Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15

Adizki jokatuak

Euskararen adizki jokatuek pertsonarekin eta numeroarekin komunztadura egiten dute eta marka horiek adizkietan islatzen dira (ikus hemen “Pertsona aniztasuna adizki jokatuan” izeneko atala). Adizki hauek trinkoak (sintetikoak) nahiz perifrastikoak izan daitezke, eta pertsona / numero markak bai adizki trinkoetan zein adizki perifrastikoen laguntzaileetan agertzen dira. Bestalde, pertsona eta numero marka hauek kasu absolutiboarekin (ABS), ergatiboarekin (ERG), edo/eta datiboarekin (DAT) egon daitezke komunztaduran. Pentsa daitekeenez, komunztadura marka hauek erlazio zuzena dute argumentu egitura nagusiekin:

  • i) Argumentu bakarreko aditzak (NOR)
  • ii) Argumentu biko aditzak (NOR-NORI)
  • iii) Argumentu biko aditzak (NORK-NOR)
  • iv) Hiru argumentuko aditzak (NORK-NORI-NOR)

Egia esan, euskarak baditu beste argumentu egitura posible batzuk (ikus hemen “Aditzaren argumentu egitura” eta “Aditzaren argumentuak” atalak); hain zuzen ere:

  • v) Argumentu bateko aditz inergatiboak (NORK)
  • vi) Zeharkako objektudun (argumentu biko) aditz inergatibo-antzekoak (NORK-NORI)

Alabaina, ABS-ko hirugarren pertsona (singularra)ri dagokion komunztadura marka Ø denez (ez daukanez gauzatze formalik), ezin dira morfologikoki bereizi 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten argumentu biko adizki iragankorrak, batetik, eta (ERG-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu bateko adizki inergatiboak (v), bestetik. Gauza bera gertatzen da 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten hiru argumentuko adizki iragankorren, eta (DAT-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu biko adizkien artean (vi). Beraz, morfologikoki, euskal adizki jokatuek izan ditzaketen pertsona/numero komunztadura motak ondoko eran sailka daitezke:

  • a) ABS-rekin soilik: NOR
  • b) ABS-rekin eta DAT-rekin: NOR-NORI
  • c) ERG-rekin eta ABS-rekin: NORK-NOR (baita NORK soilik ere)
  • d) ERG-rekin, DAT-rekin, eta (numeroan soilik) ABS-rekin: NORK-NORI-(NOR)

Aipatutako azken komunztadura mota (d) defektibotzat jo daiteke. Izan ere, (euskara modernoan, behintzat) ez dago 1. edo 2. pertsona ABS-ko komunztadurarik erakusten duen NORK-NORI-NOR adizkirik. Gogoratu, gainera, 3. pertsona singular ABS-ko komunztadura marka Ø dela. Beraz, ABS pluraleko formez gain, ez dago ABS-ko marka ageririk daukan NORK-NORI-NOR adizkirik.

Gauzak sinplifikatzeko asmoz, goian aurkeztutako a), b), c) eta d) adizki motak baizik, bi tipo nagusi bereiz daitezke euskal adizki jokatuen barruan. Tradizionalki, bi tipo hauek “adizki iragangaitzak” (intrantsitiboak) eta “adizki iragankorrak” (trantsitiboak) deitu izan dira. Lehenak goiko a) eta b) motak besarkatuko lituzke; eta bigarrenak, aldiz, goiko c) eta d). Beharbada, iragankortasuna definitzea arazotsua izan litekeenez, komenigarria izan daiteke aurreneko adizki taldeari “NORK-gabea” deitzea, eta bigarrenari “NORK-duna”.

Adizki jokatuak: sailkapen baterantz

Pertsona markak izateaz gainera, euskararen adizki jokatuek bestelako flexio markak ere izaten dituzte. Beste flexio marka hauek denborazko, aspektuzko eta moduzko kategoriak adierazten dituztela kontsidera daiteke, oro har. (Beste ikuspuntu batetik ikusita, kategoriez eta oposaketez hitz egin beharrean, hitz egin daiteke aditz forma ezberdinez; hots, aditz forma bakoitza berez kontsidera daiteke, oposaketa baten barruan nahitaez kontsideratu gabe).

