Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:0

Inflexioa

Adizkia atalean esana dugu inflexioa aditzaren laguntzaile deitu izan dena dela. Eta honek biltzen duela denboraren, aspektuaren, moduaren eta komunztaduraren informazioa. Honetaz arituko gara atal honetan.

Pertsona eta numero komunztadura

Euskal aditz jokatuek pertsonaren eta numeroaren komunztadura markak dituzte. Pertsonari dagokionez:

  • joan N-aiz (lehen pertsona sing)
  • etorriko G-ara (lehen pertsona plurala)
  • ikusi G-aituzu (lehen pertsona plurala
  • Ikusi N-auzu (lehen pertsona plurala
  • aurkitu Z-aitut (bigarren pertsona singularra, formaz plurala)
  • aurkitu Z-aituztet (bigarren pertsona plurala, forma modernoagoa euskararen historian)
  • eta abar

Gai honen inguruan informazio gehiago aurkituko duzu honako atal hauetan: “Aditzaren argumentuak”, “Aditzaren argumentu egitura” eta “Pertsona aniztasuna adizki jokatuan”.

Horiek dira pertsona markak, sistematikoki errepikatzen direnak euskal aditzaren sisteman. Pertsona markaz gain, numero komunztadura ere erakusten du aditzak:

  • nauzu vs ga-IT-uzu
  • dut vs d-IT-ut
  • diot vs d-ZKIot
  • haut vs za-ITut
  • eta abar

Batzuetan sistema hori hausten da, eta erregulartasunetik aldentzen (“ergatibitate hautsia” edo “split ergativity” esaten zaio fenomeno honi):

  • ikusi N-uen (nik hura. Hau da forma irregularra)
  • ikusi N-induen (hark ni)

Orainaldian markak erregularrak dira:

  • ikusi du-T (nik hura)
  • ikusi N-au (hark ni)

Komunztadura argumentuekin

Adizki hauek trinkoak (sintetikoak) nahiz perifrastikoak izan daitezke, eta pertsona / numero marka horiek bai adizki trinkoetan zein adizki perifrastikoen laguntzaileetan agertzen dira. Bestalde, pertsona eta numero marka hauek kasu absolutiboarekin (ABS), ergatiboarekin (ERG), edo/eta datiboarekin (DAT) egon daitezke komunztaduran.

Pentsa daitekeenez, komunztadura marka hauek erlazio zuzena dute argumentu egitura nagusiekin, alegia:

  • Argumentu bakarreko aditzak (NOR)
  • Argumentu biko aditzak (NOR-NORI)
  • Argumentu biko aditzak (NORK-NOR)
  • Hiru argumentuko aditzak (NORK-NORI-NOR)

Egia esan, euskarak baditu beste argumentu egitura posible batzuk; hain zuzen ere:

  • Argumentu bateko aditz inergatiboak (NORK)
  • Zeharkako objektudun (argumentu biko) aditz inergatibo-antzekoak (NORK-NORI)

Euskaraz egokiago da, horregatik, aditzaren konfigurazio motez mintzatzea, aditz bera izan baitaiteke, hartzen duen konfigurazioaren arabera (ikus “Aditz predikatiboak” atala), iragangaitza nahiz iragankorra.

Sailkapen egokia, hortaz, honako hau litzateke:

IRAGANGAITZEN ETA IRAGANKORREN SAILKAPENA
Euskal gramatiketan eta Euskaltzaindiak Kanpoko gramatiketan egiten den sailkapena eta gurea
Iragangaitzak: izan/*edin Iragangaitzak: argumentu bakarra
Iragankorrak: *edun / *ezan Iragankorrak: bi argumentu

Beraz, sailkapen hori kontuan izanik, honela sailkatuko ditugu aditzak gramatika honetan, gainerako hizkuntzetan egiten den gisan:

ADITZ MOTAK
Iragankorrak Iragangaitzak
Bi argumentu argumentu bakarra
(norbaitek) (zerbait) ikusi (norbait) etorri (zerbaitek) irakin

Ikusten denez, iragangaitzen artean badira bi sail. Bi sail horien eskema hau litzateke:

Aditz iragangaitzak (argumentu bakarra dute)
inakusatiboak inergatiboak
esnatu irakin
umea esnatu da esneak irakin du

Hirugarren "pertsona"-rekin komunztadurarik ez

ABS-ko hirugarren pertsona (singularra)ri dagokion komunztadura marka -0- denez (ez daukanez gauzatze formalik), ezin dira morfologikoki bereizi 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten argumentu biko adizki iragankorrak, batetik, eta (ERG-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu bateko adizki inergatiboak (NORK), bestetik. Gauza bera gertatzen da 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten hiru argumentuko adizki iragankorren, eta (DAT-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu biko adizkien artean (NORK-NORI). Beraz, morfologikoki, euskal adizki jokatuek izan ditzaketen pertsona/numero komunztadura motak ondoko eran sailka daitezke:

  • ABS-rekin soilik: NOR
  • ABS-rekin eta DAT-rekin: NOR-NORI
  • ERG-rekin eta ABS-rekin: NORK-NOR (baita NORK soilik ere)
  • ERG-rekin, DAT-rekin, eta (numeroan soilik) ABS-rekin: NORK-NORI-(NOR)

Aipatutako azken komunztadura mota defektibotzat jo daiteke. Izan ere, (euskara modernoan, behintzat) ez dago 1. edo 2. pertsona ABS-ko komunztadurarik erakusten duen NORK-NORI-NOR adizkirik. Gogoratu, gainera, 3. pertsona singular ABS-ko komunztadura marka -0- dela. Beraz, ABS pluraleko formez gain, ez dago ABS-ko marka ageririk daukan NORK-NORI-NOR adizkirik.

Gauzak sinplifikatzeko asmoz, goian aurkeztutako lau adizki motak laburtzeko, bi tipo nagusi bereiz daitezke euskal adizki jokatuen barruan. Tradizionalki, bi tipo hauek “adizki iragangaitzak” (intrantsitiboak) eta “adizki iragankorrak” (trantsitiboak) deitu izan dira. Adizki iragangaitzak goiko lehen bi motak besarkatuko lituzke (NOR eta NOR-NORI); eta iragankorrak, aldiz, goiko azken biak (NORK-NOR eta NORK-NORI-NOR). Beharbada, iragankortasuna definitzea arazotsua izan litekeenez, komenigarria izan daiteke aurreneko adizki taldeari “NORK- gabea” deitzea, eta bigarrenari “NORK-duna”. Baina, berriz ere diogu hemen, sailkapen hori ez da batere egokia gainerako hizkuntzetako gramatikek proposatzen dutena kontuan hartuz gero. Goian aipatutako “Aditz predikatiboak” izeneko atala ikusi proposatzen den beste sailkapen baterako.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Inflexioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3