarentzat, eta zerbaiten egiteko haren ohoretan; ezen nork ere Iainkoa maite baitu maite du halaber haren etxearen edergaillua. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Gure denboran erdera ikhasteko behar zuten errientak eta errientsak itzuli eskual hitzak erderarat. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")

izan/egon eta *edun/eduki aditzekin predikatu gisa ageri da aditz izena. Gehienetan artikulua eransten zaio aditz izenari:

  • Gero ere joatekoa zala onelako ta alako tokitara. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
  • Arrotz orik biar goiz-goizean joatekoak dituk, ta onera berriz etorriko ez diralakoan niagok. (Yolanda, Lhande, P.)
  • : Eta biar ez det an arkituko, Pausoko Mugatik Urtubiko jauregira joatekoa bait da. (Domenjon de Andia, Labaien, A. M.)
  • Ire billa biar Donostira joatekoa nindunan-da, nola etorri akidan orren azkar? - diotsa alaba gazteenari, mosuka laztanduz.

Aditz izena + -ko egitura lexikalizatu egin da batzuetan: egiteko, esateko, joateko…

  • Bada eskiribatzeaz denaz bezan batean ere ez naiz egiteko gabe. (Guero, "Axular")
  • —Zuk egindako jatekoak, gozoak izango dira ba, Zizili? —Etxeko jaun-andrak beintzat, pozarren daukadaz. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Ganerakoan norberak bere egitekoak egin daizala, bear dana bear dabenaz solastu dedilla. (Gueroco Güero, Añibarro)

Konpletibo edo osagarriak aginduak zeharka emateko erabiltzen dira, aditz izena + -ko egiturarekin:

Izenlaguna izan daitekeenez, aditz izena + -ko egitura erabil daiteke helburua, baldintza nahiz denbora adierazteko, izenburua ezabatuta:

Helburua adierazteko, -kotzat ere erabil daiteke eta batzuetan ko(t)z ere bai. Hala ere, ko(t)z-ek baldintza edo kausa balioa ere izan dezake:

Formaren aldetik badirudi parekotasuna dagoela etorri-etorriko bikotearen eta etortzen-etortzeko bikotearen artean. Partizipioaren geroaldia da bat; eta aditz izenaren geroaldia bestea.

Kausazkoak

Kausazkoak ere egin litezke aditz izena baliatuz:

  • Martin Azkarragan gelditu zan, ez sorolanerako, ez gurasoai lagun egiteko, ez bere jaioterria maite zualako: alperreriz ta Malentxo ikusteagatik. (Garoa, Aguirre, D.)

Mendebaldeko euskalkietan -arren postposizioa erabiltzen da kausazko adierarekin:

Beste erabilera batzuk

Aditz izena forma jokatuetan ere agertzen da, aditz laguntzailea galduta, koordinazioan, galderetan, tituluetan, leiendetan…

  • Neska-mutilak gailurrera iristen. → argazki-oinetan sarri erabiltzen dira honelakoak
  • Buruz ikasten zuen, eta gero loroak bezala botatzen.
  • Ikusten?

Aditza galtzen badu, ezabaketak osagarri zirkunstantziala osa dezake:

  • Nausiak kargua khentzen eta, zer egin orai? (Leon, L.)

Harridurazko esaldietan aditz izena mugatua ager daiteke:

Aditzari indarra emateko ere erabiltzen da, fokalizazio moduan:

Partizipioa bezala, esapide bereziak egiteko ere erabiltzen da aditz izena:

  • Bekokia oldoztearen oldoztez halatsua zuen; nekeak zapuzturik begia, eta masaileko zimur bakanetan leitzen nion garbai, akidura eta gizadiaren aldeko nazkaren berri, baita bakar izateko nahikunde bat. (Narrazioak, Mirande)

Gaian sakonduz

1 Nominalizazioari buruz informazio gehiago eskuratzeko, iku sakonduz atala.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz izena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3