Euskarari dagokionez (hau da, hizkuntza partikularra bezala), kategoria hauek zenbat eta zeintzuk diren zehatz-mehatz asmatzea ez da batere lan erraza. Hasteko, ez da erraza jakitea zeintzuk diren kontuan hartu beharreko aditz formak, eta, aldiz, zein forma utzi behar diren sailkapenetik kanpo. Atal honetan, forma nahikoa gramatikalizatuak kontsideratuko dira bakarrik. Ez dira orain kontuan hartuko, beraz, bi perpaus osatzen omen dituzten konstrukzioak; hala nola ikasten ari naiz edo ikusita daukat bezalako perifrasiak.

Sailkapen baterako zein adizki aukeratu behar diren jakitea erraza ez bada ere, are zailago da aukeratutako aditz formak antolatzea edo sailkatzea. Sailkapenen funtsezko euskarria hiztunen pertzepzioan oinarritu beharko litzateke; hots, proposatutako sailkapenak ahalik eta nabarienak eta naturalenak izan beharko lirateke hiztunentzat. Zoritxarrez, ebidentzia hori lortzea zaila da oraindik, eta halabeharrez intuizioan oinarritu behar gara askotan. Edozein kasutan, lan honetan ondoko sailkapenak hartuko dira kontuan:

  • - Indikatiboko (modu neutroko) adizkiak vs. modu markatuetako adizkiak: Baldintzazkoak, Subjuntibokoak, Ahalerakoak, Aginterazkoak.

Eta aurreko sail bakoitzaren barruan:

  • - Adizki trinkoak vs. adizki perifrastikoak

Adizki jokatuak: ikuspegi orokorra

Proposatutako irizpideari jarraituz, eta ikuspegi orokor bat eskaintzeko asmoarekin, ondoren aurkezten dira atal honetan aztertuko diren euskara estandarraren adizkiak. [Nazioarteko praktika bat aintzat hartuz (cf. Comrie 1975: 10), euskararen beraren aditz formak izendatzeko, hasierako letra larria erabiliko da: esate baterako, Oraina, Iragana, Alegiazkoa, edo Oraineko Burutua, Iraganeko Burutugabea, eta abarreko izenek euskarari berari egiten diote erreferentzia. Kategoria nozionalak (semantikoak) izendatzeko, ordea, letra xehea erabiliko da: ad. orainaldia, lehenaldia, geroaldia, eta abar. Ezaguna denez, euskararen kategoria partikular batek (ad. Orainak) ez du zertan kategoria nozional berbera (ad. orainaldia) beti eta nahitaez adierazi (cf. EGLU-II : 125-126).]

EUSKAL ADITZA IKASTEKO SAIOAK EGITEN

Indikatiboko adizkiak

Trinkoak

Trinkoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Orain Trinkoa nator, dator dakart, dakar
Iragan Trinkoa nentorren, zetorren nekarren, zekarren

Perifrastikoak

Perifrastikoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Oraineko Burutua etorri naiz, etorri da ekarri dut, ekarri du
Iraganeko Burutua etorri nintzen, etorri zen ekarri nuen, ekarri zuen
Oraineko Burutugabea etortzen naiz, etortzen da ekartzen dut, ekartzen du
Iraganeko Burutugabea etortzen nintzen, etortzen zen ekartzen nuen, ekartzen zuen
Oraineko Geroa etorriko naiz, etorriko da ekarriko dut, ekarriko du
Iraganeko Geroa etorriko nintzen, etorriko zen ekarriko nuen, ekarriko zuen

ALAMBREAN BEZALA IBILTZEN DIRA BATZUK EUSKAL ADITZAREKIN

Subjuntiboko adizkiak

Trinkoak

Trinkoak zaharkiturik daude: (Indikatiboko adizki trinkoak + -(e)n)

Perifrastikoak

Perifrastikoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Oraineko Subjuntiboa etor nadin, etor dadin ekar dezadan, ekar dezan
Alegiazko Subjuntiboa etor nendin, etor ledin ekar nezan, ekar lezan
Iraganeko Subjuntiboa etor nendin, etor zedin ekar nezan, ekar zezan

BAZTANGO BIDE BAT

Ahalerako adizkiak

Trinkoak

Trinkoak (zaharkiturik): (Indikatiboko adizki trinkoak + -ke)

Perifrastikoak

Perifrastikoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Oraineko Ahalera etor naiteke, etor daiteke ekar dezaket, ekar dezake
Alegiazko Ahalera etor ninteke, etor liteke ekar nezake, ekar lezake
Iraganeko Ahalera etor nintekeen, etor zitekeen ekar nezakeen, ekar zezakeen

BAZTANGO ERREKA BAT

Baldintzazko adizkiak

Trinkoak

Trinkoak:
Oraineko Baldintza (gertagarria) Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Baldintzetan banator, badator badakart, badakar
Alegiazko Baldintza (hipotetikoa) Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Baldintzetan banentor, baletor banekar, balekar
Ondorioetan nentorke, letorke nekarke, lekarke

Perifrastikoak

Perifrastikoak:
Oraineko Baldintza (gertagarria) Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Baldintzetan etortzen banaiz, etortzen bada ekartzen badut, ekartzen badu
(zaharkituak) etor banadi, etor badadi ekar badezat, ekar badeza
Ondorioetan etorriko naiz, etorriko da ekarriko dut, ekarriko du
(zaharkituak) etor naiteke, etor daiteke ekar dezaket, ekar dezake
Alegiazko Baldintza (hipotetikoa) Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Baldintzetan etorriko banintz, etorriko balitz ekarriko banu, ekarriko balu
(zaharkituak) etor banendi, etor baledi ekar baneza, ekar baleza
Ondorioetan etorriko nintzateke, etorriko litzateke ekarriko nuke, ekarriko luke
(zaharkituak) etor ninteke, etor liteke ekar nezake, ekar lezake
Iraganeko Baldintza (ezinezkoa) Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
Baldintzetanetorri (izan) banintz, etorri (izan) balitz ekarri (izan) banu, ekarri (izan) balu
Ondorioetan etorriko nintzatekeen, etorriko zatekeen ekarriko nukeen, ekarriko zukeen
(kolokialago) etorriko nintzen, etorriko zen ekarriko nuen, ekarriko zuen

DIZKI TRINKOAK ETA PERIFRASTIKOAK: ZEIN AUKERATU?

Aginterazko adizkiak

2. pertsonari dagozkionak (inperatiboa)

Trinkoak / Perifrastikoak
Trinkoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
2. p. Trinkoa hator, zatoz
Perifrastikoak Etorri: NORK-gabea Ekarri: NORK-duna
2. p. Perifrastikoa etor hadi, etor zaitez ekar ezak / ezan; ekar ezazu

1. pertsona pluralari dagozkionak (kohortatiboa)

Trinkoak / Perifrastikoak
Trinkoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
1.p.pl. Trinkoa gatozen
Perifrastikoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
1.p.pl. Perifrastikoa etor gaitezen ekar dezagun

3. pertsonari dagozkionak (iusiboa)

Trinkoak / Perifrastikoak
Trinkoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
3. p. Trinkoa betor, betoz bekar, bekarte
Perifrastikoak Etorri : NORK-gabea Ekarri : NORK-duna
3. p. Perifrastikoa etor bedi, etor bitez ekar beza, ekar bezate

— Egilea: Gontzal Aldai

Euskaltzaindiak honetaz

Euskaltzaindiak honetaz EGLU-II atera zuen.

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Adizki jokatuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3